UPO (567 m.) – ARTANDA (547 m.) – MANDOIA (637 m.) ARRIGORRIAGA – ZEBERIO ZEHARKALDIA 2009-05-03 Maiatzaren lehen iganderako Itxartu Mendigoizale Taldeak Arrigorriaga-Zeberio zeharkaldia antolatu zuen, bidean Upo, Artanda eta Mandoia hiru mendigailurrak zapalduz. Ibilbidea oso luzea zenez, txango laburragoa egin nahi zuten pertsonentzako beste aukera bat ere antolatu zen, Upo eta Mandoia bakarrik igoz. Dena dela, batzuek eta besteek hamaiketakoa batera Mandoian hartzeko helburua genuen eta halaxe egin zen. Algortatik 33 mendigoizale abiatu ginen autobusez eta BI-634 errepidean, Arrigorriagaren sarreran, Zaratamo herriko hainbat auzo batzen dituen BI-3702 errepidea hartu genuen. Gure eskuinean lantegi batzuk utzi ondoren eta harrobia gainditu eta gero, 200 metrora gutxi gorabehera, errepideak ezker alderako bihurgune oso itxia du. Toki horretan autobusak une batean geratu ahal izan zuen eta azkar jaitsi ginen.
Errepidearen eskuin aldean dagoen gune horretatik (160 m.) abiatu ginen (0:00), zabortegi baten ondoan igarotzen den pista batetik, eskuinean Ur Partzuergoaren tutuetara doan beste bide bat lagata.
Hasierako igoera nahiko malkartsua da eta igo ahala bidezidor ugari aurkitu genituen, baina guk beti aurrera doan bide nagusitik jarraitu genuen, bide hori, zoruri onena izateaz gain, nabarmenena delako. Bideak gora jotzen du, esparru irekian, gure eskuinean Emandotroka amildegia utziz, bidezidor ugariren bidegurutzea den mendi-lepo bateraino (0:30). Axola mendi-lepoan (368 m.) ukuiluak eta guzti dituen abeletxe bat dago eta bere ondoan gure hiru gailurretarako bideak zeintzuk dituen adierazten duen tantai bat: Upo (ezkerrera), Artanda (eskuinera) eta Mandoia (aurrera). Upo eta Artanda gailurrak Lemoatik Arrigorriagaraino ekialdemendebalde norabidean zabaltzen den mendi kate bateko parte dira. iparraldean Bizkaiko hiriburuaren sarreran Nerbioi ibaiarekin bat egiten duen Ibaizabal ibaia kokatzen da eta ekialdean Arratia ibaia dago. Bestalde, mendigunearen hegoaldean dagoen bailara Zeberiokoa da.
Esan bezala, mendi-lepoan ezker aldera jo genuen eta muino bat inguratu ondoren Upo-ko hegalpeetara heldu ginen, pago ugari eta ederrak dituen “Upoko pagadia” izeneko jolasgunera hain zuzen. Esan beharrik ere ez
dagoenez, pagadiak ematen dio jolasguneari bere izena eta bere mugen barruan daude parke honetako osagai gehienak, batzuk landa eguzkitsuan eta beste batzuk pago bete eta ederren itzalpean. Jolasguneak mahaiak, barbakoak eta iturria ditu. Pagadi hau Bilbo inguruan daudenetatik garrantzitsuenetakoa da.
Eraman genuen pista utzita, pagoen itzaletik jo genuen gora, oso zehaztuta ez zegoen bide batetik.
Gero, pagaditik kanpo, bidexka estu batek behean utzitako pistara eraman gintuen. Igotzen jarraituz, ezker aldera joan ginen.
Gero bidea bitan banatzen da eta guk eskuin aldera jo genuen, mendi gailurraren pean kokatu arte.
Handik bi aukera zeuden: gutxi batzuek suebaki malkartsutik labur bezain gogorra den aldapatik heldu ginen tontorrera; gehienak, ordea, eskuin aldetik ageri den bidezidor luzeagoa baina etzanagotik igo ginen Upo gailurreraino (0:55).
Upo (567 m.) ehun mendien zerrendan dago eta Padura Mendi Taldeak jarritako posta-kutxa du.
Goitik Bilbao Metropolitarraren izugarrizko ikuspegiez gozatu genuen. Gure oinetan, industria-herri tartean, Nerbioi ibaia isurtzen da. Abra portua ere argi ikusi genuen handik.
Iparraldean Ermua, Jata eta Sollube mendiak ikusi genituen; ekialdean Durangaldeko mendiguneak; mendebaldean Artanda eta Ganekogorta (hemengo argazkietan ikusi daitezke) eta atzealdean Garobel-Sálvada mendikatea; azkenik, hegoaldean Gorbeia mendigunea.
Igoerako bide beretik jaitsi ginen Upo-tik. Artanda-ra joateko erabakia hartuta genuenok Upoko Pagadian elkartu ginen eta bitartean beste guztiek Mandoia aldera jo zuten zuzenean.
Jaisten jarraituz, Axola mendi-lepora iritsi ginen (1:20) eta abeletxea ezkerrean utzita, eskuin aldera Artanda-ra doan harrikoskorrezko bideari ekin genion. Berehala gure eskuinean San Segismundo-ren baseliza ikusi genuen (bertakoek Samarcondios esaten diote), Zaratamo eta Zeberio arteko mugan kokaturik. Uztailaren hirugarren igandean inguruko herrietako auzokide asko Santu honen omenezko erromeriara igotzen dira haraino. Jaia Zeberio eta Zaratamo herriak antolatzen dute txandaka urtero. Bitxikeri moduan, 1.936ko erromerian Guda zibilaren hasieraren berri eman zen.
San Segismundoren baseliza inguratzen duten platanondo batzuen gerizpean dagoen landa batean dago kokatuta, mendi-lepoaren bi aldeetan zabaltzen den Upo-ko Pagadiaren esparruan, eta hemen ere mahaiak, barbakoak eta iturria daude.
Baselizaren ondotik igarota, eskuineko bidetik joan ginen gure helburua lortu nahian azken igoerari ekiteko. Ibilbideak oso zehaztuta dagoen bidezidor bati jarraitzen dio, lehendabizi pinuen artean eta gero eremu irekian, muin batetik bestera, beti tontorrerantz, amaierako zatian ezik landaretzak askotan estaltzen duen gas-hoditeriarekin bat eginez. Mendikatearen goialdera heldu ginenean, eskuin aldera jo genuen eta azken zatiari ekin, Artanda gailur belarditsua zanpatuz (1:45).
Artanda gailurrak (547 m.) erpin geodesikoa eta Padura Mendi Taldeak ipinitako posta-kutxa bana ditu. Ikuspegiak bere bikia den Upo gailurrak dituenaren antzekoak dira, baina Nerbioi haranaren aldekoak hobeak dira.
Lehen zati luzean igoerako bide beretik jaisten hasi ginen Artanda-tik, baina mazelaren erdian pista utzi eta eskuin aldera jo genuen, beste zidor eta bidexka batzuetatik, Axola mendi-lepotik Mandoia mendi aldera doan biderantz. Ehiztarien postu eta helburu bera duten metalezko-aldamio batzuen ondotik igaro ginen. Geroxeago ondo gindoazela adierazten zuen bidegurutze batera heldu ginen, tantaian Upo eta Artanda alde batetik eta Mandoia beste batetik ageri baitziren.
Bidegurutzean Axola mendi-lepotik Mandoia-rantz doan bide nagusia hartu genuen, Lekuebaso-aren isurialdeko mazelaren erditik. Mendi guzti hauek oso basoko pista-sare edo aldai-sare trinkoa dute, armiarma-sarearen antzera. Baina, zoritxarrez, neurririk gabe erabiltzen dituzte 4x4ek, trialeko motorrek eta quad andanek. Aldaitik kanpo oso zaila da ibiltzen, zorua inork garbitzen ez dituen sastrakez eta kimatutako adarrez erabat estalita baitago.
Aldai zabala gora doa poliki poliki eta Mandoia-ren mazelan dagoen eta Bedia, Galdakao eta Zeberio herrien arteko muga den Irumugarrieta mendi-lepora (485 m.)heldu ginen (2:45). Mendi-lepo honetan ere aldai batzuek egiten dute bat eta bertan, bideak adierazteko tantai moderno baten ondoan, haririk ez zeukan elektra-hariteriko tantai zahar bat aurkitu genuen (zalanzta dut elektrahariteria zen edo telefono-hariteria). Bertan irakurri genuenez, Mandoia 1.500 metrora zegoen. Aurrera jarraitu genuen gure bidetik, zertxobait ezker aldera joz.
Igoera laburra baina gogor baten ondoren, bidea etzan egiten da eta orduan Mandoia 1.100 metrora dagoen adierazten duen tantai baten inguruan ezkerrera argi ageri den beste bide batetik jarraitu genuen, metro batzuetara hesi bat gainditu genuen eta eskuin aldera haranera oso ikuspegi politak dituen birlandatutako eremu trinkoetatik jarraitu genuen.
Harantzago bideak mendigune baterantz jotzen du. Ezkerrean konifera garaiak zeuden, hesiz beste aldean. Mandoia gailurrera (3:20) heltzeko, hesia gainditu eta ezkerreko alderdi horretara igaro behar izan genuen azken unean.
Mandoiak (637 m.) tamaina handiko erpin geodesikoa du eta hiru posta-kutxa (bi egoera onean baina hirugarrena apurtuta eta herdoilduta).
Mandoia tontorraren ekialdean jauspide gogorra dago eta baita oso behatoki ederra ere. Behatoki horretatik mendi ugari ikusten dira: Legarmendi eta Eskuagatx mendikateak eta beraien gainean agertuz Mugarra eta Anboto; eta baita Gorbeia mendigunea ere, Lekanda eta Gorbeia bera nagusi direlarik. Mendi honen tontorrak labar harkaiztsuak ditu, inguruaren terrenta (edo errutina) apurtuz, beste mendietatik berezituz. Gailurretik amildegiaren gainean talaia eran eskegita dagoen irtenune harkaiztsura joan ginen. Toki horretatik ikusten den ikuspegia oso polita da.
Mandoia tontorra tokirik egokiena izan genuen hamaiketakoa egiteko: landa belartsua, ikuspegi ederrak, lagunik onenak eta, jakina, edan eta jateko era guztietakoak.
Eta hamaiketakoaren ostean, Zeberio aldera abiatu ginen, hasieran igoerako bide beretik, Irumugarrieta mendi-leporaino (3:45), hemen behera doan baso bide bat hartu genuelarik. Jaitsieran errepide asfaltatua hasten den Ametzola auzora iritsi ginen. Sarreran Ametzola Landetxea dago, ezkerrean, izen bereko mendi-lepoan dagoen baserri eder eta erraldoia. Baserria XVI. Mendean eraiki zen, gero XVIII. Mendean, nozitu zuen sute batek hondatu ondoren, zaharberritu zen bi sendientzako etxebizitza eginez, eta oraindik orain, duela 25 urte gutxi gorabehera, erabat zaharberritu zen berriro, jabe berriek erosi zutenean erortzeko zorian baitzegoen.
Beheraxeago Zeberioganako Andre Mariaren Baseliza-Santutegia dagoen Zeberiogana auzotik (4:07) igaro ginen. Baseliza oso maitatua da han eta bere balio etnografikoa garrantzitsuagoa da artistikoa baino. Baseliza egurrezko tantaien gainean dagoen eta itxura herrikoia duen atari batez dago inguratuta eta tamaina handikoa da. Hurbil dagoen iturrian egarria kendu genuen eta isurkariak berreskuratu.
Toki horretan errepide asfaltatua laga genuen eta eskuin aldetik lurrezko bidezidor bat hartu genuen, Ereñotzaga auzora doan herri-bide batera iristeko. Gero, aldamenetan zelai eta pinudiez inguraturik, Zubialde izeneko herrigunera, Zeberioko bihotzera heldu ginen, bertan Zeberioko Udaletxea (4:30) dagoelarik. Zeberio haranak, Bilbotik hurbil dagoen arren, ez du hirigintzazko garapen handiegirik izan, eta ondorioz betiko baserri kopuru handiari eutsi zaio. Halakoxeak ikusi genituen gure ibilaldiaren azken zatian, oraindik landatarra den eremuan.
Autobusean jantziz aldatu ondoren, oraindik astia izan genuen Zeberioko Batzokira joateko eta ondoren Athletic-ek Barcelonaren aurka maiatzaren 13an jokatu behar zuen Kopako finala dela-eta, oso apainduta zegoen Udaletxearen aurrean talde-argazkia egin arazi genion bertatik pasa zen emakume atsegin bati.
Ibilbide osoak 20 kilometro izan zituen eta 879 metroko igoerak denera. Artanda-ra igo gabeko aukera hautatu zutenek ere ibilaldi luzea egin zuten, denera 16,350 kilometro eta 700 metroko igoerak. Egindako bi ibilbideak hemengo mapan ageri dira. Biak bereizteko, azkon zuriek denok batera egindako zatiak adierazten dituzte. Azkon berdeak Artanda-ra igo zen taldeak soilik egindako zatiari dagozkio. Eta azkon horia Artanda-ra igo ez zen taldearen, eta ez bestearen, zatiari dagokio.
IparraldeaNorte
FERNANDAren IRITZIA Fernanda naiz, denek ezagutzen nauzue. Gaur Upo-Artanda-Mandoiara egindako txangoaren kronika eskatu didate. Oso eguraldi oneko eguna izan zen eta, ohi denez, goizeko txangoak itxura ona zeukan. Autobusean bertan mendigoizaleek eskuartzeko bi aukera eman ziguten, bata zein bestea oso interesgarriak. Autobusa bere helmugara heldu zenean, ohiko argazkia egin genuen eta, ohiturari jarraituz, bakoitzak bere buruari jarritako abiadan ekin genion igoerari. Lehen mendirako igoera, Upo-ra alegia, ez zen oso gogorra izan. Abeletxea zein pagadi izugarri batetik igaro ginen. Gailurrera iritsi ginen eta handik Bilbao, Arrigorriaga eta gure Getxo maitearen ikuspegi ederrak oso izan genituen. Mendigoizale batzuek, ni tarteko, elkarrekin jaitsi ginen Upo-tik eta, egindako bidetik itzuliz, bigarren tontorraren bila hasi ginen. Goiza izugarria zen. San Segismundo baseliza ikusi genuen. Bide-erdian mendigoizale pare batek, bidea laburtu nahian, oso aldapa malkartsuari ekin zioten eta, zoritxarrez, horrek atzerarazi zien gailurrerako helduera. Azkenean Artanda-ra iritsi ginen. Ikuspegiak zertxobait aldatuta zeuden aurrekoekiko. Arrankudiaga eta Ugao ikusi genituen, argazkiak egin genituen eta berriro, aurreko bidetik itzulita, gure zain zegoen beste taldearekin bat egitera joan ginen, Mandoia aldera alegia, eta hara iristean hamaiketakoa hartu genuen. Zati honen bidea luzeagoa izan zen. Mandoia gailurrera iritsi ginenean gure hiru lagun nahasi zirela eta bidea galdu zutela jakin genuen. Dei batzuen ondoren dena argitu zen eta haiek beste bide alternatibo batetik jarraitu zuten. Berriro ekin genion ibiltzeari eta Zeberio aldera abiatu ginen. Jaitsieran landetxe bat, baserri batzuk (horietako batzuk ikaragarriak) eta Ereñotza auzoan ehun urte baino gehiagoko haritz bat ikusi genituen. Zeberio-ra heldu eta saria izan genuen, txakolinez egarria kentzeko astia izan baikenuen. Laburbilduz, egunak, hasieran esan dudan lez, itxura ona zuen eta dena aurreikusita bezala gertatu zen: OSO ONDO