HASI IDAZTEN: SARRERA Jo dezagun euskaltegian honako idazlan hau egitea proposatu dizutela: idatzi herriko aldizkari batean, trafikoari buruzko iritzi artikulu bat, administrazioak edo dena delakoak hausnar dezan. Beno, bada, lehenengo eta behin eginkizuna gehiago zehaztu beharko dugu. Hara: – ‘Herriko aldizkari batean’dio. Zein herritako aldizkarian, ordea? Berdin idatziko al zenuke Barakaldoko herri-aldizkarian ala Elgoibarkoan? Erreferentzia berberak erabiliko zenituzke? Batak eta besteak ezaugarri berdinak eta antzeko irakurleak dituzte? Garrantzitsua da oso, zein izango den hartzailea eta idatziko dugun medioak dituen ezaugarriak zehatz azaltzea. – ‘Trafikoari buruzko iritzi artikulu bat’dio. Testugintzari buruzko informazio zuzena ematen digu baina gaia ez al da zabalegia? Ez al genuke apur bat gehiago zehaztu beharko: adibidez, trafikoak eragiten dituen hildakoak edo trafikoa dela-eta, egunero galtzen dugun denbora edo gai honi buruz Barakaldon hartu diren azken neurriak edo… Hobeto gaia bere osotasunean hartu beharrean, apur bat zehazten baduzu. – ‘Administrazioak edo dena delakoak hausnar dezan’ dio. Garrantzitsua da honetan ere gehiago zehaztea. Agian, oso desberdin idatziko baitugu, administrazioari hausnarrarazi nahi badiogu edo gu bezalako hiritar bati. Honen azpian dituzu gai hori bere horretan hartuta idatz daitezkeen lau sarrera. Irakur itzazu:
Asko eta gehiegi Lan istripuek eraginda, 112 pertsona hil ziren iaz Euskal Herrian. Ehun eta hamabi… hotel bat betetzeko adina langile. Asko dira asko. 1.700 pertsonatik gora hiltzen omen ditu HIESak munduan eguneko. Mila eta zazpiehun… frontoi bat lepo egiteko beste. Asko dira asko. 2. 992 pertsona zendu ziren egun bakarrean New Yorkeko atentatuan. Bi etxe-orratzerraldoitan zeuden ia guztiak. Asko dira asko. Bada, 3.000 bidaiari akabatzen ditu errepideak egunero. Pentsa egunero errepikatzen dela New Yorkeko sarraskia mundua zeharkatzen duten errepideetan. Hildakoak ez dira asko, gehiegi baizik.
Hiltzaileak Ikusi berri dut, asteburuko prentsan hain zuzen, iragarki bitxi bat. Bertan, Mansonek , Sharon Tate-ren hiltzaileak, eta Oswaldek, Kennedyrenak,
begietara begiratzen zidaten, afitxean lekutxoa egin nahian bezala… nori eta neuri! Zirrara itzela sentitu nuen. Baina zirrara hotzikara ere bihurtu zitzaidan iragarkiaren leloa irakurri nuenean. Alegia, zera zioen: orduko 140 kilometrotik gora bazabiltza, ez duzu bizitzarekiko hauek baino errespetu handiagorik. Zer pentsatua eman zidan iragarkiak. Trafikok egiten dituen kanpaina hauek direla-eta, ohituta nengoen neure burua biktimatzat hartzen, baina hiltzaile ere izan nintekeela ikusi nuen, hau da, Sharon Tatek edo Mansonek berak gida zezaketela nire autoa.
Errosario eta San Bartolome Aldizkari honetako albiste labur batek zioenez, urtarriletik aurrera San Bartolome kalea oinezkoentzat utzi eta Errosariokotik bideratuko omen ditu autoak udalak. Merkadilloa lekuz aldatzea erabaki zuenetik, ez du udalak hau bezainbesteko neurri eztabaidaturik hartu. Hautsak harrotu dira Elgoibarko kaleetan. Pozik ikusten ditut San Bartolome kalekoak; haserre, aldiz, Errosarion bizi direnak, urtarriletik aurrera prozesio luzeak izango dituztelakoan. Txanponak bi alde dituela, alajaina, baina hiritarroi begira egokiak al dira honelako neurriak?
Trafikoa Astebururo, astebururo badira 12km eskas egiteko ordubetetik gora behar duten gidariak. Arazoa areagotu egiten da gainera hiri handietako gidarien artean. Ez da makala hauek behar duten pazientzia. Gobernuari edo udalari, kasuan kasu, dagokio neurri egokiak hartzea arazoa saihesteko. Nire ustez, ezinbestekoa da arazo honi irtenbideren bat bilatzen saiatzea. Eta lehenbailehen gainera. Zeren eta, arazoa edozein delarik ere, zenbat eta lehenago konpondu guztiontzat hobeto.
Lau sarrera hauetan, hartzailea kontuan izanda, idazleak oso erabaki desberdinak hartu ditu: lehenengoan, hartzailea kopuruaren handitasunaz jabetzea nahi izan du; bigarrenean, izua eragin; hirugarrenean, herri zehatz batetako irakurleekiko hurbiltasuna adierazi; eta, laugarrenean… Ai, laugarrenean! Ez du inolako erabaki estrategikorik hartu, hizkuntzari bakarrik erreparatu diolakoan nago. Sarrera horrek nekez beteko ditu, lehenagoko batean aipatu genituen hiru ezaugarriak: arreta erakarri, aurrera egiteko gogoa piztu eta zure aldeko jarrera sustatu. Sarrera hori ondo dago zuzentasunaren aldetik, baina komunikazioaren aldetik, eta komunikatzeko idazten dugu, gatzik gabea da, apenas ezer esaten duen.
Orain zeuri dagokizu idazten hastea. Hartu berriro ere eginkizun-orria eta erabaki nolako sarrera egingo duzun, zer eragin nahi diozun hartzaileari, nola lortu ahal duzun bere arreta erakartzea, aurrera egiteko gogoa piztea eta zure aldeko jarrera sustatzea. Halaber, erabaki lehenago idatzitako tesia sarreran txertatuko duzun. Erabaki horiek guztiak hartutakoan, ekin sarrera idazteari.