Kulturaren transmisioaren graduondoa HUHEZIn, 2009ko ekainaren 17an
Euskaldunok badugu euskal kultura kontsumitzeko beharrik? Euskaldunok badugu euskal sortzaileen berririk? Jendartea osatzen dugun pertsona guztiak ez gara kultura kontsumitzaile aktiboak, bai ostera, pasiboak. Euskaldunok kultura espainol, frantses eta angloxajoiari buruzko edukiak gura barik jasotzen ditugu egunero. Etenbako xurgatze inkontzientea da. Erreferentziaz elikatzen gaituen heinean imaginarioa eraikitzen digu: janzkera, jakera, berbakera, ikuskera, azken batean, izakera. Aldiz, iruditzen zaigu euskal kulturari buruzko informazioa bilatu egin behar dugula euskaldunok, bila joan behar dugula. Esan berri dugu, euskalduna den oro, munduko herri guztietan gertatzen den legez, ez da kultura kontsumitzailea. Kultura kontsumitzailea ez den euskaldunak ez du informaziorik bilatzen eta bilatzen ez badu nekez jasoko du arestian aipatu kultura espainol, frantses zein angloxajoiari buruz jasotzen duen beste eduki. Horregatik esan gura dugu euskaldunok ez ditugula gure sortzaileak ezagutzen. Ikaskide izan ziren lau lagunen artean hiruk kirol egunkari erdaldunak erosten dituzte, ez dute libururik irakurtzen, ez dira zinemara joaten, ez dute antzoki bat urteetan biziarazi, ez dakite diska berria atera duten talde hasiberrien izen bakar bat ere, arte plastikoak direnik ahantzi dute. Ez dute kultura kontsumitzeko beharrik, hain gutxi euskal kulturarik. Baina entzuna dute El codigo da Vinci eta Harry Potter deritzoten liburuak daudena, Shakira izeneko kantariaren berbak ozen errepikatzen dituzte edari goxoen berotan. Zergatik? Behar izanik gabe ere, gura barik bada ere, informazio hori jaso egiten dutelako, eten barik, bonbardeo eternal baten gisa. Euskal kulturari buruzkoak ez. Harrokeria barik esango dugu egungo euskal sortzaileek proposatzen digutenaren kalitatea bizilagun ditugun kulturetakoenaren bestekoa dela, gutxienez, askoz hobea askotan. Haatik, ez dugu lortzen euskaldunok horretaz jabetzerik. Zein iturritatik jasotzen dugu euskaldunok euskal kulturaren berri? Euskaldunok auzo zein munduko kulturek euren adierazpideak zabaltzeko eta kontsumiarazteko dituzten bitartekoen mailakorik ez dugunez, hurbiltasuna dateke gakoetako bat. Egun, euskara elkarteen esku dauden aldizkari, irrati, telebista zein interneteko agerkarietan, euskal kulturari buruzko berriei protagonismo handiagoa eman dakieke, are gehiago lekuan lekuko kultur sorkuntzari. Horrek, agian, gureaz arduratzeko beharrizana
sortaraziko die euskal kultura ez beste kulturez arduratzen diren agerkariei. Hedabide haundien kamarak gureganantz enfokarazi behar genituzkeela uste dugu. Berbarako, telebista zabaltzeko aro analogikoaren desagerpenak atomizazioa ekar lezakeela uste dute adituek, hurrekoaz berri emateko garrantzia handia hartuko duela, gaikako telebista kateak nagusituko direla aurreikusten dute. Orokorkeriatik, efe agentzismotik ihes egiteko aukera ekar liezaguke euskaldunoi, berton ekoitzitakoa berton jasotzeko. Ekoizpen era digitalak merketzea dakar, merketzeak eskuera. Txikion besomotzaren neurrikoa, ziurrenik. Gure ustean horixe izan liteke lehentasuneko bat: ahalik eta euskaldun gehienek gure sorkuntza kulturalaren berri jasotzea bila joan behar izan barik. Ezagutza eta kontsumoa, lehenik eta bat, euskaldunon artean sustatu behar dugulakoan gaude. Alferrik ibiliko gara gure kultura atzerrian prestigiatzeko politika estrategikoak diseinatzen, ezinbesteko ezaugarritzat euskara duen kulturaren balizko hartzaileek ezer jasotzen ez badute. Arrakasta euskara elkarteen eskaintzan Zeri deritzogu arrakasta? Zerekin dago lotuta? Kantitatea Zein da neurgailua?: Hartzaile kopurua, proposamenaren kalitatea? sortzailearen asetze maila? hartzailearen asetze maila? Arrakastagaz eskutik oratuta datorren frakasoak frustrazioa sortzen du? Gure ustean ezin gara hori begira egon. Gure ustean euskarazko kulturgintzak euskaldunarengana joan behar du, euskalduna non, euskarazko kulturgintza han. Eta non daude, bada, euskaldunak? Beste guztiak legez, kalean. Zelan elkarbizi kultura espainol, frantses eta angloxajoarekin? Urteetan egonkortu den kezketako bat da gugaz bizi diren erdaldunek euskarazko kulturari buruz ezertxo ere jakin barik bizi direla. Bizilagun, auzokide ditugun erdaldunek ez gaituzte ezagutzen, ez dute euskarazko kultura ezagutzeko beharrik, ez dute euskarazko kulturari buruzko informaziorik jasotzen. Zenbateko ahalegina egin behar dugu ezagutu gaitzaten? Ezinbestekoa da gure berri izatea? Bada, gure ustean, bai. Gure ustean bizilagun ditugun erdaldunek jakin beharko lukete bizi diren inguruan badela bizi diren inguruko jatorrizko hizkuntzan gauzatzen den kultura, jakin beharko lukete tutik ulertu ez arren horrenbeste miresten eta kontsumitzen dituzten
kultura adierazpideen kalitate bereko proposamenak daudena euskaraz. Euskarazko kulturari folklorismoaren, exotismoaren eta etnokeriaren tatuaia azaletik erauzteko modua izan daiteke. Euskaraz funkya, jazza, popa, rapa edo bossa-nova entzun daitezke, Indian kokatutako eleberriak irakurri, break dance saioak ikusi, Tadeusz Kantorren esanetan oinarritutako antzerkia gozatu, animaziozko laburmetraiak ikusi... Munduko kulturan nagusi diren irizpideak dira euskaraz sortzen ditugun asko. Beraz, zergatik ez da erdaldun batentzat erakargarria izango euskarazko kultur adierazpide bat antzeko kultur adierazpide arrotza erakargarria bada? Ostera, ezagutzen ez dena, nekez hautatu daiteke. Erdarazko kultur adierazpenak nagusi diren eremuetan, adierazpideon antolatzaileekin harremanetan jarri eta euskarazko kultura adierazpideei zein leku eman eztabaidatu genezakeela uste dugu, beti ere, antzeko adierazpideak izatea hobetsiz. Are gehiago, zergatik ez gara euskaldunok erdarazko adierazpide arrakastatsuez baliatuko? Bilbora datorren kantari oso ezagunagaz batera kantari euskalduna aritzeak kalterik egiten digu?
LITERATURIA jardunaldien balorazioa auzolanean - Eragileak badaude baina ez dute eremu sendo, antolatu eta autonomo modura funtzionatzen. - Sisteman hiru esparru: Sortzaileak, bitartekariak eta irakurleak. Horien artean ia ez dago harremanik: Koordinazioa oso txikia da, mugatua. Horrek literatur sistemarik ez egotea dakar edo sistema modura ez funtzionatzea, behintzat. - Sorkuntza ez da arazo. Idazle berriak azalduz doaz, eta literatur ekoizpenak beste herri batzuetako ekoizpenek bezainbesteko maila du. - Euskarazko literaturaren erronka handienetakoa: sortzen denak merkatuan itzal duina izan dezan lortzea. Argitaletxe txiki eta ertainek eragin gaitasun nahikorik ez dute. - Euskal Herrian 300 bat liburudenda. 5.000tik gorako herri askotan ez dago bakarra ere. Horrek esan gura du, leku askotan, liburua irakurlearengandik urrun dagoela. - 600-700 mila euskal hiztunetatik, 8.000 batek baino ez ditu euskarazko produktuak kontsumitzen. - Irakaskuntza irakurle berriak sortzeko funtsezko esparrua da baina ahulduta eta baztertuta dago. Ez dago irakurle baten trebatzea egiteko plangintzarik. Ostera, ikasleei espainolezko literatura irakurle izaten arras ongi erakusten diete. Espainolez maila handiko testuak ikasten dituzten bitartean, euskaraz maila errazekoak lantzen dituzte. Ezin da inolaz ere literatura ikasleen interesetara hurbildu, literatura irakurtzen ez badakite, irakatsi egin beharko zaie. Horretarako irakas planak aldatu beharko dira literatura gaitasuna hizkuntza gaitasunarekin bat datorrelako. - Euskarazko literaturaren sistema diglosiaren gaitzak jota dago - Irakaskuntzan ez dugu egiturarik, komunikabide sare antolaturik ere ez dugu eta literatur sistema desegituratuta dago. - Produktu erakargarriez eta sedukzio teknikez hitz egiten da asko, baina bide luzea duen estrategia ote da? Bertsolaritzak egin duen bideari erreparatu behar zaio ez baita kasualitatea izan duen zabalkundea. Herri ekimenak bultzatu behar ditugu.
- Nolanahi ere merkatuak indar handia du gaur egungo jendartean eta horri bizkarra emanez lan egitea ez da errealista. Tripako mina eman arren, ahalegina egin behar dugu euskarazko literaturak merkatuan toki duina izan dezan. - Erresistentzian erresistitu behar da erre gabe. - Eskatu beharko genieke esfortzu bat, Literaturia espazio hau indartu nahi badugu beraiek agente inportanteak direla. Bertan salmenta datuak handiak ez izanagatik ere, azkenean literaturaren indartzeak beraien produktuetan eragingo du, eta beraz hori inportantea dela eurentzat ere. Asteburua sakrifikatzea dela, eta ez asko saltzeko, baina Azoka hutsa ez dela ikusarazi behar zaie, zerbait gehiago baizik (baina noski, Igela edo Maiatz edo holako txikiei esfortzua ere eskatzen die...). - Aztertuko nukeena da, datorren urtean segitzea erabakiz gero –nik espero dut egin egingo dela-, akaso bizpahiru hilabete lehenago agenteekin hasi beharko liratekeela kontaktuak, nola egin ikusteko. Badakit askotan horrek ez duela ondoriorik, eta jendeak ez duela bildu nahi izaten, baina Agendan apuntatu egingo nuke (Idazle Elkartea, argitaletxeak...) - PARTE HARTZEA dela-eta 1.—IDAZLEAK = aurkezpenetan eta mahai-inguruetan eta errezitaletan parte hartu zutenez aparte, irudipena daukat zaila izango dela askoz idazle gehiago erakartzea. 2.—ARGITALETXEAK = editore gutxi izan zen Literaturian; agian hori ere normala izango da... ezen editoreek (sarritan) ez baitute harreman estuegia eduki nahi izaten idazleekin (lanetik aparte). 3.—LITERATUR EREMUETAKO beste batzuk = Euskarabilakoak, Eako poesia egunekoak, Mikelazulokoak, Bermeoko “erotikoak”... han izan ziren. Eta Gaztelupeko Hotsak disko-etxekoak ere bai (larunbatean). Eta Txistu eta Tamboliñ taldekoak ere izan ziren igandean. Uste dut Literatur Eskolak hurrengo ediziorako (edizioetarako) harremanetan jarri beharko lukeela Euskal Herrian barrena dauden irakurle txoko eta klub ahalik eta gehienekin... eta haiei ere protagonismo tarte bat sortu! Ondo atera zen Blogak & Letrak egitaraua (internet bitartezko telebistaren kontua barne)... eta seguru nago irakurle txoko-klubek ere badutela zer ekarri Literaturiara. HERRITARRAK
1.—Oso abegikorrak, oso langileak... dena inpresionantea izan zen. Bazkaria primeran, talozko eguerdia primeran. Ekitaldietara berotasun handiz agertu ziren beti. KOMUNIKAZIO LANA 1.—Ikaragarri zaila da lehen edizioan ondo asmatzea. Ekitaldi berri bat komunikatzea beti da konplexua. 2.—Inpresioa daukat (eta deskuidatuta egon naiteke), balizko publikoak ulertu zuela, Literaturia idazleen arteko enkontruak izango zirela... eta akaso gauza “elitistatzat” edo “espezializatutzat” jo zuela publikoak. 3.—Komunikazio lanean, uste dut argitaletxeetatik ez dela gauza askorik espero behar. Literatur argitaletxe gehienak oso txikiak dira, eta mobilizazio kapazitate handirik ez da lortuko editorialetatik. 4.—Irakurle txoko-klubak zelanbait inplikarazi ote litezke? Protagonismo berezi bat emanez gero hurrengo edizio(et)an... akaso emaitza on batzuk lortu ahal izango dira. Zenbat irakurle txoko-klub daude?, zenbat jende mugitzen da alor horretan?... Bartzelonako irakurleen klubeko bat ere gonbidatzea ez legoke txarto. Datorren urtean Euskal Herriko irakurle txokoen eguna Literaturian? --txoko-klub guztiekin harremanetan jarri -nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten eta ze maiztasunekin (eta zenbateko asistentziarekin) funtzionatzen duten radiografiatu. -Literaturiaren berri eman... eta, noski, beti-beti gonbidatu Literatur Eskolak egiten dituen ekitaldietara zein eskoletara. -Datorren urteko LITERATURIAn zerbait protagonizatzera deitu... edo hik orain pentsatu duan moldean edo haiei galdetuta ideia hobe bat bururatzen ote zaien LITERATURIAn protagonismoa izateko. 5.—Ez dut ezagutzen ze inplikazio maila lortu ahal izango den komunikabideen aldetik, eta ze motatako inplikazioa proposatzen ahal zaien ere ez dakit. Berria eta Gara egunkariak neurri batean behintzat inplikatu ziren. Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria, Hala Bedi Irratia... eta batez ere literaturaz arduratzen diren saioak (eta kazetariak) berotu beharko dira. Ez daukat ideiarik hori nola egiten ahal den. Egitaraua: hainbat gauzatan asmatu duzue, eta bat da, entzulego koalifikatuarena, zer dela eta? Parte hartu behar zutelako, hor dago koxka, ni larunbatean egon nintzen eta osotara 80-100 lagun egon bagina, laurdena pasatxo idazlea zen, eta hori baloratu behar da, bermatu behar da, lortu behar da horiek erakartzen, gainera gehienak gazte xamarrak.
Literatura izan baina liburu ez diren produktuen azoka ere bilaka daiteke, hau da, oker ez banago, kontzertuek eta ikuskizunek bildu dute jende gehien, eta literaturian bete-betean sartzen dira produktu horiek, bada, programatzaileak, hau da, kultur arloko jendea, teknikariak, eta abar konbidatu, gauza bera eginen nuke, liburuzainekin liburuei dagokienez.