ADARRA (811m.) – ONDDO (781m.) 2009-01-11 Urtarrilaren 11an, igandea, urte berriko mendi-txangoei ekin genien Adarra mendira joanez. Irteera hau 2008ko azarorako genuen aurreikusita, baina garai hartan izugarrizko euriteak izan genituenez, bertan behera utzi behar izan genuen. Oraingoan, aldiz, eguna ezin zitekeen hobea izan, astean zehar elur dexente bota zuelako eta astebururako aurreikuspenek ziotenez, egun eguzkitsua baina hotza izan behar genuen, ibiltzeko bikaina. Goizeko 8:00etan 36 pertsonak hartu genuen autobusa Algortatik 117 kilometrora dagoen Urnieta herriko Besabi-ra joateko. A-8 autobidetik joan ginen hasieran, 10. irteeran autobidetik irten eta Gasteiz-erako N-1 errepidea hartu genuen. 447B irteera hartu eta Andoain zeharkatu ondoren Urnieta aldera jo genuen. Bi kilometrora, Irurain muinoan, Xoxoka eta Besabi-ra doan errepidetik sartu ginen eskuinera hartuta. Xoxoka zeharkatu eta Besabi-ra 9:40etan heldu ginen. Bidean oso ikuspegi politak izan genituen, toki asko izozturik eta mendiak elurtuta zeudelako. Besabi-n jende asko zegoen, Gipuzkoako herri nagusienetatik hurbil dagoelako eta eguna mendira joateko zein mendi-mazela elurtuetan umeekin josteko oso egokia zelako. Adarra mendia urtean zehar Gipuzkoako mendirik jendetsuenetako bat da eta Bizkaian Gorbeia eta Arban Zaldiaran mendiak bezalaxe, Gipuzkoako mendigoizaleek mendi hau aukeratzen dute batik bat Urte berriari agur esateko.
Adarra Donostialdean dago kokatuta, Andoain eta Urnieta-ren gainean, eta Adarra-Mandoegi mendikate luzearen hasiera da. Mendikatea hegoaldetik Nafarroako lurretaraino zabaltzen da eta Urumea eta Leitzarani baietako bailarak banatzen ditu. Bertan berrogeita hamarren bat trikuharri eta harrespil ageri dira gaur egun. Gure ibiltzeari Besabi (302 m.) jatetxean eman genion hasiera, ezkerretik doan bidea hartuz (gu egon ginen egunean erabat izoztuta zegoen bidea). Tontor aldera joanez gaurko Montefrio, lehen Aldapeta izeneko baserriraino, heldu arte. Eskuinetik abiatzen den zementuzko bideak Marizulo kobazulora eramango gintuzkeen, baina ez genion jaramonik egin. Laster konturatu ginen ez genuela gure helburuak lortzeko batere arazorik izango, jende asko zebilelako toki haietan, batzuk gu bezala mendira igotzen eta beste batzuk, goiz jaikita, menditik behere etxe aldera itzultzen. 00:06 Besabi gainean dagoen Montefrío baserrira (353m.) heldu ginenean, errepidea utzi eta “Adarramendi” seinaleak adierazten duen bidezidorrean sartu ginen. Bidea estua da eta bi mendoitzen artean eta harri handietatik, gora doa. Hortik pago batzuek ere zituen pinudi batean sartu ginen. Nahiko arin hasi ginen ibiltzen eta, ondorioz, mendigoizale taldexka batzuk osatu ziren, bakoitzak bere abiada hartuta. Bidea ez dago adierazita baina eguraldi ona izanik, ez du galtzeko arriskurik, beti gora joanez. Handik pixkatera bidea, pinudi baten ondotik, toki lauan sartzen da. Guk beste bide bat hartu genuen ezker aldera. Pinuak laster ezkutatzen dira eta pagoak hasten dira agertzen eta gune horretan bideak eskuin aldera jotzen du, mendi-leporantz. 00:30 Bideak, arazorik gabe, oso bazter polit eta harkaiztsura eraman gintuen eta bertan ur freskoa eta ugaria zeraman Sorotxota errekara (440 m.) ikusi genuen. Tentuz erreka zeharkatu genuen eta aldapa labur batetik aurrera jarraitu genuen.
00:38 Leitzaran aldera ikuspegi oso politak dituen zabalgunea den Belabieta mendi-lepora (548m.) heldu ginen. Toki honetatik Adarra mendi-gailurrera doan aldapa malkartsua eta gogorra (are gogorragoa izotza egonez) abiatzen da. Adarra mendiak soslai nahastezin bikoitza du. Gu errez ikusten den eta eskuin aldera eta Adarra inguratzen doan bidetik Eteneta mendi-lepo aldera joan ginen, Adarra mendi-gailurra gure ezkerrean utzita.
01:15 Agerreko Zabala izena duten eta historia aurreko hondar ugari duten zelai elurtu batzuk igaro ondoren, Eteneta-ra (693 m.) heldu ginen. Bertan 12 lekuko eta 4,5 metroko diámetroa duen harrespila 2,55 metroko garaiera duen iruinarria daude. Toki honen edertasunak eta monumentu hauen orijinaltasun kezkagarriak “Mairu-baratza” izena ekarri diote. “Mairuak” euskal mitologiako pertsonai ezagunak dira eta bertsio batzuen arabera “Mairu-baratza” izenak “Mairuen baratza” edo “Mairuen hilerria” esan nahi du
01:33 Eteneta-tik eskuin aldera joz, elurrez betetako eta tarteka izoztuta zeuden zelai batzuetatik abiatu ginen Onddo (781m.) gailurra erdiesteko. Dagoen aldapa gogorra are gogorragoa gertatzen da izoztuta dagoenean. Gailurra nahiko borobila eta belartsua delako da ezaguna.
Onddo gailurretik era honetara ikusi genituen Adarra-ko gailurrak.
Atsedenaldi txikia egin ondoren, Onddora igotzeko erabili genuen bide beretik jaitsi ginen Eteneta-ra eta azken honetan eskuin aldera jo genuen, Adarra aldera igotzeko. Bidezidorra lur belartsua da eta eskuin aldean ikusten diren usategi ilara baten ondotik doa.
02:05 Aldapa gogorra igo ondoren, jendez beteta zegoen Adarra (811m.) gailurreraino iritsi ginen. Bertan gurutzea, posta-kutxa eta erpin geodesikoa daude. Argazkiak egiteko baimena eskatu behar zitzaion bilduta zegoen jendeari, oztopo gertatu ez zitezen. Tarte laburra zian genuen bertatik begi aurrean genuen Donostialdearen ikuspegiaz gozatzeko
Tentu handiz jaitsi ginen gailur harkaiztsutik eta behean, babestuxeago zegoen gune batean hamarretako txikia jan genuen. Gero, zelai malkartsu eta izoztu batzuetatik, Mantale mendi-lepora jaitsi ginen. Eskuinean, zuhaitz batzuen tartean, Mantale-ko elurzuloaren aztarnak omen daude. Elurzuloak neguetan zehar elurrez betetzen ziren era gero, uda partean, edariak hozteko, sendakuntzako erabilerarako eta izozkiak egiteko saltzen zen. Aurkitutako dokumentazioari esker, XVII mendetik elurzulo honetatik Donostia eta Hondarribira elurra eramaten zela kontu jakina da.
02:25 Elurzulo harrespilera iritsi ginen. Harrespil ikusgarria honek 11 metroko diametroa eta metro erdiko garaiera du eta ikusgai dauden 57 lekukok osatzen dute. Mendebaldeko aurrealdean harlauza bertikal bat eta bere aurrean triangeluaren itxura duen 30 zentimetro inguruko menhir txiki bat ditu. 02:30 Jaisten jarraitu genuen eta Mantale mendi-lepora heldu ginen. Hemen du bere sorburua izen bereko ibaiak. Guk aurrera jo genuen, Aballari harkaitzak inguratuz. Ezker aldean eta pagadi baten barruan dauden txabola batzuk, jolasgune bat eta historiaurreko aztarnak utzi genituen eta basoan sartu gabe jaisten jarraitu ginen. 02:55 Arleorko Zabala mendi-lepoan ginen, Trintxalekuta eta Arleor harkaitzen artean. Hantxe lau harrespil daude eta monumentu horien ezaugarriak adierazten dituen plaka bat ere bai. Leizaran bailararen mendebalde aldera ez da ezen harrespilik aurkitu eta, ondorioz, mendi-lepo honetan dago harrespilen muga, mendebaldeari dagokionean. Harrigarria da eta oraindik inork ez du arrazoirik eman zergatik ez zen harrespilik eraiki hemendik mendebaldera eta bai, ordea, tumuluak eta trikuharriak (Bizkaian eta Araban). Gipuzkoan eta Nafarroan harrespilak mairubaratz izenaz ezagutzen dituzte.
Mendi-lepo honetatik berriro izan genituen Donostialdeko ikuspegi izugarriak.
Mendi-lepotik behera aldapa malkartsu batetik jaitsi ginen, gune izoztuak ez zapaltzeko ahaleginak egiten, eta pista zabal batera iritsi ginen. Ezkerrera joan eta bide ireki batetik abiaguneraino heldu ginen. 03:30 Montefrio baserriaren paretik igaroz, kotxez leporaino beteta zegoen Besabira ailegatu ginen. Autobusa ezin izan zen Besabin geratu gure zain eta guk kilometro batean zehar oinez jaisten jarraitu behar izan genuen autobusa gur ezain zegoen tokiraino. Urnietako gasolindegi zaharretik hurbil dagoen jatetxe batean zerbait jateko asmoa genuen, baina izotzak eta elurrak jarritako zailtasunek eraginda, mendi-txangoan pilatutako atzerapenak direla-eta, oso gaizkiz etorkien guri kasurik egitea et abesterik gabe Algortarako bideari ekin genion.
RICARDO-REN IRITZIA Adarra mendian lehendabiziko aldiz iazko urrian egon nintzen, Heri eta Pablo-rekin batera mendi txango hau prestatzera joan ginenean. Egun hartan lagunei aholkatzeko moduko ibilaldia zela pentsatu genuen. Eta orduan eguzkia izan bazen protagonista, oraingo honetan elurrak eta izotzak kendu diote tokia. Dena dela, beti gozatu daiteke beren ikuspegi ikaragarriez. Adarra-tik Euskadiko Lurralde guztietako gailurrak ikusi daitezke, eta baita Gipuzkoako zein Iparraldeko kostaldeen zati handi bana ere. Nire iritziz Adarra – Mandoegi mendigune honetan ibiltzen denean inolaz ere ezin baztertu daitekeen eta mendi honi misteriozko ukitua ematen dion toki berezia bada: Eteneta-ko harrespil eta iruinarri banak osatutako hilobi-multzoa. Adarra mendi magaletatik aztarna megalitiko ugari ikusi ahal izan genituen, izan ere zibilizaziorik zaharrenen asentamenduen lekuko isila izan da inguru hau milaka urtetan zehar. Mendi ibilaldiaz, ikuspegi zoragarriez eta ondare megalitiko aberatsaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen, zalantzarik gabe, baina hori dena are ederragoa izan zen, eta hala aitortu behar dut berriro, Itxartu Mendigoizale Taldeko partaideek sortarazi zuten giro itzelari esker