44
ostirala, 2007ko otsailaren 2a berria
«
PLaza
46 ≠ Xabier Arakistain, ‘Arakis’ «Artea ez da gizartetik at dagoen kontua; testuinguru sozial eta historiko batean sortzen da».
Bide aldaketa kultur hezkuntzan Euskal kulturgintzaren transmisioa bideratzeko eta hausnartzeko, graduatu ondoko programa eratu dute MAITE ASENSIO Bilbo
Euskal kulturgintzak utzitako ondarea datozen belaunaldietara nola transmititu aztertuko duen hezkuntza programa abian jarri dute Arteola elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak. Gai horren inguruan sortutako kezkek bultzatuta, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduatu ondokoa egituratzen ibili dira azken urteetan eta aurki jarriko dute abian. Euskal kultur eragileen artean badago kezka nabarmen bat, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakaslea-
ren esanetan: «Nora goaz euskal kulturgintza moduan? Ez al daude hainbat krisi sintoma inportante? Ez al dugu asmatu gure hezkuntzan gure kulturgintzak eman duen ondarea transmititzeko bideetan? Hainbat gabezia ikusten ditugu gure kulturgintzan: oro har ez daukagu plazarik, ez daukagu gogoeta gunerik, ez daukagu gure hezkuntzan transmisioa egiteko estrategiarik…». Hala, gabezia horiek konpontzeko Arteolak abian jarri duen bideetako bat da Mondragon Unibertsitatearekin batera antolaturiko graduatu ondoko programa hau. Ikasleei aditu titulua emango dien programa honek bi berrikuntza handi ekarriko ditu: euskal kulturgintzaren inguruan aurrekaririk ez duen gogoeta gune hezitzailea sortzea eta ekimenak gai honi emango dion estatus akademikoa.
Eskaerari eskaintza «Duela hogei urte, euskarari zerion kulturak erdal komunitatean barneratze handia zuen, baina egun askoz ahulagoa da. Hertzainak taldearen entzuleria, esaterako, erdalduna zen. Baina egun eus-
kal musika ez da erdal komunitatera iristen, eta landu beharko genuke euskal komunitatera ere zenbat eta nola heltzen den. Euskal musikagintza hedatzeko orain dela hogei urte baino egitura indartsuagoak ditugu, baina egungo muga sinbolikoa Euskal Herrian txikiagoa da». Adibide honen bidez argi azaltzen du Jon Sarasuak euskal kulturgintzak duen egoera. Horrek, hain zuzen, sortu du era honetako hezkuntza programen beharra, Iñaki Urruzola Arteolako kideak dioen bezala: «Hainbat kultura erakundetan krisi hori jada-
nik antzematen da; guk gogoeta horiek bideratu, ikerketa bultzatu eta transmisio bideak asmatu nahi ditugu». Hiru aditzen bidez azaldu du Sarasuak graduatu ondokoaren helburua: ezagutza bildu, sortu eta transmititu. Alde batetik, azken 40 urteetan gogoetak egon dira, baina barreiatuta gizarteratu dira, eta horiek guztiak aztertzeko, bildu egin behar dituzte. Bestalde, kultura zein transmisio estrategiarik sortzeko gai izango den jendea prestatzea dute xede. Eta, azkenik, transmititu, hau da, euskal kulturgintza egungo eragileei zein etorkizuneko belaunaldiei eraman, edo eramateko estrategia definitu. Baina heziketaz haratago doa antolatzaileen asmoa: Euskal Kulturgintzaren Transmisioa-k gra-
duatu ondokoa baino gehiago den proiektua izan beharko luke. Horrela adierazi du Sarasuak: «Mintegi eta hazitoki ere izango dela iruditzen zait, hainbat gogoeta daukagulako egiteko: kulturgintzak hezkuntzan izan behar duen transmisio estrategia, honen inguruko ikerketak antolatzeko moduak, hedabideetan izan behar duen isla… Graduatu ondokoaz gain, beste gauza askoren hazitokia izan behar du honek; inflexio puntua izan daiteke». Ildo honetan, etorkizunean kulturgintzako zenbait alorretako eragile izango direnei zuzenduta dago graduatu ondokoa: eskoletan transmisioaren planifikazioan lan egingo dutenei, hedabideetako politika definituko dutenei, udaletako kultura programazioa erabakiko dutenei, kulturgintzan eragingo duten gizarte zibileko elkarteei edota kultura sortzaile izan nahi duen jendeari.
≠ EmaILeak
Izen handietako ekimena
≠ Koldo Tapia ≠ Bernardo Atxaga ≠ Anjel Lertxundi ≠ Ixiar Rozas ≠ Mariasun Landa ≠ Mari Jose Olaziregi ≠ Juan Antonio Urbeltz ≠ Antton Luku ≠ Eneko Olasagasti ≠ Ander Lipus ≠ Jose Mari Sors ≠ Teo Etxaburu ≠ Ander Manterola ≠ Leopoldo Zugaza ≠ Andoni Mujika ≠ Jose Ramon Vitoria
Graduatu ondoko programak eskainiko duen prestakuntza teorikoa zein praktikoa izango da. Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko zein Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek, adituek eta ikertzaileek prestakuntza teorikoa emango dute. Bestalde, «40 urteetako aritu eta adituek» testigantza bidezko prestakuntza praktikoa eskainiko dute, kantagintza, bertsolaritza, literaturgintza eta beste hainbat kulturbideren arloetan. Horien artean, euskal kulturgintza modernoan protagonista izan diren eta gogoeta bide nagusiak zabaldu dituzten eragileak egongo dira: Bernardo Atxaga, Andoni Egaña, Ruper Ordorika, Koldo Tapia, Juan Antonio Urbeltz, Joxemari Sors eta abar. Trebakuntzaz gain, proiektua eta ekoizpena ere egin behar izango dute ikasleek. Guztira 300 ordu inguru iraungo du programak; klaseak astean behin izango dira, arratsaldez. Gaur bertan zabalduko dute izena emateko epea, Eskoriatzako Huhezi fakultatean, eta maiatzaren lehenengo erdian egin ahal izango dira matrikulazioak.
≠ Juan Carlos Etxegoien Xamar ≠ Amaia Antero ≠ Iñaki Arruti ≠ Joseba Azkarraga ≠ Xabier Aierdi ≠ Andoni Eizagirre ≠ Patxi Azpillaga ≠ Joxe Arantzabal ≠ Iratxe Esnaola ≠ Jose Anjel Irigarai ≠ Rafael Cristobal ≠ Jon Sarasua ≠ Ander Manterola ≠ Joseba Zulaika ≠ Josu Amezaga ≠ Iñaki Urruzola ≠ Benito Lertxundi ≠ Xabier Lete ≠ Natxo de Felipe ≠ Ruper Ordorika ≠ Juan Carlos Perez ≠ Josu Zabala ≠ Fermin Muguruza ≠ Andoni Egaña
«Graduatu ondokoa mintegi eta hazitoki ere izango da, hainbat gogoeta daukagulako egiteko» JON SARASUA HUHEZIKO IRAKASLEA
«Gogoetak bideratu, ikerketa bultzatu eta transmisio bideak asmatu nahi ditugu» IÑAKI URRUZOLA ARTEOLAKO KIDEA