SARRERA Lan honen helburua Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT-k) ikastetxeetan nola erabiltzen diren aztertzea izan da, alde batetik, eta gaur egun eskoletan erabiltzen den teknologia berria eta materiala ezagutzeko eta bertan lan egiteko modua ezagutzeko parada izatea, bestetik. Horregatik, lanaren hasieran lau ikastetxe ezberdin aztertu genituen eta euren arteko konparaketak egin ondoren, Zestoako Herri Eskola hautatu genuen teknologia berrietan gehien murgildurik dagoen ikastetxea delako eta gure lana aurrera eramateko bide ezin hobea eskaintzen zigulako. Hori izan zen, beraz, lehenengo pausua, ikastetxeetan gaur egun dagoen errealitatea plazaratzea edo ezagutzera ematea eta ondoren gure lanerako egokiena zen ikastetxea hautatzea. Hortik abiatuta osatu genuen, jarraian, GARIA izeneko jarduera segida, non Haur Hezkuntzara teknologia berriak nola aplikatu daitezkeen erakusten digun. Grabazio digitalak ere egin genituen Sastarrain baserri eskolakoa eta Perutxu eta Jentilak ipuinarena. Honekin guztiarekin lanak osotasun bat lortzen du eta Haur Hezkuntzan teknologia berrien inguruan dagoen gabezia ekidin daitekeela eta beharrezkoa dela frogatzen digu, gainera. Izan ere, betiko diskurtsoa badirudi ere, esan beharra daukagu irakasgai honek ate bat baino gehiago ireki dizkigula teknologia berrien mundura. Orain gutxi arte, guztiz arrotzak egiten zitzaizkigun blog-a, photo story, movie maker eta abar bezalako hitzak. Agian entzunak genituen, baina sekula probatu gabeak. Irakasgai honi esker, ordea, programa guzti hauek ezagutu eta erabiltzen ikasi dugu eta ohartu gara uste aldean errazak, praktikoak eta erabilgarriak direla eta uste baino joko handiagoa ematen dutela Haur Hezkuntzako geletan bertan. Nahi bezalako muntaiak egin ditzakegu eta informazioa modu arin eta eramangarri baten islatu dezakegu, horretan saiatu gara, bederen, egin ditugun grabazio digital ezberdinetan.
Irakasgai honetako gure helburua, besteak beste, ahalik eta programa gehienak ezagutu eta horiei etekina ateratzea izan da. Uste dugu, programa bakoitzak bere berezitasuna duela eta erabilerari dagokionez ere, lan motaren arabera, programa bat bestea baino egokiagoa dela. Hasiera batean kosta egin bazitzaigun ere irakasgaiaren helburua zer zen ikustea, azkenean argitu zitzaizkigun gauzak eta hortik abiatuz, proiektu bat sortu genuen. Aukeran denbora gutxitxo izan dugulakoan gaude, baina, hala ere, gustura geratu gara emaitzarekin. Asko gozatu dugu lan hau aurrera eramaten eta edozein azterketetan baino gehiago ikasi dugula uste dugu.