ZIRRIBORROETARAKO ORRIA Zer idatzi zirriborroetarako orrian? Gure xedea lortzeko baliagarria izan daitekeen edozein ideia jaso behar dugu zirriborroetarako orrian. Den-dena bota, gero ikusiko dugu erabiliko dugun ala ez. Ez arduratu ordenaz edo txukun idazteaz. Burura etorritako guztia idatzi. Bi ideien artean harremana dagoela uste baduzu lotu gezi edo marra batez, honela blokeak sortuko dituzu. Gaiak iradoki dizun ideiaren bati gaiz kanpokoa dela irizten badiozu, hori ere idatzi ( ustekabeko lotura eginda erlazio originala sor liteke). Berotu burua! Ideiak edo argudioak sortzeko laguntza behar? Horretarako denbora izanez gero, internet edo aldizkariak erabil zenitzake. Astirik izan ezean, azterketa baten aurrean edo, honako prozedura erabili: 1. Xukatu buruan dituzun ideia guztiak. 2. Oinarrizko argudio tipologia erabili eta arakatu buruan (hurrengo orrian duzu, kontuan izan tipologia hau buruz ikasi behar duzula lagungarri izango baduzu) 3. Erabili eginkizun orrian agertzen diren puntu guztiak, dela albistea, dela goiburua eta galderak, puntu osagarriak, irudiak… 4. Beste eskema hau ere erabil zenezake: Nondik dator gaia (GKEak susmopean egotearena edo estresarena, adibidez)? Nork edo zerk sortua da eztabaida? Non agertzen da gaia ? Zer ondorio eta eragin ditu? Nolako harremana du gurekin? Ezagutzen al dut gaiaren inguruko pasadizo, istorio, gertaera edo albisterik? Gaia (GKEak susmopean, adibidez) entzutean zer pentsatuko du nire xede taldeak? Zer espero ote du nire xede-taldeak artikulu honetatik? Gertatu al da egunotan zerbait gaiarekin lotura duena?
Argudio-mota nagusiak
1. Konpetentziazkoa. Idazleak bere burua gai horretan aditutzat aurkezten du. (Psikologoa naizen aldetik, estresaren gai honen aurpegi anitzez arituko natzaizue…) 2. Analogia edo adibidea. Ideia edo argudio nagusia (tesia) indartzen duen adibidea adierazten da. Batzuetan adibide hau zabalagoa izaten da eta egoera paralelo bat izan liteke. Gaiaren eta egoeraren arteko lotura argi erakutsi behar da. (Kasu honetan, adibide gisa, gaur egungo bizimoduak eragindako beste gaixotasunen bat izan liteken liteke edo osasunaren esparrutik kanpoko adibideren bat, beti ere egoki lotzen bada). 3. Datuak. Probabilitatea edo estatistika erabiliz (adibidez: entzuna dut estresak gizonezko baino emakume gehiagori eragiten diela) 4. Legeak, esaera zaharrak, esamoldeak… Honelako egiturak erabiltzen dira ideia edo argudio nagusia indartzeko (bizimoduak berak erakusten du zelan bizi, adibidez) 5. Autoritatea Gai honetan ezaguna den adituaren aipamena egiten da, tesia azpimarratzeko (Manuel Velazquez terapeutak dioen moduan…) 6. Hobekuntza Idazleak egoera hobetzeko proposamenen bat egiten du (nire ustetan behar beharrezkoa da estresa jasaten ikastea, zeren…) 7. Kontra-argudioak Idazlea berak defendatzen duenaren kontrako argudioak darabiltzatenei arrazoia kentzen saiatzen da. (adibidez:estresaren bizilagun izaten ikasi behar dugula diote batzuek, alferrikakoa dela ihesean ibiltzea nire ustetan, ostera, …) 8. Afektiboak Irakurlea bere alde jar dadin, sentimenduak azaleratzen saiatzen denean. (Zuek ere badakizue zer den goizaldeko hiruretan sabaiari begira egotea, burua bor-bor, kezkak gainezka, begiak ezin bilduta. Ezaguna duzue horrelakoetan guztiok izaten dugun ezinegona, urduritasun jasangaitza ) Beno, bada, badituzu zirriborroetarako orria betetzeko lagungarri gerta lekizkizukeen zenbait arrasto. Zure txanda da orain. Irakurri berriro ere goian esandako guztiak, kontuan hartu, eta ekin orria betetzeari. Azterketa prestatzen ari bazara, kontuan izan eginkizun honetarako ez duzula bospasei minutu baino gehiago erabili behar.