FRENTE A LA CRISIS, EUSKAL HERRIAK ALDAKETA SOZIALA!!! Egoerari hurbilpen bat Ekonomia ez da pertsonen eskubideak eta herrien beharrak asetzeko antolatzen. Aitzitik, pertsonak eta herriak ekonomiaren izenean sakrifikatu egiten dira globalizatutako kapitalismoaren aldarean. Bakan batzuk herrialde osoen adinako ondasunak dituzten bitartean, munduan 950 milioi lagun gosez bizi dira eta urtero 6 milioi hil egiten dira elikadura txarraren ondorioz bost urte bete aurretik. Egun nagusi den sistema ekonomikoaren injustizia basatia agerian uzten duen datu ugarietako bat da hau. Gure herrian ere sistema honek eragindako desberdintasunak antzeman daitezke. Azken hamarkadan ekoizpena nabarmen hazi da, baina sortutako aberastasuna ez da herritarren bizi-baldintzen hobekuntzan gauzatu, kontrakoa baizik. Enpresa eta banketxeek animaleko etekinak aldarrikatzen zituzten bitartean… • Soldatek pisua galdu dute, prekarietatea hedatu da eta lan-istripuak kroniko bilakatu dira. • Emakumeek pairatzen duten zanpaketa sexual, ekonomiko eta sozialean sakondu da. • Ez zaio jendartearen sektorerik prekarizatuenek (gazteek, pentsiodunek, hainbat migratzaile kolektibok) sufritzen duten diskriminazio ekonomiko eta sozialari aurre egin. • Etxebizitza duina izateko eskubidea urratu da. • Milaka baserri, arrantzuntzi, saltoki txiki eta garraiolari autonomo desagertu dira. • Zerbitzu publikoak pribatizatu eta irakaskuntza merkantilizatu da. • Gure lurraldeko milaka hektarea porlanez bete dira, Euskal Herriaren biziraupen fisiko bera arriskuan jarriz. Elite ekonomiko eta politikoaren artean badago paktu bat zeinaren bitartez eskubideak murriztu egin dira elite horrek gero eta aberastasun handiago metatu dezan. Eta akordio hori are eta nabarmenagoa egiten ari da oraingo krisialdi koiunturan. Diru publikoa esku pribatuetara desbideratuz (bankari dirua, aurrekontuetako milioitako diru partidak eraikuntzaren lobbyarentzat, EEEn onarpenen bitartez edota zergak jeitsiz edo kenduz patronalari…) espekulatzaileek euren diruzalekeriagatik sortu duten krisia langileon gain jartzea nahi dute. Eta guzti hau komunikabideen laguntzaz egin dute. Hasiera batean beldurra sortzen dute populazioan eta gero politikari profesional eta patronalaren krisiaren kontrako neurrien bozgorailu bezala agertzen dira, neurri hoiek benetazko arazoei heldu ez izateko partxe hutsak direla izkutatuz. Kontrol eta adoktrinamendurako beste mekanismo bat gaur egun hezkuntza bihurtu dute, zeinaren bitartez, gazteria merkatu laboralean explotatua izateko prestatzen ari duten. Boloña egfitasmoa hori da hain zuzen, sistemarekiko funtzionalak diren erlojuak sortzeko tresna
Indarrak batzeko unea heldu da Gainera, guztiok itxasontzi berean joango bagina bezala, egoera honetatik ateratzeko elite ekonomiko eta politiko hoiekin bat egitea eskatzen digute. Baina ezin daiteke horrela izan, badakigulako kapitalismo “osasuntsu” batek ez dituela herri sektoreen eskubideak bermatzen. Ikusi dugu guztion artean ondasun handia sortu den garaietan aberastasuna ez dela banatu. HERRIAabian! plataformatik uste dugu indarrean dagoen eredu ekonomikoa izan dela egoera honetara ekarri gaituena. Hortaz, eredu ekonomikoa bera da aldatu behar dena benetazko arazo ekonomiko eta sozialei aurre egin ahal izateko. Eta bide horretan, elite ekonomiko eta politiko hoien interesak eta langile klasearen interesak kontrajarriak dira erabat. Zentzu honetan, uste dugu eredu ekonomiko hau prekarizatzen dituen sektore guztion artean indar metaketa bat egiteko garaia dela, indar metaketa horren bitartez herri honek behar duen aldaketaren norabidean urratsak ematen joateko. Gure manifestuan hurrengoa jasotzen dugu: “Guk, langileok, emakumeok, gazteok, nekazari eta arrantzaleok, ezgaitasunak ditugun pertsonok, langabeok, pentsiodunok, migratzaileok, ekologistok, garraiolari autonomook, ikasleok… Uko egiten diogu espekulatzaileek euren diru-goseaz sortu duten krisia ordaintzeari. Iragartzen ari diren kapitalismoaren birfundazio horren aurrean ez gara besoak gurutzaturik geratuko, aitzitik, kapitalismoarekiko eredu ekonomiko eta sozial alternatiboa eraiki nahi dugu. Eta Planetak nahiz Euskal Herriak behar duten aldaketa sozialaren alde mobilizatu egingo gara”. Zentzu honetan, Maiatzak 21eko greba, erasoei behar bezalako erantzun bat emateko eta nahi dugun aldaketa horren alde indarrak metatzen joateko marko egokia dela use dugu.
Herri honek behar duen alternatibaren norabidean Maiatzak 22tik aurrera HERRIAabian! Euskal Heriak behar duen alaketa sozialaren alde jarraituko du borrokan. Zentzu honetan, ekainaren 13an topaketa batzuk burutuko ditugu diagnostiko bateratu bat adosteko herri honek behar duen alternatibaren mesedetan urratsak ematen joateko. Bada garaia herri hau egunero aurrera ateratzen dugun gizon eta emakumeok batzeko eta gure etorkizun ekonomiko eta soziala –zer ekoiztu, nola ekoiztu…eztabaidatzen eta erabakitzen hasteko. Helburua, azkenengo Munduko Foro Sozialean adostutako ondorio bat aintzat hartuz, Euskal Herritik kapitalismo globalizatuari aurre egiteko gure estrategia propioa artikulatzea da, beste mundu bat posiblea delako eta beste Euskal Herria bat beharrezkoa dugulako. Kapitalarekin guztiz lerrokatuak dauden institzioen neurriei itxaron gabe, bide hori egiten hasteko unea heldu zaigu.
MAIATZAK 21, DENOK KALERA!! EKAINAK 13 DIAGNOSTIKOA ADOSTEKO ETA ALTERNATIBA DEFINITZEN JOATEKO TOPAKETAK