BILIN-BOLON
-1-
IRRATIA. SOINUAREN MAGIA
Kaixo, Berbalapiko naiz, irratiko iratxoa. Irratia magia da. Irratia irudimena da. Alabaina, irratia batik bat komunikazioa da. Soinuari esker sortzen da irrati-komunikazioa. Soinua izan zen gizakien historian lehen komunikazio-keinua. Gizakiak duen sentimen garrantzitsuenetako bat entzumena da. Heltzen zaizkigun berrietako asko soinuaren bitartez jasotzen ditugu. Soinua hain garrantzitsu eta hain eguneroko zaigu, non soinu ezak, hau da, isiltasunak urduri jartzen gaituen. Txalaparta edo irrintzietatik telefono mugikorrera edo MP3ra bitartean soinu egiten duten tresna eta erreminten historia oso luzea da. Hala ere, lorpen handienetako bat duela mende bat baino gehixeago Marconik asmatu zuen irratiarena izan da. Irratia entzulearen eta igorlearen arteko komunikazioa da. Berehalakotasuna ezaugarri nagusi duen adierazpide eta komunikabide bat da. Presta zaitezte soinu-bidaia honi hasiera emateko, laster antenan izango baikara!
BILIN-BOLON
-2-
1. IRRATI-LENGOAIA
Irratian zenbait lengoaia erabiltzen dira. Lengoaia hauen berezitasunak eta hauen konbinazioak sortzen du irrati-mezua. Hiru lengoaia-mota bereizten ditugu: ahozkoa, musika eta isiltasuna. Lengoaia hauetako bakoitzak bere erabilpenak eta bere funtzioak ditu. Lengoaia hauetako bakoitzaren alde onez eta dohainez baliatzen jakin behar dugu eta hauek nahasten jakin behar dugu gure irrati-mezua eta gure irratiprograma antolatzeko.
1.1.
AHOZKO LENGOAIA Irratiko ahozko lengoaian hitza da nagusi, esatariak esaten duena da nagusi. Esatariaren hitzek argiak behar dute izan. Irratian entzuleek ulertzeko moduan hitz egin behar dugu. Hortaz, irratian hitz egiteko gure ahozko lengoaia hobetu behar dugu. Lehen araua egoki ahoskatzea da. Fonema guztiak osorik ahoskatzea, fonemen zatirik jan gabe. Ezinezkoa da behar bezala ahoskatzea azkarregi ari bagara hitz egiten, baina polikiegi hitz egiteak entzulea asper dezake. Ahoskera nabarmenegia desatsegin suertatzen da. Azken finean, ondo hitz egin behar dugu baina ez da nabaritu behar. Giltzarria natural izatean datza. Naturaltasuna funtsezko alderdia da irratiko komunikazioa ona izan dadin. Behar bezala intonatzeaz gain, zentzua eman behar diogu esaten dugunari. Irakurtzen ari bagara, esaten ari garenaren zentzua izan behar dugu kontuan eta entzuten ari denarentzat argi eta garbi gera dadin saiatu behar dugu. Zerbait esaten edo kontatzen ari garenaren hitzik adierazgarrienak nabarmentzea lagungarria izaten da. -
Lehenik mezua bera dugu. Zerbaiten berri ematen digu edo zerbait adierazten digu (informazio-funtzioa). Informazio-programen berezkoa da.
-
Bestalde, igorleak esaten edo kontatzen duena dugu, betiere esateko edo kontatzeko moduaren arabera (funtzio adierazkorra). Ohikoa solasaldietan, elkarrizketetan eta abar.
-
Zenbait kasutan igorlea, esataria kasu honetan, entzuleak erreakziona dezan saiatzen da (funtzio konatiboa), lehiaketetan esate baterako.
BILIN-BOLON
-3-
1.2.
LENGOAIA MUSIKALA
Irratiko lengoaia musikala kantek ez ezik, beste soinu-elementu desberdinek ere osatzen dute, hala nola programa bakoitzaren sintoniak. Musika gure programaren edukia izan daiteke edo gure programarako osagarria izan daiteke. Kanta bereziki entzuten denean, gure programaren eduki egiten dugu musika eta gure ahotsen azpitik, hondo gisa, entzuten denean edo gure hitzak osatzeko edo gure hitzak apaintzeko (sintoniak) entzuten denean, programarako osagarria izaten da musika. Musikak behar dugun soinu-giroa sortzen du. Batzuetan ahozko mezuaren puntuazio-zeinuak ordezkatzen ditu (musika-tartetxoa). Beste batzuetan musikak berak aditzera ematen du guk transmititu nahi duguna eta batzuetan lagungarria gertatzen da entzuleak entzun duen mezuari buruz gogoeta egin dezan. 1.3.
ISILTASUNA Isiltasunak soinuaren esanahia indartu dezake. Tentsioa sor dezake, bai eta ekintza baten amaieraren aurrean jakin-mina ere. Adibidez, orduetan puntuan eta erdietan jotzen duen orduhotsaren kasua oso nabarmena izaten da. Ordu-hotsak hutsean entzuten direnean, hau da, azpitik bestelako soinurik gabe entzuten direnean, ordu-hotsen arteko isiluneak oso nabarmenak izaten dira. Radio Euskadiren kasuan, bestalde, ordu guztietan puntuan entzuten diren ordu-hotsek berriak iristen direla adierazten dute.
BILIN-BOLON
-4-
2. HITZ EGITEKO IDAZTEA
Irratian edo, hobeto esanda, irratirako idazten denean ez da normalean egiten den moduan idazten. Idazterakoan mezua ahozkoa izango dela eta ez idatzizkoa hartu behar dugu aintzat. Hortaz, berriro egiten dugu topo irratian ezinbestekoa zaigun alderdiarekin: naturaltasunarekin. Mikrofonoaren aurrean zerbait kontatzen ari garenean gure solaskidea edo entzulea aurrez aurre dugula pentsatzen dugu. Alabaina, gure kasuan ez dago keinurik, ez dago begiradarik. Irrati-komunikazioan soinua besterik ez dugu. Ondoren zerrendatuko ditugun aholkuak baliagarriak izan daitezke irratian irakurriko dugun testu bat idazteko, hala eginez gero testuaren irakurketa naturalagoa izan baitaiteke. -
Testu sinplea idatzi behar duzu, hitzak argiak eta ulerterrazak izango dira. Ez itzazu esaldi luzeegiak eta korapilotsuegiak idatzi. Hobe da gutxi kontatzea eta entzuleak ongi ulertzea, asko kontatzea eta ulertzeko zaila izatea baino. Zure hitz egiteko erritmora eta modura egokituko diren puntuazio zeinuak erabil itzazu. Idazten hasi baino lehen zer kontatu nahi dugun pentsatu beharko dugu. Gure ideiak eta informazioa antolatu egingo dugu.
Gogoan izan ezazu kontatzen dugunak irratia entzuten ari denarentzat interesgarri behar duela izan. Ez ezazu ahaztu entzulearekin ari garela komunikatzen. Horrenbestez, eduki interesgarria eskaintzeaz gain, naturalak izan behar dugu, ez da irakurtzen ari garela gehiegi nabaritu behar.
BILIN-BOLON
-5-
3. IRRATI-GIDOIA
Gure programa grabatzeko edo emititzeko erabiliko ditugun elementu guztiak antolatzea garrantzi handikoa izango da. Emititzen edo grabatzen hasi aurretik programaren osotasunaren plangintza egin beharko da. Guztia gidoian jaso beharko dugu. Gidoi on batek programa ona egingo dela berma dezake. Gidoian alderdi teknikoa eta sormenaren alderdia uztartu egiten dira. Dena den, irratsaioa zuzenean egiten denean beti izaten da gidoia “alde batera uzteko” aukera. Gidoian edukia edo gaiak, erabiliko ditugun soinu-baliabideak eta denbora, atal bakoitzerako egoki iruditzen zaigun iraupena, hartu beharko dugu aintzat. Gidoian musika, ahotsa, testua eta abar noiz sartuko den adieraziko dugu. Guztia ordenan jarri beharko dugu, teknikarien eta esatarien arteko sinkronizazioa ezin hobea izan dadin. Onena adibide bat ikustea izango da: KONTROLA: KARETA ETA SINTONIA 1 ESATARIA Kaixo, eguerdi on. Hemen ematen diogu hasiera Trinkete kaleko zazpi zenbakitik, zuzenean, Radio Euskadirako egingo dugun beste irratsaio bati. SINTONIA GORA 2 ESATARIA
1 ESATARIA 2 ESATARIA
Beste asteburu bat heldu zaigu eta oraingo honetan itoginak ditugu gure ganbaran. Baina ez dadila inor kezkatu, gainean erortzen zaigun urak, oraingoz, ez baitu 7, calle del Trinkete irratsaioan eraginik. Orain gogoan dut pelikula hura. Singing in the rain eta Gene Kelly!
FRANK SINATRAREN DISKOA SINTONIA ELKARRIZKETA 1 ESATARIA Ondoren euria eta eguraldia izango ditugu mintzagai. 2 ESATARIA Izan ere, gure gonbidatuak heldu zaigun asteburua eguzkitsua izango ote den esateko erantzukizuna du. 1. AHOTSA Ala, elurra egingo ote duen eta, horregatik, eskolak etengo diren esateko erantzukizuna! 2. AHOTSA Ala Olentzero mendi elurtuak zeharkatuta etorri beharrean, hogeita hamar gradutara etorriko ote den esateko erantzukizuna! 1. AHOTSA Andoni Aizpuru ETBn eguraldiaren berri ematen digun laguna da. Eguerdi on, Andoni.
Aurrekoa irrati-gidoi baten hasiera izan daitekeenaren adibide txiki bat baino ez da.
BILIN-BOLON
-6-
4. IRRATI-PROGRAMAK
Irratiko programazioak programa guztiak hartzen ditu aintzat. Kontuan izan behar dugu irratia etenik gabeko zerbitzu bat dela. Ez da inoiz gelditzen. Irratiemisore gehienek, EITB irratiko emisoreen kasuan bezalaxe, eguneko 24 orduetan emititzen dute etenik gabe. Horretarako, programen eskaintza zabala egin behar da eta beti izan behar da aintzat entzuleei informazioa garaiz emateak eta helarazteak duen garrantzia. Entzule ugari dira eta oso gustu eta interes desberdinekoak dira. Hori dela-eta dago hainbat irrati-emisore. Programazioan eduki desberdineko programak aurkituko ditugu. Programa hauetako bakoitzak bere ordutegira eta irratia entzuten ari den publikora egokitzen du bere irratsaioa. Hauek dira irrati-programa nagusienetako batzuk: -
-
-
-
ALBISTEGIAK. Irrati-informazioko programak dira. Berria dute eduki nagusi. Albistegien barruan kirola gai nagusitzat duten kirol-berriei buruzko albistegiak entzun ditzakegu, bai eta kultura gai nagusi duten kultur albisteak ere. EZTABAIDAK. Hainbat kazetarik edo adituk gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egiten edo eztabaidatzen duten solasaldiak edo mahainguruak. MAGAZINAK. Programa hauetan entzuleari berriak emateaz gain, informazioa osatzeko edo denbora-pasarako beste zenbait osagai eskaintzen zaizkio: elkarrizketak, erreportajeak, lehiaketak eta abar. Oro har, iraupen luzeko programak dira eta hauen artean Boulevard edo 7, calle del Trinkete programak ditugu; izan ere, parte hartuko duzuen 7, calle del Trinkete programa asteburuko magazine bat da. MUSIKA-IRRATSAIOAK. Kantak dira programa hauen oinarri eta osagai nagusia.
BILIN-BOLON
-7-
5. IRRATI-EMISOREA Irrati-emisorea programazioa emititzen den lekua da. Bertan egiten dute lan kazetariek, esatariek, teknikariek eta emisorea osatzen duten gainerako langileek. ERREDAKZIOA Erredakzioan lantzen dituzte kazetariek eta esatariek emitituko diren berriak edo programak. Erredakzioa mahai asko dituen espazio handi bat da. Erredakzioa talde handi batek osatzen badu ere, hainbat ataletan banatzen da, batzuek albistegiak lantzen dituzte eta beste batzuk kirolaz edo programez arduratzen dira. Erredakzioan lanak ez du etenik, eguneko 24 orduetan egiten da lan, entzulearengana helduko den guztia prestatzeko. Erredakzioko kazetari bakoitzak ordenadore bat du. Ordenadorea kazetarientzako ezinbesteko tresna bihurtu da oso epe laburrean. Testuak idazteko tresna izateaz gain, komunikaziorako tresna gisa ere erabiltzen da. Ordenadorea Internet eta posta elektronikoaren bitartez informatzeko eta harremanetan jartzeko tresna bihurtu da. Honez gain, kazetariek berriagentzietatik beren ordenadoreetako pantailetara heltzen diren azken orduko datuak eskura dituzte beti. Gogoan izan behar dugu berehalakotasunak garrantzi handia duela irratian. Kazetariak berria bere ordenadorean jaso eta garrantzi handikoa denean, berehala eman diezaioke entzuleari gertatutakoaren berri. KONTROLAK ETA MINTZALEKUAK Kazetariek eta esatariek egindako lana gauzatzeko ezinbestekoa da alderdi teknikoaren laguntza. Teknologia berriei esker, oro har, eta digitalizazioari esker, bereziki, irrati-emisoreek ekipo hobeak dituzte, soinuak kalitate handiagoa du eta erabiltzeko errazagoa da. Hainbat tresna ezinbestekoa da emititzeko, hala nola emisorea. Haatik, tresna konplexu hauek teknikariek soilik erabiltzekoak dira. Esatariek eta kazetariek mintzalekuan emititzen dute beren soinua. Mintzalekuak intsonorizatutako espazioak dira, bertara kanpoaldeko soinurik sar ez dadin. Esatariak mikrofonoaren bidez zuzentzen zaizkio entzuleari, mikrofonoak soinua edo gure ahotsa jasotzen baitu bere aurrean hitz egiten dugunean. Mikrofonoak mahai baten gainean daude jarrita eta kazetarien orrien soinua entzun dadin saihesten duen ehun berezi batek estaltzen du mahaia. Kontrola edo soinu-teknikariak lan egiteko lekua mintzalekuaren alboan dago eta kristal batek bereizten du honetatik. Soinu-teknikariak bertatik sinkronizatzen ditu soinuak eta horretarako hainbat makina erabiltzen du, hala
BILIN-BOLON
-8-
nola, ordenadorea, nahasketa-mahaia eta CD, mini disc eta abarren erreproduzitzaileak. Estudioak eta kontrolak grabaziokoak edo segidakoak izan daitezke. Segidakoak, bere izenak ederki adierazten duen moduan, dagokien programazioa eguneko 24 orduetan segidan, etenik gabe, emititzen dutenak dira. Irratiak fonoteka ere badu. Fonoteka soinuak gordetzeko lekua da eta bertan nagusiki musika gordetzen da, milaka disko eta CD. Alabaina, beste soinu batzuk ere gordetzen dira bertan, irratiko programak edo irratian egindako elkarrizketetan jasotako ahotsak esate baterako. Irrati-emisoreak, oro har, enpresak dira eta, horrenbestez, kudeaketaz eta administrazioaz arduratuko diren pertsonak behar dituzte. Pertsona hauek dira irratia osatzen duten gainerako langileak. Langile hauek erredakzioaz, estudioez eta mintzalekuez kanpo daude.
BILIN-BOLON
-9-
6. RADIO EUSKADIREN HISTORIA Zenbait hamarkada egin behar dugu atzera Radio Euskadi izan zenaren lehen ahotsak ezagutzeko. Gerra-osteko garaian, arrazoi politikoak zirela medio erbestean bizi ziren euskaldunek beren ahotsa, hots, Euskadiren eta euskaldunen ahotsa entzunarazi nahi izan zuten. Radio Euskadi beharrezkoa izan zen hain une zailak bizi zituen herri baten eskubide eta askatasunek zuten legitimitatearen aldarrikapena bizirik iraunarazteko. Testuinguru horretan abiarazi zuten Iparraldean 1946 eta 1954 artean eta Venezuelan 1965 eta 1977 artean Radio Euskadi. Izan ere, Radio Euskadi diasporak bat egiteko elkargune izan zen, bai eta euskaldunen izpiritu internazionalaren sinbolo ere. 1982. urtean, demokrazia finkatuta zegoela, Eusko Jaurlaritzak Euskal Irrati Telebista sortu zuen. Urte hartako azaroan izan zen EITB irratiaren lehen emisioa, Euskadi Irratiaren lehen emisioa alegia. Bost hilabete beranduago, 1983ko martxoan, Radio Euskadi hasi zen emititzen. 1990. urteko martxoan EITBko laugarren emisorea jaio zen: Euskadi Gaztea. Bestalde, gaurkotasunak eta informazioak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen gure emisoreetan. Hala, 1993an Boulevard programa jaio zen eta oraindik ere antenan da.
Etenik gabeko berritze eta eguneratze teknikoan urratsik garrantzitsuena digitalizatzea izan zen. EITB irratia izan zen 1996. urtean GDS sistema digitala Europan ezartzen zuen lehen emisore-taldea. Sistema honek aurrerapen teknologiko handia ekarri zuen, irratiko lana erraztu zuen eta soinuari dagokionez kalitate handiagoa eskaintzea ekarri zuen. Antzinako aparatuak, magnetofoiak esate baterako, erabiltzeari utzi zitzaion eta aurretik garai hartaraino hain ohikoak ziren binilozko diskoak erabiltzeari utzi zitzaion.
BILIN-BOLON
-10-
7. IRRATI-IRADOKIZUNAK Lanari ekiteko garaia da edo, hobeto esanda, gure ahotsak mikrofonoen aurrean jartzeko garaia da. Azkenean, antenan jarriko gara. Gure irudimena abiarazi behar dugu, gure mezua milaka entzuleengana guk nahi dugun moduan helduko bada. Lanari ekin aurretik eta gure programa izango dena landu aurretik, gure planak antolatuko ditugu. Lehenik, funtsezkoa da gure ideia argi eta garbi izatea, hau da, zer egin nahi dugun argi eta garbi izatea. Ondoren norentzat egingo dugun, hots, zein entzuleri zuzenduko gatzaizkion pentsatuko dugu. Gure programaren helburua ezagutzea, hots, zertarako egingo dugun, eta programaren forma ezagutzea, hots, nola egingo dugun, garrantzi handikoa izango zaigu. Egingo dugunari edo grabatu nahi dugun irratsaioari dagokionez, ez dago mugarik, gure irudimenak eramaten gaituen lekuraino hel gaitezke. Zenbat eta originalagoa izan eta landuago egon gure programa, orduan eta arrakasta eta onarpen handiagoa lortuko dugu entzuleengan. Ondoren programaren formatuari dagozkion hainbat proposamen zehaztuko ditugu; dena den, behin eta berriro aditzera eman behar dugu zuen irudimenaren esku dagoela eduki desberdinak barne hartzea. Ondoren zehazten dizkizuegun aholkuez gain, komeni da lehen hiru puntuetan (ahozko lengoaiari buruzko puntuan, hitz egiteko nola idatzi behar den azaltzen duen puntuan eta irrati-gidoiak nolakoa izan behar duen azaltzen duen puntuan) esandako guztia gogoan izatea. -
IPUINA. Ipuin bat asma eta idatz dezakegu edo jadanik idatzita dagoen bat aukera dezakegu. Kasu honetan ipuinaren jatorrizko narrazioa aldatu eta ipuina eguneratu ahal izango dugu eta, horretarako, pertsonaien arteko elkarrizketak edo kontatzen zaigun istorioa bera aldatu ahal izango dugu. - Grabatuko dugun testua aukeratu ondoren, narratzailea eta ipuineko pertsonaia desberdinen ahotsa jarriko duten partehartzaileak aukeratuko ditugu. - Testua behin eta berriro irakurriko dugu, ondo menperatu eta ezagutu arte. Ez gaitu testuko ezerk harrituta utzi behar. - Azkenik, irrati-irakurketa egingo dugu. Parte-hartzaile guztiek mikrofono baten aurrean gaudela pentsatuko dugu. Antenan egin nahi dugun moduan egingo dugu irakurketa, musikak lagunduta esate baterako.
BILIN-BOLON
-11-
ELKARRIZKETA. Hauxe da irratsaiorik ohikoenetako bat. Garrantzitsuena elkarrizketatu nahi dugun pertsona aukeratzea da. Lana errazteko gure taldeko kide batek pertsonaia ospetsu batena edo lanbide interesgarri bat duen pertsona batena egin dezake. - Elkarrizketatuko dugun pertsonari buruzko ahalik eta informazio gehien bilduko dugu. Bere iragana, bere lanak eta bere proiektuak ezagutzeko behar besteko informazioa bilduko dugu. Azken finean, gure gonbidatua sakon-sakon ezagutzeko eta elkarrizketa prestatzeko baliagarria izango zaigun guztia bilduko dugu. - Lortzen dugun informazio guztia irakurri eta ezagutu ondoren, interesgarrien iruditzen zaizkigun datuak aukeratuko ditugu. - Gure elkarrizketaren gidoia prestatuko dugu eta elkarrizketaren gidoian aurkezpena eta galderak jasoko ditugu. - Elkarrizketatuko dugun pertsonaren ezaugarri nagusiak edo bere lana jakinaraziko diogu entzuleari aurkezpenean. Ez da komeni aurkezpen luzeegia egitea, baina entzuleengan elkarrizketa entzuteko interesa piztuko duen behar besteko datu eman beharko dugu. - Azkenik, egin nahi ditugun galderen zerrenda prestatuko dugu. Galdera motzak eta zehatzak egiten saiatuko gara, elkarrizketatuak erantzunetan entzulearentzat interesgarriak izan daitezkeen gertakizunak kontatzeko edo informazioa emateko modukoak. - Elkarrizketa egiterakoan funtsezkoa da gure elkarrizketatuari entzutea. Elkarrizketaren helburua ez da galdera-sorta huts bat egitea, solasaldi logikoa bideratzen saiatzea baizik. Honela, elkarrizketatuak esandakoari arreta jarriko diogu eta beste galdera bat erantzuterakoan jada erantzun dizkigun galderak ez errepikatzen saiatuko gara.
-
BERRIAK. Jakin badakigu informazioa eta berriak irratiaren funtsezko edukiak direla. Gure kasuan interesgarriak iruditzen zaizkigun berri batzuk aukera ditzakegu. Gure herriko edo gure ikastetxeko berriak edo gustukoak zaizkigun beste arlo batzuetako berriak, hala nola, musika, zinema, liburu, kirol eta abarri buruzkoak aukera ditzakegu. Nahi izanez gero, gertatzea gustatuko litzaizkigukeen berriak eman ditzakegu, albistegi ideala osatuz. - Lehenik, berriak nondik lortuko ditugun, hau da, gure informazio-iturria zein izango den finkatuko dugu. Gure esperientziarako ez dugu informazio-agentziarik behar, beste hedabideez, kontatzen digutenaz, gure inguruan ikusten dugunaz –gure inguruneko berriak eman nahi baditugu– edo gure irudimenaz balia gaitezke. - Garrantzitsuak iruditzen zaizkigun berriak aukeratu eta, ahal badugu, beste batzuekin alderatu ondoren, antolatu egingo
BILIN-BOLON
-12-
-
ditugu. Ondoren berri hauetako bakoitzaren jarraipena gure arteko nork egingo duen erabakiko dugu eta horrek berria garatu egin beharko du. Irratirako berri bat idazten dugunean ez dugu hitz egiteko idazten ari garela ahaztu behar. Azkenik, gure berriei sinesgarritasuna eta seriotasuna eman nahi badiegu, merezi duten moduan eta tonuarekin irakurri edo, hobeto esanda, kontatu beharko ditugu.
-
IRRATI-ANTZERKIA. Dramatizazioa oso eraginkorra eta dibertigarria izan daiteke irratian. Irrati-nobela gisa ezagutzen duguna egin dezakegu. Soinu hutsez egindako antzerki bat baino ez da irratinobela. Irudimenak duen garrantzia eta irratiaren magiak gure lanari eman diezaiokeen laguntza gogorarazi behar dugu berriro ere. - Betiko moduan, lehenik gure ideia, hau da, zer kontatu nahi dugun finkatu beharko dugu argi eta garbi. Ipuinen kasuan bezalaxe aurretik idatzita dagoen testu bat edo guk sortuko dugun testu bat aukeratu ahal izango dugu. - Edonola ere, irrati-nobelan parte hartzen duten pertsonaien banaketa egin beharko dugu. Gutako bakoitzari bere ahotsaren arabera edo interpretaziorako dohainen arabera hobeto doakion pertsonaia emango diogu. Irrati-nobelaren kasuan interpretazioa funtsezkoa da, gure helburu nagusienetako bat entzuleak ondo pasa dezan eta, ahal izanez gero, barre egin dezan lortzea baita. - Guk irrati-nobela bat sortzea eta horretarako gure gelako pertsonak, irakasleak, herriko pertsona ezagunenak eta abar erabiltzea oso esperientzia dibertigarria izan daiteke.
-
EZTABAIDAK EDO SOLASALDIAK. Taldeko parte-hartzaileak zuen intereseko gaiei buruzko solaskide izan zaitezkete. Bakoitzak rol bat hartu beharko duzue edo eztabaidatuko duzuen gaiari dagokion iritzi bat zuen iritzi gisa hartu beharko duzue. Mahainguru batean garrantzi handia du mintzagai dugun gaiari buruzko ideiak argumentatzeak eta arrazoitzeak.
-
MUSIKA AURKEZTEA. Gure irizpideei jarraituta, kanta arrakastatsuenen zerrenda egin dezakegu. Zenbait kanta aukeratuko ditugu eta entzun aurretik aurkeztu egingo ditugu. Gure zerrendako kanta bat aurkezterakoan abeslariei edo taldeei buruzko informazio osagarria ere emango dugu.
-
KANTAK. Programan ikasleek berek interpretatutako kantak ere barne har daitezke. Hala eginez gero musika-tresnak oso
BILIN-BOLON
-13-
lagungarriak izango dira. Irratiak ondo onartzen ditu, era berean, bertsoak eta poesia, oso soinu-adierazpen handikoak dira-eta.
Arestian aipatu dugun moduan, esan dugun guztia iradokizunak baino ez dira, irratiak bestelako praktikak ere onartzen baititu. Horrenbestez, irratsaioak prestatzeko eta grabatzeko hainbat gomendio egitea baino ez zaigu falta. Garrantzitsua da gela lau edo bost pertsonatako taldeetan banatzea. Parte-hartzaileen kopuru hau errespetatu egin beharko dugu emisorearen estudioan edo mintzalekuan sartzeko. Gainera lau edo bost ikasletako taldea nahikoa izan daiteke irratsaio bat lantzeko. Talde bakoitzak irratsaio bat prestatuko du eta taldeek atal desberdinak landu ahal izango dituzte, ondoren esperientziak edo ezagutzak trukatu ahal izateko. Hortaz, lanean hasteko garaia da eta laster izango gara… airean!
BILIN-BOLON
-14-
BIBLIOGRAFIA ARRIETA ALBERDI, L. eta RODRÍGUEZ RANZ, J. A. Radio Euskadi. La voz de la libertad, EITB, Bilbo, 1998 BALSEBRE, A. El lenguaje radiofónico, Cátedra, Madril, 1996 BAREA, P. eta MONTALVILLO, R. Radio: redacción y guiones, EHU, Bilbo, 1992 JAMISON, D. eta McANANY, E. La radio al servicio de la educación y desarrollo, Ministerio de educación y ciencia, Madril, 1981 MORENO, I. La radio en el aula, Octaedro, Bartzelona, 1997 ORTIZ, M.A. eta MARCHAMALO, J. Técnicas de comunicación en radio. La realización radiofónica, Paidós, Bartzelona 1994 TUBAU, I. Periodismo oral, Paidós, Bartzelona, 1998