2006 2007 Curriculum Geologia Eta Biologia Euskera

  • November 2019
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View 2006 2007 Curriculum Geologia Eta Biologia Euskera as PDF for free.

More details

  • Words: 2,735
  • Pages: 10
BIOLOGIA ETA GEOLOGIA 1.– SARRERA Natur zientziak sortzetik saiatu dira azterketa enpirikoaren bitartez natura bere alderdi guztietan ulertzen. Gizakiaren aurrean kaos baten antzera agertzen diren gertakarien eremu zabalean ordena eta esanahia aurkitzen ahalegindu dira, sistema koherente baten barruan esperientziak koordinatuz eta antolatuz. Biologiak eta Geologiak, natur zientziak diren neurrian, asmo beroiei jarraitzen diete. Biologiari eta Geologiari dagozkien jakintzagaiak, Fisikari eta Kimikari dagozkienak bezala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan barne-biltzen ziren, Natur Zientzien Arloaren barruan, hain zuzen. Orduan, Naturaren ikuspegi sistematikoak bideratutako disziplinarteko trataera zen nagusi; orain, ikasleari heldutasun eta bokazio-orientabide aldetik antzeman zaion aurrerapenak Batxilergoa amaitzerakoan urratsez-urrats disziplinartasunerantz igarotzea aholkatzen du. Hemen, helburua da, alde batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan landutako ezaguerak sakondu eta osatzea, eta bestetik, oinarriak ezartzea hurrengo kurtsoan bereizita aztertu ahal izan daitezen. Aurreko etapako eta ezaguerak ezarri eta izaera orokorreko gaitasunak garatu behar dituen aurreneko kurtsoa izango duen Batxilergo ereduaren arteko curriculumplanteamenduen artean koherentzia bertikal bat bilatu nahian, aurreneko kurtso honetan disziplina horiek jakintzagai bakar batean biltzea proposatu da. Biologiak eta Geologiak zenbait ezaugarri komun dituzte, beren espazio epistemologiko, metodo, hainbat gai-nukleo, balio funtzional eta hezkuntzazko, eta goimailako ikasketekin dituzten loturei dagokionez. Ordea, alderdi komun horiekin batera, badira disziplina bakoitzeko berariazko beste alderdi batzuk ere. Izan ere, jakintzaren espezializazioa gero eta handiagoa izateak gero eta gehiago oztopatu ditu historian zehar kide izan diren zientzien arteko harremanak. Zientzia hauek aldaketa nabarmenak ezagutu dituzte garai hauetan; eta zientzia horietan, dagozkien diziplinen teoria «klasikoetan» itxuratutako beste garai batzuetako lorpen zientifikoez gain, azken urte edo hamarkadatan, «zientzia klasikoaren» printzipioak aldarazi gabe, batez ere naturan izaten diren gertakarien konplexutasunaren pertzepzio argiagoa eskainiz munduaz dugun ikuspegia sarritan aldatu duten aurrerabide zientifiko iraultzaileak sortu dira. Horrek, hain

zuzen, eragin du disziplina klasikoak arian-arian banantzea eta, ondorioz, arlo berriak azaltzea: Ekologia, Geofisika, eta abar. Konplexutasun horren aurrean, beharrezkoa da curriculum honetan bildu beharko diren ezaguerak arretaz hautatzea. Irizpide tinkoei eutsi beharko die proposamenak, jakintzagaiaren helburuaren arabera. Komenigarria da zientziaren aurrerabideen eta diziplinen euskarri kontzeptuala eta metodologikoa osatzen duten ezaguera klasiko horien aurrerabideen pisuaren artean oreka egokia aurkitzea. Ondorioz, Natur eta Osasun-Zientzien modalitateari dagokion jakintzagai horrek Biologiaren eta Geologiaren hainbat ezaguera islatzen du, zeinek hiru ezaugarriok biltzen dituen: oinarrizkoak izatea, zientzia horien egungo egoerara egokitzea eta azaltzeko ahalmen handia izatea. Edukiak irakasgai honetan biltzen diren bi zientzien artean daude bananduta. Biologiari dagokionez, hautatutako kontzeptuzko edukiak bizidunei eta bizitzaren prozesuei dagozkie, eta beroiek XIX. mendearen hasieran Biologia zientzia autonomo gisa sortu zenean aztertu ziren. Besteak beste, Biologiaren euskarri nabarmenenak biltzen dira, eta horien bitartez, hain zuzen, lortu du zientzia gisa bere ezaguera-gorputza osatzea. Biologiak organismo maila lortzen du nukleo nagusi gisa. Bertan, Derrigorrezko Bigarren Irakaskuntzako curriculuma eratu zuten ardatz nagusietako batzuk lan daitezke, batez ere elkarrekintzak eta aldaketak. Ez da beharrezkoa ikusten bizi-prozesuen azalpen fisiokimikoa xehetasunez aztertzea, ez da zelula eta azpizelula maila barne hartzen. Geologiaren edukiak Lurraren egiturari eta dinamikari dagozkio. Kurtso honetan, Lurraren posizio, parametro fisiko eta eraketaren ezaguerarako, eta barruko ihardueraren kausa eta mekanismoetarako hurbilketa egitea da asmoa. Horretarako, maila nagusitzat, Lur sistema planeta gisa hartu da, batez ere antolamenduari, elkarrekintzei eta aldaketei dagozkien kontzeptuzko ardatzak landuz. Gure planetari, bere osagaiei eta jatorriari buruzko galdera berehalakoenetako eta garrantzizkoenetako ugari azaltzen dituzten hipotesiak eta teoriak biltzen dira. Galdera horiei emandako erantzunak azaleko dinamikaren azterlanean ondoren aurrera egiteko sarrera gisa balio du, lurraren jatorriari buruzko hipotesitik zientzia geologikoen oinarrizko paradigmara arte aztertuz: tektonika globala. Biologiaren eta Geologiaren prestakuntza zeregina, batez ere, hau da: Etaparen helburuetan adierazitako gaitasunak garatzen laguntzea eta, batez ere, ikasleari dagokionez ahalik eta kultura zientifiko zabalena garatzea, zientzilariak soilik prestatzea eragotziz. Horretarako,

biologia eta geologia arloen ezaguera tinko eta egituratuak eskaini behar zaizkio ikasleari, bizi-prozesuen eta bizitza duen planeta gisa Lurraren ikuspegia eskainiko diolarik, naturaren errealitatea ulertzeko bide emanez. Halaber, zientziaren irudia, giza-iharduera gisa, garai guztietako gizon eta emakumeen iharduera gisa, teknologiarekin eta gizartearekin elkarrekintzan etengabeko berrikuspen eta aldaketen menpe dagoen iharduera gisa hartzen duten zientzi trebetasunak eta prozedurak praktikan jartzen langundu behar du. Batxilergoko ikasleak zientzia horien izaera enpirikoa eta batez ere esperimentala antzeman behar du, baita beren eraikuntzan teoriek eta ereduek bete duten zeregina ere. Halaber, zientzia hauek, ikerketa zientifikoaren arazo zehatzak erabakitzeko, horien aplikazioa ren eta gizarte orokorraren eta Euskal Herrikoaren aurrerabideekin duten erlazioaren ezaugarriak ezagutzea ahalbidetu behar dute. Gai-nukleo guztietan, ohiko lanpide gisa, esperientzia praktikoen burutzapena aurreikusia dagoenez, plangintza egoki bat behar-beharrezkoa da. Plangintza horretan taldeen antolaketa, materiala, espazioak eta baliabideen erabilpena barne hartuz, jakintzagai honetan, ohiko laborategiaz gain, baliabideak hauexek dira: teknologia berriak (bideoak, programa informatikoak, ordenadorearekin landutako esperientziak), instalazio industrialetara bisitak, museoetara bisitak, eta abar. Aurreneko kurtso honek orientabide izaera nabarmena du. Zentzu horretan, bigarren kurtsoan hautaketa ona egiten lagundu behar du, ikasle bakoitzaren interes, motibazio, nahien eta gaitasunen arabera. Halaber, beste jakintzagai zientifikoarekin batera, gure gizarte honetan horren garrantzitsuak diren modalitate zientifikoetarantz gero eta ikasle gehiago bideratzen lagundu behar du. 2.– HELBURU OROKORRAK

Disziplina honen garapenak, ikasleek honako gaitasunok lor ditzaten lagundu behar du: 1. Biologiaren eta Geologiaren kontzeptu, lege, teoria eta eredu garrantzitsuenak eta orokorrenak ulertzea. Horrek eskainiko dio bai gertakari naturalak azaltzeko eta bai espezifikoagoak izango diren azterlanak garatzeko baliagarria izango zaion oinarrizko prestakuntza zientifikoa. 2. Ikasitako kontzeptu, lege, teoria, eta ereduak Euskal Herrian eta beste lekuetan gertatzen diren eguneroko bizitzako egoeretara aplikatzea. 3. Pentsamendu kritikoa garatzea eta Geologiaren eta Biologiaren garapenaren prozesu aldakor eta dinamikoari egindako ekarpenak baloratzea ahalbidetuko duten hipotesi eta teoria kontrajarriak kritikoki aztertzea. 4. Nolabaiteko autonomiaz, ikerlanerako gaitasunez, bai dokumentalez eta bai esperimentalez baliatzea (arazoak

aurkeztea, hipotesiak formulatu eta kontrajartzea, esperientziak burutzea, eta abar). 5. Lan zientifikoarekin lotu ohi diren jarrerak erakustea, esaterako, informazio zehatza bilatzea, gaitasun kritikoa, gertakariak egiaztatzeko beharra, jakina dena eztabaidatzea, ideia berrien aurrean irekitzea eta taldelanean aritzea. 6. Biologiaren eta Geologiaren gizarte eta teknologi dimentsioa baterabiltzea, zientzia eta teknologia lanei buruzko interesa erakutsiz eta lan horiez modu desegokian baliatzeak naturari, gizakiari, euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari planteatzen dizkieten arazoak ulertuz. 7. Mintzaira zientifikoa behar bezala ulertu eta erabiltzea, erabilitako dokumentazioa interpretatzeko eta lortutako ezaguera eta ikerketarako trebetasunak jakinarazteko. 3.– EDUKIAK ZEHAR-NUKLEOAK

Edukien lehen bi nukleo hauek, zeharkakoak deituko ditugunak, beste guztietan ere agertuko diren edukiak biltzen dituzte, gai-nukleoak izango dira hauek. Beraz, zehar-eduki orokorrak dira, eta ondorengo gainukleoetan zehazkiago agertu beharko dute. Bereziki, prozedurazko eta jarrerazko edukiak dituzte beren baitan, lehen hurbilpen formal batean, zientzi alorreko lanari eta zientziaren izaerari berari dagozkionak, bai eta gizarte eta teknologiarekiko harremanei ere, alderdi horiei soilik kontzeptuzkoak direnei adinako garrantzia eman behar baitzaie gutxienez. 1. NUKLEOA – ZIENTZI LANEKIKO HURBILPENA

– Lan zientifikoaren oinarria osatzen duten prozedurak: arazoak planteatu eta mugatzea, hipotesiak formulatzea, saiakuntzazko diseinuak planteatu eta ondoren alderatzea, burutzeko estrategiak bilatzea, datuak jaso eta erabiltzea, emaitzak interpretatu eta kritikatzea, horiek jakinaraztea, informazio-iturriak egokiro erabiltzea. – Zientzi lanaren berezko jarrerak: bidezkoa zalantzan jartzea, ziurtatzea, gogortasuna, zehaztasuna eta ordena beharrezkotzat jotzea, ideia berriekiko zabaltasuna. – Talde-lanean lankidetza-jarrerak garatzea. 2. NUKLEOA – BIOLOGIAREN ETA GEOLOGIAREN IZAERA. TEKNOLOGIAREKIKO ETA GIZARTEAREKIKO ERLAZIOAK

– Biologiaren eta Geologiaren izaera aztertzea: beren lorpenak eta mugak, entseiurako eta etengabe arakatzen aritzeko izaera, beren eboluzioa, eredu bidez errealitatea interpretatzea. – Ikerlan bat egitean, baita Biologiaren eta Geologiaren teoria-gorputzaren garapenean teoriek eta ereduek duten garrantzia baloratzea. – Biologiak eta Geologiak teknologiarekin dituzten erlazioak eta erlazio horiek guztiek gizartearen garapenean izan duten eragin positiboa aztertzea, gertueneko

inguruan, Euskal Herrian eta munduan gertatzen denera hurbilduz. – Biologiak eta Geologiak eta teknologiak ingurugiroaren kontserbazioan eta suntsipenean izan dituzten inplikazioak kritikoki baloratzea, gertueneko inguruan, Euskal Herrian eta munduan gertatzen denera hurbilduz. – Gizarteak Biologiaren eta Geologiaren eta teknologiaren garapenean izan duen eragina kritikoki baloratzea. Gaur egun eta historian zehar izan diren kasuak aztertzea. GAI-NUKLEOAK 1. NUKLEOA – LURRA. JATORRIA ETA EBOLUZIOA. EGITURA

– Lurraren jatorriari eta eboluzioari buruzko ikusmoldeak. Lurraren eboluziorako hurbilketa, geruzak bereizteari dagokionez, batez ere. Gainerako planetekin alderatzea, beren ezaugarri berariazkoenak nabermenduz. – Lurraren barrualdeko egiturari eta osaketari buruzko teoriak. Planetaren barrualdea aztertzeko metodo nagusietarako hurbilketa. Bere osagai adierazgarrienak. Osagai hauen presentzia Euskal Herrian. – Lurraren barrualdea aztertzeko metodo ezberdinek eskainitako datuak interpretatzea: sismogramak, datu sismikoak, gradiente geotermikoak, meteoritoen datuak, dentsitateak, eta abar aztertzea. Lurraren eredu sinplifikatu bat eratzea. – Eguzki sistemari buruzko irudiak eta ereduak, baita planeten arteko ezberdintasunei buruzko ondorioak lantzea ahalbidetuko duten beste zenbait eredu behatu eta aztertzea. – Teknologiaren aurrerabideek lurraren barrualdeari eta bere planeta-ezaugarriari buruzko ezaguera garatzerakoan duten garrantzia baloratzea. 2. NUKLEOA – LITOSFERAREN DINAMIKA ETA EBOLUZIOA

– Lurrazalaren dinamikari buruzko teoria geologiko klasikoak. Wegener-en teoriaren kasu berezia. – Egungo litosfera-eredua. Litosferako plaken ezaugarriak eta lurraren geruzen antolamenduarekin duten erlazioa. Plaka motak eta dituzten mugak beren mugimenduari dagokionez. Plaken mugimenduari buruzko hipotesiak. – Tektonika globalaren teoriaren sarrera, gertakari geologiko gehienen sistema funtzional koherente baten osagai gisa. Teoria horren zenbait alderdi adierazgarri. – Plaken ihardueraren zenbait agerpen: magmatismoa, metamorfosia, ozeanoen eraketa, seismoak, eta abar. Erliebearen genesia eta tektonika globala. Euskal Herriarekin zerikusia duten adibideak. – Plaken kokapena eta agerpenak. – Profilen interpretazioa kontinentearteko mailan, adibidez ozeano atlantikoaren profilena, eta litosferarekin eta bere dinamikarekin beroiek duten erlazioa. – Historian zehar teoria horien inguruan izan diren

gatazkak. – Wegener-en teoria lantzea bideratu zuten datuak aztertzea eta izan duen harrera eskasaren inguruan eztabaidatzea. – Plaken teoria lantzeko lagungarri izan ziren datuak aztertzea. – Ezaguera zientifikoaren eraikuntzan ereduek eta teoriek duten garrantzia eta behin-behingotasuna baloratzea. – Sumendi, seismo, eta abarren jatorriari buruzko azalpenak formulatzea. – Tektonika globalak duen garrantzia hondamendi naturalak aurrikusterakoan. Zenbait adibide ezagun aztertzea. 3. NUKLEOA- BIZIDUNEN EBOLUZIOAREN ALDERDI BIOLOGIKO ETA GEOLOGIKOAK

– Bizitzaren jatorriari buruzko zenbait ikusmolde. Lurreko atmosferaren eboluzioa. – Historian zehar izan diren eboluzioaren teoria biologikoak eta geologikoak ikustea. Eboluzioaren froga geologiko eta biologikoak. – Eboluzioaren mekanismoen sarrera. Egungo teoriak. Litosferaren dinamikaren garrantzia. Geografiaren faktoreak. – Hominidoen jatorriari eta eboluzioari dagokien kasura aplikatzea. – Lamarck eta Darwin-en lanei buruzko zenbait irakurketa interpretatzea. – Aldaketa geologiko eta biologikoei buruz jendartean errotutako sinesmenen aurrean jarrera kritikoa garatzea. – Eboluzioaren frogen adibide ezagunenek eskainitako datuak interpretatzea. – Teoria zientifikoen behin-behingotasunaz jabetzea: eboluzioaren teorien kasua. – Eboluzioari buruzko ikusmoldeen garapenean garai bakoitzeko ideia filosofiko-erlijiosoek izan duten eragina ezagutzea. – Ezaguera zientifiko horien eraikuntzaren historiarekiko interesa garatzea. 4. NUKLEOA – BIZIDUNEN ANTOLAMENDU FUNTZIONALA

– Bizidunen oinarrizko antolamendua. Zelula bakarreko eta zelula anitzeko izakiak. – Materia eta energiaren ingurunearekiko elkartrukatze prozesuak. Energi erlazioen zenbait adibide. – Barne-oreka bizidunetan. Homeostasi kontzeptua. – Bizi funtzio nagusiak eta egiturarekin duten erlazioa: adibide batzuk aztertzea. – Eredu egokitzaile batzuk aztertzea, bideo edo beste material didaktiko baten laguntzaren bidez. – Zelula bakarreko eta zelula anitzeko organismoak behatzea. – Materialen elkartrukeari buruzko esperientziak burutzea: CO2, glukosa, eta abar. – Barne-inguruneko oreka iraunaraztearen alde onak

baloratzea. – Bizidunen antolamendu moduen aukera handiak adierazten duen aberasatasunarekiko sentsibilizatzea. 5. NUKLEOA – ELIKAPEN ETA KONTROL PROZESUAK

– Elikapen kontzeptua. Motak: autotrofoa eta heterotrofoa. – Bizidunetan elikagaiek betetzen duten zeregina. Beren energi funtziorako hurbilketa: arnasketa eta hartzidura. Fotosintesia elikagaien ekoizpenaren oinarrizko funtzio gisa. – Elikagaien prozesamendua animalietan: elikagarrien liseriketa eta xurgaketa. Liseri-aparatuaren zenbait eredu, batez ere hornodunenak. – Gasen elkartrukea: oxigenoaren eta anhidriko karbonikoaren garraioa. Elikapenean betetzen duten zeregina. Animalien zenbait eredu, hornodunenak, batez ere. Gizakien kasua. Gasen elkartrukea landareetan. – Elikagarrien garraiorako eredu nagusiak hornodunetan. Garraioa landareetan. – Iraizpena. Zenbait iraizpen-eredu animalietan, batez ere hornodunetan. Iraizpena landareetan. – Zereginen erregulazioa eta kontrola animalietan: nerbio eta hormona koordinazioa. Hornodunen nerbiosistema batzuren ereduak. Hormonek landareetan betetzen duten zeregina. – Animaliak ebakitzeko teknikak. – Aztertutako aparatuen prestakuntza histologikoak behatzea. – Landare elikapenari buruzko esperientzien plangintza egitea. – Elikagai ezberdinak nola dauden osatuta aztertzea. – Higiene eta osasun ohituretan zeregin horiek dituzten inplikazioez interesatzea. 6. NUKLEOA – BIZITZAREN BETIRAUPENA

– Ugaltze prozesua: kontzeptuak eta motak. Sexuzko eta sexugabeko ugalketa. Ezberdintasunak, alde onak eta alde txarrak. Sexuzko ugalketa: ezaugarri nagusiak. – Bizidunen bizi-zikloa. Zenbait ugalketa ziklo landareetan. – Gizakien eskuharmena ugalketan: gizartean eta ekonomian dituen ondorioak eta inplikazio etikoak. Gizarteari dagozkion zenbait arazo aztertzea (kontrazepzioa, abortoa, ugaltze tzeknikak,…). – Zenbait mikroorganismoren ugalketaren gainean esperimentuak egitea: legamiak, eta abar. – Landareen ziklo ezagunak behatzea: iratzeak, goroldioak, eta abar. – Egungo animali eta landare ugaltze teknika batzuei buruzko bibliografia bilatzea eta irakurketak egitea. – Ugaltze teknika horietan izan diren aurrerabideak kritikoki baloratzea, gizakien kasuan batez ere. Euskal Herriko adibide zehatzak. 7. NUKLEOA – HERENTZIA: IKUSPEGI MENDELIARRA

– Mendelek herentziaren azterketari egin zizkion

ekarpenak. Ezaugarri heredagarrien transmisioa azaltzen duten legeak. – Herentziaren teoria kromosomikoaren oinarrizko kontzeptuen sarrera. – Sexuaren herentzia eta sexuari lotutako herentzia. Gizakien kasua. – Genetikaren zenbait aplikazio egungo gizartean: espezieen hobekuntza eta gaixotasunen trataera. Euskal Herrian garatu diren hobekuntza genetikoko programen kasuak. – Zenbait giza-ezaugarriren herentziari buruzko arazoak planteatu eta erabakitzea. – Mendelen esperientziei eta interpretazioei buruzko dokumentu historikoak aztertzea. – Oso ezagunak diren giza-ezaugarri batzuekin erlazionatutako zuhaitz genealogikoak interpretatzea. – Egungo teknika genetikoen ondorio ekologiko eta etikoak kritikoki baloratzea. 4.– EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

1.– Naturaren gertakariak mintzaira zehatz batez eta ikuspegi zientifikotik azaltzea. Helburua da aztertutako kontzeptu, lege, teoria eta ereduekin (eboluzio geologiko eta biologikoari buruzko teoriak, tektonika globala, Mendelen legeak, eta abar) ikaslea maila xume batean ondokoak bezalako gertakarien zergatia azaltzeko gai ote den ziurtatzea: lurraren eta bizidunen eboluzioa, gertakari geologikoak, ezaugarrien herentzia, antolamendu eta zeregin arteko erlazioa bizidunetan, materia eta energiaren arteko elkartrukeak, eta abar. Eta hori guztia, jakintzagai horiei dagokien hizkuntza erabiliz burutzen dute, non taulak, grafikoak, formulak eta gainerantzeko ikurrak egoki deritzatenean erabili behar diren, eta hizkuntza ez sexista erabiliz.. 2.– Eguneroko egoerekiko azalpen koherenteak eskaintzea, horretarako egoera horiek zuzentzen dituzten lege eta printzipio geologikoak eta biologikoak erabiliz, zientzia horiek eremu horietan egin dituzten ekarpenak baloratuz. Sumendiak eta lurrikarak bezalako gertakari geologiko arruntak, ingurugiroko zenbait arrisku eta hondamendi, natur baliabideen urritasuna, gaixotasun funtzional eta genetiko nagusiak eta horiek tratatzeko egin diren aurrerabideak, genetikaren hobekuntza, eta abar bezalako hurbilen dituen egoerak gero eta modu zientifikoagoan azaltzeko ikaslea gai ote den ziurtatzea da asmoa. Halaber, Biologiak eta Geologiak eguneroko bizitzaren gertakariak ulertzeko betetzen duten zeregina antzemateko gai ote den. 3.– Biologiaren eta Geologiaren eboluzioaren historian eredu edo teoria aldaketak justifikatzen dituzten arrazoiak azaltzea, zientzia ez-dogmatiko eta eraikuntza prozesuan dagoen zientzia gisa ulertu eta antzemateko oinarri gisa.

Ikaslea historian zehar gertatu diren eredu eta teoria aldaketak antzemateko gai ote den, ezaugarri eta gertakari geologikoak, elikapena, ezaugarri biologikoen transmisioa, bizitzaren eboluzioa, eta abar azaltzean zergatik gertatzen den eboluzio hori ba ote dakien ziurtatzea da asmoa. Pentsamendu kritikoa garatu ote duen ziurtatu beharko litzateke baita ere, eta horretarako ezaguera zientifikoak auzitan jartzen ote dituen eta ez ote dituen egia absolutu eta aldaezin gisa eta gizarte eta politika faktoreek neurri batean eratutakoak bailiran onartzen ikusi beharko litzateke. 4.– Ikerlan zientifiko baten prozesuan dokumentu bidez ikertzeko trebetasunak behar bezala erabiltzea; baita zientzia, teknika eta gizarte arteko harremanak aztertzen dituzten txostenak lantzean ere, zientziaren aurrerabidean informazio iturburuek duten garrantzia antzemanez. Aurrena, ikasleak, arazo ireki bat erabakitzearren ikerlan bat burutzen ari denean, dokumentazio egokia eta behar duen unean bilatzen badakiela ziurtatzea da asmoa. Hurrena, laburpen, kontzeptuzko mapa, eta beste metodo batzuen bidez dokumentu ezberdinen artean konparazioak egiteko ikaslea gai ote den ziurtatzea da asmoa; halaber, lan zientifikoan, genetikak, medikuntzak, eta abar eskainitako garapenari dagozkion gaiak aztertzen dituzten informazio iturburuek duten garrantzia baloratzen ote duen ziurtatzea. 5.– Zientziaren prozedurekiko koherenteak diren esperimentu bidez ikertzeko trebetasunak aplikatzea, gertakari naturalak, baita eguneroko gaiak ere aztertzen dituzten arazoei irtenbide emateko garaian. Jakintzagai honi dagozkion edukiei buruzko arazoa planteatu eta mugatzen den metodologia zientifiko bati ikasleak jarraitzen diola, irtenbideari buruzko hipotesiak jaulki, beroiek elkarrekin kontrajartzeko esperimentuak diseinatu, esperientziak burutu eta jakinaraziko dituen ondorioak ateratzen dituela ziurtatzea da asmoa. 6.– Arazo irekiak erabakitzeko lanean eta Biologia eta Geologiako gelan programatutako bestelako iharduera batzuetan laguntzazko jarrerak garatzea, zientziak gizarte-iharduera bat bailiran hartzeko asmoz. Talde-lanean antolamendu eta portaerazko oinarrizko arauak ba ote dauden ziurtatzea litzateke asmoa, esaterako: proiektu komunak eta proiektu horien garapen kontrajarriak, ardurazko integrazio eta partaidetza, sexu, gizarte-rol, eta abarretan bereizketarik egin gabe zereginak banatzea, eta abar. Bestalde, gelako lana programatzen den talde ezberdinetan jarrera partaidetzazkoa ote den ikustea da asmoa. Hori guztia, zientzia taldeeraikuntza bailitzan kontzeptualizatu ote duten ziurtatzearren. 7.– Arazoak erabakitzeko, baita Biologia eta Geologiako eskolan burutzen den beste edozein iharduerarako

jarrera zientifikoetako batzuk aplikatzea. Ikerketa lanak egiten ari denean (neurriak hartu, behaketak erregistratu, emaitzak jakinarazi, eta abar) lan zientifikoari dagozkion jarrerekiko koherente diren zenbait arauez, esaterako, objektibotasunaz, zehaztazunaz, eta abar ikaslea baliatzen ote den ziurtatzea da asmoa. 8.– Gizadiaren bizi-egoeraren hobekuntzari Biologiak eta Geologiak egindako ekarpenak eta horietaz desegokiro baliatzeak dakartzan arazoak baloratzeko irizpide pertsonalak lantzea. Zientzia horiek gizadian ditugun arazoei irtenbide ematen saiatzen direla baloratzeko ikaslea gai ote den ziurtatzea da asmoa, jakintzagai honek barne hartzen dituen eremuek (osasuna, ingurugiroa, ekonomia, eta abar) ongizatearen eta garapenaren alde egin duten ekarpena antzemanez. Halaber, ekarpen horiek desegokiro erabiliz gero izaten diren ondorioak ikasleak baloratzen ote dituen ziurtatzea, aurretik aipatutako gaietan planteatutako zenbait kasu aztertuz. 9.– Mintzaira zientifikoa behar bezala erabiltzea, bere ezaguerak adierazteko, kritikak egiteko, ondoriotxostenak idazteko, eta abar. Ikasleak, lanerako koadernoan, gelan esku-hartzen duenean, jaulki behar dituen txostenetan mintzaira zientifikoa zehaztasunez erabiltzen duela, eta azken kasu horretan bibliografi-zitak zuzen idazten dituela ziurtatzea da asmoa.

Related Documents