UREDERRA-REN SORLEKUA – 2009-03-29 Igandean 907:15etan, ordua aurreratu behar zen gauean oraindik eguna argitu gabe zegoenean, ohean gelditzeko gogoa ematen duen ekaitz izugarri horietako bat bota zuen. Hala eta guztiz ere, 46 mendigoizale 08:00etan abiatu ginen Algortatik Urederraren sorlekurantz, hotz eta euria izango genituela iragarpenek aurreratu arren. Gindoazela, nahiko euri egin zuen, baina hala ere Agurain-era hurbiltzen ari ginen ahala, gero Opakua-ra joateko, eguraldia dexente hobetu zuen. Mendi gailurrak elurtuta zeuden eta, errepidea lehor bazegoen ere, Opakua mendatetik igarotzea oso polita izan zen. Opakua-tik Urbasa-ra igotzen den errepiderantz joan ginen, Larrona eta Eulate-tik igarotzen.
Autobusa 19,700 kilometroan geratu zitzaigun, bihurgune oso itxi batean, 2008ko ekainera bitartean kotxeak uzteko aukera egon zelarik. Bazter-babesak gainditu eta taldekide gehienen argazkia egin genuen.
Puntu horretatik ekin genion Urbasa Andia Entzia eta Lokiz Berezko Parkearen barruan kokatuta dagoen Urederra ibaiaren Sorlekuaren Berezko Erreserbako Baso mardula izeneko Ibilbideari. Urbasa Parkeak 21.388 hektareako azalera du, gehienak basoak (pagadiak, hariztiak, artadiak, hagindiak eta pinudiak), nahiz eta alderdi batzuetan larreak ere badauden, adibidez Urbasako El Raso-n Bideari hasiera eman eta berehala oztopo gertatu zitzaigun burdina-hari bat aurkitu genuen eta aurrera joateko debekua. Dirudienez, oraindik orain Bakedano-ko Kontzejuak (bertan dago Urederra ibaiaren sorlekua) debekatu du Urederra ibaiaren sorlekura Baso mardularen ibilbidetik joatea. Debekua ez da ibilbidea oso arriskutsua delako, baizik eta Urederra Ibaiaren Sorlekua bisitatu nahi duten pertsona oro Bakedano-tik joan daitezela ahalbideratzea eta aukera bakarra Ur-jauzien Ibilbidea izan dadin, Baso Mardularen Ibilbidetik joatea debekatuz. Toki horretatik, 840 metroko garaieran, Baso Mardula ez abegitsu, laiotz eta liluragarrian sartu ginen. Eremu trinkoa eta isila da. Berehala ikusi genuen gure ezkerrean harkaitz batetik irtendako bi pago, gero ibilbidean zehar behin eta berriro ikusi genuen bitxikeria. Bidezidorra behera hasten da eta laster, bi harkaitzen artean, oso pago luze eta ederra ikusi genuen, haitzulo baten itxuran, benetan polita.
Behera jarraitu genuen eta basoaren hegalean pago ugari ikusi genituen, eta eskuin alderako bihurgune bat igaro ondoren bidezidorra Itsaslabar arrokatsuraino bertaraino iristen da. Itsaslabar hau “Kapilauaren horma” itsaslabarraren ezkerrean dago kokatuta. Jaitsi ahala, bidea ezerosoagoa bihurtzen da, harriak eta, toki batzuetan, ura dituelako eta berez hezea delako, ez irristatzeko oso adi joan behar izan
genuelarik. Hemen, oso bihurrituta zegoen pago baten ondoan, “Sorlekuaren Bideko Iturria” zegoela konturatu ginen. Iturritik hurbil harkaitzetan gora doazen landare igokarien moduko batzuk sortzen direla ikusi genuen eta erdian hagin bat. Haginek oso bilakaera motela dute, urte askotako bizitza eta pozoitsuak dira beren fruituak. Adur handia izan genuen eta bidean zehar hagin ugari ikusi genituen.
Bidetik behera gindoazela, oso pago luzeak ikusi genituen, lekune ertainekoak, Urederra Barezko Parkearen alderdi mardulen, hezeen eta belartsuenean kokatuta. Aurrerago erorita zeuden bi pago aurkitu genituen (elurte handiek botata, 2003ko neguan erori ziren).
Geroxeago oso luzea eta lekune handiko pago baten ondotik igaro ginen. Bidea berriro hurbiltzen zaio Harkaitz harritsura eta jaisten jarraitzen du.
Jaitsieran Harkaitz harritsua izan genuen beti gidari, gure ezkerretik, beti gindoazen bidearen paraleloan. Baso mardul eta heze honen kolore aniztasunaz gozatzeko aukera izan genuen eta baita Urederra Ibaiaren Sorlekuaren Berezko Erreserba hau inguratu eta
osatzen duten landare ugaritasunaz. Urbasako Berezko Parke honetan harmoni orekatuan hainbat eta hainbat landare mota ezberdinak bizi dira elkarrekin. Jaisten ari ginen eta zorua okertzen hasi zen. Aldapa malkartsuagoa, zorua txarra, zuhaitzen zuztarrak eta adarrak nonahi, oso adi hasi behar izan genuen ibiltzen istripuz ez izateko eta ez erortzeko, baina hain zaila izanik, bakarren bat jausi egin zen.
Ibilbidean zehar, zuhaitzen artean begiratuta, gure gainean hegaka zebiltzan putreak ikusi genituen. Gero zegoen landaretza ugariak eraginda oso itxia eta laiotza zen eremu batean sartu ginen eta bertan sakonunea zeukan harkaitz batera heldu ginen.
Ingurua ederresten eta zuhaitzen hostoen artean argiaren izpiak sartzen zitzaizkigun bitartean, poliki jarraitu genuen jaisten, aldapa nahiko malkartsua
zelako eta zoruak hezetasun handia zeukalako. Oso sentipen harrigarriak izan genituen ibaiaren sorlekuaren ur-jauziaren bila pago, urre, agin, haritz eta abarrez betetako basoan zehar genbiltzan bitartean.
Jaitsi ahala, nahiz eta hasieran ez ikusi, Urederra ibaiak dituen ur-jauzi ugarietan urak egiten zuen zarata entzuten hasi ginen. Handik pixkatera, han gure aurrean, Urederra ibaiko ur-jauzirik handiena kokatuta dagoen “Kapitainaren Horma” Harkaitz Harritsuaren zati bat ikustatu genuen. “Elefantearen Urjauzi” horrek 30 metroko garaiera erdietsi dezake garai hezeetan.
Gu lautada txiki eta laiotz batera heldu ginen eta ezker aldera jo genuen, Urederra Ibaiaren Sorlekuaren Ur-sorburura eta Elefantearen Ur-jauzira hurbildu asmoz.
Urederraren Sorlekua 713,65 metroko garaieran dago eta Urbasako mendigune karstikoak sortutako akuiferoaren isurbiderik garrantzitsuena da. Beheko Paleozenoaren garaiko Kaliza Dolomitikoetatik eta Dolomietatik (hauek Kalizaren antzekoak dira eta Kare eta Magnesio Karbonato bikoitzaz daude osatuta) sortu zen. Oso iturburu irregularra da eta elurte eta euriteen menpean dago. Euri aroetan iturburu honek 50 m3/seg-ko emaria baino handiagoa izan dezake, baina uda garaian (Ekainaren 21-22ko Udako Solztiziotik, Irailaren 22-23ko Udazkeneko Ekinoziora), emari hori 0,25 m3/seg-koa izatera murrizten da. Tokia Urbasa Mendilerroko kare harriaz egindako hesiaren oinean ezkutatutako bazterra da, maitagarrien ipuin batetik sortua bezala. Ezin ahaztu Urbasa mendi nafarren ikurra dela eta naturaren izugarrizko miragarria.
“Elefantearen Ur-jauzia” miresten ari ginenean, batzuk Urederra ibaia sortzen den tokiraino joan ziren, ezkerrera sigi-saga doan lurrezko bide malkartsu batetik. Ibaia sortzen den puntua ikustea ez da batere erraza, harritik gora egiten eta oso poliki ibili behar izan zuten, hemen ere zoru oso heze zegoelako. Urederra ibaiaren sorlekua gorago dago. Puntu zehatza presa luzatua duen putzu batean dago eta toki horretara hurbiltzea oso zaila da.
Toki honetan, Zudaire herrian kokatuta dagoen eta Urbasa Berezko Parketik beste aldean dagoen Olazagutiako Valderribas zementuen lantegia energiaz hornitzen duen Portland Zentral Hidroelektrikora doan diametro handiko tutueriak du abiapuntua. “Elefantearen Ur-jauzia” Urederra ibai osokorik handiena da eta ibaiaren lehen zati honetan sortzen den ur kopuru handi honen zarata ikaragarria erreserbako baso osoan zehar barreiatzen da. Ura harkaitzez inguratutako putzu batera erortzen da, mendilerroaren hegoaldean 700 metroko garaiera dagoen ebakidura batetik. Ur-jauziak berak 100 metroko luzera du, izugarria da eta milioika urteetan zehar oso ederra den harkaitzezko anfiteatroa osatu du.
Sorlekuaren ingurua ikusi ondoren, lautadako gure ezkerrean, harkaitzean bertan sartuta zegoen hagin bat ikusi genuen, oso hagin berezia, alde batetik zuhaitz mota beragatik eta beste batetik haginek eta harkaitzek osatzen duten irudi berezigatik. Enborra ez da zilindrikoa, laua baizik, eta harkaitzean dago sartuta.
Argazki hauetan Urederraren Sorlekurako igoera eta bere oinean dagoen putzua ageri dira.
Lautadara itzuli ondoren “Bakedanoko Ur-jauzien Ibilbidea”ri ekin genion. Egin izan ditugun aurreko txango batzuekin alderatuz, 2009ko otsailetik hasita Berezko Erreserba honetako azpiegituretan egin diren hobekuntzak dira aipagarri, besteak beste hauek: Bakedano eta Elefantearen Ur-jauzia elkartzen dituen bide gehiena ondo mugatuta dago orain. Bidearen muga egurrezko tantaiz eta sokaz egin da, bide egokitik jendea joan dadin eta berezko ingurua ez hondatzeko. Batzuetan egurrezko eskailera batzuk hobetu eta beste batzuetan berriak jarri dira, Urederra ibaiko putzu batzuetara eta gune interesgarrietara iritsi ahal izateko. Toki batzuetara joatea debekatuta dagoela adierazi dute, batzuetan erortzeko arriskua dagoelako eta beste batzuetan berezko ingurua hobeto zaintzeko. Egurrezko tantai batzuetaz toki berezi batzuk adierazita daude, hala nola: “Teilaren Iturria” (hormatik ura ateratzen den tokia) eta “Kapilauaren Iturria” (ura zorutik sortzen den tokia, nahiz eta ez zaion zehatz mehatz nondik den antzik ematen).
“Ur-jauzien Ibilbidea”n jaitsiera hasi bezain pronto “Egurrezko zubi handi”ra iritsi ginen. Zubia 2000.urtean eraiki zen, Urederraren Sorleku berberera eta “Elefantearen Ur-jauzi”ra errazago iritsi dadin helburuz.
Ibaian urak oso putzu polit urdin turkesa ugari eta ur-jauzi txikiak sortzen ditu, inguruari freskotasun berezia emanez.
Zubi honetatik, eskuin aldera begiratuz, “Tutuaren Ur-jauzia”ren goialdea eta hasiera ikusi genituen. Eta zubia zeharkatu bezain pronto, ur-jauzi berarekin egin genuen topo. Tamaina ertainekoa da, baina oso ikustekoa, urte osoan zehar oso ur kopurua handia erortzen delako, batez ere neguan. Gero zementuzko bi zubitatik igaro ginen eta bi ur-jauzi gehiago ikusi genituen.
Jaisten jarraituz, “Egurrezko zubi txiki”a zeharkatu genuen. Negu batzuetan, euri edo elur ugari egiten duenean, ura zubi honen gainetik igaro daiteke eta, jakina, egoera hori ikusteko polita izan badaiteke ere, arriskutsu ere bada oso. Zubi honen eskuin aldera beste ur-jauzi handi bat ikusi genuen. “Elefantearen Ur-jauzi”tik aurrera ur-jauzi eta urdin turkesako putzu ugari ageri dira bata bestearen atzetik. Hauen arrazoia lur karstikoan aurkitzen da, ura harkaitzen arrailetatik dario eta behin eta berriro ateratzen da gero lur azpitik. Ziur aski urak hartzen duen kolore bereziak emango zion norbaiti ibaiaren izena asmatzeko giltza, “Urederra”, ur ederra, jakina.
Argazki ugari egin genituen hemen.
Gero bidegurutze batera iritsi ginenean, eskuineko bidea hartu genuen, ezkerrekoa, laburragoa izanda, askoz lokatz gehiago ere izaten duelako. Bideak Urederra ibaiaren paraleloan joaten jarraitzen du. Zati honetan azken urjauziak, putzuak, urlasterrak, eta urgeldiak ikusi genituen. Eta bide hori utzi genuenean, belarrezko lautada zabal batera heldu ginen.
Lautada horrek egurrezko igarobide bat du eta handik bidezidor batetik hasi ginen igotzen. Landaretzaren osagarriak batez ere haritzak eta arteak dira han. Geroxeago Berezko Erreserbaren informazio zabala eskaintzen duen Kartel bat ikusi genuen eta aurrerago burdinazko ate berde ilun bat dago.
Berehala ikusi genuen Bakedano eta oso ondo adierazita zegoen bide batetik bertara hurbildu ginen.
Lizarrosta frontoi eta elizaren ondotik, baita inguruan dauden iturri eta garbitokiaren ondotik ere, igaro ondoren Bakedanoko aparkalekura heldu ginen, bertan autobusa zegoelarik.
Denera 7,840 kilometro ibili ginen, eta horretan 2 ordu eta 40m minutu erabili genuen, horietatik ordubete eta 45 minutu ibiliz eta beste 55 minutuak toki zoragarri honetaz gozatuz. Garaiera txikiena 580 metrokoa eta handiena 840 metrokoa izan genituen.
Bakedanotik autobusez Lizarra-Estellara joan ginen. Lizarra izen bera duen Lizarra Lurraren eskualdeko erdigunean dago, mendia eta lautada elkartzen diren tokian. Etxerik gehienak San Millan (Peñaguda) mendiaren oinean pilatzen dira eta hegoaldean zein mendebaldean Ega ibaiak inguratzen ditu. Erdi Aroko herria da bete betean eta bere itxura gure garaietaraino iritsi da hiriaren alde zaharrean. Bazkaldu baino lehen, eta baita ondoren ere, bere alderdi zaharraren zati bat ikusteko aukera izan genuen. Erdigune samarrean dagoen plaza batean dagoen Batzokian egon ginen eta han Irujoren omenezko plaka ikusi genuen.
Gure ibilian Guzmango Santu Domingoren Monasterioa, San Joan Bataiatzailearen Eliza, Nafarroako Erregeen Jauregia, Ruiz de Aldaren Jauregia eta Ega ibaiaren gaineko hesiak eta zubiak ikusi genituen.
Casanova Jatetxean bazkaldu genuen. Bazkari etxekoia eta ugaria jan genuen: lehendabizi potxak eta menestra (%50na); txilindron erako arkumea eta bakailaoa frijitua (%50na); budina eta izozkia; Coto Errioxako ardaoa; kafea eta txupitoa.
Bazkaldu ondoren, oso giro alaian, kantu batzuk abestu genituen.
Arratsean berriro Lizarrako kaleetan zehar ibili ondoren Algortara itzuli ginen, oraingo honetan Azazeta mendatetik.
IÑAKIren IRITZIA Lehendabizi, Javi eta Jose Marirekin batera, ostegunero egiten ditugun irteeretako batean egon nintzen iaz Urederra ibaiaren sorlekuan, oso toki polita iruditu zitzaigun eta egun osoko Itxartu Mendigoizale Taldearen txango baterako baliagarria zela iruditu zitzaigun. Jakin genuenez, Bakedanotik Sorlekura igo eta gero bide beretik berriro herrira joan gabe, Urederra ibaiaren Sorlekura joateko beste bide bat bazegoen, eta hori egin genuenean Itxarturekin mendi txangoak egiten ditugun gehienontzako aukerarik onena izango zela pentsatu genuen. Dena dela, Urbasarako errepideko 19,700 kilometroan hasten den eta ibaiaren sorlekura heltzen den bideak zailtasun eta arrisku txikiak baditu ere, euria egin badu edo bustita badago ez da batere egokia, aldapa malkartsu bustiak oso irristakorrak izaten baitira. Nire iritziz, ibaiaren sorlekua bisitatu eta bere erretenarekiko paraleloa den bidetik jaistea edozeini gustatzen zaio, izugarri ederra delako. Horrez gain, paraleloan doan bide horretatik ur-jauzi guztiak eta, biziki harrigarri gertatuz, tonalitate ezberdinetako berde esmeralda kolorea duten putzu guztiak ederretsi daitezke. Ibaitik egin genuen ibilaldia amaituta, Lizarrara joan ginen bazkaltzera, oso ondo bazkaldu ere, eta arratsaldean hiriak dituen toki garrantzitsuenak bisitatu genituen.