SAN CRISTÓBAL (1.057m.) eta SAN JUSTI (1.028m.) OHARRAK Arabak duen baso multzo handienetakoa den Izki Berezko Parkean kokatuta dauden San Kristobal eta San Justi mendietara joango gara. Denera 9.143 hektarea ditu eremu babestu honek, ondo adierazita dauden hainbat bidezidorrek zeharkatzen dute iparraldetik hegoalderantz eta ekialdetik mendebalderantz eremua eta honela Europan dagoen haritz ametzez osatutako baso handienetakoaz gozatzeko parada dago. Mendi batetik bestera doan bidea oso erraza eta luzea da eta Izki Berezko parkearen iparraldeko muga osatzen du, bere gailurretatik lurralde babestu honen oso ikuspegi ederrak dituelarik. Autobusak Maeztu udalerrikoa den Apellaniz-en (735 m.) utziko gaitu, Arabako nekazaritza gunean. Gure Amaren Jasokunde Elizatik abiatuko gara eta kale horretatik metro batzuk egin ondoren, lehen etxeetan beste kale estu bat hartuko dugu herriaren goialdera igotzeko. Herri barruan gure bidearen lehen seinaleak ikusiko ditugu, zuri eta horiz. Handik bi minutura “Senda el Raso 35 minutos” adierazten duen kartelarekin egingo dugu topo eta toki horretan bidezidor estu bati ekingo diogu, aspaldiko lurjausi batean bildutako harkaitz handiak eta gaztainondo erraldoi artean menditik gora doan bidezidorra hain zuzen. Bidezidorretik jarraituz, hesi bat igaroko dugu eta Karrantan-eko ur-putzu batera helduko gara (0ord 15 min). Berez erabiltzen ez den presa bat da eta bere eustehorma ezkerretik gaindituko dugu. Alde honetan zehar pago lirainak, haritz sendoak eta gaztainondo luzeak dituen baso handientsu baten barruan ibiliko gara. Presatik haratago bideak gora egiten jarraitzen du eta handik pixka batera bailararen eskuin aldera igarotzen da eta, Karrantan-eko iturritik hurbil igaro ondoren, bere sorlekuko harkaitz izugarrietara hurbilduko gara. Berehala oihanak ezkutatu eta larreak lehendabizi eta harria geroxeago dira nagusi. Bidezidorra gora jarraitzen du trokartearen goialdetik, geroz eta gogorrago, mendiaren hegaletik gora, 958 metroko garaieran dagoen El Raso mendilepora irteteko (0ord 30min). Hemen, seinale ugari dituen poste bat egon ez ezik, txilarrak eta ipuruak sakabanatuta dituen meseta bat da
Postaria bidezidorretik jarraituko dugu ehun metrotan eta gero eskuin aldera joko dugu gure aurrean ikusiko dugun harkaitzezko tontorrera aldapa malkartsutik igotzeko. Bakarrik dagoen zuhaitz baterantz joango gara eta handik, bidea ez galtzeko lagungarriak diren zedarri ugariak dituen bide batetik, muinora igoko gara, belardi batera. Minutu gutxi beranduago erpin geodesikoa, bi metro baino gehiagoko garaiera duen gurutzea eta Iradier taldearen posta-kutxa dituen San Kristobal (0ord 50min) gailurrera helduko gara, gure abiapuntutik 322 metroko igoera egin ondoren. Jarraian San Justi mendirantz abiatuko gara, mendi-soslaitik beste muturrerantz, atzera joz hasieran eta muinotik gero, gure ezkerrean malkarra utziz. Handik gutxira (1ord Postaria bidezidorrari 05min), buruzko seinaleak eta beste batzuk dituen poste bat dagoen mendi-lepo berri batera iritsiko gara. Malkarretik hurbilen dagoen bidezidorretik joango gara gu. Harantzago (1ord 25min) ibilbidea berresten digun beste poste batekin egingo dugu topo. El Cartero bidezidorra eskuin aldera jaisten da Arluzea-rantz eta, guk, aldiz, igoeraren azken zatia egiteko, Txarabitana bidezidorretik jarraituko dugu. Berehala San Justi gailurrera handik 300 metrora dagoela adierazten duen seinale berri bat ikusiko dugu. Gailurra (1ord 45min) zapalduko dugu. Bertan txilar ugari dituen ordokian nahiko ezkutuan dagoen erpin geodesikoa eta 50 metro harantzago dauden pare bat posta-kutxa aurkituko ditugu. Tontorretik Kantabria eta Trebiño Mendilerroa eta beste hainbat gailur ikustatuko ditugu.
Tontorretik bide beretik aurrera hasiko gara jaisten 300 metrotan. Gero, baso baten ondoan, behera doan bidezidor zabal batera irteteko igarobidea aurkitu behar dugu, bidezidor horretara heldu, hurbil eta gailurraren bertikalean dagoen mendilepora (ikus argazkia) iritsi eta Apellaniz-etik Arluzea-ra doan Txarabitana bidezidorra aurkitu behar dugu. Gure ezkerrera “Senda Txarabitana 2’9 Km. El Raso” adierazten duen postea dagoen gune honetatik (1ord 55min) Apellaniz-erako itzulerari ekingo diogu, baso mardul batean zehar doan bidezidor erdi-ezkutu batetik, San Justi mendira joateko bidearen azpian jaisten diren aldapa malkartsu batzuetatik jaisten. Metalezko ataka bat (2ord 10min) igaro ondoren sartzeko bi aho dituen Andereñoen Haitzulo txikiaren hutsunea (2ord 15min) ikusiko dugu. Legenda baten arabera, izurria zutelako herritik kanporatuak izan ziren bi ahizpak haitzulo honetan aurkitu omen zuten babesleku eta bertakoek egunero janaria ekartzen omen zizkioten eta hurbil zegoen iturri batean edaten omen zuten ura. Bidezidorretik jarraituko dugu, El Raso mendi-lepora joango gara (2ord 40min) eta hortik ezaguna den bidetik Apellaniz-era (3ord 10min) jaitsiko gara.