2007 Cap Praktikak - Kenneth

  • November 2019
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View 2007 Cap Praktikak - Kenneth as PDF for free.

More details

  • Words: 2,769
  • Pages: 7
2007 CAP-IGZ, 2. Hiruhilekoa Natur Zientzien Didaktika,Praktikak / Kenneth Ugalde Leioako Barandiaran Institutuan, Batxilergoko 1. mailan, Bio-Geo ikasgaian Guillermo Somavilla irakaslearekin, 4 ikasle, D eredua

1. EGUNEROKOA: 

2007/03/15, 09:10

Guillermok institutoko zenbait alde erakusten dizkit (irakasleen gela orokorra, natur zientzien laborategia eta natur zientzien irakasleen bulegoa) eta 9:10etarako gelan gaude. Bestalde, azaldu egiten dit aurreko egunetan (ni gripea zela eta joan ezin naizen egunetan) neri aipatutako irteeratxoa egin dutela UPV/EHU ondoko arrokak ikusten eguraldi gozagarriaz profitatzeko. Halere, dauden 15 harriak ikuskatzeko astia adina izan ez dutenez, beste irteera bat egiteko asmoa du. Irteera horretan, aurreko kurtsoetan eta kurtso honetan, lehenago, ikasitako edukinak landu dituzte eta klasekideek arroka bakoitzari buruzko oharrak (ezaugarriak, kolorea, bikor tamaina, etab...) hartze izan omen dute lan moduan. 1. Jarduera: Biologia azterketa/kontrola. 30 min. * Gaia/Eduki kontzeptuala: Genetika I (ugalketa asexual/sexuala, izaki haploideo/diploideo...). * Ikasleen jarrera: kexarik ez, irakasleak galderak irakurtzen dizkien einean idzten dituzte eta zalantzaren bat argitzea eskatzen dute. * Ikasleen jarduera: euskera ez dute ia erabiltzen: nahiz eta irakasleak euskeraz hitz egin, haien artean eta... irakaslearekin ere! gazteleraz aritzen dira. Bitartean, nik klasean hurrengo astean aurkeztuko dugun gaiari buruz (Genetika II: heredentzia, Mendelen legeak...) irakasleak pasatutako kopiak (testu liburutik ateratakoak) irakurtzen ematen dut 30 minutu, hurrengo astean lagungarriago izateko asmoz. 2. Jarduera: egunkari batetik (EL PAIS Digital: "Bakterioak, ozeanoetako mundu berria") ateratako artikulua irakurtzen dute ikasleek, zenbait momentutan irakasleak kontzeptu batzu azpimarratzen ditu eta azkenean ikasleei proposatzen zaie artikuluari buruzko haien ideiak, usteak, etab. komentatzea. 20 minutu. * Gaia/Edukia: Bakterioak, ozeanoetan aurkitu daitezken milioika izaki berriak eta haiek gordetzen duten altxorra (geneak, proteinak...) galtzear egon daitekela. * Ikasleen jarrera: txintxo aritzen dira irakurtzen, baina azkenean inortxok ez du ezertxo ere esaten, aipatzen edo komentatzen. Nik zenbait gai "polemiko" ateratzen saiatzen naiz (gizakiok eta zenbait bakteriok amankomunean dauzkagun proteina "fotosentikor"ei buruz, bakterioen defentsa ereduei buruz...) baina ez dute hitzik esaten. Ez dugu lortu haiengan inongo jakinminik sortzea, ezta, susmatzen dudanez, ulerpenik ez. Ikusten dudanez, CAP/IGZ-n horrenbeste aipatzen den "kitzikatzea" ez da batere erreza lortzeko... * Ikasleen jarduera: irakurtzeaz gain (egia esan astiro eta hainbat akats eginez), ez dute beste ezertxo ere egiten, aurrean esan bezela ez bait dute inongo gogoeta, hausnarpen ezta dudarik ere ez azaltzen. Enzefalograma leuna ote? Klasea amaitzerakoan, institututik UPV/EHU-ra doan bideko arrokak begiratzen noa, bihar zihurrenik (eguraldia lagun badugu, behintzat) osteratxoa egingo dugulako berriro ikasleek aurretik landutako arroken sailkapenak, egiturak, etab.-en fitxa edo datu hartzearekin jarraitzeko. 

2007/03/16, 10:05

10:00etan, Guillermorekin topatu eta klasekideak itxaroten geratzen gara institutoko atean. Klasetik jeisten ez direla ikusita, igo behar gara gaurko irtenalditxoaz oroitarazteko (atzo garbi aipatu zien Guillermok, baina badirudi atzetik ibili behar garela akuiluarekin kitzikatzen...). 1. Jarduera: Barandiaran institututik UPV/EHU-ra bitartean dauden arroken segida ikusten jarraitzea, irakasleak zenbait ohar aipatzen dituen bitartean ikasleek haien koadernoetan oharrak (ezaugarriak, kolorea, arroka mota, adina, etab.) idazten dituzten bitartean. 50 minutu.

* Gaia/Eduki kontzeptualak: Siderita/Goethita/Limonita, Metasomatismoa, Gallarta-aldea, ekonomiaindustria; basalto, magma, harri bolkaniko, kuxin-egitura, disiuntzio kolumnarra, olibino; Kareharria/SedimentarioBiokimikoa, Fosilak, arrezifea, Ereño, "La Mirada Magica"; Harearri/Konglomeratu, garraio-energia/bikor tamaina; karearri-harearria, turbidita; marga; egoera distentsioa/konpresiboa; eustasia (itsasoaren nibela gora ta behera). * Ikasleen jarrera: txintxo eta adi ibili dira irakasleak esandakoa (eta nik gaineratutako zenbait ohar) entzuten eta idazten. Baina ulertzen... ez dakit, ez bait dute galdera bakarra egin. Irakasleak eskatzen dienean harri berriren baten ezaugarriak haiek aztertzen saiatzea, azkenean irakaslea bera hasi behar da azalpenak ematen. Entzuten eta idazten aktibo dabiltza, ez ordea ulermenean edo aurretik azaldutakoa erabiltzen. * Ikasleen jarduera: gutxienez kuadernoa nahikotxo garbi eratzen ari dira. Hori bai, ikasle bat ez da agertu (aurreko egunean griposa zebilela gogratzen dut). Fresko xamar zebilenez haizea, zenbait ikaslek lehenago joan nahi zuten institutora bueltan. Beraz, inoiz holako txangoak antolatzen baditut ikasleei behar bezalako jantziak ekartzearen garrantzia argi azaldu beharrekoa dela uste dut. 

2007/03/19, 13:20

Nahiz eta gaur iragan ostiraleko irteerarekin jarraitzeko asmoa genuen, eguraldia dela eta (90 km/o.-ko haize boladak, euria/txingorra, elurra 800 m.tan eta jeisten...) alde batera utzi beharko dugu eta klasean ibiliko gara. Guillermok pare bat berri dakar irakurgai moduan, astronomia eta paleontologiari buruzkoak (entzute hezurdura garatuta zuten ugaztunak) eta ondoren genetika eta herentziari buruzko gaiarekin jarraituko dugu testuliburua gida moduan erabilita. 1. Jarduera: "El Pais Digital"-etik ateratako bi artikulu edo berrien irakurketa. Irakasleak sarrera irakurri eta hausnarketa orokor batzu egiten ditu, eta ondoren ikasleek txandaka irakurtzen dituzte testuak. 20 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: zunda, espaziontzia, ura/izotza, uraren aztarnak (higadura, garraioa...); mesozoikoa, dinosauroak/ugaztunak, homeotermoak/poikilotermoak, bizi-inguruneak (habitat), ikus/usain/entzun (zentzuak). * Ikasleen jarrera: hasieran, bi ikaslek testuei adi egon beharrean ondortengo orduetan egin beharreko azterketari buruz aritu dira lanean eta hizketan ere, irakasleak atentziao deitu dienerarte (era lasaiean) eta orduan ikasleek irakurtzen geunden testuei ekin diote. * Ikasleen jarduera: irakasleak eskatu moduan, ahots-goran irakurri dituzte testuak. Irakurketa eta jendearen aurrean "hitz egitea" (egia esan idatzitakoa besterik ez dute esan) nolabaiteko aurkezpen lana da besteen aurrean hitzegiteko eta lotsa kentzeko. 2. Jarduera: testuliburuarekin genetika gaia era expositiboan azaldu. 20 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: aleloen transmisioa, heredentzia, dominantzia/gainjartzea, errezesibotasuna/gaineratua. * Ikasleen jarrera: isiik eta adi dirudite, nahiz eta aurreko kasuetan bezela inongo galderarik ez egin, ezta zalantzarik azaldu. * Ikasleen jarduera: kasu honetan, irakasleak irakurri eta azaltzen duen bitartean adi egotea besterik ez da haiek egin beharrekoa. 3. Jarduera: Genetika/herentziari buruzko ariketak. 10 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: geneak, aleloak, dominantzia/errezesibotasuna, genotipo/fenotipo, bi sarrera taulak * Ikasleen jarrera: banaka dabiltza eskatutako taulak lantzen ixiltasun osoz, beste klasekideak izorratu gabe... edo laguntzarik eskatu/lortu gabe. Halere ez dirudi eskatutako lana amaitzerik dutenik klasean. Irakaselak, halere, ez die etxean lantzeko eskatzen. * Ikasleen jarduera: taulak egiten ikastea eta haien erabilkortasuna ikustea, probabilitatea eta gertaeraren arteko erlazio eta desberdintasunak lantzea. Klase ostean irakasleak aipatzen dit hurrengo ostegun edo ostiralean laborategian mapa geologikoei buruzko ihardueratxoa egite gustatuko litzaiokela eta ni hori egiteko gai naizelakoan, mapa geologiko sinpleen bat topatzeko ardura hartzen dut (unibertsitate ikasketetako lehen urteetakoa) ikasleekin batera lantzeko. Arazoa da ikasleek ez dutela marrazki teknikoa edo holakorik landu beste ikasgaietan, eta hori

gomendagarria litzateke mapa geologiko eta kartografikoen ulerpena errazagoa izan dadin (2 dimentsiotan marraztutakoa 3 dimentsioetan ikustea buru barnean). 

2007/03/20, 12:25

Mapa geologiko erraza aurkitu dut (Geologia karrerako 2. mailako "Cartografía Geológica" ikasgaiko lehenengo mapa, Ramon-Lluch R eta Martinez-Torres L.M.-ren liburutik), arrokak toles eta okermendurik gabekoa, hau da, ikasleek erraz ulertzekoa. Topografiak bakarrik du eragina azaleratutako arroketan. Guillermori erakustean, hau bai sorpresa: mapa berbera erabili omen du berak, hauxe zen bera bila ari zena!. Ostiralean landuko dugunez, nere erdurapean geratzen da mapa eskaneatzea eta konpontzea (daukadan kopia marraztuta dago eta), kopiak institutoan bertan egingo ditugularik. 1. Jarduera: aurreko ostegunean egindako azterketa edo kontrolaren emaitzak. 10 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: azterketakoak berak (ikus 2007/03/15). * Ikasleen jarrera: urduritasun handirik ez dute adierazten, agian ondo egin dutenaren seinale? Bai horixe: mutikoak aprobatu (5.5) eta neskek nota onak atera dituzte (9.5, 10...). Halere interesa jartzen diete irakasleak zuzendutako azterketa bueltatzen dienean. Mutikoa 5 minutuz dabil bere azterketaren akatsak gainbegiratzen baina azkenean pegarik ez du jartzen. Azpimarratzekoa da ere neska batek, 9.5 atera duenak, egindako akats txikiaren nondik norakoak aztertzea eta nola hobe litekeen galdetzea irakasleari! * Ikasleen jarduera: argi dago badakitela azterketa baten ostean zer egin behar duten (eta ez bakarrik zer espero den haiek egitea). Ez dira asaldatzen, ez dute arrazoirik gabeko eskaerarik egiten, negoziazioetan ez dira sartzen. Eta egindako akatsei buruzko ohartxoak hartzen ikusten ditut, azkeneko azterketan gai edo puntu hoiek pittin bat gehiago lantzeko akaso? 2. Jarduera: Atzo hasitako ariketekin jarraitzen dugu. 40 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: atzoko ariketetakoak + familia-zuhaitzak, kodominantzia, bitarteko dominantzia. * Ikasleen jarrera: hasieran ixilik eta bakoitza bere aldetik dabil lanean, gero elkarren artean galderak egiten hasten dire, baina gaiari buruz: Guillermok ez die ezer esaten, ez da tartean sartzen "galderak irakasleari" edo holako zerbait esanez: haien artean laguntza ematea ez da mesprezatzekoa, are gehiago gaiari lotuta dagozen ariketak egiteko laguntza baaldin bada! Azkenean, zenbait ariketei buruz haien artean dudatan daudenez, Guillermori galdetzen diote. * Ikasleen jarduera: era antolatuan azaltzen dituzte emaitzak galdetzerakoan, beraz era antolatuan eratu/idatzi dituzte haien lan-koadernoetan. Lan koadernoa txukun egitearen abantailak badakizkitela azaldu dit Guillermok (eta berak ebaluazio moduan ere noizean behin eskatzen dizkielako, akatsak zuzentzeko, txukuntasuna ikusteko, argitasuna edo antolaketa baloratzeko...). Egia esan, klase edo talde formal eta langilea dirudi. Klasea amaitzen deneko txirrina entzutean ez dira korrika edo oihuka hasten: laai lasai sartzen dituzte koaderno zeinliburuak mahai azpian eta Guillermo (eta niri!) agur esan eta pasabidera irtetzen dira lagunekin solasean aritzeko. 

2007/03/22, 09:10

Algortatik Leioarako bidean (Leioako "Avanzada"-n, agian) istripuren bat egon delako edo, itzelezko auto-iladak daude. Kotxeak geldirik Romo-ko rotonda baino lehenagotik. Eta ni urduri eta ozta-ozta heltzen naiz institutora! Lasai, Kenuto, lasai, gazteek urduritasuna usaintzen dute eta, eta ez dute besterik behar lepora sto egin eta nerekin akatzeko! Beno, goazen harira: klaserantza igotzen goazen bitartean, Guillermok haien "Programazio Laburra" (baina guztiz ofiziala, Hezkuntza sailera aurkezten dena)-ren kopia pasatzen dit eta ni txundituta: urte osoko programazioa orri-ALDE bakar batean! Eta gu CAP/IGZn 10 edo 20 orrialde bete beharko ditugu akaso 10 klase egunetara helduko ez litzatekeen Unitate Didaktikoa garatzeko! Gaur berriro 3 ikasle besterik ez: nesketariko baten amak deitu du esanez nahiko txarto dagoela, gripea akaso. 1. Jarduera: Biharko laborategi praktikari buruz sarreratxoa egiten dugu (mapak landuko ditugula eta zuzenean laborategira joatea), eta zein material ekarri beharko duten aipatu (erregla, kolore ezberdinetako 3 arkatz). 3 min. * Gaia/Eduki kontzeptualak, Ikasleen jarrera, Ikasleen jarduera: ez dago ezer ere esatekorik.

2. Jarduera: genetika/herentzia ariketen jarraipena eta zuzenketa. 47 min. * Gaia/Eduki kontzeptualak: aurreko eguneko berak. * Ikasleen jarrera: aurreko orduetan bezela (egia esan ez naiz orain arte ohartu), klase handia izanik ikasleak batu egiten dira (neskak batera, baina mutiletik hurbil), haien artean arazorik ez dutenaren seinale. Gainera... batzeaz gain, lehen iladan jartzen dira, irakasletik hurbil, hobeto entzuteko! Halere, ordu erdi pasatzerakoan irakasleari eskatzen diote ea hurrengo klaseko euskera azterketarako ikasten uzten dien (berriro ere negoziazio saiakerak) baina aurrekoan bezela, guillermok irrifarra galdu gabe ezezkoa ematen die. Zuzenketak egiterakoan behingoz haien dudak azaltzen ikusten ditut, ariketa batekin arazoak dituzte eta. Baina era apalean eta nahiko ulerkorran azaltzen dituzte, eta bai nire bai guillermoren azalpen edo laguntza entzuten eta ulertzen saiatzen direlakoan naiz. Hori bai, haien artean gazteleraz egiten jarraitzen dute, euskeraren erabilera nahiko baxua beraz: haien artean gazteleraz dabiltzan une batean, Guillermok ironikoki esaten die nola daitekeen haiek euskaldunzahar izanda eta Guillermo euskaldunberri, bera izatea haiek baino hiztunagoa euskeraz. * Ikasleen jarduera: arazorik gabe erabiltzen dituzte sarrera bikoitzeko taulak ondorengoen konbinaketak (genotipo zein fenotipoak) ateratzeko. Familia-zuhaitzekin aritzeko badirudi, ordea, arazoren bat daukatela: aurreko ariketaren konbinazio "posibleak" eta honen "konbinazio errealak" nahasten dituztela dirudi, eta familia-zuhaitz batetik izaki ezberdinen genotipoak asmatzearekin arazoak dituzte. Guillermori komentatzen diot klasea amaitzean eta bera ere ohartu dela dio eta datorren astean, ariketak zuzentzen amaituko duten egunean (agian ni jadanik egongo ez naizenean) birpasadatxo bat emango diela dio. Eta nik azkar alde egiten dut biharko mapa prestatzen amaitzeko. 

2007/03/23, 10:05

Azkenean "nire eguna": gaur ni izango naiz "irakaslea! Laborategian, mapa Geologiko erraz baten nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz ikasleei, eta, aztirik izan ezkero, beste zenbait mapa aurreratuago erakutsiko dizkiet (geruza okertuak, tolesak, failak...) gainetik bada ere. Arazo nagusia: CAP-ean oraindik Unitate Didaktikoaren garapena erdixka (edo agian gutxiago) dago, beraz ezin behar moduko "aurreantolaketa" prestatu. 1. Jarduera: laborategian, mapa geologiko bana banatuko diet, eta zenbait azalpenen ostean, bakoitzak AB mozketa margotu beharko du nire/gure ereduei jarraituta edota gure laguntzaz. 50 minutu. * Gaia/Eduki kontzeptualak: mapa kartografikoa/topografikoa (sestra kurbak, aranak, erliebea, eskala), mapa geologikoa (koloreak eta harri motak/adinak), zeharkebakiak (eskala bertikalaren eskala edota exagerazioa). * Ikasleen jarrera: garbitasuna marrazki tresnak erabiltzerakoan, irakaslearen azalpenei aditasuna, duda-mudak lotsarik gabe eta era egokian azaltzen jakitea. * Ikasleen jarduera: marrazketa tresnak erabiltzea (erregla/kartaboia, arkatzak), ikusmen espaziala/tridimentsionala garatzea, egunkarietan agertzen diren mapekin lotzea (eraikuntza planak, AHTa, "San Mames Berria") gaur ikusi/ikasitakoa. Beno, ba azkenean gaur ez dut aukerarik izan: Korrika zela eta, institutoak 10:10etatik aurrera jarduerak geratu ditu nahi zituztenek (batez ere euskerazko ereduetako ikasleak) korrikaraino hurbiltzeko, Leioatik pastzen zen eta. Guillermorekin hitze egin ostean, ikasleei esaten diegu datorren astelehenean egingo dugula gaurko antolatuta geneukan praktika. 

2007/03/26, 13:20

Ea gaurkoan.... ba bai. Asteburu osoan prestatu ta prestatu, buruan bueltaka ibili ostean, ezen eta nolabaiteko aurre-prestaketa egin dudan nere aitari ordubeteko "klasea" emanez mapei buruz (bera prest egon da, hainbat urtetan irakasle izan delako, nerea ere, eta badakielako zeinen urduri jar gaitezkeen lehenengo egunetan). 1. Jarduera: laborategian, harbela lagun izanda (5 minutu lehenago etorri naiz mapa harbelan nolabait "kopiatzeko" haiek errazago edo hobeto ikus/uler dezaten. 50 minutu.

* Gaia/Eduki kontzeptualak: dirudienez zenbait ikaslek mozketa edo zeharebaki topografikoak aurreko urtean landuak dituzte (sestra kurbak), baina eskala zehazki erabili gabe (nahiz eta eskala zer den ere ba dakiten), beraz zeharebakia egiterakoan eskala sartzen dugu faktore berri moduan: ezin da aukeratu eskala bat horizontalean eta beste bat bertikala adierazteko, jadanik eskala 1:10.000-koa dela ezarrita badago, hortara lotu behar gara gure ebakian bai horizontala (X ardatzan) zein bertikala (y ardatzan) adieratzeko orduan. Ondoren, azalean agertzen diren arrokak (litologia) eta nola kolore ezberdinez adierazten diren (begirada azkar batean hobeto bereitzeko) azaltzen diet, eta baita arroka moten arteko "ukipenak" (mapan, puntudun lerroak) nola interpretatu eta adierazi behar diren zeharebakian. Azkenik, zeharebakia egin ta koloreztatu ondoren, geruzen kokapena ikusten dugu, haien arteko segida ezarri (A-C-D...) eta nolabait, zeharebakian agertzen ez den "B" arroka geruzaren kokapena ere deduzitzen dugu: D-ren pean. * Ikasleen jarrera: Adi eta langile dabiltza. Arazorik dutenean batez ere lagunei galdetzen diete, nahiz eta bai ni bai Guillermo hantxe egon. Halere, noiz edo neri begira geratzen da baten bat eta zalantzak azaltzen dizkit, nik lasai asko saiatzen naizelarik ahalik eta argien erakusten nondik edo nola jo. Klasea amaitzerakoan, arkatz zein erregla bueltatzean eskerrak ematen dizkidate ere! * Ikasleen jarduera: pare batek lanabesak (koloredun arkatz edo rotulagailuak eta erregla) ahazten ditu... baina praktiketako irakasle jauna azkarragoa da eta berak ekarritakoak uzten dizkie. Pittin bat kostatzen zaie 2 dimentsiotan (planoan) ikusten dena, 3 dimentsiotan ikustea eta plano ezberdin batean jarriz, zeharebakia egitea berriro ere 2 dimentsioetan. Txirrinak jotzen duenean amaitzear gaude, eta ni kontrolatu behar naiz "eseri eta mapa atontzen amaitu!" ez esateko. Hau da hau: gustora egongo nintzateke beste ordu erdi mapa geologikoen nondik-norakoak azaltzen eta mapa zailagoan erakusten zein Leioa ta inguruko mapak aztertzen, haien interesa pizteko nahiaz! Harrapatu egiten al du irakaskuntzak? "Mono" edo holakorik sortzen al du? Hamaikatxo ikusteko jaioak gaituk... Praktika klasea amaitu ostean, Guillermok galdetzen dit ea noizko beharko dudan berak egin beharreko balorapen edo txostena (edo noizko eskatzen duten CAP/IGZko irakasleek) eta ea zer nolako zorroztasunez den egitekoa: orrialde batean edo 10 foliotik gorakoa. Susmatzen dudanez apirilaren amaierarako edo maiatzaren lehen hamabostaldirako egotearekin listo, eta 1 edo 2 foliotako txostenarekin nahikoa izango da. Halere arratsaldez galdetuko diot CAP/IGZko gure irakaslea den Xantiri. Oharra: agian beste zenbait egunetan beste zenbait "klase" emateko gogoa azaltzen diot Guillermori eta zabalik ikusten dut. Baina hurrengo egunean, 27an, jasotzen dudan dei batek asmoa ustel bihurtzen du: lanerako deia ingurugiro arriskuei buruzko kontsultoria batean, zolu eta lurpeko kutsatzeak aztertzeko, hau da, hidrologia/hidrogeologiarekin nahiko lotua (nere arlo gustokoenetarikoa). Eta 29an bertan lanean hasteko. Ea CAP/IGZ nola amaitzen dudan...

2. IKUSKAKETA eta PRAKTIKEN OSTEKO HAUSNARKETAK edota ONDORIOAK: Buruari buelta handirik eman gabe, orain argi esan nezake: gustora sentitu nintzen ikasleekin hizketan, haiei galdetzen, azaltzen zein laguntzen. Agian Barandiaran institutuko giroa oso ona delako orokorrean, eta klasean hiru ikasle besterik ez zeudelako edo. Baina gogoekin geratu naizela onartu behar dut. Egia esan, neure burua holako batean ikusiko banu orain 6 edo 7 hilabete, CAP/IGZan aritu baino lehen, edukin kontzeptualak besterik ez nituen buruan izango. Baina ikuskatzaile moduan emandako egunetan ohartu naiz zeinen adi egon naizen ea ikasleek zer nolako jarrera duten, ea haiek egindako galderak (eta haiek galderak egitea nola lortu edo lagundu) eta irakasleak azaldutakoak zer nolako lotura duten (ikasketa prozesua aurrera ote doa?) eta haien arteko giroa zein den (errespetua, laguntasuna, taldekaketa arrazoi desberdinagatik, sexu banaketa, arraza banaketa...) den dena irakasketa-ikasketa lanean kontutan izan eta prozesua hobetzeko. Baita ohartu naiz ordubeteko klasea emateko zer nolako aurre lana egin behar den (programazioa, edukinen eta errekurtsoen bilaketa, ikasleen aurre ezagutza maila aztertzea, ebaluaketa, ariketa edo jarduera praktikoen logistika...). Ezin ezertxo ere prestatu gabe azaldu klasean eta esan "gaur honoko gai hau landuko dugu". Zer testu erabilita? Zertarako? Nola kitzikatu haien interesa? Nola motibatu ikasleak? Zer landuko dugu ikasitakoa aplikatu eta hobeto ulertzeko?

Beraz, aurretiko lanaren beharra argi ikusten dut, hots, programazioa. Klasearena, unitatearena, sekuentzia osoarena, urte osoarena edo delakoa. Baina ikasleak beti izan behar du buruan NORI irakasten saiatuko den (zer giro da, non kokatzen da eskola, zer moduko ikasleak dira baina ez bakarrik geure ikasgaian), ZER (eduki kontzeptualak) eta ZERTARAKO (jarduerazko edukiak, aplikazioak) irakasten saiatuko den, NOLA (errekurtsoak, zenbait kasutan, askotan hobe esanda, ez dira behar adina izaten...) eta holako hainbat galdera. Hori bai, ikasle guztiek geuk irakatsi nahi duguna barneratzen ez badut, ez etsi. Egindakoa aztertu, zergatiak ulertu eta buruan hinbat buelta eman ostean saiatu bide berria jorratzen. Eta ez inoiz izan automata edo irakasle "klasikoen" antzekoa.

3. IRAKASLE EDOTA ARDURADUNAK EMANDAKO TXOSTENA:

Related Documents