Gizakiak ez zuen biziaren amarauna ehundu; hari soila da bera, besterik ez. Amaraunari egiten diona, bere buruari egiten dio. (Dwasmish eta Sukuamish tribuetako buruzagi Seattleak AEBtako presidenteari bidalitako mezua)
Azken aldian hainbat gertaera larri ezagutu ditugu: Irunen emakume eraila eta laguntzera zioan gizona zauritua, neska gazte bati eraso sexuala Hernanin, 14 urteko neskaren bortxaketa Donostian, eta hedabideetara iritsi direnetan azkena, Hernanin gizon eraila. Jakina, hedabideetara iristen ez diren beste hamaika kasu dira, egunero ematen direnak. Guztiak gaitzetsi nahi ditugu, eta gaitzespen hori gorpuzteko zerbait egin. Hernanin, neskalagunarekin zegoen gizona tirokatu du neskaren bikoteohiak larunbat goizaldean. Oraingo honetan emakumea hil ez den arren, hau ere genero bortizkeria dela ulertzen dugu. Urtero emakume gehiegi heriotzera eramaten dituen oinarri matxista berberak baititu: emakumea norberarena dela sinistea, neskalagunak harremana uzteko erabakia aintzat ez hartzea, horri erantzuteko edozein jarrera justifikatzea, bera baino gehiago inor ez dela frogatu beharra, etab. Zer egingo dugu honen aurrean? Gertaera latzen zaparrada hauek erantzuteko etsita uzten gaituzte maiz, benetan ezer egiteko gai ez garela sentitzeraino. Eta nahiago izaten dugu ahaztu eta pasatzen utzi. Baina badago zer eginik. Hau ez da gertaera puntual bat. Zoritxarrez, hau ez da bukatu. Hernaniko gizon taldean ere ez zaigu erraza egin erantzun xume eta trakets hau idaztea bera. Ordea, sentimendu astun guzti horiek astindu eta gure ahotsa ezagutaraztea erabaki dugu. Uste dugu oso interesgarria litzatekeela gai hauei buruzko herri eztabaida bat abian jartzea. Adibidez, eragileen artean adostutako protokolo bat izan beharko genuke, halako gertaerei elkartuta eta denbora galdu gabe erantzun ahal izateko. Ordea, hori ez da nahikoa, larriena gertatu ostean erantzutera mugatzen baikaitu. Behar-beharrezkoa da prebentzio lan koordinatua diseinatu eta gauzatzea, ikuspegi globala emanez, baina herri mailan txertatua, jendearen
partehartzearekin. Herriko ikastetxeetan lana abian da bigarren hezkuntzan, baina ez da nahikoa eta osatu behar da. Gazteagoekin eta helduekin ere lan egin beharra dago. Guzti hau, egitasmo orokor baten baitan kokatua. Gure gizon taldean hausnartzen jarraituko dugu, baina ekin ere egingo diogu, bide honetan aurrera egin dezagun. Ateak zabalik ditugu parte hartu nahi duzuen gizon guztientzat. Hernanin, 2009ko maiatzaren 19an Kontaktua: 628775954,
[email protected] edo Hernaniko Udaleko Berdintasun sailaren bidez