HAUSNARTU EUSKARAZ ( epaitegiko komunetan itsatzeko)
askatuko zaituen zai bazaude zaude lasai zaude ziur askatuko zaituela kateak itsusiak baitira hilotzen gorputzean!! Joxe Antonio Artze "Hartzabal" OTX! ATX! UTX! HOTZAren HATSA ote da HITZA ala HUTSAren aurka altxatako HOTSA edo HITSA hauste arren UTZItako HATZA Joxe Antonio Artze "Hartzabal" Ni, neri, neretzat, neregatik. Ta mundu guzia atzetik. Nemesio Etxaniz ARROPUTZ Arratsaldea, kolore gorriz, hiltera doa, kolore horiz, hiltera doa, kolore hautsiz, hiltera doa, zerutik jausiz, jadanik zurbil, margul jadanik. Arratsaldea hiltera doa, ta, hilten dagoena, neure egun bat da. Zelako antza nire egunaren arratsaldeak ta iluntza honek. Igaro da nire zerbait harutzagoko mugara, ta harutzago nago,
lehen baino harutzago, jadanik gauaren argi ilunezkoan. Jadanik muga hontan izarrek ez dinoste pozezko berbarik: fede ilunaren argi iluna dot bakarrik eta itxaropenaren itxaropen-eguna oraindik ilun dago. Bitoriano Gandiaga Baina aurrera. Behar bada, gure azken helburua hauxe izango da: nahi dugun ezinagaz burrukatzea. Ta aurrera Burruka buka ditekenean, jadanik zoriontsu izango gara: Garailearen poza eukiko dugu edo hildakoen pakea. Bitoriano Gandiaga barrurantz dario ene zauriari odola barrurantz zulaketa hotz lehorrean odol geldi herdoilezkoak bere isiltasunari bihurtzen dizkio ezpainak Koldo Izagirre
Nereak ez diren lurralde hauetatik ihes egin nahi nuke
Nereak ez diren ur hauek alde batera utzi behar ditut. Haitz sendoaren biribiltasunean nere bizitzaren hitza lortu nahi nuke Biribiltasunean haitzaren gainean a e i o u berri bat esan nahi nuke. Amaia Lasa (Poema bilduma 11)
Ohean narru gorri, eskuak han nituela argi itzalean ilunpearen izkutuan, amodioaren heriotzara ninjoan. Ohe guztia bihurtzen nenbillen, maindiriek eta estalkiak bihurritasunean nahastuaz. Pentsamenduan muxu goxo bat pentsamenduekin, bi beso bizkar gainean desioarekin, nahian, laztan herioan. Amaia Lasa (Poema bilduma 36)
Ez zaitez joan, eman zaidazu zeure gorputzaren beroa eta utz zure ezpainari nere amodioa dastatzen; ez zaitez joan, atoz, zeren, gorputza somatzen dut gogortzen eta neure burua hiltzen, ez zaitez joan, atoz nere bigunaren babesera.
Amaia Lasa (Poesia bilduma 18) Sinesten dut egun batean hilen naizela hutsean eroria ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Sinesten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla, landareetatik zuhaitzak zuhaitzetatik loreak loreetatik fruituak, fruituetatik gizonak eta abereak bazkatuko direla. Sinesten dut haiek ere noizpait lurrera deituak izanen direla, zabaltasun sakonera forma guztien sortokira itzuliko garela. Sinesten dut izaki guzien aldakuintza etengabea dela: itxuraldatze sakon batek berbiztutzen gaituela eta izatetik izatera atsedenik gabeko mugimenduak garamatzila. Edertasunaren neurri bakarrean finkatuta bizi behar dugulako sinesten dut gainerako neurri guztiak gezurrezko direla. Sinesten dut kolore zoragarrizko larrosen kapulotasun legunean haize euritsuaren freskotasunean itsasoaren aldakuntza gazi mugikorrean
eta jakintsuagotzen gaituen zalantza orokorraren baitan. Sinesten dut bai egun batetan hilen naizela hutsean eroria ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Xabier Lete SINESTEN DUT (Bigarren poema liburua63-64)
Zein ederra dan olerkaritza biotzak min duanean! Zein ederra dan somatu nuen ama, zu il ziñanean. Zeruañoxe kanta jaso nai nizuke, otoitz-antzean; berez ezinda, bidaltzen dizut otoitzarekin batean. Zein ederra dan olerkaritza otoi biurtzen danean! Salbatore Mitxelena ZEIN EDERRA DAN! Atzo negu zen, gaur udaberri, bizitzak nola joan badaki. Hurrena uda da (zenbat sagasti), bihar biziko naizen nork daki...? Udazkena isil zaigu etorri, (ah, lizarretan mila tristezi...!). Orainak lehena
ezin du eutsi, lehenak orainaz ez du lokarri... Luis Mari Mujika ATZO NEGU ZEN (Zortziko hautsiak 66)
iturria hertsitzen duzunean ni ez naiz amaitzen urarekin bizi naiz berarekin naiz joaten Jose Luis Otamendi (Egunsenti biluzia)
Olerkiak sortu zuen lurra lurrak sortu zuen ura urak sortu zuen zura zurak sortu zuen hostoa hostoak sortu zuen haizea haizeak sortu zuen karnaba karnabak sortu zuen olerkia olerkiak hil zuen lurra lurrak hil zuen ura urak hil zuen zura zurak hil zuen hostoa hostoak hil zuen haizea haizeak hil zuen karnaba karnabak hil zuen olerkia Joseba Sarrionaindia OLERKIA (Izuen gorde lekuetan barna 28-29)
hil ez da deus hiltzen labanean doa eguzkia ez da hiltzen eguna iragan baino zimeldu arren liliak
zu gorpu zaren arren zimeldu arren liliak ez da hiltzen eguna iragan baino labanean doa eguzkia ez da deus hiltzen hil. Joseba Sarrionaindia (Izuen gorde lekuetan barrena 82)
"Joan da" bi hitz. "Joan da" hitz bi. Ustez maitearen bila eta bere amak leihotik "joan da". Bi hitz hitz bi. Zein politak ikusi genituen izarrak! Zein ederra zetorren geroa! Uraren garbia errekan behera! Irripar ezpainetan bihotza zunpaka! Eta zer axola izarrak ez bada gerorik? Zertarako irriparra ez bada gerorik? Zu, ni hitz bi. Ni, zu bi hitz nork lezazke bat egin! Zure amak leihotik (arguziak bere ezpainak) "joan da" bi hitz, "joan da" hitz bi bakarrik.
Patxi Zabaleta (Zorion baten zauriak 33-34)
e zu batu tabota gizarobota batubotabete botatabeteporlanez harriburdinatazaborraz anuntziotakororenabarmenez etxekalelantegisiglaetazarataz botaetadenabeteinurripiloitxuraz botatabotaetabotaetabotainurripilora urhaizeirrikitutabizirikereegonezdadin momiatupiramidetutahilobituzurehirihoriarin etagizonafamiliaherriaegitekoberrizzoazbasora Mikel Zarate INURRI-PILO PIRAMIDETUA (Higidura berdez 70)
Banu ta banintz, ezaren irrintz; bazenu ta bazina, ametsaren ezina; balu ta balitz, mutuaren bi hitz; bagenu ta bagina, alperreko ahalegina; bazenute ta bazinete, asmo hutsa ezin bete; balute ta balira, besteen anaiak dira. Mikel Zarate BALIZKO OLAREN OIHARTZUNA (Higidura berdez 54)
Ardoa...! Ardoaren gozoaren gozoa! Gozoaren zoroaren zoroa! Zoroaren leloaren leloa! Leloaren txiroaren txiroa! Txiroaren mitoaren mitoa! Mitoaren ardoaren ardoa...! Mikel Zarate ARDOAREN DOINUZ (Higidura berdez 73)
Joatearen joate geldi astitsu etengabean, joatearen joate bizi azkar arin laisterrean, badoa badoa badoa denbora aldia gunea sasoia garaia nirekin batean, banoa banoa banoa
denbora aldi gune sasoi garai atergabe honekin batean, bagoaz bagoaz bagoaz joanean joanean joatearen tren mingarrian... Mikel Zarate TREN MINGARRIAN (Higidura berdez 80-81) Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela. Gabriel Aresti V) (Harri eta herri 58-62)
Egun batean eztu inork ezer erosiko; egun batean ezta merkatuetan sagarrik salduko. Egunen batean guztiok izanen gara zoriontsuak. Gabriel Aresti X) (Harri eta herri 70-80)
Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, bularrik gabe, utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askaria galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik. Gabriel Aresti B) (Harri eta herri 52-54)
Munduan gauza bat bakarra dago erosten eztena: Dirua. Gabriel Aresti L) (Harri eta herri 58-62)
Hobe egia biribil bat,
ezen ez mila gezur ongi koadratu. Gabriel Aresti U) (Harri eta herri 5862)