Nola Uztartu Lana.docx

  • June 2020
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View Nola Uztartu Lana.docx as PDF for free.

More details

  • Words: 2,457
  • Pages: 5
Nola uztartu lana, etxea eta familia? Nola lotu etxea, lana eta haurrak? Gaur egungo familia askotan aurkitu dezakegu buruhauste hau. Gure bizimodua aldatzen ari denez, azken urteetan, buruhauste berri hau sortu zaigu. Ikuspegi desberdinak daude gai honen inguruan. Adibidez, 50 urte baino gehiago duten gizon gehienek, edukitako hezkuntzagatik, uste dute etxera dirua ekartzea nahikoa dela. Gainera, bai etxeko lanak, bai haurrak emakumeen ardura direla uste dute askok. Bestalde, 50 urtetik beherakoen pentsaera aldatzen ari da. Hau da, emakumeak etxetik kanpo lan egitea aldarrikatu duenetik, gizonak bete behar du emakumeak etxean utzi duen hutsunea. Honez geroztik, eguneroko eginbeharrei aurre egiteko taldean egin behar dute lan. Batek umeak eskolara eraman, lana, beste batek janaria prestatu, lana, hurrengoak etxea garbitu, lana, albokoak umeak lotaratu, eta abar. Hau buruko mina, hau! Ikusten dugunez, esku dezente behar dira eta gainera esku hauen ordutegia moldatu behar da, ahal den gehien denok ardurak bete ahal izateko. Nire iritziz, bi alderdi daude aldaketak behar dituztenak. Alde batetik, gizon-emakumeen heziketa berdintasunaren inguruan landu, eta, bestetik, Gobernuak erraztasunak ezartzea lan-giroan berdintasunean oinarritutako lan-banaketa aurrera eramateko. ETXEA KENDU, ETA BIZI OSORAKO ZORRETAN? Orain arte lotsatu egiten ninduen nire egoeraz hitz egiteak, baina konturatu naiz beste asko ni bezala daudela, eta geure egoerak azaleratzen ez baditugu, ezin izango diogula elkarri lagundu. Enpresa handi batean hasi nintzen lanean oso gazterik. Bi seme-alaben aita naiz, eta, bigarrena jaiotzeko zegoela, etxe-jabeak alokairuan geunden pisutik joan behar genuela esan zigun, bere alabarentzat behar zuela eta. Orduan pentsatu genuen pisu berria erostea, eta hala egin genuen. Bankuak ez zigun inolako trabarik ipini hipoteka emateko. Kontua da, krisian sartzearekin batera, gure enpresatik langileak botatzen hasi zirela. Nire txanda duela hiru urte izan zen. Langabeziaren diruarekin bi urtetan bizitzeko eta hipoteka ordaintzeko lain izan badugu ere, azken urtean amets gaizto batean bizi izan gara. Lan dezenterik ezin aurkitu, ezin hipoteka ordaindu, eta duela bi hilabete ditxosozko hipoteka ez ordaintzearren, etxea enkantean ipini digute. Etxerik gabe eta gainera bizi osorako zordun izango garela agindu digu bankuak. Azken urtean gai hauxe izan dut obsesio bakarra: 2010ean 2.500 desjabetze txosten egin ziren Hegoaldean, aurten beste horrenbeste edo gehiago, nirea tartean. Iruditzen zait mundua hankaz gora jarria dagoela, finantza sistemak berak sortutako krisiaren ondorioa langileek ordaindu behar dutelako. Izan ere, alde batetik, krisia dela eta, langabe geldi zaitezke; bestetik, bankuek zeukatena baino “diru” gehiago eman dutelako, gobernuek tapatu behar izan dute zuloa, baina langileen zergetatik datorren diruarekin. Espainiako gobernuak indarrean duen Hipoteka Legea ere bide beretik doa; hau da, langileaklangabetuak itotzera eta bankuak aberastera. Begira, bestela, nire kasuari hurbilagotik: erosi nuen etxebizitza 203.000 eurotan tasatu zuten, baina enkantean 137.350 eurotan saldu nahi izan dute, beraz, 181.846 euroko zorra izango dut bankuarekin. Hau guzti hau ez da bidezkoa: pobreak gero eta pobreago eta, gainera, bankuen zorrak ordaintzen; baina, noiz arte? Kale bazterrean gelditu arte? Nik uste dut nahikoa dela: honaino iritsi gara eta ezin dugu gehiago. Bankuei ez al zaie nahikoa hipotekaren zordunei etxebizitza kentzearekin? Har dezatela etxea eta zorrak kitatuta. Baina ez, ez zaie nahikoa iruditzen. Esaten dute etxe gehiegi dutela stock-ean. Agian denboraldi batean hala izango dute, baina joango dira saltzen eta dirua ateratzen. Bestela, ikasi dezatela Europako bankuetatik, hipoteken zordunei etxea kentzearekin zorra ere kentzen diete eta.

Gai honi hamaika buelta ema dizkiot, eta ez buruan bakarrik, ekintzetara ere pasatu bainaiz. Hipotekak kaltetutakoen plataformara (PAH) inguratu nintzenetik itxaropen apur bat ikusten hasia naiz. Plataforma herri eta hirietako batzordeekin ari da lanean desjabetze kasu bakoitzari irtenbide egokiena aurkitu nahian. Horretarako desjabetzeak aztertu, ebaluatu, oinarrizko laguntza juridikoa eman eta bankuekin hitz egiten dute. Norbereri gertatutakoaz eta norbererena konpontzeko saioak egiteaz gain, gobernuaren legea (zorra etxebizitza itzultze hutsarekin kitatzeko) aldatzea eskatu beharko genukeela ere pentsatzen dut, eta horretarako, denok elkartu beharra dugula; elkarteetan, manifestazioetan, mobilizazioetan etab-etan parte hartuz.

LANGABEZIA Azken urte hauetan langabeziak gora egin duela jakin badakigu. Jada, Gipuzkoan 63.600 pertsona gaude egoera hori pairatzen. Lan egin nahi duen bost pertsonetatik batek ez duela lanbiderik diote adituek. Langabezia da gure lurraldearen eta ekonomiaren esparruan arazo nagusia. Horrek horrela jarraitzen badu, ondorio larriagoak jasango ditugu: gure ekonomia oso ahul agertuko da. Batzuek ez diote oso baikor begiratzen horri eta interbiderik balego, dagoeneko aintzat harturik edukiko genituzkeela diote. Hala ere, ni, horren aurrean, baikor agertzen naiz. Arazoa gazteon artean larria da: ikasketak bukatu eta lanik gabe gaude asko. Geroz eta makina gehiagok egiten dute guk egin genezakeen lana. Produktibitatea bera, gero eta azkarrago, doala kontuan hartuta: ez dirudi hazkundea horri aurre egiteko gai izango denik. Gainera, hori gutxi balitz, gazteoi, lan eskaintzetan esperientzia altua eskatzen digute; hori lortzeko aukerarik eman gabe. Enpresa askok praktikak egiteko hartzen gaituzte lanean beste kontratu batekin jarraitzeko aukerarik eman Gabe; horrela, praktikak egiten lauzpabost hilabetez egon ondoren bota egiten gaituzte. Lan egiteko adina ere luzatu dute; horrek, erretiroa atzeratzea ekarri du. Hortaz, lan postu gutxiago edukiko ditugu, eta zaharrek erretiroa hartu arte itxaron beharko dugu. Gainera, ekonomiaren banaketa ez egokiak: langabezia tasa altuagoak dakartza. Horren erruduna administrazio eta banaketa desegokia izanik. Gure aitona-amanek jasandako langabezia garaiak gureekin konparatzen baditut, aldea nabarmena dela esango nuke. Lehengo garaiak urrun egon arren, ondo gogoratzen ditut amonak kontatzen zizkidan pasarteak. Lana bilatzera atzerrira joan beharra izan zenekoak. Euskal Herrian geratzen zirenak: bizitza guztirako lana ziurtatuta zuten. Hala ere, lau pezetekin bizitzen ikasi beharra izaten zuten. Gutxi batzuen esku zegoen eskolan ikasteko aukera. Familia guztia elikatzeko jaki gutxi zuten, eta, dena, ondo banatu eta administratzea garrantzitsua zen. Gure zaharrak: gutxirekin bizi ziren. Garaiak asko aldatu dira. Gaur, teknologia oso aurreratua daukagu: makinen munduan bizi gara. Makinekin lehiatu beharra izaten dugu: “makina naizela ere pentsatzen dut batzuetan”. Urteak pasatzen ditugu ikasketak bukatzen lanpostu duin eta on baten esperantzarekin; baina ,gaur, lanpostu gutxi daude hainbeste ikasleontzat. Langabezian egon arren, gastatzen jarraitzen dugu: asko edukitzen ohitu garelako izan liteke. Horrela ez diogu oporretara joateari uko egiten. Lanpostuetan erosotasuna ere bilatzen dugu: gure ikasketekin lotura duen lana nahi dugu. Nahiago izaten dugu etxetik gertu etxetik kanpo baino. Enpresarioez fidatzen hasiak gara eta batzuetan gure lan-baldintzak oso argi geratzen ez zaizkigun arren, ez gara galdetzen ausartzen. Krisi egoera honen aurrean, egitekorik ez bagenuke bezala sentitzen garela uste dut: zer egin jakin gabe, konponbidea besteen esku egongo balitz bezala. Gure etorkizuna beste batzuen esku utzi dugu, beste batzuk gidatuko duten esperantzarekin. Hala ere, “txipa” aldatzeko momentua dela uste dut. Bizkor ibili behar gara, adi, erne etab. Gure Etorkizuna jokoan dugu, eta, guri, horren guztiaren aurrean erne eta bizi egotea besterik ez zaigu geratzen.

GABA BELTZA Badira urte batzuk festa garrantzitsu bat ospatzeari ekin geniola urriaren 31an. Santu Guztien Egunarekin batera, hildakoei aipamen berezi bat egiten hasi ginen munduko lurralde desberdinetan. Halloween izenarekin ezagutzen dugun festa hain zuzen ere. Irlandako etorkinek Ipar Amerikara

eramandako ohitura izan zen, eta jada gure herrietan Gaba Beltza edo Gau Beltza bezalakoak entzuten hasi gara. Baina zergatik aldatu izena gurea ez den ohitura bati? Badirudi ez dela nahikoa gure senide edota lagunei mendietara, kanposantuetara edo lurperatuak dauden lekuetara loreak eramatea azaroaren 1ean. Dena nahasten hasi gara, gure egutegietan Santu Guztien Eguna jarri beharrean, Gaba Beltza jartzen hasi garelako. Ezjakintasuna dela bide, batzuen ustez, Gaba Beltza mitologiarekin, sorgin eta akelarreekin zerikusia duen festa da, gure kaleak misterioz betetako pasarteek betetzen dituzteleko. Baina ez ote ginen sorginen sorginkeriak egiten hasiko? Zalantzan jartzen dut Gaba Beltzak gure kultura eta ohiturekin zerikusirik ote duen. Beste edozein festa komertzialek bezala nahi zehatz batzuk osatzeko sortu dela uste dut, Maiteminduen Eguna sortu zen bezala, adibidez. Horretaz ere gauza asko aipa ditzakedan arren, aurrekoari jarraituko diot. Kostaldeko herri txiki eta zoragarri batean, esaterako, Gaba Beltza delakoa antolatzen hasi dira. Haur, gazte zein helduek, taberna zein tabernariek, denda zein dendariek hartuko dute parte beltz eta laranja koloretako jantzi eta objektuekin. Has gaitezen denok logika pixka batekin jokatzen gurean eta aldrebeskeriak egiteari uzten. Zaindu ditzagun gure ohiturak eta has gaitezen gure nortasunaren zapaltzaileak baztertzen, gure kulturak eta izateak eskertuko digu-eta. Abestiak esango lukeen bezala: Nor gara gu? Zer gara gu?…

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA Azken egunotan gai hau puri-purian dago, batez ere Maria Pilar Marcosen albisteagatik. Emakume honek orain dela urtebete bere senarra hil zuen, jipoitu nahi zuelako. 44 urtez jasan zituen tratu txarrak Maria Pilarrek, eta, azkenean, labankadaz zauritu zuen, bere burua babesteko. Baina beste albiste garrantzitsu bat ere izan da azkenaldi honetan: iaz baino emakume gehiago erail dituzte. Momentuz, 58 izan dira hildakoak, iaz baino hiru gehiago, eta, oraindik, bi hilabete falta dira urtea bukatzeko. Gainera, lau ume hil dituzte eta beste 200 bat umezurtz geratu dira. Horrez gain, tratu txarrak pairatzen dituzten emakume askok ez dute bere bikotekidea salatzen. Esate baterako, aurten hildako 58tik 13k bakarrik salatu zituzten erasoak, hauetatik 11k eskatu zuten babesteko agindua. Lehen aipatutako Maria Pilarrek ere ez zituen senarraren eraso fisikoak eta irainak salatu, berak esaten duen moduan, jaso duen hezkuntzagatik eta erlijioan duen sinesmenagatik. Kontatu dudan guztia kontuan hartuta, bi irtenbide ikusten ditut arazo hau konpontzeko. Alde batetik, emakumeak babestu eta salatzeko erraztasunak jarri. Gainera, denok daukagu zerbait egiteko arazoa konpontzeko: inguruko norbaitek tratu txarrak pairatzen dituenean, gure esku dago salatzea. Beste aldetik, hezkuntzari garrantzia eman behar diogu. Hau da, txikitatik erakutsi umeei eraso fisikoak eta irainak txarra direla. Horrela, helduak direnean, ez dituzte egingo, ezta jasango ere. Bukatzeko, ez dago esan beharrik ez nagoela emakumeen kontrako indarkeriaren alde, baina gustatuko litzaidake zerbait esatea hasieran aipatu dudan albisteari buruz, Maria Pilar Marcosenari buruz, hain zuzen ere. Ez dut uste ondo dagoenik pertsona bat hiltzea erasotzen badizu ere, baina, askotan, ezin da besterik egin. Kasu honetan, emakumeak salatu izan balu, baliteke hau guztia gertatu ez izana, baina ezin da igarotakoa ezabatu. Dakidan guztia da izugarrizko poza hartu nuela entzun nuenean Maria Pilar absolbitu egin zutela, betidanik ezagutu izan banu bezala. URAREN KUDEAKETA Ura gizakiak duen baliabiderik funtsezkoenetarikoa da bere biziraupenean. Urik gabe ezin gara bizi, eta funtsezkoa da bere kudeaketa ahalik eta hoberena izatea. Gaur egun agortzen ari den baliabideetariko bat da, eta premiazkoa da bere kudeaketari duen garrantzia ematea.

Ura kudeatzeko modu desberdinak daude, eta guztiak izan daitezke onak edo txarrak. Udalerri bateko uraren gestioa egiterakoan hamaika gauza hartu behar izaten dira kontutan, baina, bereziki, udalerriko biztanleriari eman behar zaio garrantzia, beren beharrei eta eskubideei. Gure udalerriko alkatetzak Ur-Partzuergoari eman nahi dio herriko uraren gestioaren eskumena. Baina, gestio hori nola egingo duen eta Ur-Partzuergoari eskumen osoa emateak zein ondorio ekarriko dituen jakin behar dugu. Udalak dio 2005ean Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zuela Ur-Partzuergoarekin, eta datorren 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, haiek kudeatuko dituztela gure urak, honako bost printzipio hauen arabera: · Iraunarazte printzipioa: gure itsasadarra gehiago tratatzea. · Arrazionaltasun ekonomikoa eta gastuak berreskuratzeko printzipioa: ura alferrik ez erabiltzea saihestu behar da, horretarako erabilera arduratsu bat sustatuz. Europako hiritarren modukoak izango gara: "hau kontsumitzen dut, hau ordaintzen dut". Horrela, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera ordaintzen ditugun tasak Bizkaia osoan ordaintzen direnen parekoak izango dira. · Arreta eta egokitze printzipioa: ura gure lurraldearen ezaugarrien arabera kudeatu behar dugu. Gure ura iturburukoa da, kalitate onekoa, baina, hori dela eta, akuiferoak kudeatu behar ditugu teknika modernoak erabiliz, eta teknika hauek oso garestiak dira. · Ez hondatzearen printzipioa: ibai eta itsasoak ahalik eta gutxien kutsatu behar ditugu. · Kudeaketa partaidetuaren printzipioa: ardurak banatu eta gestioa hobetu behar dugu. Egia da herri bateko uraren kudeaketa eta gestioak kezka handiak sortzen dituela. Eta gure ustez, udalak pisu hori gainetik kendu besterik ez du egin nahi,uraren kudeaketa Ur-Partzuergoari emanez. Guk, ordea, badakigu eskumen horrek, gerora, kalteak eta galera handia ekarriko dizkigula. Azterketa sakon bat eginez, jakin ere badakigu, Ur-Partzuergoak ez duela uraren kudeaketa batere ona egiten. Besteak beste, ur kantitate handia da, arrazoi bat dela edo bestea dela, erabili gabe galdu egiten dena. Eta hori da, hain zuzen, uraren kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat! Baina noski, galera horiek eta kudeaketa eskas hori ez da inongo paperetan azaltzen, ez dugu inolako txostenetan irakurriko!! Gure udalak Ur-Partzuergoarekin zehazki zein hitzarmen mota sinatu duen jakin beharra dago. Besteak beste, bai baitakigu, Partzuergoari eskumen osoa eman badio, etorkizunean, guk uraren kudeaketa berreskuratu nahi badugu, kudeaketa hori berreskuratzea ia ezinezkoa egingo zaigula, horixe gertatu baitzaie beste hainbat udalerriri. Goazen, bada, guztiok Udaletxera, eta exijitu diezaiegun sinatutako Hitzarmen hori erakusteko! Egin diezaiogun aurre arazo honi guztiok batera! Ura, gure eskubidea baita! Itxaso BIODIBERTSITATEA GALTZEKO BIDEAN? Gizakiok betidanik izan dugu bidaiatzeko zaletasuna. Zaletasun hori historiaurreko garaietatik antzeman daiteke. Aro horretan, zaletasuna baino gehiago, behar bat zen, izan ere, bidaien arrazoi nagusiak animalien migrazioak eta lekuko baldintza klimatikoen aldaketak baitziren. Baina, hasierako bidaia horiek ez zuten lekuko naturaren gain aldaketa nabarmenik eragiten, zeren eta gizakiak naturak baldintzatutako mugimenduak egiten zituen, bertan zeuden baliabideak lekuan utziz. Neolitikotik aurrera, bidaia hauen funtsa aldatuz joan zen. Aldi honetan, gizakia nekazaritza garatzen hasi zen, eta ,naturalki, biziraupen esparru oso txikia zuten landareak ereiten hasi zen, hala nola, garagarra, arroza eta garia. Horrek, lurralde eta ingurune desberdinetara landare hauen inbasioa ekarri zuen. Poliki-poliki ingurunean zegoen jatorrizko landaredia ordezkatuz joan zen. XV. mendean, europarrak Amerikatik etorri zirenean, hainbat landare arrotz sartu zituzten kontinente zaharrean. Horietako asko egungo euskal nekazaritza eta sukaldaritzaren parte bihurtu dira (patata, piperra, indabak edo babarrunak, tomatea, etab.). Beste batzuk, aldiz, kontrolik gabe hedatu ziren Europan zehar (Robinia pseudoacacia etab.) XX. mendetik gaur arte itsasoz, lurrez zein hegazkinez garatutako garraio interkontinentalaren hedapenak (gizakiaren bidaiengatik) landare-espezie askoren hazien zabaltzea eragin du. Horietako batzuk klima eta ingurumen-baldintza egokiak topatu dituzte kontrolik gabe hedatzeko. Lorategietatik edota etxe pribatuetatik etorritako apaindura-landareen hedapena (Cortaderia selloana, Baccharis halimifolia etab.) bereziki esanguratsua da.

Beraz, gizakiak lurrari emandako erabilpenaz baliatu dira zenbait landare-espezie munduan zehar sakabanatzeko. Gaur egun zenbait landare-espezieek izurriteak sorrarazi dituzte, hau da, naturalki jatorrizkoak ez diren lekuetara garraiatutako edo eta edota askatutako espezieak leku berri horietan oso ederki egokitu dira, bertako jatorrizko landaredia baztertuz. Eragin hau lekuko biodibertsitatearen galeraren arrazoi nagusienetako bat da. Hasiera batean,landare inbaditzaile arrotzak bertoko landarediaren aldetik oztopo handirik pairatzen ez dituzten guneak kolonizatzen hasten dira. Gune hauek batez ere zabortegiak, nekazaritza lurzoruak, nekazaritza ustiatu gabeko lurzoruak eta abar dira. Hasierako momentuan landare inbaditzaile hauek ez dute ekosistema naturalean kalte handirik eragiten, espezien arteko lehia handia dagoelako. Baina, landare inbaditzaileen komunitatea egorkortzen hasten denean, ekosistema naturalak kaltetzen hasten dira. Alegia, landaredi potentziala desplazatu egiten da, faunarentzako ekosistema eta habitat naturala sinplifikatu eta ezabatu egiten dira, paisaia naturala aldatu egiten da, lurzoruaren konposizio fisikokimikoa eraldatzen da, eta, azken batean, bertako biodibertsitatea txikitu edota ezabatu egiten da. Behin landare inbaditzaile bat bertoko ekositema batean egonkortzean, hauen erauzketa lanak ekonomikoki oso garestiak dira, eta lan hauek bertoko ekosistemaren ahultzea eragin dezakete. Adibide gisa, Urdaibaiko Bioesfera Erretserban garatuta dagoen Baccharis halimifolia izurritea dugu. Urdaibaiko patronatuko teknikari batek dioskunez: “ Azken hiru urte hauetan Baccharis halimifolia zuhaixka inbaditzailearen aurkako erauzketa lanak 150.000€-ko aurrekontua izan du. Diru honekin Baccharis halimifolia-k kolonizatuta dauzkan lurzoruaren % 30 tratatu ahal izan da. Baina, gastatutako aurrekontua bezainbeste eta gehiago beharko da ingurunetik Baccharis halimifolia desagertzeko eta burutu diren lanen arrakasta ikusteko”. Beraz, bidaiari maiteak, landare inbaditzaile hauek kontrolatzeko metodorik egokiena arazoa ezagutzea da eta horri aurre hartzea. Hori dela eta, beste lurraldeetara bidaiatzen denean, bertako baliabide naturalak bertan uztea da egokiena; hori baita beraientzako aproposa den lekua, bertako ekosistemarekin orekan.

Related Documents