1002. Gaua (xabier Mendiguren)

  • Uploaded by: Fernando Sopelana Alonso
  • 0
  • 0
  • June 2020
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View 1002. Gaua (xabier Mendiguren) as PDF for free.

More details

  • Words: 18,684
  • Pages: 35
38 berria 2008ko abuztuaren 1a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Estatu-gizonen arteko tratu bat (I)

V

enezian nor den oro etorri zen egun hartan Palazzo Ducalera, hiriko jaun nagusiak antolatu zuen festara. Han ziren Gran Canale-ko jauregi ederrentako jaun-andere guztiak: Girassi, Gontarini, Caballi… Han ziren Mediterraneo osoko merkatari handienak, Europako erresuma guztietako enbaxadoreak, han ziren hiriari ospea eta lustrea ematen zioten artista handiak: Tiziano, Marco Basaiti, Jacopo Palma il Vecchio… Inauterietan ziren: gondolak bezala egongelak beren dotorezia osoan apaindurik ageri ziren, emazteki printzipalak norgehiagoka ziharduten, nork eramango paparrean harribitxi ederrenak, soineko finenak, orrazkera landuenak. Denek zeramaten begi aurrean mozorro ttipi bat, baina ez nork bere burua maskaratzeko baizik are gehiago nabarmentzeko. Musika alaia jotzen zuten lauteak, espinetak eta zanfoniak, baina doinu horiek ez ziren oraingoz entzuleak dantzan jartzeko gai, haien kalakari lagun egiteko baino. Era guztietakoak baitziren han-hemen aditzen ziren berriketak: Portura iritsitako azken oihalak, Ekialdeko zoragarrienak… Urrunagotik heldutako espezia-kargamentuak… Harako edo honako palazioan egiten ari ziren berrikuntzalanak… Da Vinci florentziarrak egin omen zituen asmakuntza harrigarriak… Michelangelo Buonarrotik Erromako Aita Santuaren eskariz pintatu omen zuen kapera txundigarria… Hizketaldi guztiak ez ziren horren arinak ordea. Aretoaren albo batean baina guztien joanetorriak begiz zelatatzen zituela, Leonardo dogoa zegoen, Dukea edo Dux handia, Veneziako Errepublikako agintari gorena eta hiriko gizonik aberatsena. Ondoan zituen bere kontseilari hurbilenak; solaskidea, berriz, Dalmaziako printzea. Aspaldiko aliatuak zituen dalmaziarrak, baina une hartan inoiz baino inportanteago bihurturik zegoen haien adiskidetasuna: inperio otomandarra, Konstantinopla bereganatu eta veneziarren betidaniko kide izan-

MATTIN

dako inperio bizantziarra desegin zuenetik, Europan barrena ari zen zabaltzen bere eragina: Grezia menperatu zuten, Serbia eta Bosnia ere bai, gero eta lurralde gehiago kontrolatzen zituzten, eta zalantzan jarria zuten veneziarrek Adriatiko itsasoan eta Mediterraneoan oro har garai batean izandako nagusitasuna… –Gure herrien arteko adiskidetasuna are gehiago estutu behar genuke –ari zitzaion esaten Leo-

nardo dogoa Dalmaziako printze Kristoforori. –Gu beti izanen gara Veneziaren adiskide min eta eta lagun zintzo –erantzun zion Kristoforok. –Asko pozten nau horrek. Eta, pentsatu dut, adiskide ez ezik, senide ere izan gaitezkeela. Dalmaziako printzea adi gelditu zen, besteak zer esango. –Seme bat duzu, oker ez banago –jarraitu zuen Dogoak–, egu-

nen batean, ailedi hemendik urte askotara, zuk daukazun erantzukizuna bereganatuko duena. Nik, berriz, badut alaba gaxte bat, nire begietako ninia baino gehiago maite dudana… Kristoforori begitartea argitu zitzaion, Veneziako Errepublika txit ahaltsuari loturik ikusiz bere etxea eta bere ondorengoak. –Gazteek elkar ezagutu beharko dute, kontua gauzatu baino lehen –esan zuen hala ere, zuhur.

–Bai noski. Baina ongi hezia dut nik alaba, eta ez dut dudarik halaxe irakatsia izango duzula zuk ere semea. –Ez izan dudarik. Agintari biek elkarri bostekoa eman eta gero, Dogoaren kontseilariak eta Dalmaziako printzearen laguntzaileak gelditu ziren berbetan, lotura haren xehetasun guztiak (diruei eta hornimenduei zegozkienak batik bat) elkarrekin adosteko eta zehazteko.

38 berria 2008ko abuztuaren 2a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Neska fin ameslari bat ( II)

F

estara joateko artean gaztetxoa zela-eta, bere logelan zegoen Chiara, Dogoaren alaba gazteena; ez ohean lotan, beharko zukeen bezala, ezpada leihoan jaikita, jaiaren zurrumurruari adi, gogoa ametsetan, sumatu ere gabe une horretantxe bere etorkizuna ari zirela erabakitzen. Neska xarmanta zen Chiara. Hamasei urte bete berritan, begi argiak zituen, ilea hori, soin-atal luze eta finak, gorpuzkera mehe baina ongi egina. Palazioko pintoreek oso gustuko zuten haren irudiak margotzea, eta hain zuzen irudi horietako bat eraman zuen Kristoforo printzeak Dalmaziara, miniaturan egina eta kamafeo batean sartua, gortean erakusteko. Bizi-gogoz gainezka zegoen Chiara: Veneziatik egunero abiatzen ziren ontzi haietan joan nahiko zukeen, Alexandriara, Tripolira, Brindisira, Anberesera… baita urrutiago ere, portugaldarrek Indietan barrena zabaldutako itsasbide berrietan, edo Kolunbus itsasturi genovarrak Gaztelako erreginarentzat deskubritu berri zituen lurralde ezezagun haietara. Haiek guztiak debeku zitzaizkion ordea. Chiarari, bidaietarako eta abenturarako tarte bakarra geratzen zitzaion, Dukerriaren Jauregiko gela, areto eta lorategi dotore haietan: liburuen bitartez zabaltzen zitzaiona. Gizarte hartan gutxienak ziren letretako instrukzio apur bat jasotzen zutenak, eta are gutxiago emakumeen artean; alabaina, Leonardo dogoak pentsatu zuen Berpizkunde garai aurreratu hartan ez zela soberakoa izango bere alabak irakurketaren hastapenak behinik ikastea. Hastapenetik hasi, baina gogo beroz barneratu zen mundu hartan Chiara gaztea. Latinezko klasikoak irakurri zituen, Ovidio eta Tazito, Katulo eta Zizeron, baina batez ere hizkuntza erromantzean sortzen zena: Dante Alighieriren Divina Commedia, Petrarkaren poemak, eta baita –hau ezkutuan eskuratu bazuen ere– Giovanni Bocaccioren Decameronea ere. Toskana aldeko hizkera arrotza zitzaion hasieran Veneto-ko neskatxari, baina laster ohitu zen eta gogo biziz irensten zituen Pico della Mirandolaren entsegu serioak nahiz eskuz esku zebiltzan artzain-nobela eta eglogak, non neska-mutilak maitasunik zirraraga-

MATTIN

rrienaren sugarretan erretzen ziren. Amodio idiliko haiek guztiak liburuetan bai, baina non zeuden egiazko bizitzan? Ez behintzat Dukearen Palazioan, hainbeste noble, gortesau, kapilau, gelazain, sukaldari, soldadu, neskame, gondolazain eta morroiren artean. Izan ere, nor ausartuko zen bere begia Dogo handiaren alabagan jartzen, nagusi ahaltsuaren zigorraren mehatxua gainean izanda? Egoera horretan zegoela,

gauez eta isilka jauregitik ateratzeko planak egiten zituen noizbehinka Chiarak, inork ezagutu gabe herritarren artean ibiltzeko eta, nork daki, beharbada, ibilaldi sekretu haietan… Plan lauso horiek gauzatu aurretik, baina, aitak deitu zuen bere aurrera. –Nire alaba kuttuna, munduan beste ezer baino maiteago zaitudana –hasi zitzaion esaten Leonardo dogoa, eta ondoren azaldu zion bere belaunetan eseri ohi zen

neskatila emakume bihurturik zegoela ordurako–… eta horrenbestez –jarraitu zuen esaten–, zure sexukoei berez dagozkizuen eginbeharretan sartzeko adinean. Chiarak, zer esan asmatu ezinik, burua makurtu eta isilik geratu zen. –Gure etxearen ondrarako eta herriaren mesederako izango den ezkontidea bilatu dizugu, bera ere gizon prestu eta printzipala, aitaren esana egiteko gertu baldin bazaude, betiere.

Chiarai barrutik zetorkion «Ez!» oihukatzeko gogo bortitza, handik ihes egitekoa, Palazioa zen urrezko kaiola hura betiko atzean uztekoa. Alabaina, urtetako hezieragatik edo kemen faltagatik, burua makurtu zuen berriro, lehen baino are makurtuago, eta halaxe esan zuen: –Ni beti izango naiz aitaren esaneko, eta zernahirako gertu gure etxearen eta herriaren onerako. Eta hala gelditu zen lotuta eta erabakita Chiararen etorkizuna.

36 berria 2008ko abuztuaren 3a, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Mutil zangar eta zakar bat ( III)

E

z dugu deus esan beste ezkontideaz, Dalmaziako printzearen semeaz. Simeon zeritzan haren oinordekoari. Mutil zangarra, indartsu eta izukaitza, jauregiko bizimodu arrafina ez baizik eta mendia eta basoa maite zituena, egunez bere zakur eta aztoreekin ehizan ibiltzeko, noiz basurde edo orkatzak harrapatzen, noiz usapalak eta galeperrak atxematen; gauez, berriz, mendiko borda galduren batean lagun artean ardoa edanez eta kantari laketzen zen Simeon dalmaziarra; edanak burua eta muturra berotzen zizkionean, berriz, sesioa eta liskarra pizten ziren beti haren inguruan, eta, hau zela edo bestea zela, ostikoka eta ukaldika ekiten zioten ia beti elkarren artean, zartakoek edo mozkorrak berak lurrera eraitsi eta seko lo gelditzen ziren arte. Basoko piztiak aski ez eta beste ehiza-mota baten gutizia pizten zitzaionean, aldiz, ostatu ilunen batean sartzen ziren Simeon eta bere lagunak, eta neska-txikiak ekartzeko eskatzen zuten, neska bargasta haien konpainia ederrean edan eta gero, arraren harra ase ahal izateko. Goizaldean, burua sorgortuta esnatzen zenean, zilarrezko txanpon batzuk bota eta ospa egiten zuen handik Simeonek, ohelagun izan zuen emakumeari edandako ardoari bezain leku murritza emanez bere oroimen kamutsean. Horrelakoxea zen Simeon, Dalmaziako printze izatera deitua. Ez berez gaizto eta zitala, baina bai besteen sentimenduez den mendreneko axolarik ez zuena, mundua bere zerbitzurako egina zela uste zuena, bere nahia beste legerik ezagutzen ez zuena. Simeonen aita Kristoforo printzeak bazekien ondo asko nolakoa zen bere semea: «alaia eta axolagabea» esan ohi zuen entzulerik baldin bazen, barru-barruan eta bakarka «astakirten eta kaikua» pentsatzen zuen arren; bere odolekoa zuen, ordea, eta horrenbestez beste guztien gainetik maite zuena; horrez gain, luzaro pentsatu izan zuen gaztetako zorakeria zela semea modu ganoragabe hartan jokatzera zeramana, eta urteen joanean bere onera etorriko zela; alabaina, oraindik gaztea zen arren, denbora pasa ahala zuhurrago bihurtu ordez lehen bezain zentzugabe edo are zentzugabeago jarraitzen zuela ikusten zuen

MATTIN

aitak, eta horrek biziki atsekabetzen zuen. Hori dela-eta, Dogoaren proposamena entzun zuenean, batetik kezkatxo bat piztu zitzaion arren, bere seme zoraxka hark Veneziarekiko harreman onak zapuztuko ote zituen, bestetik zerutik etorritako irtenbidea iruditu zitzaion; izan ere, Kristoforok itxaropena izan zuen ezkontzaren ardurak Simeon deslaia arrastoan sartuko zuela eta Veneziako emakume de-

likadeziaz beteriko batek apur bat finduko zuela zokormazoa bezain baldarra zen seme hura. Uste on horrekin egin zuen Printzeak etxerako bidea, eta Split-en porturatu bezain laster bere aurrera deitu zuen semea. –Ez dago, jauna. –Non da bada? –Bere lagunekin joan da, ehizara. Barrutik txitxareak jaten egon arren, zain egon beste erremedio-

rik ez zuen izan Printzeak; eta, semea iritsi bitartean, gorteko ministro eta armadako jeneralei erakutsi zien Chiararen erretratua, guztiek goretsi eta laudatu zutena. Ez zen hori izan Simeonen jarrera, azkenean iritsi eta aitak azaldu zionean hitzartu berri zuena. –Zertarako nahi dut andre bat, nahi ditudan guztiak eskuratu ditzaket eta? –esan zuen. –Gizonak ezkondu egin behar

du –esan zion aitak lehor–, eta errege-familiakoa denean, agintzen dioten harexekin ezkondu behar du gainera. –Eta nik nahi ez badut? –Nahi ez baduzu, turkiarren kontrako gerrara bidaliko zaitut, oraintxe bertan. Gogoz kontra bada ere, tuntun veneziar bat baino okerragoa izango baitzen turkiarren zimitarra, aitaren esana onartu zuen Simeon dalmaziarrak ere.

38 berria 2008ko abuztuaren 5a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Nire merezient egiten ez bada… (IV)

H

orra, beraz, Chiarari suertatu zitzaion ezkongaia, neskatxa veneziarrak hartaz ezer ez bazekien ere. Ezkontza hilabete batzuk barru gauzatuko zela esan zioten, eta, senarra izango zuena ezagutuz joateko, egokia izan zitekeela elkarri gutunak idaztea, eskutitzen bitartez batak bestearen gustu, nortasun eta berezitasunen berri izateko. Ideia ona iritzi zion Chiarak, eta gogo onez ekin zion gutuna idazteari. Gurasoek seme-alaben patua erabakitzea krudelkeria zentzugabea begitantzen zitzaion, alde batetik; bestetik, baina, onartzen zuen bere etorkiaren ezaugarria zela Veneziako hiriari loturik ibiltzea, eta berak ezin ziola uko egin bere zoriari; azkenik, berriz, esperantza bat gordetzen zuen bihotzaren barrenean, hosto arteko habian ezkutatzen den txorikume bat bezala, bizitzaren patuak edo diplomaziaren halabeharrak ekarri zioten senargai hura izan zitekeela, zergatik ez?, bere biziko gizona, asturuetan berarentzat eta berariaz egokitua, bere gogoaren katramilak ulertzen eta korapiloak askatzen jakingo zuena, zintzoa eta azkarra, martzala baina otzana, zolia eta sentibera. Itxaropen ezkutu hori ezin gorderik hartu zuen antzara-luma, busti zuen tintontzian, eta gutun luze bat idatzi zion, «Ene Simeon maitea» hitzekin hasi, eta «zu ezagutzeko eta biok bat egiteko egunaren irrikaz» agurrarekin amaitzen zena. Tartean, etxe oneko neskatxa bati dagokion neurritasunaz betiere, bere bihotza zabaltzen zion, bere maitasun-ametsak adierazten, «Aberlardo eta Eloisa berri batzuk izango garen uste osoan», eta eskatzen zion, arren, Simeonek berak ere jakinaraz ziezaiola zein ziren bere gurariak eta zaletasunak, «bion arimen anaitasunik estuena lortzearren». Eskutitza amaitu, lakre gorriaz zigilatu, eta Dogoaren mezularien eskuetan ipini zuen, Dalmaziara zihoan lehenengo itsasontzian bidal zezaten. Igorri bezain laster, baina, halako ezinegon bat zabaldu zitzaion bere barne osoan: «Ez ote naiz jokatzen ari neskato tuntun bat bezala? –galdetu zuen bere artean–. Nire bihotza zabaltzen diot ezezagun bati; arima biki bat topatu beharko banu

MATTIN

bezala, hartaz ezertxo ere ez dakidala!». Bere jokabideaz gogoeta egin, eta bere buruarekin haserretu zen Chiara: «Aitak senarra hartzera behartzen nau, neure iritzia ere galdetu gabe; beharbada bere betebeharra da, Veneziaren interesak zaindu behar dituenez gero, eta beharbada nik ez dut obeditu beste erremediorik, alaba onak aitari errespetua zor dionez gero; baina hala ere, zer delaeta agertu behar dut horren inozo eta xalo Simeon delako horren

aurrean? Erdi-mairu edo erdi-basati ote den ere ez dakidan dalmaziar horren aurrean?». Zenbat eta gehiago pentsatu bere egoeraz, orduan eta suminduago zegoen: «Gainera, nork esan du ez dudala obeditu beste errmediorik?». Erabaki bat hartu zuen bere bostean, baina, bere baitan gordeta indarra galduko zuen beldurrez, ahoz eta ozenki adierazi zion bere adiskide min eta konpainiako dama Ursula d’Amaretto-ri: –Ursula –esan zion–. Aitaren nahiari men egin eta gutun bat

idatzi diot Simeon Dalmaziakoari… –Ondo egina –esan zuen Ursulak. –Baina… nire onginahi, begirune eta arduraren ordainetan ez badut beste horrenbeste jasotzen, Simeon delako hori ez baldin bada nire maitasunaren dina eta horretarako duina, pikutara bidaliko dut. –Eta zure aita? –Pikutara aita ere! –Ez esan halakorik! Inork entzunda ere…

–Berdin zait entzuten badute. Edo ez. Nire planak zapuztuko lituzkete-eta. Zuri kontatuko dizkizut, badakit konfiantzazkoa zarela-eta: Dalmaziakoa nire merezient egiten ez bada, ihes egingo dut, etxetik eta Veneziatik. –Baina nora joango da neska gazte bat, bera bakarrik, mundu arriskutsu horretan…? –Mutilez jantzi eta marinel sartuko naiz, urrutira doan itsasontziren batean. –Jesus, Maria eta Jose! Ez ahal da inoiz halakorik gertatuko!

30 berria 2008ko abuztuaren 6a, asteazkena

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Andregaiak idatzi dizu (V)

I

ritsi zen gutuna Dalmaziara, Spliteko portura, Printzearen Jauregira, eta, Kristoforok agindua emana zuenez Veneziako Dogoaren etxetik etorritako edozein mezu lehenbailehen berari emateko, bere eskuetan jarri zuten delako eskutitza, lakre gorrian Dux-aren zigiluaz gain, paper osoa ihintzatuz halako basalore eta izpiliku-lurrin leun bat zeukana, haren igorlea esku eme bat zatekeela pentsarazi ziona. Bertan irekiko zukeen, haren edukiaz jabetzeko irrikaz, baina semearen izenean zetorren eta itsuskeria zatarra zatekeen… Bere aurrera deitu zuen beraz Simeon, eta –kasualitatea!– harakoan jauregian zen, ehizaldi batetik etorria edo parranda batera joatekoa. –Zure andregaiak idatzi dizu –esan zion Printzeak, semea agertu zitzaionean. Simeonek tentuz hartu zuen papera, harekin zer egin ez baleki bezala. –Ireki ezazu ba, behingoz. Gerritik zintzilik zeraman sastagaia atera eta zazt, mugimendu zorrotz batez ireki zuen paperezko bildukia, baina lehen bezain zalantzati eusten zion orain ere esku artekoari. –Bakarka irakurri nahi baduzu, utziko zaitugu… –esan zion aitak. Barre harro bat egin zuen Simeonek, harroa baina aldi berean urduria. Izan ere, txikitan letren hasi-masiak irakatsi zizkiotenetik, derrigor eta gogoz kontra irakatsi ere, sekula ez zuen hartu eskuetan ez lumarik ez libururik, eta ezin ziur esan izkribu hura entelegatzeko gauza izango zen ere. Beldurra ezkutatzeko arma izaten da batzuetan harrokeria. –Bakarka irakurri? Zer axola zait, ba, veneziar tuntun batek dioena? Irakur dezala zure idazkari txindurrijale horrek, besterik ez daki egiten eta. Txindurrijale hori Otto zen, aitaren idazkari pertsonala, egun osoa liburukoteen gainean makurturik ematen zuena, eta horregatik deitu zion Simeonek horrela, Dalmaziako oinordekoarentzat letrak txindurri modukoak baitziren: gauza beltz, txiki eta nazkagarriak. Otto Bavariakoak hartu zuen

MATTIN

beraz Simeonek lurrera bota eta zerbitzarietako batek jasota luzatu zion gutuna; papera esku artean, harekin zer egin ez zekiela geratu zen bera ere, ez letrekiko beldurrez, baizik errespetuz, bera ez baitzen gutun haren igorlea ez hartzailea. –Irakurri, irakurri ozenki eta beldurrik gabe –esan zuen Simeonek ozarki. Hala, bada, irakurketari ekin

zion Ottok, «Ene Simeon maitea» hitzekin hasi eta «zu ezagutzeko eta biok bat egiteko irrikaz» agurrarekin amaitu arte. –Ikusten? –esan zuen Simeonek barre algaraka–. Tuntun veneziar bat, eta gainera txindurrijalea! –eta besterik erantsi gabe alde egin zuen palazioko aretotik, oreinaren ehizan edo lepatxurien peskizan. Kristoforo burumakur geratu

zen, Simeonen jokabideaz lotsatua eta haserrez sumindua, seme malapartatu hura nola zuzendu ez zekiela. Kopeta altxatu zuenean Otto topatu zuen bere aurrean, burua apaldu antxean, ahalketua iduri, atzamarren puntaz irakurri berri zuen izkribuari heltzen ziola. –Gutuna gordeko dut edo…? –galdetu zuen Ottok. Segundo batean pentsakor

geratu zen printzea, arrapostua eman aurretik: –Erantzun bat asma ezazu, Simeonek idatzia balitz bezala. Baina izan dadila erantzun gozo eta samurra, maitetsu eta errespetuzkoa. «… Nire semea ez bezalakoa» pentsatu zuen Kristoforok, baina mihia hozkatu zuen, behazun hori irentsi beste erremediorik ez zuela jabetuta.

30 berria 2008ko abuztuaren 7a, osteguna

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Bavariako txindurrijalea (VI)

H

umanista bavariar bat zen Otto, bizitza gehientsuena Europa erdialdeko hainbat jaun noble eta apezpikuren zerbitzuan emandakoa. Bere altxor eta harrotasunik handienetakoa zen Erasmo Rotterdamekoarekin izandako gutunketa, argitasun eta zabaltasunaren eredutzat baitzeukan jakintsu hura; tamalez, garai ilunak eta estuak heldu ziren Europara: elizaren egonkeriak astintzeko eta marasmak garbitzeko hainbat proposamen eginak zituen Martin Luther, Wittenberg-eko teologoak, eta erreforma horiek pizturiko gatazka giroan iritsi zen Otto Dalmaziara, ezin jakin inkisidore katolikoen ala protestante estuen ihesi, Adriatiko ertzeko bazter hori erlijio-gerretatik urruti geratuko zelakoan. Ilunkeriaren kontrako gudua izan zen beti bere guztizkoa, eta horregatik lotu zitzaion gaztetatik bere burua janzteari, antzinako klasikoak eta elizako aiten lanak gogotsu irakurriz, baita azken urteetan hizkuntza bulgareetan sortzen ari ziren emaitza ederrak ere, italieraz batik bat, baina orobat beste hainbat mintzairaz. Burua ikaste-lan horietan murgildua izan zuelako-edo, ahazturik izan zuen ia mundua, edo gutxienez munduaren erdia; zehatzago esanda, ez zekien zer ziren egiazki emakumeak, nola hitz egiten zuten, zer sentitzen zuten… gizonen artekoak izan baitziren beti bere elkarrizketak oro, eguneroko zereginetarako neskameei emandako agindu xumeak salbu. Hizkuntza erromantzeetan irakurtzen zituen zerbait istoriok, ordea, gizon-emakumeen arteko amodioa zerbait gozo eta desiragarri izan zitekeela pentsarazi zioten, liburuetako maitaleek behintzat sugarretan zeukaten bihotza, izerditan azala, dardaretan eskuak elkarrekin topo egin behar zutenean, eta gogoa abaildurik beti maitea urruntzen zitzaienean. Hainbeste poema eta ipuin irakurtzearen irakurtzez, iritsi zen barruntatzera munduan ez zela gauzarik hain eder ez plazentik, nola amorantearen gorputza biluzgorririk (halakorik imajinatze hutsa bekatu larria izan zitekeela sumatzen zuen arren,

MATTIN

erromatar katoliko nahiz luteranoentzat). Alabaina, horiek guztiak pentsatzera iritsi zenerako xaharturik zegoen Otto: beti izan bazen txiki, erkin, txurixka eta musutrixtea, urteen joanean konkorturik geratu zen, burusoildua, betaurreko lodi batzuen beharrean, eta, hortaz, bere piurak hurbilago zuen Herio segadunaren itxura makurra, Adonis edo Apoloren irudi segaila baino. Horrenbestez, liburuetako maitasun-istorioak irakurriz kontsolatzen zen Otto, halakoak irakurri ahala bere burua mentura haietako heroi irudikaturik. Eta bat-batean, hor non iristen den Chiararen gutuna. Ema-

kume gazte batek idatzia. Emakume gazte eta eder batek, berak ere ikusia baitzuen Kristoforo printzeak kamafeoaren barruan ekarritako erretratua. Gaztea eta ederra ez ezik emakume jantzia, liburuak eta letrak maite zituena, Abelardo eta Eloisaren aipamen hark erakusten zuen bezala. Gaztea, ederra eta jantzia izateaz gain, emakume maitemindua, sentibera eta pasionala, haren gutunak hitzez hitz eta lerroz lerro iradokitzen zuen legez. Otto gaixoak pentsatu zuen huraxe zela berak beti itxaron zuena, Orfeorentzat Euridize izan zen modukoa, bizitzaz eta heriotzaz haraindiko grina betierekoa, eta, sugar hori gogoan zuelarik,

hartu zuen antzara-luma, busti zuen haren muturra tintontzian eta txindurri beltzez hasi zen betetzen paperaren zuria. «Ene Chiara guztiz argia», abiatu zuen gutuna. Haren gutuna irakurtzetik eta erretratuari begiratzetik ezin gelditu zitekeela aitortzen zion; eransten zuen gero, ordu arte haren berri izan ez bazuen ere, betidanik elkar ezagutu balute bezala sentitzen zela orain; zentzugabea iruditzen zitzaiola hura ezagutu aurreko aldia, eta pentsaezina, aurrerantzean, bien bizikidetza izango ez zen edozein bizimodu. «Irakurri duzu Amadis Gaulakoa?», galdetzen zion hurrena. «Zutaz oroitzean, hango abenturak berritzeko

eta are biderkatzeko gauza sentitzen naiz. Amadisentzat Oriana zena izango baita Simeonentzat Chiara». Eta sinaduraren aurreko agurra: «Zure guztizko zerbitzari txipi eta maitale leial». –Ez al da gehitxo, hori dena esatea? –sujeritu zuen Kristoforok, Ottok gutuna erakutsi zionean. –Hori esango luke gazte maitemindu batek, jauna. –Ondo da. Erants dezatela ene semearen erretratu bat, eta doala dena lehenbailehen Veneziara. Eta egiten ari zenaren egokitasunaz zalantza baldin bazuen ere, bere baitarako gorde zuen zalantza hura: «Dalmaziaren eta gure familiaren onerako izango ahal da!».

36 berria 2008ko abuztuaren 8a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Sakea eta errefera (VII)

B

i sentimendu kontrajarriz espero zuen Chiarak Dalmaziako gutuna: batetik itxaropena zuen mutil prestu, zintzo eta bihotz handiko batek erantzungo ziola, berak nahi eta merezi bezala; bestetik, baina, bazuen kontrakoaren beldurra, eta, hala gertatzekotan, gero eta irmoago zegoen bere erabakian: fardel batean lau puska sartu, eta gauez aldegingo zuen Veneziatik, nora edo hara. Ez zen beharrik izan noski. Iritsi zen Simeonen eskutitza, eta bere eztizko ametsak gauzaturik ikusi zituen han. Nork esango zion, itsasoaren beste aldean, horrelako senargai ongi hezi, ikasi eta amorosa topatuko zuela? Liburuetan bakarrik ezagutu zituen maitasun-istorio gozo-jario horietako baten protagonista sentitu zen Chiara bat-batean. Eta, liburuetako istorioez ari zela, artean ez zuen ezagutzen gutunak aipaturiko Amadis Gaulakoa, baina laster emango zion konponbidea, Ursula bere dama konpainiakoa bidaliz delako liburuaren bila. –Eta zer dio? Zer dio Simeonek? –jakin nahi zuen Ursulak, irrikatsu. –Ai, zer ez ote dio nire Simeonek! –esan zuen Chiarak aurpegi amestiz, eta hitz erdikako erantzun hark dena argitzen zuen, hain dira jakinak eta ezagunak maitaleen ibilera eta pausoak. Harrezkero, mezu-truke sarri bat eratu zen Venezia eta Dalmazia artean, Dogoaren Palazioaren eta Spliteko Printzearen etxearen artean, bataren sakeari bestearen erreferak jarraitzen ziola, pilotapartida azkengabe bat iduri. Mezu haien edukia ez zuen kontrolatzen Dogoak, baina bere alabaren begitartean ikusten zuen ezkontzarako zurkaitzak lur onean landatuak zeudela, Estatuaren komenientziaz ez ezik, baita ezkontideen aldartearen arabera ere. Horrenbestez, ezteiak albait lasterren prestatu behar zirela pentsatu eta horren xehetasunak lotzeko agindu zien bere kontseilariei, Dalmaziako Printzearekiko adostasunez, betiere. Spliteko printzeak, berriz, gutun guztiak ezagutzen zituen, bai Chiarak idatzitakoak, bai hari bidalitakoak. Ez zen berez aita muturluze horietakoa, nahiago zukeen semea bere kasa arduratu izan

MATTIN

balitz emaztegaiarekiko tratuaz, baina Simeonek garbi utzi zuen, ez lehenengo egun hartan bakarrik baizik birritan, berari bost axola zitzaizkiola gutun txatxu haiek, eta egin zezatela gura zutena, berari bakea emanda. Hortaz, Ottok idazten zituen Simeonek idatzi beharko zituzkeenak, eta aitari irakurtzen ziz-

kion Veneziara bidean abiatu aurretik. –Su hori ez ote da sobera eta lar, Otto? –galdetzen zion printzeak. –Neskaren amodio gartsuari erantzuteko behar den doia, jauna. Halaxe erantzuten zuen idazkari xaharrak, burua makur eta ahotsa apal, baina egiazki dar-dar

batean zeuzkan eskuak eta gorputz osoa, besteren izenean idazten zuen arren bere bihotz barnetik ateratzen baitzuen gutun haietako hitz bakoitza; era berean, itsasoz haraindi zetozen erantzunek «Simeon maitea» eta «Simeon bihotzekoa» bezalako esamoldeak txitean-pitean erabili arren, eskribau txolinduak Otto

irakurtzen zuen, berekiko, Simeon behar zuen aldi bakoitzean; eta, horrenbestez, gaztaroa traktatu filosofiko eta summa teologikoen artean xahutu zuen agure kaskasoil hark gazte galai eta xarmant irudikatzen zuen bere burua, txiribitaz beteriko soropil batean maitearentzako lore bila egun osoan.

36 berria 2008ko abuztuaren 9a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Iraileko estropada handian (VIII)

E

zkontzarako plana Inauterietan adostu baldin bazen, ezkontitza ematea eta gauzatzea irailean izan zitekeela pentsatu zuen Veneziako Dogoak, sei hilabeteko ezkongaialdia nahikoa zelakoan. Irailean, gainera, Veneziako estropada handiak ospatzen ziren, harrandiaz eta kolorez jantzitako jaiak, herritarrak oro gondoletan zebiltzala hiriko kanal eta ubide guztiak betez, eta horien guztien artean Leonardo dogoa bere ontzi nagusian, veneziarren txaloak eta txerak jasoz. Une aproposa, guztiz, gazte biak uztartzeko. «Ezkonberriak, gisakoa den bezala, senarraren herrialdean biziko direnez gero –idatzi zion Veneziako Dogoak Dalmaziako Printzeari bere egitasmoen berri jakinarazten zion gutun batean–, utz iezaiozu bere alabaren hurbiltasun samurra galduko duen aita xahar honi ezteiak antolatzeko ohorea izatea». Erregu itxuraz eta aitaren kutixia gisa aurkeztu arren, Kristoforo Splitekoak ulertu zuen baldintza zorrotza zela hura, saihestu ezinezkoa. Horrenbestez, Veneziara joan beharreko ordezkaritza eta eraman beharreko opari eta hornigaiak prestatzen hasi zen, anfitrioien mailan egongo baziren. Ez zen berez veneziarren handitasuna beldurtzen zuena, ezpada bere semearen jokabidea. Inongo hizkuntzarik ikasteko gauza ez izateaz gainera, inoiz ez zen iaioa izan palazioko jai eta dantzaldietan, aristokraziaren manerak sino-mino barregarriak iruditzen zitzaizkion eta jateko orduan nahiago zituen atzamarrak eta bizarrak, koilara eta sardexkak baino. Dogoaren gonbidapenak, gainera, ezteieguna baino astebete lehenago joateko zioen, bi herrien senidetzea behar bezala ospatzeko eta ezkongaiek berek aurrez aurre elkar ikusteko. –Zer egin dezakegu? –galdetu zion printzeak Ottori, afera hartan bere aitorle eta konfiantzazko lagun bihurturik zuenari. –Simeon gaixotu egin dela esan eta ezin duela Veneziara joan, adibidez? –Ez, hori iraintzat hartuko lukete veneziarrek, edo data berri bat ipini ezkontzarako. –Hortaz… Pentsatuz-pentsatuz, plan bat taxutu zuten printzeak eta idazkariak.

MATTIN

Partitzeko tenorea iritsi zenean, hiru itsasontziko taldea abiatu zen Spliteko portutik, herritarren agur eta oihuen artean, hiri osoko kanpandorreetan ezkilek klinklan jo eta errepikan ziharduten bitartean. Hiruko espedizio hartan ontzi bi laguntza eta defentsazkoak ziren, goleta arinak, soldaduz eta marinelez beteak. Hirugarrena,

berriz, karabela dotore hiru mastakoa zen, eta bertan zihoan Dalmaziako herriaren ordezkaritza ofiziala: gorteko aitonseme eta alabak, elizgizon printzipalak, Printzerriko gobernuburu eta kontseilariak, eta Kristofororen familia osoa, beren senide Simeoni egun eder hartan laguntzeko gertu. Adierazitako egunean iristeko moduan irten ziren, baina bidea-

ren erdian, ontzi nagusiak leman arazoak zituela-eta, gelditu egin behar izan zuten Brioniko uhartean, Istriako penintsularen ondoondoan. –Hau zoritxarra! –zioen Kristofororen emazte Margarita printzesak–. Veneziako golkoa ia-ia bistan, eta gu hemen, matxura baten erruz… –Zaude lasai –senarrak–. Kapi-

tainak esan dit egun gutxiren buruan konponduta egongo dela gure lema, eta garaiz iritsi ahalko garela Veneziara. –Baldinbait ere! Ez nuke galdu nahi estropada eder hori. Printzeak goleta bat bere ondoan gorde zuen, eta besteari agindu zion joateko lehenbailehen Veneziara, Leonardo dogoari jakinarazteko bere atzerapenaren berri, eta mezua emandakoan itzultzeko atzera Brioniko uharte hartara. Dogoak atsekabez jaso zuen berria, baina ezkontzarako garaiz iritsiko zirela ziurtatu ziotenez, lasai antxean geratu zen; zailago zitzaion Chiarari bere nerbioei eusten: batetik bere Simeon bihotzekoa aurrez aurre ikusteko irrika zuen; bestetik, zerbait –ez zekien zer– okertu zitekeelako beldurra… Ezinegon batean eman zituen ezkontzako unea iritsi arteko egunak, harik eta, Estropada Handia ospatzen ari zen unean, ezteietarako finkaturik zeukaten egunean beraz, Gran Canale-tik sartzen ikusi zituen arte Dalmaziako ikurrak zeramatzaten itsasontzi bi: karabela nagusia eta goleta txikiago bat. –Hor dira! Hor dira! –esan zion bere lagun Ursulari. Veneziarrek gogo beroz txalotu zituzten Adriatikoko beren aliatuak. Banderak eta estandarteak altxatu ziren nonahi; tronpek, turutek eta danborrek jendetza gortzeraino zabaldu zuten beren harrabotsa; Kanal Handian zeuden gondola guztiek ohorezko korridore moduko bat osatu zuten gonbidatuei ongietorria egiteko, handik pixka batera San Marko basilika handian osatuko zen korridorearen aurrekari, ezkontideek ate nagusitik aldarerainoko bidea egin bitartean… Ordu bakan haietan gertatuak lanbro artean bezala oroituko zituen gerora Chiarak, batetik bestera ibili baitzuten: jantzi hau, hartu hori, joan hara, etorri hona… aldamenean Simeon maitea zuela, ahorik zabaltzera ausartzen ez zen mutiko lotsatia; emozioak gainezka egiteko zorian zegoelako? Hainbeste jende eta zarata artean kikildurik zegoelako? Nolanahi ere –sumatzen zuen Chiarak–, Simeon ere desiratzen egongo zen, bera bezala, dena amaitu eta biak bakarka geratzeko.

34 berria 2008ko abuztuaren 10a, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Turkoa ateetan (IX)

K

ristofororen plana primeran atera zen ordura arte: Chiara eta Simeon ezkondu ziren, eta inor ez zen espantuka hasi senargaiaren basakeriaz; izatekotan, veneziarrek beste nazioetakoei egozten zieten moztade hori aurpegiratuko zioten, baina aldez aurretik ere jakina zen, haientzat, Italiatik kanpokoak oro barbaro samarrak zirela. Veneziako kardinaleak elizkizuna amaitu eta laster etorri zen printzearen planaren bigarren partea: Kanalera iritsi zen, bela guztiak airetan, espedizioko bigarren goleta, Istrian gelditua zena. Portura arribatu eta zalapartaka adierazi zuten Dalmaziako printzea ikusi behar zutela lehenbailehen. Halako presa eta ezinegona ageri zutenez, albait lasterren eraman zituzten Dogoaren Palaziora, non alaitasun ederrean ari baitziren ezteiak ospatzen, mahaiak oparo zerbitzaturik, Po ibaiaren ibarretik Alpeetarainoko jaki fin etaeraguztietakoekin:hanzirenhegazti, txerriki, bildots eta abelgorriak; han ziren ardo zuri, beltz eta gorriak, apartsu eta gozoak; han ziren baratzeetako ortuari eta arboletako fruitu mota guztiak, mahaiak bete beharrean, gonbidatuek gainezka egin arte jan eta edan zezaten. Horretan zeuden, beraz, afaltiarrak, noiz eta dalmaziar mezulariak iritsi baitziren, kezka aurpegian, beren printzearekin hitz egitera. Dogoaren ondoan zegoen Kristoforo, biak ere mahai nagusiaren burutzan, eta haraino eraman zituzten iritsi berriak. –Zerdela-etasartuzaretezalapartan gonbidaturik ez zaudeten festa honetan? –esan zien Dalmaziako printzeak, haserrea ahotsean–. Mintzatu arin, eta zuribide egokirik ez baduzue neronek eskatuko diot Leonardo Dogoari zigor zorrotzen bat ezartzeko. –Maiestatea, turkiarrak gure lurraldean sartu dira. –Non? Nola? –Kristoforok, asaldatuta. –Hegoaldeko mugatik heldu dira, Albaniako lurretatik, eta Dubrovnik aldeari eraso diote. –Eta hiriak, eutsi dio? –Setiaturik daukate, eta handik iritsi da isil-mandatari bat, laguntza eske. Kristofororen betarte iluna are ilunago eta kezkatuago bihurtu zen pentsatzenzuenbitartean.Gero,be-

MATTIN

reanfitrioiVeneziakoDogoarimintzatu zitzaion: –Ene Duke eta gaurgero ene anaia: pena dut bihotzean hau esatean baina, lehenbailehen aldegin beharra daukat. –Ulertzen dut, nire printze maitea:gurekarguarenardurakhorrelako morrontzak dakartza…

–Ezkonberrien poza zapuztu beharrak erdibitu egiten dit barrena, baina semearen ezpata ere beharrezkoa dut, batek turkiarrei aurre egiten dien bitartean besteak gaztelua gobernatzeko. Dogoak ontzat jo zituen printzearen azalpenak, eta bere itsas armadaren zati bat ere eskaini

zion, turkiarrak menderatzeko. Dalmaziarrak estimatu zion, eta geroan agian onartu ere egingo omen zion laguntza, baina oraingoz etxeko indarrekin moldatuko omen zen. –Baina, badaezpada, lehenbailehen joan nahiko nuke. –Jakina.

Eta, protokoloetan gehiago luzatu gabe, dalmaziarrak mahaitik altxatu eta beren itsasontzietara abiatu ziren, ahalik eta arinen aberrira itzultzeko asmoz. Eta haiekin batera… Chiara, ezkontzaren bidez bera ere dalmaziar bihurtua eta haien patuaren partaidea.

34 berria 2008ko abuztuaren 12a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Halakoak ote dira gizonezkoak oro? (X)

I

tsasontziko itzuleran, Chiarak ez zekien zer pentsatu ere. Simeon ikusteko irrikatan eman zituen azken hilabeteak, lehenengo gutuna jaso zuenetik; alabaina, ezkondu zirenez geroztik ez zuen ia harekin mintzatzeko aukerarik izan: lehenengo momentuan, presaka eta korrika iritsi ziren, ozta-ozta elizkizunerako garaiz; gero, berriz, zalapartaka aldegin behar izan zuten denek batera; juxtu izan zuen bere soineko eta puskak jasotzeko astia, bere lagun eta konpainiako dama Ursula lehorrean geratu zen, Dalmaziara berarekin eramateko asmoa bazuen ere; eta itsasontziko zoramen hartan, Simeonekin ordu batzuk eman bazituen ere, bere itxaropenak ase ordez zalantzak eta beldurrak piztu zizkion beste ezer baino gehiago topaldi labur hark. Zer gertatu zen bada? Berak espero zuena, nahi ere nahi zuena, batetik, bestetik halako izu zehazgabe bat sortzen zion arren: alegia, gizon-emakume ezkonduen arteko maitasunezko bategitea gauzatu zela esan zitekeen. Bera guztiz ezjakina eta aritugabea zen ur haietan, baina, han-hemen entzundakotik bazekien, gutxi gorabehera, zer eta nola gertatzen zen halakoetan. Biak gelan bakarka geratu zirenean, biluzteko agindu zion Simeonek, egiteko hartan azkarrago ari zedin gizonak berak ere laguntzen ziola; gero ohatzean etzanarazi zuen, buruz gora; ondotik Simeon bera erantzi zen, gainean jarri zitzaion, zirkun-zarkun ibili zitzaion batera eta bestera… Zer esan zezakeen? Mina eman ziola? Pixka bat bai, baina ez gehiegi, eta lehenengo aldietan normala dela ere entzuna zuen. Gauza higuingarria zela entzuna zien noizbait emakume batzuei, eta gizonezkoen ohaide izatea baino hobe zela moja sartzea; berari ez zitzaion iruditu halako gauza nazkagarria, baina ezta poema batzuetan aditzera ematen zen esperientzia zoragarri eta parerik gabea ere; besterik gabe, ez hotz eta ez bero geratu zen. Hori zen gutxienekoa baina. Andregai birjin askori gertatzen zaionaren parekoa, pentsatu zuen; hori baino kezkagarriago zitzaion, bere gainean eta barruan egon zen Simeon horrengan ez zuela inondik inora sumatzen berari gutun suhar eta inspiratu

MATTIN

haiek idatzi zizkion arima delikatua edo gizon sentibera. «Zer esan nahi du honek? –pentsatu zuen Chiarak, ohatze gainean, zurrungaka ari zen Simeonen aldamenean–: Liburuetako maitasuna engainu handi bat dela? Gizonezko guztiek maitale debotaren itxurak egiten dituztela baina axola zaien bakarra beren kirtena gure hanka artean sartzea dela?». «Bestalde –pentsatu zuen geroago–, egia da baita ere oso hitz gutxi egin duela Simeonek. Lotsagatik zela uste nuen lehen, baina bere jokabidea ez da izan mutil lotsatiarena. Beharbada erdipurdi moldatzen da italieraz eta horregatik bere zapo-hizkera dardar-

tia? Baina hizketan horren txarto egiten badu, nondik nora halako gutun oparo eta pasionatuak?». Gogoeta horiek gora eta behera ibili zen gau osoan, itsasontziko ohe estu hartan begirik bildu ezinda, ahalik eta gutxiena mugituz, alboko zurrungalaria iratzarriko zen beldurrez. Egunsentiarekin batera, iskanbila eta astrapala zabaldu zen itsasontzi osoan, baita bere senar berria esnatu ere. Badaezpada lokartuarena egin zuen Chiarak, Simeonek izan zitzakeen burutazioek ezer gutxi kilikatzen baitzuten bera. Zorionez, baina, jaiki eta ontzigainera jo zuen Printzearen semeak, emaztea bake santuan utziz –orain bai– lo pixka bat egiteko.

Itsaso zakarra izan zuten, eta Chiarari ondoeza egin zitzaion, itsaso ondoan hazi arren ez baitzegoen itsasontzian ibiltzen ohituta, kanalean gora eta behera zebiltzan gondoletan ez bazen. Beharrik, Printzearen gorteko zenbait dama izan zituen une larri haietan laguntzaile, berak –amesgaizto eta eldarnioen artean– Simeon non zegoen galdetzen zuen arren. –Simeon goian da –esaten zioten dama bihotz onekoek–, gizonekin, turkiarren kontrako gerra prestatzen. Eta esaldi horren oihartzun gisa, kantuan eta edanean zebiltzan marinelen ahotsa iritsi zen logelara, eta ahots haien artean Simeonen algara nabarmen…

–Simeon… –eldarnio arteko erdi-esna erdi-ametsetako egoeran. –Lasai, laster iritsiko gara eta. Laster iritsi ziren Spliteko portura, eta hantxe jaitsi zen Chiara, gorteko dama, ume eta zaharrekin, sasoiko gizonek –tartean printzea eta beronen semea– Hegoalderantz jarraitzen zuten bitartean, Dubrovnik turkiarren atzaparretatik askatzeko eta etsai otomandarrari eskarmentu on bat emateko. –Agur, laster itzuli –zioten portutik jaitsi zirenek, besteak beste Chiarak. –Laster itzuliko gara –erantzuten zuten barkuan zihoazenek, besteak beste Simeonek.

28 berria 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Gerokoak geroko (XI)

D

almaziako agintari eta soldaduak Dubrovnikeraino joan ziren, Adriatikoaren itsasertzean zehar, eta hara iritsi zirenean beso-zabalik hartu zituen gazteluko gobernadoreak, aurretik eman baitzioten bisita haren berri, xehetasunak eta nondik norakoak ezkutuan gorde bazizkioten ere. Dubrovniken zeuden otomandar bakarrak zenbait merkatari xume ziren, asto eta guzti beren salgaiekin etorriak, herriko plazan tratua egin nahian: tea eta olibak, lapikoak eta oihalak; turkiar haiek batere axolarik gabe ikusi zituzten beren aurretik igarotzen itsasontzitik jaitsitako jaun eta soldaduak, ia-ia gerra bat piztua zutela jakiteke. Spliteko gortekoak poz-pozik zihoazen, Venezian erdizka utzitako festari jarraipena emateko desiratzen. –Ekar dezatela janaria –agindu zuen printzeak. –Ekar dezatela edaria ere –haren semeak. –Datozela musikariak –Kristoforok. –Datozela neska gazteak ere –Simeonek. Printzeak semeari begiratu zion, bekozko ilunez, bere buruari galdetuz ezkondu eta gero ere lehen bezain atorrante izaten segituko ote zuen. –Ez dakit ezkontza honetatik atarramentu onik aterako dugun –aitortu zion Printzeak Dubrovnikeko gobernadoreari. –Nola ez ba, jauna? Veneziako Dogoaren senide bihurtuta, indartsuago aterako da gure herriaren segurtasuna, eta baita negozioetarako aukera ere. –Hala ere, engainu hutsa izan da orain arte ezkontza, eta hemendik aurrera ezin ibiliko gara zimarkunkerietan. –Utzi gerokoak geroko. Kezkatzen al gara gu geure emakumeez? Haiek ere aurkituko dute zertan entretenitu. –Hala bedi, baina ez dakit… Zertan zebilen bitartean Chiara, Veneziako Dogoaren alaba? Spliteko kale eta jauregiak erakutsi zizkioten, zubiak eta gazteluak. Berak, buruz, Veneziakoekin konparatzen zituen ikusten zituen gauzak oro, eta ohartzen zen herri txiroago, zatarrago, atzeratuago batera ekarri zutela. Alabaina, hori bazekien lehen-

MATTIN

dik ere: non Veneziaren parekorik? Beraz, hobe zuen onez onean eraman, gauzei beren alderdi onenetik begiratu. Gorteko emakumeak zituen bide-erakusle; batik bat, Kristoforo printzearen emazte Margarita eta alabak; bere amaginarreba eta koinatak ezin adeitsuago aritu ziren uneoro, baita apur bat kikilduta ere, veneziarren nagusitasunak lotsatuko balitu bezala. Beharbada oinarririk gabeko beldurrak ziren bereak? Bazitekeen Simeon bere gutunetan ageri zen bezalako mutil sentibera eta bihotz garbikoa izatea?

Laster jakingo zuen, ziurtatu ziotenez turkiarrekiko liskarra ez baitzen askorik luzatuko. Harritu egin zen apur bat denek ere halako arinkeriaz hartzen zutelako Dubrovnik-en setioa, baina, azken batean, zer zekien berak gerra kontu horietaz? Ailegaeraz geroztik, Spliteko bazterrak ikusi eta gaztelua miatu bitartean, aitari eta bere adiskide Ursulari idatzi nahi izan zien; orain, berriz, bere geletan behar bezala egokiturik zegoela, ez paperik ez idaztekorik ez eskura, eta haien galdea egin zion bere gelazainari.

–Gauza horiek, Maisu Ottok izaten ditu etxe honetan. –Maisu Ottori eskatuko diozu, arren, gutunak idazteko beharrezkoak helarazteko? Ez zuen luzaro itxaron behar izan. Berehala etorri zitzaion Otto delako hura, hainbat paper, tinta eta luma-motarekin, eta bere bizkar okerra are okerragotzen zioten erreberentzia etengabeekin. –Venezian askoz ere finagoak izango dituzue, dudarik gabe, baina hemendik Konstantinoplara bitartean ez duzu hauek bezalako tresnarik topatuko.

–Berdin dio, aitari idazteko besterik ez da. –Veneziako Leonardo dogoari bere alabak idazteko, ez dio berdin inola ere; ez du balio edozein paperek, ezta zeinahi lumak ere. Ottok hitz eta pitz jarraitu zuen, eta haren jarioan zerbait ezaguna sumatu uste izan zuen Chiarak, zer zen ez bazekien ere. Beharbada txikitan autore greziar eta latinoak irakasten zizkion erretorika-maisu zaharra gogorarazten ote zion…? Berdintsu zion; azken batean, nori axola zitzaion eskribau xahar berbalapiko hura?

36 berria 2008ko abuztuaren 14a, osteguna

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Larria al da? (XII)

H

ilabete batzuk iragan ziren, eta hilabete haietan gauza gutxi agitu baina gauza asko argitu ziren. Lehenik eta behin, Chiarari argi geratu zitzaion zokormazo huts batekin ezkondu zela, eta Simeon hura ez zela, ezin zitekeela izan, bera liluratu zuten gutun haien idazlea. Aldian behin agertzen zitzaion senarra, gehienetan gauez, bere senar-eskubide omen zirenen eske; hortik kanpo gutxitan ikusten zuen, eta kasik nahiago, ohartua baitzegoen inongo jendetasunik gabeko basakristau bat zela, zibilizazioaren usadioak hastio zituena, jan-edana eta ehiza beste kezkarik gabea. Bere bihotzeko penen eta minen berri ematen zion Ursulari, aldiro idazten zizkion gutunetan; horretarako erraztasun handi bat bideratu zioten gainera: gorteko espedizioaren ostean, Veneziatik iritsi zen lehenengo itsasontzian, Chiararen arropa eta gauzak helarazi zizkioten, ihesaldi zalapartatsu hartan eraman ezin izan zituen guztiak, hainbat kutxatan sartuak; eta, horiez gain, uso mezulari saldo bat bidali zioten: handik aurrera, etxera gutun bat iritsarazi nahi zuen bakoitzean, aski zuen mezua uso haietako baten hankari eranstea eta gero usoa aske uztea, uso hura zuzen-zuzen joango baitzen, Adriatikoa zeharkatuz, Veneziako Palazzo Ducale-ra. Uso haiei esker, beraz, sarrisarri kontatzen zizkion bere bihozminak Ursulari; ez ordea aitari, sumatzen baitzuen bere kezkak umekeriak irudituko zitzaizkiola Leonardo dogoari, eta emakumeen gauzak bestela, ez inola ere Venezia eta Dalmaziaren arteko harremanak bezalako gai inportante bat trabatzeko arrazoia. «Isilik egon behar ote dut? Senarraren axolagabezia jasatea ote da nire eginbeharra?», galdetzen zion bere buruari. Aitaren gortean ikusi izan zituen emakumeak hartu zituen gogoan; orain bertan Spliten ikusten zituenak. Zenbat holako, bera bezala sufritzen ari zirenak? Eta inork ez zuen ezer esaten. Emakumearen patua ote zen hura? Baina zergatik onartu behar zuen berak patu krudel hura? Jainkoaren aurrean zin egin zuelako? Behartutako

MATTIN

zina egiazko zintzat jo ote liteke ordea? Egia zen, bestalde, ongi zaindua zegoela gazteluan, Printzeak begirune osoz hartzen zuela, eta haren familia osoak tratatzen zuela txeraz eta laztanez. Zereginik gabeko orduak emateko, berriz, maisu Ottok zaintzen zuen liburutegia zeukan eskura, eta han deskubritu zituen bere hainbat liburu gogoko, baita ordura arte ezagutzen ez zituen beste horrenbeste ere.

–Irakurri duzu hau? –galdetu zion Ottok bere doinu koipetsu harekin, esku artean liburu bat ipintzen ziola. –Orlando furioso, Ludovico Ariosto-rena –irakurri zuen Chiarak azaletik–. Aditzea daukat, baina ez dut ezagutzen. –Eramazu, eta ikusiko duzu. Chiarak eraman eta irakurri egingo zuen, baina idazkari zaharrak –agure maitagarri baten gozotasuna izan behar zukeen arren– halako enpagu

bat sortzen zion, harengandik ahalik eta urrutien mantentzen zuena. Eta gauzak horretan zeudela, ezkondu zenetik hilabete batzuk igarota, Chiara ohartu zen gorputza aldatzen hasi zitzaiola; hilekoa ez zitzaion etorri, zerbaitek kalte egin balio bezalako higuin sentipen batekin jaiki eta botaka hasten zen… Printzearen medikuak ikuskatu zuen. –Larria al da? –galdetu zuen Kristoforok oheburuan.

–Eta larriagoa bihurtuko da: bularrak puztuko zaizkio, aldakak zabaldu, sabela hazi eta hazi… Baina zazpi bat hilabete barru dena amaituko da –bota zuen sendagileak irri batekin. –Hau poza! –esan zuen Kristoforok–. Kanpai guztiek jo dezatela, baita turutek ere. Herriak jakin dezala Dalmaziak baduela bere ondorengoa. Datorrela Simeon… Non da Simeon? Baina Simeon, harritzekoa, ez zegoen gazteluan.

34 berria 2008ko abuztuaren 15a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Joan-etorri labur bat (XIII)

B

erri ona jakin eta biharamunean, gau osoan burua jirabiraka erabili ondoan, Kristoforo printzearekin hitz egin nahi zuela adierazi zuen Chiarak. «Bakarka», erantsi zuen. –Hona nire errain guztiz maitea –hartu zuen printzeak gozo–. Zer egin dezaket zure haurdunaldia gozoago egiteko? –Zuzen eta artez esango dizut, ingurumarietan ibili gabe: haurdunaldiaren hasieran nagoenez, Veneziara egin nahi nuke joanetorri bat, nire hiria, gurasoak eta neba-arrebak ikustearren. –Zure senarrari eskatu beharko zenioke hori. –Nire senarraren hitzak, nik bezain ongi dakizu zenbat balio duen. Dalmaziako printzeari eskatzen diot, eta printzearen oniritzia galdatzen. –Itsasoak dituen arriskuekin, ordea, eta zu zauden bezala egonda, ez dut uste halako bidaietarako une egokiena denik. Geroago, agian… –Ez dakit nire aitak poz handia hartuko duen alabaren bisita ukatzen zaiola jakiten duenean… –Ziur nago Veneziako Dogoa ere nirekin bat etorriko dela, zure osasuna beste ezeren aurretik jartzean. –Eta zer uste duzu pentsatuko duela, ezkontzarekin ziria sartu diozula jakiten duenean? –Ez dut ulertzen zer esan nahi duzun. –Ez egin leloarena, ondo asko dakizu-eta zure seme hori ez dela gauza gutunik sinpleena idazteko ere. –Horiek txikikeriak dira, ene Chiara maitea, gure herrien arteko harreman adiskidetsua zapuztu behar ez luketenak. –Utz iezadazu Veneziara joanetorri bat egiten, eta ezerk ez ditu zapuztuko gure herrien arteko harreman adiskidetsuak. Kristoforo Chiarari begira geratu zen: haren edertasuna goretsi izan zuen lehen; haren nortasuna eta argitasuna miresten zituen orain. Eta bere semearen lerdokeriarekin konparatzen… –Ados –esan zuen printzeak–. Veneziara joan ahalko zara. Bidezkoa da sorterriaren eta familiaren oroimina sentitzea. Baina bisita laburra izan beharko du, eta zin egin behar didazu ez zarela aitatxoren etxean geldituko. –Zin degizut ez naizela Venezian geldituko.

MATTIN

Berehala eman zituen Kristoforok itsasontzia prestatzeko ordenak. Ez zuen erabakitakoaz damutu nahi. Emakume baten aurrean amore eman izanak harritzen zuen batik bat bere burua, baina Chiara, bere erraina izateaz gainera, Leonardo dogoaren alaba ere bazen, eta herri txiki baten biziraupenean agintariak jakin behar du, ihiaren gisan, hai-

zearen menera makurtzen, zuhaitz tente-harroak errotik erauzten eta botatzen baititu erauntsiak. Semeari ez zion kontatuko elkarrizketaren berri. Bakarrik azalduko zion munta handiko aferak zudela veneziarrekin trenkatu beharrekoak, eta Chiara bidali zuela mezulari, hura zelakoan diplomaziazko misio hartarako or-

dezkari aproposena. Eta ez zen guztiz gezurra. Chiararekin batera joateko bere marinel eta soldadu konfiantzazko batzuk hautatu zituen, eta baita Otto idazkaria ere, emakumearen itsasaldia entretenitu zezan bere liburuekin eta bere kalaka etengabearekin. Chiarak, bitartean, joan-etorri baterako puskarik ezinbestekoe-

nak bildu zituen (pare bat kutxa, beste dozena bat gazteluan utzita), eta gutun bana idatzi zien bere adiskide Ursulari eta aita Leonardori, hitzik neurtuenekin, berehala egingo zien bisitaren berri emanez, zain egon zitezen. «Gero gerokoak», pentsatu zuen, gutun haiek zeramatzan usoa askatu eta itsaso gainean hegan ikusi zuenean.

36 berria 2008ko abuztuaren 16a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Atlanteak Adriatikoan (XIV)

E

guraldi onarekin atera zen itsasontzia, printzearen goleta gogokoenetakoa, Spliteko portutik. Ondo bidean, egun gutxiko ibilia egingo zuten, Adriatikoan gora, Veneziara iritsi arte. Chiara baldin bazen bidaldi hura gehien itxaron zuena, ez zeukan irrika txikiagoa maisu Otto printzearen idazkariak. Izan ere, gutunketa-garaian halako intimitatea lortu bazuen neskatxa veneziarrarekin, intimitate paperezkoa izan arren, beste baten izenean idatzi eta jasotako gutunak izan arren, geroztik, ezkontza gauzatu zenetik, hurbilago bai, hurbilago ikusten zuten bere begiek Chiararen begitarte argia, baina aldi berean urrundu egin zitzaion, ezinbestean urrundu ere: orain emakume ezkondu bat zen, bere jaunaren semearekin esposatua, eta begirune berezia zor zion, horrenbestez; bestalde, jendez inguraturik egon ohi zen beti Chiara, gorteko emakumeen artean eskuarki, eta lekuz kanpokoa izango zen berak –gorteko idazkari batek– harekin mintzatu nahi izatea, ez bazen Chiara bera aldian behin beregana zetorrena, liburu eske edo; eta, azken batean, zer esango zion berak, eskribau xahar, konkortu eta burusoilduak, horrelako izaki miragarri eta zerutiar bati? Zer? Ottok ez zekien zer esango zion, baina bazekien ez zuela aukera hura galduko, Chiararengana hurbildu eta, inguruan traba egingo zien inor gabe, harekin lasai-lasai mintzatzeko, garai bateko gutunetan bezala. Gaua zen. Ilargi zuriak bere edertasun betea ageri zuen itsaso lañoaren gainean, iretargiaren ñirñira urazal barean islatzen zela. Ontziaren brankan, maskaroi bizidun bat balitz bezala, Chiara zegoen, zeru-itsasoei begira, auskalo zer gogoan. Eta haren atzetik, itsas kulunkaren ondorioz pausaje baldar eta zalantzakorrez, Otto maisua, eztira doan euliaren gisan hurbilduz. –Ai hau gauaren zoragarria –esan zuen Ottok. Chiarak ikarazko jauzitxo bat egin zuen, gau hezeak eragindako dardara izan zitekeena, ala ustekabearen izua. –Ederra dago bai –esan zuen, bere onera etorrita. –Horrelako edertasunaren bis-

MATTIN

tan, jainkoaren eskua sumatzen du batek, ez duzu uste? –Bai, izan liteke. –Sortzailearen indarra airean balego bezala –hizketan hasi eta abaila hartu zuen Ottok–. Antzeko zerbait senti daiteke artelan batzuen aurrean: Fra Angelicoren Anuntziazioaren aurrean, esate baterako, zaila da horren atzean zerutikako inspirazioa ez sumatzea. Ez zaizu iruditzen? –Bai, bai, bai –beste zer edo zertan pentsatzen saiatuz, Chiara. –Maitasunaren misterioa bezala da. Ukitzen gaituelarik, iduri luke goragoko maila batera jaso gaituztela. Baina latinoek Kupidoren geziaz irudikatzen zuten hura, ez ote da kristauon Probidentzia bera? Ezagutzen al duzu

Atlanteen istorioa, Platonek kontatzen zuena? –Ez –aitortu zuen xaloki Chiarak. –Ba, Plantonek kontatzen du, Sinposiuma edo Oturuntza izeneko bere lan batean, gure mundua egin baino lehenago bazirela, Atlantida deritzan uharte batean, izaki batzuk, ez gizon ez emakume ez zirenak, edo gizon eta emakume batera, bi buru, lau beso eta lau hanka zituztenak. Hain eder eta indartsuak omen ziren izaki horiek, non jainkoen jelosia piztu zuten; eta, beraiei aurre egin ez ziezaieten, erdibitu egin omen zituzten izaki haiek, halako moldez non izaki bakoitzetik bi sortu ziren, buru bat, bi beso eta bi hanka zituztenak, erdiak gizonezkoak eta beste erdiak emakumeak.

–Gu bezalakoak, hortaz. –Horixe bera. Gaurko gizonemakumeak haien ondorengoak garela esan liteke, eta, oharkabean bada ere, lehengo batasun eder eta indartsu haren oroitzapen moduko bat daukagunez, horregatik sortu omen zen maitasuna, eta horregatik jotzen omen dugu elkarrengana. Alegia, hau dena doktrina heretiko samarra izango da baina, gizonak eta emakumeak, gorputzez eta arimaz bat egiten dutenean, jainkoren pare bihurtzen direla, edo gutxienez, bategite horrek irauten duen bitartean, zeruetako erresuman sentitzen direla. Hori guztia esatean, Chiarak ikusi zuen listu-mintz bat osatzen zitzaiola Ottori ezpainen artean,

betaurrekorik gabeko bi sator-begi txipi eta urtsuak bezala ilargiargitan diz-dizka, eta bat-batean ohartu zen agure hark irritsez eta gutiziaz begiratzen ziola; hori bakarrik ez: orduantxe jabetu zen, pixka batean pentsatuz gero aspaldi jabetu behar zuen arren, Otto hura zela Simeonen gutun guztiak idatzi zituena, baita bere barruko sekretuak irakurri zituena ere; eta halako nazka sentitu zuen une hartan, non hantxe bertan buruan jo eta itsasora botako zuen agure lizuna. Alabaina, bere suminaldiari eutsi, eskribauaren aurrean tente paratu, eta, goitik behera begiratzen ziola, bere barruko mespretxurik handienaz esan zion: –Zoaz zeure kaka garbitzera.

28 berria 2008ko abuztuaren 17a, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Itsasontzi bat popa aldean (XV)

G

au osoa esna eman zuten Chiarak eta Ottok, nork bere gelan, nork bere gogoetetan. Chiarak pentsatu zuen ez zuela sekula begien aurrean ikusi nahi eskribau lerdejario hura; bideagabea iruditzen zitzaion jasanarazi zioten engainua, eta duda egiten zuen nork ematen zion nazka handiagoa: edo senar zarpail kaikuak, bere betiko parranda, mozkorkeria eta ehizaldiekin; edo idazkari konkortu eta ia horzgabeak, bere maitasun eta edertasun solas platoniko haiekin. «Ez nintzela Venezian geratuko zin egin nion Printzeari, eta egindako zinari eutsiko diot; baina ez dut neure hitza jango etxetik alde egiten badut, ez Venezia ez Dalmazia ez den lekuren batera joanda; nora, baina, sabela betea izanda…?». Otto ere buruari jira eta bira zebilen, baina bestelakoak ziren haren hausnarraldiak: bere burua madarikatzen zuen horren baldar jokatzeagatik, bere sentimenduak agerian utzi eta barregarri geratzeagatik. «Aingeru xarmagarri bati halako lerdokeriak esatea bururatzea ere…» aurpegiratzen zion bere buruari. «Eta hemendik aurrera, zer egin?». Dena gaizki-ulertu bat izan zelakoan, biharamunean dena ahazturik izango zelako esperantzari eutsi behar ote zion? Ala Dalmaziako Printzearen etxea utzi behar ote zuen, Chiararen aurrean berriro agertzeko lotsaz? Neskak berak salatzen ez bazuen Kristofororen aurrean… Nora joango zen ordea bere adinean? Non aurkituko zuen bere azken urteak emateko leku bat? Horretarako hobe zuen bere burua itsasora botatzea eta bertan amaitzea; hori bekatu larria izango zen ordea, zer esango zukeen Erasmo Rotterdamekoak jakinez gero? Kezka horien artean etorri zen egun-argia, baina egun berri bakoitzak bere nekeak eta ardurak ekarri ohi ditu, eta egun hark ere uste ez bezalako gorabeherak ekarri zituen. Goizean goiz, beste itsasontzi bat ikusi zuten beren popa aldean. Marseillarrak? Valentziarrak? Siziliarrak? Ez: Barberiako itsaslapurren ilargia zeukaten mastaren puntan haizearen menean. –Piratak! –oihukatu zuen horretaz ohartu zen marinel dalmaziarrak.

MATTIN

Bela guztiak zabaldu zituzten, haizearen laguntzaz piratei ihes egitearren, baina ontzi hura arinagoa zen beren goleta baino, eta apurka-apurka arrimatzen zihoakien, beren txopatik gero eta hurbilago ikusten zutela barberiarren ikurra. –Portu hurbilen batean babestuko bagina… –esan zion lemazainak kapitainari. Ez zeuden lehorretik urruti, eta asti pixka bat edukiz gero aurkituko zuten kostako kairen bat non gorde eta babestu. Tamalez, baina, hurbilegi zituzten jazarleak eta aukerarik ez ezkutatzeko.

–Ai ene! –esan zuen Chiarak. –Lasai –erantzun zion kapitainak–. Hemen gaude gu, zu babesteko. Esaldi polita zen hura inor lasaitzeko, baina sinetsi egin behar. Dalmaziarrak marinel trebe eta ausartak ziren, izatez, baina ez zuen ematen barberiarrei aurre egiteko gauza zirenik: haien ontzia beren parera iristen ari zen, eta begien bistan ikus zitzaketen itsaslapurren ezpata makurrak eta begirada okerrak. –Ai ene! –esan zuen oraingoan kapitainak berak. –Zer? –Chiarak. –Bizargorriren gizonak dira.

Bizargorri ezizenaz ezagutzen zen Khair ad-Din, garai hartako piratarik ospetsuena, eta gaitzizen hura entzun orduko dardarka hasi ohi ziren Mediterraneo osoko merkatari eta marinelak, dalmaziarrak une hartan bezala. Printzearen erraina kosta ahala kosta babestu beharra izan ez balu, hantxe bertan errendituko zen kapitaina, borrokarik egin gabe; alabaina, eta gudaldi hartatik garaile irteteko itxaropenik ez bazeukan ere, eutsi egin zion tentazioari. –Kanoilaria! –oihukatu zuen–. Egin tiro! Kanoiak tiro egin zuen, baina

espingarda arin bat besterik ez zeukaten, gutxitxo Bizargorriren gizonak uxatzeko. Kanoiak bigarren aldiz tiratzerako, gantxo eta kakoak jaurti zizkieten piratek, gero haietatik tiraka bi ontzien alboak hurbiltzeko eta karel batetik bestera jauzi egiteko. –Abordajera! –zioten piratek orroka. Hortik aurrera, borrokaldi labur bat aski izan zen piratak zailduago, trebeago eta langintza hartan arituagoak zirela erakusteko; bere gizon guztiak hilik ikusi aurretik, ezpatak bertan behera bota eta errenditzeko agindua eman zuen kapitainak.

38 berria 2008ko abuztuaren 19a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Etxe onekoa ematen du eta (XVI)

P

iratak jende gogorra ziren, borrokan ohituak eta odolaren beldurrik gabeak, odola berena nahiz besterena izan; erruki handirik gabe egingo zieten lepoa goletako marinel eta bidaiari guztiei, baina hori negozioaren kalterako izan zitekeen, eta piraten lanbidea, beste ezer baino lehenago, negozio bat zen, itsasotik ahalik eta zukurik gehiena ateratzen zuena. –Ontzi osoa arakatu dugu, sotoko kutxak eta diruak hartu ditugu –jakinarazi zion Bizargorriri bere laguntzaileetako batek, eta erantsi zuen–: Zer egingo dugu orain eskifaiarekin: itsasora bota edo…? –Itxaron pixka bat, neskatxa honek etxe onekoa ematen du eta. Chiarak ez zuen ezer esan, ez baitzien ezertan lagundu nahi itsasoko gaizkile haiei; alabaina, txoko batean dardarka zegoen agure konkortu hari galdezka hasi eta, zimitarrarekin mehatxu handirik egin beharrik gabe, azkar asko jakin zuen Bizargorrik dama gazte hura ez zela ez edozein, ezpada Veneziako Dogoaren alaba. –Eta horrez gainera Dalmaziako printzearen erraina, bere seme bakar Simeonen andrea –jarraitu zuen azaltzen Otto kontakatiluak. –Kontxo, kontxo –esan zuen Bizargorrik, begietan bizipozaren distira zuela. Izan ere, itsasontzi bat abordatzean, irabazpideetako bat izaten zen bertako aberastasun eta altxorrak lapurtzea; beste bat izaten zen, ontzian bidaiari ospetsu eta aberatsen bat joanez gero, hura bahitzea eta berriz aske uzteko familiari diru-sari bat eskatzea, hau da, erreskatea. Veneziako Dogoaren alaba izanda, ez zegoen dudarik, barku bat, bi edo hamar lapurtuta ere baino dirutza oparoagoa atera ahalko zutela neskatxa haren trukean. –Marinelak utzi itzazue bizirik –esan zion Bizargorrik laguntzaileari–, txalupa koxkor batean eta ur pixka batekin, lehorrera iristeko moduan. –Eta ontzia? Egoera onean dago; geurekin eramango dugu? –Ez: bidali urpera, lasterka aldegin behar baitugu, gure altxor preziatuena babespean gordetzera. Altxor preziatu hark ez zekien zer plan zeukaten berarentzat

MATTIN

pentsatua; marinel dalmaziarrengandik bereizi nahi izan zutenean aurre egin zien itsaslapurrei, haien beldur ez balitz bezala, eta besoetatik heldu ziotenean ostikoka eta hozka eraso zien. –Utzi, nazkagarri alaenak! –Hori da katemea, hori! –esan zuen Bizargorrik. –Utzi bakean! Zer nahi duzue nitaz? –Zu ondo zaindu, besterik ez –bota zuen barrezka piraten buruak, eta bere gizonei gero–: Ea, jaitsi itzazue marinel horiek, bagoaz eta.

–Eta ni? –galdetu zuen Ottok, ixkina batean kuxkurturik. Eskribau zaharrarekin ahazturik zeuden piratak; bat-batean ohartu, eta barreari eman zioten. –Zer egingo diogu? –Uretara botako dugu! –Ez, mesedez, ez! —Ottok intzirika. –Bai horixe. Arrainentzako bazka izan dadila. Algara artean, beso eta hanketatik hartu zuten agurea, kareletik behera botatzeko. Azken unean, ordea, Bizargorrik geldiarazi zituen.

–Geldi! –esan zien–. Geurekin eramango dugu. Beharbada zerbaitetarako balioko digu. –Mila esker, jauna! Zure esanetara naukazu, jauna! Agindu besterik ez daukazu, jauna!... Bizargorrik ez zion jaramonik egiten, ordurako ontzi-zubira igo eta abiatzeko maniobretara itzulita. Dalmaziarrak lehorrera bidali zituzten, txalupatxo batean, Split eta Veneziako jaunei Chiararen bahiketaren berri eman ziezaieten. Eta Chiara, berriz, Ottorekin batean pirata berberiarren itsasontziko txoko batean.

–Nazkagarria halakoa! –esan zion Chiarak Ottori–. Pirata zikin horren oinak milikatzea besterik ez zitzaizun falta. Eta agindu balizu, gustura egingo zenuen. –Gazteak oso ausartak izaten zarete, hori da zuen dohainetako bat, baina urteak bete ahala konturatzen zara bizitzea bera dela dohain handiena. Horra elkarren ondoan mespretxua eta mirespena, ederraren harrokeria eta agurearen umiliazioa, piraten kutixiaz bidaia hartako bidelagun bihurtuta.

30 berria 2008ko abuztuaren 20a, asteazkena

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Portuko hots, kolore eta usainak (XVII)

A

ljerko hiria zuen Bizargorrik bere gordeleku nagusia, eta Aljerko portura bideratu zuen itsasontzia. Haizea aldeko zuela eta xaxatuko zuen areriorik gabe, ziztuan egin zuen etxerainoko bidea, Chiarak erreskatatuko zuen ontziren batekin amets egiten zuen bitartean, alferrik egin ere. Lapurzulo zikin eta satsu bat espero zuen neska veneziarrak, kristau-herrietatik kanpo ez zibilizaziorik ez gizatasunik ez zegoelakoan, eta ezustean harrapatu zuen Aljerko portuak: hango arrantzaleak, merkatariak, kortsarioak eta soldaduak; batel koxkorrak, belaontzi ertainak eta karabela handiak; zamaketari eta garraiolariak, astoak eta gameluak, oihalak eta barazkiak, okela eta espeziak, egurrezko altzariak eta altzairuzko ezpatak, saltzaileen deiadarrak eta muezinen otoitzerako deiak… Era guztietako hots, kolore eta usainak nahasten ziren barku eta kaien artean, portuari halako bizitasun bat eransten ziotenak. Bizargorriren ontzia, gainera, ez zen bat gehiago; hango nagusia ez zen edozein, denek baitzeukaten harentzako hitz gozo bat, agur bero bat, eskari bat, esker emate bat, halakoren goraintziak, bestearen eskumuinak… Veneziako Dogo handia balitz bezala iraileko Estropada Handiaren egunean –pentsatu zuen Chiarak–, baina Veneziatik urruti, hala ere. Bizargorrik, berriz, errege baten maiestate eta dotoreziaz agurtzen zituen hango herritarrak, eta menturazale baten lotsagabekeriaz erantzuten zien haien zirto eta erronkei. Ikusten eta entzuten zituen gauzekin aho-zabalik zegoen Chiara, baina ondo gordean zeukan bere harridura, ez baitzuen inondik ere nahi pirata malapartatu hura –beraren bahitzailea eta ondasunen lapurra– konturatzea halako txundidura eragin zionik. Pirata malapartatua, aldiz, ez zegoen bere bahituarekin ahazturik. –Ongi etorri Aljerrera, andere xarmanta. Ez da munduan porturik, Istanbul salbu agian, honen giroa gaindituko duenik. –Ez zara inoiz Venezian izan, bistan da –Chiarak, harro eta zurrun. –Joan behar dut egun hauetako batean, edertasun ugari dagoela

MATTIN

esan baitidate. Baina nago, Veneziako perlarik ederrena Aljerrera ekarri berri dugula. Chiarak nekez eutsi zion irribarreari, eta behin eta berriz errepikatu behar izan zion bere buruari: «Pirata bat da, mairu zikina, lapurra eta hiltzailea, paganoa eta bahitzailea…». Eta hala ere, ezin

ukatu bazuela erakarpen moduko bat, ozarkeriaren xarma edo… –Nire aitak bahiketa honen berri jakindakoan, hona etorri eta belarrietatik zintzilik edukiko zaitu, erori arte. –Kontxo! Gogoan hartuko dut teknika hori, baten bati ezartzeko. Dena dela, zure aita eta bere la-

gunak makina bat aldiz saiatu dira Aljer hartzen, eta lehen ezin izan bazuten, orain ere ez dut uste lortuko dutenik. –Ikusiko dugu. –Bai noski. Bitartean, baina, utz iezadazu gure abegi ona erakusten. Anfitrioi on bati dagokion moduan hiriko edertasunak

erakutsi behar nizkizuke, baina oraingoz ezinezkoa egingo zait: Karlos enperadorea egoskortuta dabil eta itsasoko parte honetan nork agintzen duen irakatsi beharko diot. Hala ere, geure etxean hartuko zaitugu, eta gonbidatu goren bati dagokion tratua emango.

30 berria 2008ko abuztuaren 21a, osteguna

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Urrezko kaiola (XVIII)

B

izargorrik bere etxera eraman zuen Chiara, bai: jauregi eder eta ikusgarri bat zen hura, hiria menderatzen zuen muino batean eraikia, Aljer osoa ez ezik itsasoaren zabala ere begi-bistan zeukala. Kanpotik, gaztelu gotor baten defentsarako tramankulu eta zirrikitu guztiak zituen; barrutik, berriz, atsedenerako eta atseginerako finezia guztiez horniturik zegoen: gela zabal eta erosoak, patio eta lorategi abegikorrak, beren iturri-hots etengabe eta lasaigarriarekin, han-hemen txoko misteriotsu eta iradokorrak… Ametsezko bizitokia izan zitekeen hura, baina Chiararentzat ez zen hala izango; ezin, bere borondatearen kontra edukiko baitzuten bertan itxita. Aljer osoa presondegi bat zen europar kristau bahituarentzat, handik ez baitzeukan inora joaterik; haren barruan, Bizargorriren gaztelua espetxe gotortu bat zen, mila sarrailaz eta beste hainbat giltzarrapoz hornitua, bertako zaindarien begipean uneoro, ihesa pentsaezin bihurtzeraino; gazteluaren barruan, baina, kartzelaren barneko kartzela bat zegoen, luxu eta edergailu guztiez jantzia, urrezko kaiola benetakoa: Bizargorriren Harena, hain zuzen ere. –Hemen biziko zara –esan zion Bizargorrik Chiarari, mila areto igaro ondotik hara iristean. –Hemen dago nire ziega, beraz. –Zure ziega? Gaztelu osoko lekurik ederrena da. Bertan bizi dira nire emazteak eta seme-alabak, eta zure kondizio goitarrari egiten diodan ohorea da, nire familiaren gonbidatua izatea. Behar duzun guztia eskatu, ez zaizu ezer ukatuko eta. –Askatasuna salbu… –Guztion askatasunak ditu bere mugak. Oroitu Adan eta Evaren historia, Edengo baratzean. Hitz horiek esanda, atea ireki zuen Bizargorrik, Chiara sar zedin, eta gero bere zereginetara itzuli zen Aljerko buruzagi pirata, neska gaztea Harenaren barruan utzita. Gaztaroko bere irakurketetan eta lagunekin izaten zituen solasaldietan behin baino gehiagotan agertu izan ziren Harenak: Damaskon Saladinok omen zuena, Kordobako kalifarena, Istanbul, Bagdad edo Samarkan-

MATTIN

dako jauntxoenak… Zehaztasun handirik gabeko tokiak ziren beren irudimenak eraikitakoak, baina lekua lanbro artean galdu arren gizonezkoen likiskerien gertaleku gisa imajinatu ohi zuten, haragiaren irritsak asetzeko zoko ustel eta lizuna. Horren ordez, leku lasai eta argitsu bat aurkitu zuen Chiarak. Bizargorrik emanak izango zituen bere aginduak, neskame bat etorri baitzitzaion berehala veneziarrari: –Monika nauzu, napolitarra, eta hemendik aurrera zure zerbitzura naukazu. Chiarak bat-bateko poza sentitu zuen, leku urrun hartan herri-

tar bat topatuta; penintsulako beste puntakoa, baina italiarra azken batean; aldi berean, baina, atsekabe moduko batek ilundu zion gogoa, neskatila hura esklaboa izango zela ulertu baitzuen: «Eta neuk ere Hareneko zerbitzari-lanetan bukatu beharko banu, neure etxetik betiko urrunduta?». Monikak azaldu zion nolakoak ziren egoitza hartako bizimodua, ohiturak eta antolamendua. –Hemen gure jaunaren emazteak bizi dira, lau guztira, beren seme-alaba txikiekin. Jaunaren ama ere bertan bizi da, eta horiek dira hemen agintzen dutenak; legezko emazteez kanpo badira

ohaide batzuk ere, baina horiek, umerik ez badute behintzat, gutxi agintzen dute. –Eta zu… ohaidea zara ala…? –galdetu zion Chiarak, lotsatuta. –Ez. Ni neskame bat naiz. Asko gaude: sukaldariak, gelazainak… denak emakumezkoak, bertan ezin baita gizonezkorik sartu, jauna salbu. –Eta sarreran ikusi ditudan horiek? –Eunukoak… –esan zuen Monikak, eta Chiararen keinua ikusita erantsi zuen–: Ez dakizu zer diren? –Ez. –Bere zerak… koskabiloak moztu zaizkien gizonezkoak.

Chiarak barregura eta beldurra sentitu zituen batera, bere baitan borrokan. –Hortaz, oherako, Bizargorri hori bakarrik izango dute emakume hauek denek… –Bai, baina aspaldian borroka latzetan dabil, Espainiako itsas armadarekin batik bat, eta gure jaunak ez du jolaserako asti askorik izaten. Dudarik ez, mundu berri eta desberdina zela hura berarentzat. –Gauza asko ikasi beharko dut oraindik. –Lasai –esan zion Monikak, eskutik goxo helduz–. Hemen naukazu ni, laguntzeko.

30 berria 2008ko abuztuaren 22a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Itsu-itsuan (XIX)

B

ien bitartean, zertan zen Otto maisua, Dalmaziako printzearen idazkaria, Chiararen miresle sekretua? Itsasora botatzeko zorian izan ziren pirata berberiarrak; bere garrasiei eta Bizargorriren errrukiari esker libratu zen arrainen bazka izatetik, baina Aljerren bere egoera ez zen askoz erosoagoa. Gazteluak bazituen lorategi argitsuak, arkitektura finenaz eraikiak, loreen eta iturrien amodio-solasei markorik egokiena eskaintzeko, baina bazituen halaber ziegarik ilunenak ere: han ez zen ez eguzki ez haize-izpirik sartzen, bai ordea lurraren hotza eta umela; harri gogorrean zulatutako gelaxka haietako batean sartu zuten Otto, ez azalpenik ez arrazoirik eman gabe, eta hantxe zeukaten agure gaixoa, bizitzea merezi ez zuen bizimodu hura gau eta egun madarikatuz, nahiz eta ilunpe hartan berak jakin ez noiz zen eguna eta noiz gaua. Hala ere, goseak eta hotzak egon arren, harri latzaren gainean atseden hartzeko jarrerarik topatu ezinda ere, nahiz eta arratoiak hara-hona ibili ogi apurren bat non atzemango, hala eta guztiz, Ottok bazuen dohain bat inork ezin kenduko ziona, bazuen ahalmen bat nekez galaraziko ziotena: bere ahotsa eta erretolika; izan ere, zulo hartan sartu zutenetik ekin eta ekin jardun zuen eskribauak, nekatu eta etsi gabe; noiz aginduka: «Aska nazazue berehala, askatzeko esan dizuet», noiz erreguka: «Mesedez, utzi hemendik ateratzen; jainkoarren, izan ezazue errukia agure gaixo honekin…». Kartzelazainak ohiturik zeuden presoen eskari eta kexuekin, eta ez zieten jaramonik egiten ez balakuei ez mehatxuei. Alabaina, pertsona orok ditu bere mugak, eta zaindari haiei ez zitzaien egundo egokitu halako gatibu gogaikarri eta nekagaitza. «Nire andere Chiararekin eraman nazazue» esan eta esan jardungo zuen egun batean; «Bizargorriri esaiozue hemen nagoela, eta hark aterako nau» errepikatuko zien hurrengoan. –Potroak aterako dizkik hiri Bizargorrik! Adarra jotzen zioten batzuetan, ez entzuna egin gehienetan, edo isiltzeko oihukatu besteetan; nolanahi dela, Otto ez zen isil-

MATTIN

tzen. Sistema zorrotzago eta eraginkorragoak probatu zituzten orduan. Mehatxu egin zioten, isiltzen ez bazen epelak emango zizkiotela; bestea isildu ez, eta ederki berotu zioten bizkarra; eta hala ere, berehala ekiten zion ostera ere, negar eta erosta, marmar eta protesta: –Jipoituta ere ez naiz isilduko: hemendik atera nahi dut! Ur hotza bota zioten, ur beroa, janik gabe utzi, urik gabe ere bai, baina zahar kaskailua ez zen hargatik isiltzen.

–Mihia moztuko al diogu? –proposatu zion kartzelazain batek besteari. –Horretarako, burua moztu eta bakea! –Hala ere, kapitainari galdetu beharko genioke, badaezpada. Kapitainari azaldu zioten nazka-nazka eginda zeudela preso harekin, gainerako espetxeratuak ere asaldatzen ari zirela, eta agure gogaikarri hura akabatzeko baimena eskatzen zutela. Kapitaina joan zen gatibua ikustera, eta galdetu zion:

–Zer nahi duzu? –Hemendik atera. –Hori ezin da. Bizargorriren aginduz zaude hemen preso. –Bizargorrirekin hitz egin nahi dut. Hark libratu ninduen heriotzatik, eta ez luke onartuko ni horrela edukitzerik. –Bizargorri kanpoan da, eta ezin dugu gogaitu horrelako txikikeriekin. –Ba, eraman nazazu nire andere Chiararengana. –Neska veneziarrarengana? –Horixe. Hura da nire nagusi,

eta haren zerbitzura egon behar dut nik. –Ziur zaude harengana joan nahi duzula? –galdetu zuen kapitainak irri maltzur batez. –Guztiz ziur. –Baina harekin egoteko baldintza zorrotzak bete behar dira. –Berdin zait. Denak onartzen ditut. –Badakizu ez dagoela atzerabueltarik? –Hala ere: itsu-itsuan. –Zeuk esan duzu. Egin bedi ba zure nahia. Itsu-itsuan.

36 berria 2008ko abuztuaren 23a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Haren pisua urregorritan (XX)

N

eska gatibua ondo zainduta utzi eta gero, bere zereginetara itzuli zen Bizargorri, ez baitziren gutxi. Karlos enperadorearen kontrakoa zuen borroka gogorrena; aldi berean, otomandarrei laguntzen zien, beren inperioa mendebalderantz zabaltzeko kanpainan; batera nahiz bestera, Mediterraneo osoa kontrolatu behar zuen bere barkuekin, armada etsaiaren ontziak urperatuz eta merkatarienak aldian behin lapurtuz, Chiararen ontziarekin egin berri zuen moduan. Chiara zela-eta, erreskate on bat lortzeko asmoa zuen: emakumearen etorkia zen horretarako berme nagusia, baina baita haren edertasuna eta argitasuna ere, guztia saltzen eta erosten den azokan pertsonaren prezioa handitu egiten baitzuen horrek. Nola bideratu negoziazioak ordea? Aitari ala senarrari eskatu behar zion erreskatea? Biei agian? Badaezpada, negozioak ikuspegi irekia eskatzen duela-eta, bai Split-era bai Veneziara bidali zituen mezulariak, neskatxa bahituaren berri emanez; hiri bietan jakinaren gainean egongo ziren ordurako, bizirik utzi zituzten marinelei esker, baina mezulariok konfirmazio ofiziala eramango zuten, nolabait ere, eta tratu egokia eginez gero neskatxa askatzeko prest zeudela jakinarazi. «Neska geuk daukagulako frogak eskatzen dituzte», jakinarazi zion mezulari batek handik gutxira, eta Bizargorrik Chiararen soineko dotoreenaren zati bana helarazi zuen Dalmaziara nahiz Veneziara. «Hau ez omen da nahikoa», jakinarazi zioten gero, eta orduan Bizargorrik Chiararen adats horailaren xerlo pare bat moztuarazi zuen, aitari eta senarrari igortzeko. «Ileak ere ez omen du frogatzen neska oraindik bizirik dagoenik», adierazi zioten hurrena. Bizargorrik, orduan, gutun bana idatzarazi zion Chiarari, aitarentzat zein senarrarentzat, osasunez ondo zegoela eta lehenbailehen itzuli nahiko lukeela esanez. Zer dela-eta hainbeste eskari eta hainbeste froga, pentsatu zuen Bizargorrik bere artean. Berak ez bazekien ere, egundoko mesfidantza zegoen Dalmazia eta

MATTIN

Veneziaren artean. Dogoak kosta ahala kosta nahi zuen bere alaba askatzea, baina iruditzen zitzaion, ezkondu zenez gero, senarraren familiak ere arduratu beharra zeukala, gutxienez erreskatearen erdia jarriz. Printzeak, berriz, onartzen zuen gastuak erdibana egite hori, eta zinez estimatzen zuen bere erraina, baina beldur zen, gertakari haren ondotik, semearen ezkontza ez ote zen

pikutara joango, eta, hortaz, bahiketa hartan jarritako dirua ez ote zen alferrik galduko; horregatik eskatzen zituen froga haiek guztiak. Bizargorrik, aldiz, ez zeukan presarik. Ondo zainduta zeukan bahitua, eta lehenxeago edo geroxeago ordaindu beharko zioten berak eskatutakoa. Gainera, hasieran salneurria zehaztu gabe bazeukan ere, mezularien joan-

etorri haiek guztiak zirela-eta, prezio guztiz garesti bat ezartzea erabaki zuen: neskaren pisua urregorritan. –Ez al da gehitxo izango? –galdetu zion bere aholkularietako batek. –Horixe da ba prezioa, neskatxa berriro ikusiko badute. –Baina horrek atzeratu egingo ditu negoziazioak. Bizargorrik bere baitan pen-

tsatzen zuen hori guztia balio zuela Chiarak. Eta erreskatea atzeratzen bazen, hobeto: horrek aukera emango zion emakumearekin berriro hitz egiteko. Oraindik gogoan zeukan harekin izandako solasaldia, neskaren jenio bizia, aurpegi sumindua… eta kilika antzeko bat pizten zion oroitzapen hark. Ez, ez zitzaion axola kontua pixka bat atzeratzea.

30 berria 2008ko abuztuaren 24a, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Emakume eder pila izango duzu inguruan (XXI)

E

z zuen usteko Otto gizajoak, bere andere Chiararengana joateko eskatu zuenean, eunuko bihurturik iritsiko zenik Bizargorriren Harenera. Zauriak artean ondo sendatu gabe iritsi ere. Ebakuntza ere ez baitzen fineziaz eta samurtasunez egina izan. Lau kartzelazainen artean hartuta, harrizko mahai batean etzan zuten, eta esku-oinak burdinazko zirgiloetan lotu. Tortura-mota guztietarako aproposa zen ohe hartan etzanarazi ondoren, agurearen oihu eta protestei entzungor, arropa guztiak tiraka zartatu eta erauzi zizkioten; gero, listari fin eta gogor batez barrabilak estu lotu zizkioten, odolusterik izan ez zedin. Ottoren alarauak lehen baino ozenagoak bihurtu ziren, bai soka hark, non eta bere intimitatearen muinean, ematen zion minagatik, bai ondoren gerta zitekeenaren beldurragatik, artean ez baitzekien zer etorriko zen, berarekin jolasean zebiltzala uste zuen, preso koitadu bat zirikatzen eta izorratzen, denbora-pasa hoberik ezean. Horregatik, kapitainaren gerritik labana makur eta zorrotz hura ateratzen ikusi zuenean, eta labana gero zuzi baten garretan berotzen eta goritzen, eskribauaren orroak eta makakorroak durduzagarriak egin ziren; zaindariek gustura estaliko zituzten belarriak, baina agurearen beso-hankei heldu behar zieten, eskumutur eta orkatilak loturik izan arren gorputz osoa dardara batean mugitzen baitzuen, garrasi egiteari utzi gabe. –Tapa iezaiozue ahoa, bestela erotu egingo gaitu-eta –esan zuen kapitainak. Ahoa tapatu zioten, lehentxeago berak jantzirik zeramatzan piltzarrekin, eta ondoren kapitainak, labana presoaren gorputz ikarati baina mutu hartara hurbilduz, listariak korapilo estuan lotutako potroen zorroa zazt!, ebaki garbi batez bereizi zuen gainerako soin-ataletatik. –Kitto! Orain bai, eramango zaitugu zeure andere horrengana –bota zuen kapitainak, bere kideen barre-algaren artean. Oinazez dardarka eta amorrazioz astinduka ari zen gorputza

MATTIN

bere hartan utzi zuten, harrizko mahai gainean estekaturik, zauritik odol gehiegi isur ez zezan begiratuz aldian behin, harik eta, nekeak eta umiliazioak menderaturik, apurka-apurka baretu zen arte. Orduan, lehengo bere arropa zartatuen ordez burutik oinetarainoko txilaba zahar bat eman zioten, eta besterik gabe emakumeen Harenera bidali, hankak zabalduta, ia ibiltzeko gauza ez zela. –Ezin kexatuko zara: egundoko emakume eder pila izango duzu

orain inguruan –adarra jo zion zaindarietako batek. Ottok ez zuen erantzun; entzun zuenik ere ezin esan, begirada galdurik eta ahoa erdi zabaldurik, inguratzen zuen errealitatetik isolatua baitzirudien. –Eta, zure zerak erabili ezingo dituzula-eta, ez zaitez arranguratu: zure adinean, zer zerbitzu egingo zizuten ba? –jarraitu zuen beste batek. Bere sorgortasun hartan bildurik zihoan Otto, hanka-txabal eta pauso baldarrean, bere borreroak

madarikatzeko ere ezindua. Orduan, baina, zaindarietako bat, harrizko mahaiari loturik eduki zutenetakoa, hurbildu zitzaion eta kutxatxo bat paratu zion aurrean. –Hau zurea da –esan zion, ordura arteko txantxa-airea albo batera utzita, bat-bateko seriotasunez. Ottok ez zuen hasieran ulertu. Gizonak keinua errepikatu zion, kutxatxoa har zezan, beretzat zela-eta. Agureak besoak luzatu, geldi-geldi, eta eskutan hartu

zuen egurrezko ontziñoa, zizelez egindako hainbat apaindura zituena. Oraindik jakin ez arren, irudi luke barruntatzen zuela barruan zer zegoen. Lehengo izuak adina oraingo hunkidurak eraginda, hatz dardartiz altxatu zuen tapa zizelkatua, haragi puska ximurtu, ustel itxurako eta nardagarri bat ikusteko; eta, bere gizontasunaren seinaletzat edukitako gorputz-zati erauzi haren bistan, inongo hitzik gabe, malko lodi bi irristatu ziren agurearen masail zimeletan behera.

38 berria 2008ko abuztuaren 26a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Emazte guztien lagun kutuna (XXII)

H

arenean sartu zenean, hain errukarri batetik eta hain barregarri bestetik, gupidaz eta penaz hartu zuten batzuek agurea, irriz eta txaloz bestetzuek. Gainontzeko eunuko zaindariek hartu zuten berehala beren babespean, haren zoritxarrean berea ikusten zutelako-edo, nahiz haiek mutikotan jasan anputazio murrizgarri hori, gizontasunaren galera zer ote zen sumatzen hasi baino lehen, eta Ottok berriz zahartzaroan, zintzilikario haien funtzio praktikoa galdu eta gero. Nolanahi ere, beti da mingarria eta bidegabekoa inoren apetaz norberaren gorputza horrela zauritzea eta mutilatzea. Chiarak, hasieran, txantxatzat hartu zuen, inguruko neska gazte batzuek ere irri egiten zutelako eta bere ezkontzako engainuaren partaide izandako agure lerdejarioa jasangaitza zitzaiolako. Alabaina, handik gutxira, hartarako gertakari berezirik izan ez zen arren, aldatu egin zen emakumearen sentimendua, eta erruki onbera batez begiratzen zion halako gutun eder eta pasioz beteak idatzi zizkion hari. –Otto gaixoa! Zerbait egin dezaket zure alde? –esan zion, eskuaz eskua hartzen ziola. –Honezkero ezer gutxi, baina estimatzen dizut intentzioa –bestearen eskua bereaz estutzen zuela. Harrezkero, bolada batean, gorabehera handirik gabe joan zen haien bizitza, Hareneko iturriko ura bezain gozo eta soraio, itxura batean. Ez zitzaien falta jan-edanik, hango lorategiak zituzten begien gozagarri, negua ez zen batere zakarra Aljerren, eta itsas haizeak euria zekarrenean beren areto dotoreetan biltzen ziren, kuxin eta lumatx artean etzanda xakean edo beste zernahi jokotan aritzeko. Hango emakumeen arazoa, izatekotan, denbora zer edo zertan ematea izaten zen: neskame eta sukaldariek bazuten nahikoa buruhauste besteen beharrak asetzen, baina Bizargorriren emazte eta ohaideek zer egin zezaketen beren senar eta gizona ez zetorrenean? Seme-alaba txikiak zituztenak haien hazkuntzaz arduratzen ziren, baina hortik kanpo, beste zereginik ezean, marmarrean eta kontu kontari ematen zuten eguna, bata besteaz gaizki esaka.

MATTIN

Chiara bihurtu zen bat-batean Hareneko emazte printzipal haien guztien lagun kutuna. Bahitua zenez, ez zen Bizargorriren gutizietarako ehizakia, eta horrenbestez ez zuten areriotzat jotzen; aldi berean, Venezia bezalako herri urrun eta aberats bateko jauregiko alaba zenez, halako jakin-min bat pizten zien, kristauherri arrotzetako ohiturei buruz: nola apaintzen ziren han damak, nola janzten eta orrazten ziren, zer zuten hango gizonezkoek gogoko… Horrez gainera, Chiarak ezer esan ez zuen arren, aste haietan nabarmen geratu zen, guztien begi bistan, neskaren egoera berezia: –Haurdun zaude eta! –esan zion pozarren Bizargorriren amak, Hareneko biztanleen arteko buruzagiak.

Denak hasi zitzaizkion galdezka: noiztik, nola, norekin… eta Chiarak bere bizitzaren berri eman zien, apur bat ederturik, hala ere: Ottok idatzitako gutun sutsu haiek guztiak benetan Simeonek idatzi balitu bezala; Veneziatik Spliterako itsasaldiko lehen gaua amodiozko mozkorraldi bat izan balitz bezala, egiazki izan zen frustrazio etsigarriaren ordez; bere ezkonbizitza esne-mamitan igaro balu bezala, eta ez zaputzaldi iraunkor batean. «Azken batean –pentsatu zuen Chiarak–, hauek nire bahitzaileak dira: izan dezatela beren gaiztakeriaren kontzientzia». Emakume haiek guztiek, baina, kontzientzia txarrez ez baizik adurretan entzuten zioten, begiak diz-diz eta belarriak erne, eta bat-batean bere iritzia aldatu

egin zuen Chiarak: «Bahitzaileak ez: emakume hauek ere beren senarraren preso eta bahituak dira, etxe honetatik atera ezin direla, eta horregatik dute halako gogoa istorio sentimental eta erromantikoak aditzeko». Izan ere, lehendik ere halako interes bat zuten arren, harrezkero egiazko lehia sortu zen emazteen artean, Bizargorri bera falta zutenez gero, Veneziako neskaren begikotasuna nork erdietsiko. Chiara, berriz, denekin zen adeitsua eta atsegina, barren onekoa eta ongi hezia zenez gero, baina ez zuen inorekin adiskidetasun mamirik lotu, ez zion inori bere bihotzik zabaldu, hala eginez gero bere asmo ezkutua azaldu beharko baitzion. Zein zen bada Chiararen asmo ezkutu hori? Bizargorriren es-

kuetan erori zenez geroztik hasi zen horretaz pentsatzen, baina Harenean eman zuen aldi hartan gero eta garbiago ikusten zuen: ihes egin nahi zuen gaztelu hartatik, ihes pirata berberiarren atzaparretatik, eta ihes halaber emakumeak nahieran erabiltzen dituzten gizonezkoengandik. Nora? Ez zekien. Nola? Are gutxiago. Baina garbi zeukan handik ihes egin nahi zuela, aitaren edo senarraren erreskateari itxaron gabe; izan ere, aitaren edo senarraren eskuetan geratzea ez baitzitzaion iruditzen, inola ere, askatasunera itzultzea; bestela pentsatuko zukeen hilabete batzuk lehenago, amodiozko eskutitz aizun batzuekin barrena urtzen zitzaion garaian, baina ez orain, ezagutu zituenak ezagutu eta gero.

38 berria 2008ko abuztuaren 27a, asteazkena

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Zer nahi zenuke, ispilu horren truke? (XXIII)

K

onplizeak behar zituen beste ezer baino lehen ihesaldi bat antolatzeko. Nor zegoen prest bere bizia arriskatzeko etorkizun ziurrik gabeko abentura batean? Otto gaixoa seguru asko, baina zertan lagunduko zion agure ezindu batek? Monika zuen hurrengo aukera, eta napolitarrari bere plana azaldu zionean, pozez adinako beldurrez hartu zuen neskatxak asmo hura. –Ezinezkoa da baina! –Hemen jarraitzea da niretzat ezinezkoa. –Hala ere, Harenetik ateratzea lortuta ere, berehala harrapatuko gintuzkete. –Hamar aldiz harrapatuta ere, hamaikagarrenez saiatuko nintzateke ni hanka egiten. –Zu bai, erreskate baterako bahi zaren aldetik. Baina ni, lehenbiziko saiakeran akabatuko nindukete, tormentu izugarriak jasanarazita, gainera. Chiarak ez zuen ordura arte horretaz pentsatu, eta arrazoia eman behar Monikari, berak baino gehiago galdu zezakeen ahaleginean. Beste laguntzaile bat bilatu bitartean hura bakean uztea erabaki zuen, baina, Chiararen ustekaberako, neskatxa napolitarra bera etorri zitzaion handik gutxira, kontu horrekin: –Beharbada posible izan liteke ihes egitea. –Baina… bizia galdu dezakezula jakinda ere…? –Betiko giltzapean bizitzea ez da bizitzea. –Hortaz, ihesean lagunduko didazu? –Zaila da baina… nik ere libre izan nahiko nuke, egun batzuetan bada ere. Ondoren, Hareneko gainerako biztanleen isilean azaldu zion Monikak, han eta hemen entzun zuenez, Orango hirian kristauak zirela nagusi, Karlos enperadorearen lagunak, eta hara iritsiz gero aske izango zirela, noranahi joateko. –Non dago Oran? –galdetu zion Chiarak. –Hemendik mendebaldera, itsasertzetik jarraituta, astebeteko bidean, gamelu on batzuetan joanez gero. Horra ihesleku balizko bat, nora joan; horraino iristeko, ordea, beste hari anitz lotu behar ziren, beste korapilo ugari askatu: nola aterako ziren gaztelutik, nork edukiko zituen kanpoan zain

MATTIN

haientzako gameluak, nola irtengo ziren Aljergo hiritik, nork gidatuko zituen bide nahiz basamortuetatik Oraneraino… galdera franko, eta haientzako erantzunik ez, ez Monikak, ez Chiarak. –Lasai: erabaki irmoa baldin badugu, asmatuko dugu modua –esan zion Chiarak lagunari. –Hain erraza balitz… Sekula ez dut entzun inork hemendik ihes egin duenik. –Orain arte gu giltzapetu ez gaituztelako. Barreari eman zioten, eta emakume bien barreak besteen arreta erakarri zuenez, hitz beste egin zuten, inoren susmorik ez pizte-

ko. Izango zuten aurrerantzean ere kontu hartaz gehiagotan jarduteko aukera. Ezustean sumatu zuen Chiarak nondik etor zitekeen laguntza. Splitetik Veneziara zihoan itsasontziko diruak eta baliozko gauzak beretzat hartu zituzten piratek, ohi den moduan, baina Bizargorrik agindu zuen bahitu veneziarraren gauzak neskaren eskuetan uzteko Aljerrera iritsitakoan. Hala, Harenean bere soineko, oinetako eta bitxiak zeuzkan berekin Chiarak, ez denak baina bai bidaia hartarako hartu zituenak, bi kutxatan sartuak. Pitxi eta janzki hauek emakume aljeriarren ja-

kin-mina eragiten zuten oro har, desberdinak zirelako besterik gabe, baina ez zuten pizten egundoko bekaitzik ere, Aljerren lor zitezkeenak (bertan sortuak nahiz urrutiko herrietatik ekarriak: Samarkanda, Korinto, Basora edo Medina) haiek bezain politak izaten baitziren, politagoak ez baziren. Bazen, hala ere, Chiararen kutxetan gauzatxo bat, Hareneko emakume guztien irrika eta inbidia pizten zituena: ispilutxo biribil bat, zilarrezko marko batean sartua. Izan ere, urrea nahiz zilarra ezagunak ziren Islamean zein kristau-herrietan, baina ispilua,

ai!, kristalezko ispilu guztiz gardenaren teknika Veneziako artisauek deskubritu zuten, eta altxor preziatuenaren gisa gordetzen zuten sekretua. Hortaz, gutxi ziren munduan barrena ikus zitezkeen ispiluak, eta denak Veneziako lantegietan sortuak. Horra, beraz, zergatik zabaltzen zituzten denek begiak objektu hura ikustean, zergatik begiratzen zioten beldurrez bezainbateko mirespenez, eta horra zergatik etorri zitzaion behin Bizargorriren emazteetako bat eta belarrira esan, beste inork ez entzuteko moduan: –Zer nahi zenuke, ispilu horren truke?

40 berria 2008ko abuztuaren 28a, osteguna

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Arerioak konplize (XXIV)

F

atima zen emakume hura, Bizargorriren lau emazte legezkoetatik gazteena. Hareneko hierarkian Bizargorriren ama eta beste hiru emazteak zituen aurretik, baina bazuen abantaila bat haien aldean: gazteagoa eta ederragoa zen aldetik, bera zen senarraren emakume kuttuna ohe-jolasetarako; hobeto esanda, bera izan zen, zuela hilabete gutxi batzuk arte: haur bat izan berri zuen, eta haurdunaldiaren azken hilabeteetan beste ohelagun batzuk bilatu zituen Bizargorrik; hori ez zen harrigarria berez: Fatimari mingarriagoa egin zitzaion ikustea nola, haurra izan eta gero, palazioko kontuetan inportantzia irabazi zuen arren, senarraren ohean betiko galdu zuen, itxuraz, noizbait izandako lekua. Bera baino emazte zaharragoak lehendik ere igaroak ziren esperientzia horretatik, eta halako sentimendu gazi-gozo batez begiratzen zioten Fatima koitaduari: penaz eta errukiz, batetik, haiek ere samintasun hura gogoratzen zutelako; mendekuz eta burlaz, bestetik, neska polit haren behialako harrokeria apaldu egingo zela sumatzen zutelako. Fatimak, baina, ez zuen etsi nahi: senarraren oniritzia berreskuratu nahi zuen, ohaide bargasta haiek baztertu eta beregana itzul zedin, lehen bezala. Horregatik nahi zuen Chiararen ispilua: bere burua bertan ikusi eta behar bezala apaintzeko, Haren osoko emakume ederrena eta desiragarriena izatearren, eta horregatik egin zion veneziarrari isilkako eskaintza hura: «Zer nahi zenuke, ispilu horren truke?». Zuhurgabekeria larria zatekeen konfiantza osokoa ez zen inori bere asmoen berri kontatzea, ondo asko zekien Chiarak hori, baina arriskatu ezean ez zeukan inongo aukerarik; beraz, izukaitzaren ausardiaz jokatuz, eta Fatimak bezala isilpean hitz eginez, halaxe erantzun zion: –Gamelu batzuk gazteluaren atean, gauez ihes egiteko. Lehenengo aldiz entzun zuenean, txantxatzat hartu zuen Fatimak eta ez entzunarena egin zion. Handik gutxira, ispilua eskuratzeko temarekin jarraitzen baitzuen, lehengo eskaintza berritu zion («zer nahi zenuke…»), lehengo erantzuna jaso zuen ordainetan («gamelu batzuk…»), eta or-

MATTIN

duan hasi zen pentsatzen benetan ari zela veneziarra. Benetan nahiz txantxetan, Fatimak ez zuen hari laguntzeko inolako asmorik, Bizargorrik jakinez gero beldurgarria izango baitzen haren zigorra, ez zuen pentsatu ere ere egin nahi horretan. Egun batzuk igarotakoan, ordea, berriro etorri zitzaion burutapen hori gogora, uste ez zuen alderdi batetik etorri ere: Bere gudaldi, lapurreta edo itsas operazioetatik itzulita, Harena bisitatu zuen egun haietako batean Bizargorrik. Ama eta emazteak agurtu zituen, bananbanan, denentzat izan zuen hitz goxo bat, baita laztan bat bere ume txikientzat ere; familia osoa

agurtu ondoren, Fatimak esperantzatxo bat gordetzen zuen arren, azken ohaideetako bat hautatu zuen loaldia goxatzeko; gero, berriz, kuluxkatik jaiki zenean, bahitutako neskaz galdetu zuen, eta harekin egon zen puska batean hizketan. Fatima urrunegi zegoen zer zioten entzuteko, baina ondo asko ikusten zuen Bizargorriren aurpegia, eta haren begien erlantzean argi ezagutu zuen desiraren dirdira, gizonezkoek oro har eta Bizargorrik bereziki emakume batenganako irritsa sentitzean begi-ninietan izaten zuten ñir-ñir nahastezin hori. Ikuskizun horren aurrean zerbait egin behar zuela erabaki zuen Fatimak, eta azkar gainera:

Bizargorri ohiturik zegoen nahi zuena lortzen eta bere gutiziak asetzen ohitutako gizona zen, zer esanik ez emakumezkoei zegokienez; azken aldiko ohaide gaztetxoez aspertuko zen itxaropena gordetzen zuen Fatimak, baina, haien ondotik veneziarrarengana joaten baldin bazen, akabo senarra atzera bereganatzeko esperantzak oro; beraz, aukera hori errotik moztu behar zuen, haziari ernetzen utzi baino lehen. –Zer nahi zenuke, ispilu horren truke? –galdetu zion berriz ere Fatimak, eta espero zuen erantzuna jaso zuen ostera: –Gamelu batzuk gazteluaren atean, gauez ihes egiteko. Irribarre egin zioten elkarri, ki-

detasunezko begiratu batez, baina arrazoi diferenteengatik egiten zuten irribarre: Chiarak uste zuen aurkitu zuela azkenean palaziotik ihes egiten lagunduko zion konplize ahaltsua, ispilu baten truke; Fatimak pentsatzen zuen gutxi axola zitzaiola horrezkero ispilua: neska arrotz hura Harenetik urrun nahi zuen, eta aurki urrun izango zen betiko; ihes egitea lortzen bazuen, bere herrira itzuliko zen eta ez zuten gehiago ikusiko; espero zuen bezala harrapatzen baldin bazuten, berriz, herio-zigorra ezarriko ziotelakoan zegoen, iheslari guztiei egiten zieten moduan, eta ez zuen veneziarraz arduratu beharko, sekula.

38 berria 2008ko abuztuaren 29a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Samurtuko dut neskamotz hau (XXV)

D

esiraren irritsa ote zen benetan Bizargorriren begietan dir-dir egiten zuena Chiararekin mintzatzean? Sentipen kontrajarrien nahas-mahasa, gehiago. Atsedentxo baten bila jo zuen egun hartan Harenera, bere eginkizun larrien artean tarte bat horretarako eginda. Behar zuen, gizonezkoen mundu gogorretik emeen txoko emera igaro, burdinaren kolpe zorrotzetik baratzeko laztanen leunera; urrearen gosetik larruaren asera; ez zen sexua bakarrik: hori baino gehiago zen laxotasun baten nahia, berba gozoak, tearen patxada, palmondoen geriza, iturriaren marmara, bere arduretatik kanpoko solas txoroek itzultzen zioten gizatasun osoago hura. Estatu-gizona erne zegoen beti, ordea, baita andre-aldra haren berbaroaren erdian ere; haien berriketen artean entzun baitzuen neska veneziarraren berri ona: hezurberriturik zegoela, alegia. Bizargorrik ia itxia zuen ordurako Dalmazia eta Veneziako agintariekiko tratua: onartua zuten neskaren pisua urregorritan ematea, eta xehetsunak lotzea falta zitzaien orain: non eta noiz ordaindu erreskatea, non eta noiz askatu bahitua. Chiarari horren guztiaren berri ematera zetorren, besteak beste, Bizargorri. Alabaina, haurdunaldiaren berri entzun zuenean jirabiraka hasi zitzaion gogoa: «Haurdun baldin badago gizendu egingo da, gizentzen bada pisuarekin batera igo beharko da urre-kopurua… baina, pixka batean itxaronez gero, neska erdituko da, eta bahitu baten ordez bi izango ditut, bigarrena Veneziako Dogoaren iloba eta Dalmaziako printzearen ondorengoa, mutila izanez gero erresumaren aginte-makila har lezakeena, gainera…». Negozio handi baten aukera zen hura, eta berriro abiaraziko zuen negoziazioa, Veneziako eta Dalmaziako agintariak ernegatu arren. Horra, Bizargorriren begietako erluz eta ñir-ñir haren zergati nagusia, baina ez bakarra. Chiararekin mintzatzen zen bitartean, aspaldian bere emazteetako batzuekin izandako sentipen bat berritu zitzaion, hots, haurdunaldiaren lehen parteak, sabela sobera puztu aurrekoak, are ederrago bilakatzen zituela emakume batzuk: distiratsuagoa

MATTIN

zuen azala, gozoagoa begirada, mardulagoa bularra, guriagoa ukondo eta besoetako haragia… gainerako gorputz-atalak estaliak zeramatzan, eta ezin beraz iritzirik eman. –Ondo zaintzen al dute nire gonbidatu berezia? –galdetu zion piratak veneziarrari. –Bahitu bat zaindu daitekeen bezain ondo, eskerrik asko. –Makina batek hartuko luke, halako leku batean bahiturik egotea. –Preso dagoenarentzat, bost axola askatasuna ez den beste guztia.

–Ez al da guztion ametsa, maite dugunaren bihotzean preso gelditzea? –Hemen ez dago nik maitatzeko inor. –Hori ere iritsi liteke ordea; ez duzu uste? –Lehenago ikusiko duzu kristauen gurutzea Aljerko gazteluaren gorenean. Halaxe segitu zuten, ziria hemendik eta zirtoa handik, inork amore eman gabe. «Neska gogorra da gero, baina halakoxeak gustatzen zaizkit niri –pentsatzen zuen bere artean Bizargorrik–. Lastima ezkonduta egotea, eta

bere senarrari itzuli behar izatea». Chiarak, berriz, bestelakoak zituen une horretako gogoetak: «Alferrik zabiltza zure harro plantekin liluratuko nauzula uste baduzu; zure mihi leunarekin, zure barku, gaztelu eta larderia guztiarekin». –Tira –agurtu zuen Bizargorrik, irria galdu gabe–. Joan beharra daukat, baina luze gabe elkar ikusiko dugu berriro. Ea ordurako gure etxe honetan laketzen hasita zauden. –Badakizu zer esan zuen Dante Alighieri idazle handiak, ezta?

–Zer? –Bizargorrik galde, neska jakintsuak ustekabean harrapatuta. –»Lasciate ogni speranza». Utzi alde batera esperantzak oro. «Kontxo, ez da samurra neskamotz hau. Baina samurtuko dut, samurtuko dudanez», pentsatu zuen Bizargorrik Harena uztean. «Zu berriz etortzerako hanka eginda egongo naiz ni. Ospa egingo dizu txoriak zure urrezko kaiola honetatik», esan zuen bere artean Chiarak. Horra lehia. Horra erronka. Nork irabaziko zuen apustua?

40 berria 2008ko abuztuaren 30a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Atera luma eta papera (XXVI)

D

esafio horien ezjakitun, Fatimak pentsatua zuen nola antolatu Chiararen ihesa, baita nork lagunduko zion ere. Harena zaintzen zuten eunukoen artean bazen mutil gazte bat, Ahmed zeritzana eta Fatimak betidanik ezagutzen zuena; izan ere, herri berekoak ziren biak, Aljertik hegoaldera zegoen herrixka batekoak, eta Ahmeden familia Fatimaren etxean zerbitzari egondakoa zen, belaunaldiz belaunaldi; horrek mutikoaren aurrean ematen zion nagusitasunaz baliatu zen Fatima, hura aparte hartu eta hala esateko: –Ahmed, mesedetxo bat egin behar didazu. –Esan, andrea, zure nahiak niretzat aginduak dira eta. –Zuk baduzu hemendik ateratzeko aukera, eta mezu bat eraman behar diozu nire neba Omarri. –Ez esan halakorik, andrea. Guztiz debekatuta daukagu. Gure jaun Bizargorrik jakiten badu… –Inork ez du jakingo. Mutikoa beldurtuta zegoen, baina Fatimak esan eta esan jarraitu zuen, Ahmedek amore eman zuen arte. Aterako zuen mezua Harenetik eta iritsaraziko zion Omarri, nola egingo zuen ongi ez bazekien ere. Elkarrizketa amaitu eta nor bere aldetik joan zen, Hareneko beste inor ohartu ez zelakoan. Norbait bai ordea. Otto bazter batean zegoen, beti egoten zen bezala, beste egitekorik gabe guztiari beha eta adi. Xaharra eta konkorra zelako barre egiten zioten Bizargorriren seme-alabek, baina haiek ere aspertu eta bakea ematen zioten azkenean. Orduan Otto txokora itzuliko zen, bere minak murduskatzera, bere ezinak marmarkatzera. Eta horretan zegoela, Fatima eta Ahmed sumatu zituen, lorategiaren ertz batean isilgordeka; ez zeukan entzuterik zertaz ari ziren, baina ikusi zuen papertxo bat eman ziola emakumeak morroiari, eta intereseko zerbait izan zitekeela sumatu zuen, agian probetxuren bat atera ahalko zuela, zehazki zer ez bazekien ere. Eunukoen ardura zen, Harena zaintzeaz gain, bertan behar zen guztia eskuratzea, kanpoko inor sartu edo barruko beste inork irten beharrik gabe. Haiek era-

MATTIN

maten zuten sukaldariek prestatu beharreko jan-edana, astean hainbat egunez, baita emakumeek erabiltzen zituzten oihalak eta perfumeak ere, aldian behin. Txandaka egiten zituzten erosketa haiek, orain batek hurrengoan

beste batek. Ahmeden txanda iritsi zen halako batean, eta Otto hurbildu zitzaion irtetera zihoala. –Zurekin noa –esan zion. Mutikoak ustekabean hartu zuen eskaintza hura, eta hark ezer esaterako agureak erantsi zuen–:

Gauzak ekartzen lagunduko dizut. Azokara joan behar zuten gurditxo batekin, datil, laranja eta bestelako fruten bila. Ahmedek bazekien azokako fruitu-saltzaileen artean bere herriko bat izaten

zela, eta hari eman nahi zion Fatimaren mezua, hark berriz Omarri eraman ziezaion, beraien herrixkan. Kolkoan gorderik zeraman paper tolestua, eta galdu ez zuela ziurtatzeko oharkabean bezala ukitzen zuen aldika. Horregatik hartu zuen halako ikaraldi bortitza Ottok zakar agindu zionean: –Utzidazu oraintxe bertan mezu hori ikusten. –Zer mezu? Zertaz ari zara? –Kolkoan gorderik duzuna, Fatimak eman zizuna. –Nik ez dut inongo mezurik. Zoratuta zaude, agure txatxu hori. –Uzten ez badidazu salatu egingo zaitut, eta badakizu zein izango den horren ondorioa. Egia zioela ikusi zuen Ahmedek; ez zeukan ihesbiderik: Fatima traizionatu, ala bizia galdu. Garbia zen aukera. –Ikusi, hala nahi baduzu, baina berehala itzuli behar didazu, dagokionari emateko. Ottok baldintza onartuta, kolkotik kanpora atera zuen Ahmedek paper bildua, eman zion Ottori, eta honek destolestu egin zuen berehala. –Zer dio? –galdetu zuen Ahmedek. –Nik ez dakit arabiera irakurtzen. Zuk esan beharko didazu. –Ni… analfabetoa naiz… ez ditut letrak ezagutzen. –Ederki gaude orduan. Zorionez, espezia-merkatari bat aurkitu zuten, irakurtzen bazekiena, eta, sos batzuen truke, harexek azaldu zien gutunaren edukia: «Omar maite hori: halako egunetan halako ordutan, emakume atzerritar batek ihes egin nahi du Harenetik. Jakinaren gainean jar itzazu zaindariak, harresien osteko atetik irten bezain laster atxilo har dezaten. Berak laguntzaile bat espero du gamelu pare batekin, Oranera ihes egiteko. Horren ordez, hobe ezpataren zorrotza aurkitzen badu bihotzean sartuta. Maitasunez agurtzen zaitu zure arreba Fatimak». –Hau da hau zakurra –esan zuen Ottok. –Nik ez nekien ezer –desenkusatu zen Ahmed. –Badakit. Baina hau konpondu beharra dago… Pentsatzen jarri zen eskribaua, eta berehala izan zuen ideia bikain bat: –Atera luma eta papera –esan zion espezia-saltzaileari–. Gutun bat idatzi behar duzu, neuk esango dizut zer jarri.

38 berria 20008ko abuztuaren 31, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Arraina bezain leun labainduz (XXVII)

H

arenera itzulita, bere andere Chiararengana joan zen Otto, eta dena zekiela esan

zion. –Nola dena? Zertaz ari zara? –ez jakinarena egin zuen neskak. –Dena: ihes egiteko asmoa, Fatimaren mezua, Ahmeden bitartekaritza, gauean gameluz alde egiteko plana… Nahi duzu jarraitzea? –Ados, ados. Eta orain zer nahi duzu? Salatu egingo nauzu, mesede ziztrinen bat lortzearren? Xantaia egin nahi didazu? –Ez bat eta ez beste. Nik… lagundu egin nahi dizut. –Zuk lagundu? Ez dakit ba zertan… –Zuk uste baino gauza gehiagotan. Eta orduan Ottok kontatu zion nola Ahmeden atzetik ibili zen, nola harekin batera atera zen kalera, nola lortu zuen Fatimaren mezua, eta zer zen, egiazki, mezu hark zioena. –Urdanga halakoa! –atera zitzaion Chiarari suak harturik–. Begiak aterako dizkiot lupu horri. –Zaude, ez ezazu egin gero damutuko zaizunik. Ottok lortu zuen Chiara lasaitzea, eta ondoren azaldu zion nola, Ahmedek zeraman mezuaren ordez, beste bat idatzarazi zuen, eta Fatimaren herriko saltzailearen bitartez Omarri helarazi. Emakumearen galderen aurrean, barruko irria ozta-ozta ezkutatuz adierazi zion Ottok mezu berriaren edukia: «Omar maite hori: zure arreba Fatima nauzu, eta eskari larri bat egin behar dizut, Mahoma gure profetaren eta txikitatik lotzen gaituen amodioaren izenean: Bizargorriren jauregian bada emakume europar bat, bertute guztiez jantzia eta ahizpa bat bezala maite dudana. Arrisku larrian dago haren bizia, eta horregatik lagundu behar diogu hemendik ihes egiten. Halako egunetan halako ordutan egon zaitez harresien osteko atean lau gamelurekin, eta lagun iezaiezu Oraneraino iristen Chiarari –halaxe baitu izena neskatxa kristauak– eta haren lagunei. Allah guztiz gorenak eskertuko dizu, eta baita ere zure arreba Fatimak». –Gutun faltsuak idazten artista beti zu… –esan zion Chiarak,

MATTIN

gaixtakeria-pittin batez, baina Ottok lausengu adeitsutzat hartu zuen ziritxoa, bere lanaz harro bezain pozik. Egin beharreko lanak ez zeuden amaituta, eta hartara jarri ziren. Eguna eta ordua, aurretik ezarritakoak. Nork aldegin, hor zeuden berrikuntzak: Chiarak Monikarekin joateko asmoa zuen, baina Ottok lau gamelu eskatu zizkion Omarri. –Nola lau? –Zuek biok eta ni, hiru, eta, Ahmedek ez duenez inora joan nahi, Omar edo dena delako gidariarekin, lau. Chiarak Harenean utzi nahiko zuen eskribau zaharra, baina emandako laguntzaren ostean ezin zion ukatu ihesaldian parte hartzea, nahiz eta bere artean

pentsatu, xaharra zegoen bezala egonda, inon ez zuela topatuko Haren hura baino bizitzeko leku hoberik; alabaina –oroitarazi zion bere bururari–, ez al zen hori bera Bizargorrik esaten ziona? Inor ohartu gabe nola atera, zaindarien zelata nola saihestu, fardeltxo batean zer eraman… gorabehera franko lotu behar zuten, eta horietan guztietan laguntzaile izan zuten Fatima, itxuraz behintzat adiskide zintzo eta zerbitzala, kolkoan traizioaren aizto zorrotza gordetzen zuen arren. –Akabatu egingo nuke –esaten zion Chiarak ahopetik Ottori. –Eutsi. Disimulatu. Hori dugu aukera bakarra. Eguna hurbildu ahala, Monika beldurrez dardarka hasi zen: batzuetan presa zuen lehenbaile-

hen aldegiteko, besteetan esaten zuen bera han geratuko zela, ez zuela Bizargorriren morroien eskuetan hil nahi. –Eta zer etorkizun duzu hemen geldituta? –zirikatzen zuen Chiarak. Azkenean iritsi zen hitz emandako eguna; iritsi zen gaua ere, bere itzalekin. Zaintzaileen txandakatzea nola egiten zen aztertuta, bazekiten lorategiaren izkina bateko atea zelataririk gabe geratzen zela segundo batzuetan, eta tartetxo hori baliatu zuten gure lagunek, arraina labaintzen den bezain leun ateratzeko. Hainbat korridore eta pasabide igaro behar zituzten gero, erdizka baizik ezagutzen ez zituztenak baina ordu hartan hutsik espero zituztenak; harresietatik jaisteko,

berriz, soka sendo batzuk eskuratuak zituzten, eta haiek almenetan tinkatuta sokan behera irristatu behar zuten, isilka, gaueko guardiak ezer sumatu gabe, behera iritsi arte. –Oso goian dago hau –hasi zen Otto, bat-batean ikaratuta–. Ez naiz ausartzen jaisten, segi zuek… –Egin dituzun guztiak egin eta gero, kaka egin behar al duzu azken unean? Aurrera gizona, ez izan oilobustia! –errieta egin zion Chiarak, eta errietarekin batera baita bultza ere, bestela gizajoa bertan kieto geratuko zen-eta–. Orain zu –esan zion Monikari, eta azkenik Chiara bera jaitsi zen, ezer ikusten ez zen ilunpearen erdian, behean zerua edo infernua zain zeukaten jakin ezinik.

38 berria 2008ko irailaren 2a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Amets guztiak haragi (XXVIII)

B

ehean Omar zeukaten zain, Fatimaren neba: arreba bezalako gazte beltzaran guztiz ederra, bere herriko saltzaileak mezu hura eraman zionez geroztik une harekin ametsetan egon zena. Izan ere, ederra ez ezik gazte sentibera eta ameslaria zen Omar, liburuetan irakurtzen diren bezalako abenturak bizi nahiko zituzkeena, poemetan kontatzen diren bezalako amodioak sentitu nahiko zituzkeena, eta, hain zuzen, bi esperientzia haietarako atea (abentura eta amodioa) zabalik ikusi zuen Fatimaren gutunean. Han aipatzen zen neska europarra «bertute guztiez jantzia» omen zen, arrebak zioenez; eskutitzak ezer esan ez arren, ez zuen dudarik egiten edertasuna ere bertute haien artean izango zela. Ez al ziren ba guztiz ederrak Bizargorrien Hareneko biztanleak? «Arrisku larrian dago haren bizia» zioen gutunak, eta arrisku hura zein ote zitekeen interpretatu nahian eman zituen Omarrek gauak eta egunak. Azkenean, pentsa eta pentsa, ondorio batera iritsi zen, huraxe iruditzen zitzaion aukera zentzuzko bakarra: «Chiara delako emakume kristaua gerra-ekintzaren batean harrapatu eta, haren edertasunak kitzikaturik, ohaide bihurtzea erabaki du Bizargorrik. Neskak, ordea, bere garbitasunari eutsi nahiz, aurre egin dio bere gatibatzaileari, eta nahiago du hil, haren jostailu behartua bihurtu baino. Horregatik lagundu nahi dio Fatimak ihes egiten eta Oranera iristen». Pertsona ameslari askori gertatzen zaion legez, bere buruari istorio hori errepikatzearen poderioz, istorioa ez baizik egia zela sinestera iritsi zen Omar, berak asmatutako ipuina zela ahaztuta; ez hori bakarrik: Chiarari buruz etengabe pentsatzearen ondorioz, harekin maitemintzera iritsi zen, inoiz ikusi ez zuen emakume hura, zer itxura zuen ere ez zekiena, patuak berarentzat erabakitako emaztea zela sinetsita; are gehiago: ez zuen zalantzarik ere, berak Chiara maite zuen bezala, Chiarak ere bera maiteko zuela, bihotz-bihotzez maite ere, ikusi orduko. Fede desberdin eta etsaituetako kideak izatea oztopo bat izan zitekeen, Omar ohartzen zen horretaz, baina oztopo hori izango zen beren maitasunaren purua probatuko eta frogatuko zuen arragoa, urre-

MATTIN

ak bere kalitatea sutan erakusten duen bezala. Uste horretan zegoen beraz Omar, harresi osteko atearen ondoan, gameluak ondoan hartuta, bere maitea noiz azalduko zain. Sumatu zuen gorputz astun bat jaisten eta jausten. Haren ondora hurbildu eta: –Chiara? –galdetu zuen. Espero zuen aingeru ederraren ordez agure ximurtu eta konkortu bat ikusi zuen Omarrek ilargitean, erorikoaren minak hasperendu ondoren bere hutsa argitu ziona:

–Ez, ni Otto naiz, atzetik dator Chiara. Hori entzun bezain laster beste gorputz bat jaitsi zen sokan behera. Ilargi-argitan emakumezko baten soslaia ezagutu zuen Omarrek, eta harengana egin zuen arineketan. –Chiara? –galdetu zuen bigarrengoz. Neska gaztea begitandu zitzaion, ez agian espero bezalako auraren jabea, baina izan zitekeen soineko latz eta arruntaren errua ere. Nolanahi ere, oker zegoela argitu zioten beste behin:

–Ez. Monika naiz ni. Nire atzetik dator Chiara. Eta hitz haiek igarpen bat izan balira bezala, goiko muturra antzematen ez zitzaion soka harexetatik jaitsi zen beste norbait. –Chiara? –galdetu zuen Omarrek, giza soin hura gizon ala emakume, zahar ala gaztearena zen hauteman aurretik. –Bai, ni naiz –iritsi zitzaion erantzuna. Eta hitz haien ondotik, iretargitan agertu zitzaion hitzen jabea: neska gazte guztiz eder bat, uda-

berriko goizak bezalako begi argiak zituena, uzta aurreko galburuak bezalako ile horia, eta istantean jakin zuen Omarrek bere amets guztiak haragi bihurtu zirela, bere istorioak errealitate eta bere ipuinak egia. –Ni naiz Omar, zu salbatzera natorrena –esan zion, eskua luzatzearekin batean. Eta esku-emate horrekin batean zin egin zuen, Jainko bakarraren eta zeruko izar guztien aitzinean, bizia ere emango zuela, emakume haren bizitza zaintzearren.

40 berria 2008ko irailaren 3a, asteazkena

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Belusezko xorroan ezkutaturik (XXIX)

B

ien bitartean, zertan ziren Harenaren barruan? Fatimarekin hitzartua zuen Chiarak, gau osoan ez emateko susmorako aitzakiarik, eta goizalban, haien hutsa denentzat nabarmena izan aurretixe, joan zedila halako txokora, eta hantxe izango zuela, lore-hesien artean ezkutaturiko belusezko xorro batean, ispilu veneziarra zain. Gero, kristauen ihesaz jabetzen zirenean, Chiarak hanka egitean fardelean eraman ez zituen soinekoak eta gainerako puskak Hareneko emakumeen artean banatuko ziren seguru asko, eta harpilatze horretan ahal zuenak ahal zuena eramango zuen, baina ispilua, banaketa orotatik aparte, beretzat eta ez beste inorentzat izango zuen Fatimak. Emazte irrikatsuak ezin egunsentira arte itxaron ordea. Barruko egonezak gauerdian iratzarri zuen, amets nahasien artean; loa bahiturik, begiak zabalik zegoen, hontzaren antzera. Dena zegoen isil, iturrien ur-negar betikoa izan ezik, eta dena ilun bere gelan, leihotik sartzen zen ilargi zuriaren errainua salbu. Atxilotuak ote zituzten ordurako kristau zakurrak? Heriotza emango ote zieten berehala, ala beren ausarkeria tormentuz ordainarazi eta gero? Baina —galdetu zion hurrena bere buruari—, gizonen justizia apetatsuen menpe, dama veneziar hura berriz ere Haren barrura itzularazten bazuten edo gazteluko beste gela seguruago batean atxikitzen, bahiketaren diruak ez galtzearren? Zer gerta ere, ispilua lehenbailehen eskuratu eta atxiki behar zuela erabaki zuen Fatimak. Aldamenean zuen bere haur txikia, zorionez lo lasaian, eta urruti gabe bere neskame leiala; dena dela, esku artean zuen egiteko hartan ez zuen behar inoren laguntzarik; hortaz, isilean jaiki, goitik beherako atorra luze bat jantzi, ohe ondoan utzi ohi zuen kriseilua irazeki, eta, haren argipean, kanpora egin zuen. Zoragarria zen lorategiaren ikusmira ilargipean, baina Fatima ez zegoen kontenplazio horietarako. Haur baten negarra iritsi zitzaion, nondik edo handik. Ez zegoen denborarik galtzeko. Hitzartutako lorategiko txokora jo zuen, arin bezain isilik, eta hantxe topatu zuen, neska kristauak hitz

MATTIN

eman bezala, belusezko poltsa, loreen artean ezkutatua, loreak hartaz axolarik ez balute bezala. Bere lotokira itzuli beharko zukeen, poltsa hura inoren begiratu zelataritik gordetzeko, ispilua bere gelako bakardadean begiesteko, bere aurpegiaren isla kristal sorgingarri haren ur gainean gurtzeko. Hala egin beharko zukeen, baina barruko irrikari eusterik ez eta hantxe ireki zuen xorroa eta sartu zuen eskua, ispilua ateratzearren. Eskua sartu eta istantean atera zuen, zerbaiten hozka sentituta. Ozta eutsi zion eztarrian botatzear zuen oihuari, eta gutxi falta poltsa bera erortzen uzteko… Zer zen hura? Xomorro bat sartu zen poltsa barrura, ala irudipen hutsa

izan zen? Inoren susmorik ez pizteko itzali berria zuen kriseilua, eta orain, ilargiaren dirdira ahulean, ezin antzeman xorro barrukoari. Beldurraren eta jakinnahiaren artean, eskua berriz sartzea erabaki zuen Fatimak. Halaxe egin zuen, baita lehen bezain bizkor atera ere, bizkorrago ez bazen, ziztadaren sentsazioari izu-ikararena gehitzen zitzaiola. Zer zen hura?, galdetu zuen bigarrengoz, eta orain, ikusminak gainez eginda, belar eta lorezko tapizaren gainean hustu zuen zorroa, edukia iretargitan atera eta agertzeko. Zer atera zen argira eta agerira? Chiararen miral veneziarra, bai, baina baita, haren gainean, eskorpioi bat ere. Edo bi? Ez: ba-

karra zen, nahiz eta, ispiluen bikoizketarekin, begiak aise tronpatu. Bakarra edo saldoa, Fatimak eskorpioiaren eztena ikusi zuen, zorrotz eta zut, eta, haren pozoia gorputz barruan hedatzen ari zitzaiola ulerturik, lehen eztarrian eutsitako garrasiari jaregin zion orain, ozen bezain sakon: —Aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa! Hareneko biztanleak oro iratzarri zituen orroak, dela supituki itzarrita, dela loaren amaraunetik askatu ezinda. Batzuk guztiz bizkorturik eta bestetzuk oraindik sorgorturik, denak jaiki ziren eta ilunpetan lorategira irten, heriozko oihu haien jatorria argitu nahian: «Zer izan da? Nork egin du oihu? Non? Zergatik?».

Lorategiko lurrean etzanda aurkitu zuten galdera haietako batzuen erantzuna, hantxe baitzetzan Fatima, orroarekin bere indarrak ahiturik baina oraindik ere itzarrik, bere kideei ahotshari mehe batez erregutzen ziela: —Eskorpioi batek heldu dit… Deitu medikuari azkar… Datorrela sendagilea bere botikekin… Eskorpioi batek… Heriotzaren beldurrarekin batera beste sentipen bat ere taupaka ari zitzaion bularrean ordea, eta hil-hurren egingo zuen azkena hura balitz ere, ez zuen gelditu nahi mendekurik gabe: —Chiara izan da… —esan zuen ahots are ahulagoz—. Ihes egin du… Deitu guardiak… Harrapa dezatela…

40 berria 2008ko irailaren 4a, osteguna

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Oranera bidean (XXX)

Z

oritxarreko istripua izan ote zen eskorpioia ispiluaren xorroan sartzea? Gerta zitekeen, eta gure heroien bihotz onaren irudi garbia gordetzen lagunduko zigun horrek. Baina gauzak ez ziren horrela izan. Gizakion oinak elurtzaren zuria lohitzen duen moduan, halaxe lardaskatzen dituzte giza pasioek gure ekintzak. Edo beharbada hobe litzateke esatea gure arimak ez direla derrigor xahu eta aratzak, ezta beti beltz eta zitalak ere, baizik eta arre ta ñabarrak, zuzenetik bezainbeste dutenak makurretik, ederretik adina zatarretik. Monikak gorde zuen urte askoan eskorpioi hori kutxatxo batean, ez inori min egiteko asmotan, ezpada, berari gaitz okerragoren bat etor zekiokeela sumatuz gero –handikien larderiaren menpean bizi ziren jopuak ez ziren ez bere gorputzaren ez gogoaren jabe–, bere biziari amaiera arin eta aski garbia eman ahal izateko. Zenbait mesederen truke eskuratu zuen, aspalditik Hareneko sukaldaria zen atso zahar batengandik, eta altxor baten gisan gorde izan zuen, eskorpioia arretaz zainduz, aire eta janari faltarik izan ez zezan. Iheserako prestakizunetan hasi zirenean, baina, kutxatxo hura eraman ez eraman zalantzan zebilen neskatxa napolitarra, ahalik eta gauza gutxien hartu behar baitzuten biderako, eta Chiarari azaldu zion bere sekretua. –Utzi nire gain –erantzun zion veneziarrak–, pentsatuko dut zer egin. Monika estutasunean ikusi eta hari laguntzearren eman zion Chiarak erantzun hori, egiazki ez baitzekien eskorpioi harekin zer egin; handik gutxira, baina, Fatimak prestatu zien traizioaren berri izan zuen, Ottok eskuratu zuen eskutitz haren bitartez, eta orduan erabaki zuen bazekiela zer egin arrubioarekin: ustezko lagunaren saldukeriak merezi bezalako ordaina izango zuen. –Ispiluan ikusiko duzun azkena izango da zure aurpegia pozoiaren korromioak bihurrikatua –agindu zion bere artean etsaitzat hartua zuen Fatimari. Eskorpioia zein zulotan gelditu zen Chiarak bakarrik zekien; harekin zer gertatu zen, berriz, ez berak ez iheslari-taldeko beste inork; are eta gutxiago Omarrek,

MATTIN

kezka bakarra baitzuen une hartan Fatimaren nebak: iheslari haiek, eta batik bat Chiara, nola salbatu. «Oranera joan behar dugu, kristauen lagunek agintzen baitute han, eta Chiara salbu egongo baita bertan –zioen Omarrek bere artean–. Baina gaztelukoak ihesaz ohartzen direnean gauza bera pentsatuko dute eta Oranerantz joko dute haiek ere, ihesa galarazteko. Nahi adina zaldi eta gamelu dituzte haiek, eta guk gau bateko abantaila, gehienez ere: hutsaren hurrena, egin behar dugun biderako». Mendebalderantz abiatuak ziren, itsasertzetik, huraxe baitzen Oranera joateko bidea. Bidean non gelditu ere pentsatua zuen aurrez, lagunen etxeetan ostatue-

tan baino babestuago egongo zirelakoan: «Hala ere –pentsatu zuen orain–, ihesaren berri zabaltzen denean, dela zigorren beldurrez, dela sariaren irrikaz, edonork salatu gaitzake Bizargorriren gizonen aurrean. Eta ezkutuan ibili nahiko bagenu ere, nola disimulatu hauen itxura europarra?». Bere bidaiakideei begiratu zien: ilargi-argitan ere, nabarmena zen Chiararen arrotz-airea, haren ile, azal eta abarretan; arrotza bezain erakargarria, bere begietara; zerbait egin behar zuen, eta lehenbailehen gainera. Zirt edo zart. Bere baitarako egin ordez, ozenki hitz egin zuen orain: –Entzun, lagunok: Oranera bidean goaz, hango nagusiek kristauak babesten dituztelako; baina bidean harrapatu egingo gin-

tuzkete Bizargorriren gizonek, gu baino arinago ibiliko dira eta. Beraz, bide luzeagoa den arren, hegoaldera jotzea proposatzen dizuet, basamortuan barrena, hara ez baitira soldaduak iritsiko. Zer deritzozue? Chiarak, Ottok eta Monikak asko pentsatu beharrik gabe eman zioten baiezkoa. –Beste gauza bat: zuen itxura nabarmenegia da, eta are gehiago egun-argitan. Inork ikusita ere, berehala pentsatuko du zuek zaretela Bizargorriren gaztelutik ihes egin dutenak. Batez ere emakumezkoak. Beraz, tuaregen arropak janzteko proposatuko nizueke, basamortuan dabiltzan ahuntzain eta merkatarien artean oharkabean pasatzeko. Ados zaudete?

Berriz ere baietz esan zioten, apur batean hitz egin eta gero. Izan ere, zuzen nahiz oker, Omarrek zekien tokiaren berri, eta hura gabe inongo aukerarik ez zeukaten hiru iheslariek. Horrenbestez, norabidea aldatu eta hegorantz jo zuten, Djelfa aldera, eta lehenengo geldialdian guztien itxurak aldatu zituzten, basamortuko gizon urdin misteriotsuen jantzia eta irudia hartuz. Ordu onean! Izan ere, orduantxe abiatuak ziren Aljergo gaztelutik hainbat soldadu-talde, beren zaldi eta gameluekin, iheslariak kosta ahala kosta harrapatzeko ordenarekin. Gatibutza uzteaz gainera, askoz ere krimen larriagoa egina baitzuten: Bizargorriren emazteetako baten hilketa.

46 berria 2008ko irailaren 5a, ostirala

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Nola hilko zuen ba inor aingeru batek (XXXI )

E

rromesaldi luze bat hasi zen horrela. Abiatu zirenean astebetekoa espero zuten bidaldia hainbat astetakoa izango zela ohartu ziren laster, basamortuan barrena egindako txango geldo haietan; eguneko ordu beroenak haima baten gerizpean eman arren, bidaiaren nekea gero eta eramanezinago gertatzen zitzaien: batetik Ottori, bere adin handia zela-eta, eta bestetik Chiarari, haurdunaldia guztiz nabarmena egin baitzitzaion, bai sabelaren hanturan, bai gorputzaren ahuldadean, txakalaldiak izaten baitzituen lantzean behin, dela ibilaldien luzeagatik, dela eguraldiaren gogorragatik. Berak aurrera jarraitu nahiko zukeen aldi oro, baina inguruan zituenek pausatzera behartzen zuten. –Geldi –esango zuen Monikak–, Chiara ez dago ondo! –Zer duzu? –galdetuko zion berehala Omarrek, adeitsu. –Ezer ez. Berehala pasako zait. Jarrai dezagun –Chiarak, hasperen artean. –Ez. Hementxe geldituko gara, zeure onera etorri artean. Eta horrela zebilen espedizio hura. Dunaz duna ibili ziren desertuan barrena, oasietan geldialdi laburrak eginez, jatekoa eta ura hartzearren, baina ahal zela inorekin hitzik egin gabe, edonork har baitziezaiokeen susmo txarra tuaregen talde xelebre hari, eta edonor izan baitzitekeen Bizargorriren salatari. Hainbat itzulinguru eman eta gero Oraneratz hurbiltzen hasi zirenean, berriz, itxura susmagarriko jendea ere ugalduz joan zen, merkatariz mozorroturiko espioiak izan zitezkeenak, eta haien errezeloz atzera egin behar izan zuten ostera ere. –Eta orain, nora? –galdetu zioten Omarri. –Ez dakit. Nire herrira beharbada, gauzak apur bat baretu arte. Harako bidea hartu zuten beraz, soldaduen presioa lasaituko zen esperantzan, edo, besterik ezean, atseden apur bat hartzeko, hilabetetik gora ihes etengabean ibili eta gero premia galanta baitzeukaten denek ere, eta batez ere Chiarak, ernaldi gero eta beteago hura zela eta. Chiarari eta haren sabelari begira ematen zuen eguna Omarrek, haren osasunaren kezkaz,

MATTIN

batetik, eta bere sentimenduen nahasmenaz, bestetik. Arrebarena uste zuen mezu hark maitemin txoro bat eragin bazion, hezur-haragizko iheslaria ezagutzeak sentimendu kontrajarriak piztu zizkion: haren edertasunak bihotza inarrosi zion, noski; ezkondua zela eta haurdun zegoela jakiteak, berriz, epeldu egin zituen hasierako berotasunak; egunak eta asteak igaro ahala, ordea, berritu eta berretu egin zitzaion lehengo oniritzi hura, eta, dunen paisaia amaigabeak bidaiariari haluzinazioak ikusarazten dizkion gisan, bere pasioen iturri haren hurbiltasun etengabeak etorkizuneko zoriontasun-oasiak irudikarazten zizkion Omarri: Europako senar zital hura hila zela, edo Chiarak arbuiatu egiten

zuela, ezkontza deseginez, eta gero berriz biak lotuko zirela, Koranaren arabera ezin bazen kristauen legera, Chiararen sabeleko fruitua bere umetzat hartuko zuela, eta haren ostean beste batzuk ere etorriko zirela, sendi ugari bezain dohatsua osatuz, Oranen edo Aljerren ezin bazen urrunago joanda: Tunisiara nahiz Tripolira, Fez edo Marrakexera, Tinbuktu ala Tamanraset urrunera. Oraingoz, baina, hurbilago zuten hurrengo helmuga. Egunetatik asteetara eta asteetatik hilabeteetara luzatu zen pelegrinazio hartako Meka txikiak Ksar-elBukhari zuen izena, huraxe baitzen Omarren jaioterria… baita Fatimarena ere. Izan ere, Omarrek ez zekien

hitz erdirik ere arrebaren heriotzaz. Hortik bere txilioak eta heiagorak haren fin gaiztoa kontatu ziotenean, oso maitea baitzuen Fatima, gaztetxo zela Bizargorri ahaltsuarekin ezkontarazi zutenez gero inoiz ikusi ez zuen arren. Arreba hil zela ez, arreba hil egin zutela esan zioten gainera, eta Harenetik ihes egindako zakur kristau batzuk zirela hiltzaileak. Hori entzutean durduzaturik geratu zen Omar, ez zer egin ez zer pentsatu ez zekiela, bihotza erdibiturik ez baizik eta mila zatitan txirtxilatuta, denak elkarren kontrako eztabaidan: «Nola maiteko dut arreba hil didana? Baina nola hilko zuen ba inor halako aingeru batek? Hala diote denek ordea. Denek esatea aski ote da zerbait egia izateko?

Baina ihes egin genuen gauean gertau omen zen heriotza, edo hilketa. Eta istripua izan balitz? Kalamitate gehitxo. Chiarari berari galdetu beharko nioke. Zer galdetu baina? Ea berak hil zuen Fatima? Noiztik esaten dute hiltzaileek egia? Orduan zer egin? Epaileei entregatu, justiziaz erabaki dezaten. Zer justizia egingo dute, ordea, hildakoa Bizargorriren andrea eta susmagarriak kristauak izanda? Kristauak halakoxe traidoreak izan dira beti, pentsa Gurutzadetan egindakoak. Baina Chiara neskatxa errugabe bat da, aurpegian ageri du. Gehiegi fidatzen zara zu inoren aurpegiaz. Ez haren aurpegiaz baizik nire bihotzaz. Ez al dakizu aspaldiko esaera hura: bihotzak gezurra diotsu?».

46 berria 2008ko irailaren 6a, larunbata

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Esne asko da hori (XXXII )

O

mar halako ezinegon eta barne-katramiletan erretzen zen bitartean, iheslariak haren etxean bizi ziren, Omarren ama Habibak zaindurik. –Alargundu berria da Chiara –kontatu zion amari–, eta senarraren anaiak hartu nahi du emaztetzat. Berak ordea nahiago du bakarrik, eta horregatik egin du ihes, bere bi zerbitzari hauekin, eta ez da komeni inork jakiterik hemen daudenik. Amak dena sinetsi zion, beti sinesten zion semeari, nahiz eta ulertu ez nondik nora iritsi zen dama arrotz hura beren herrira. Ikusten zuen ordea neska gazte bat haur esperoan, eta bere alaba hila zetorkion gogora, ia alaba balitz bezala zaintzeraino. –Zer nahi duzu, polit horrek? Ondo zaude, maitea? Proba ezazu te pixka bat, laztana. Chiarak utzi egiten zion zaintzen etea mimatzen, batetik zerbitzariz inguraturik bizitzen ohiturik zegoelako, txikitatik, eta bestetik, bere haurdunaldiaren azken garaian, sabel handitu harekin, atsedenerako beste ezertarako gogorik ez zeukalako. Horra beraz Omar eta Omarren ama Habiba, Otto eta Monika, nor bere arrazoiagatik baina denak veneziarrari begira eta handik kanpoko munduaz ahaztuta. Mundua ez zegoen beraiekin ahaztuta ordea. Bizargorrik diru-sari potoloa eskaini zuen, jauregiko iheslariak harrapatzen laguntzen zuenarentzat, eta sari horren berri herriz herri zabaldu zen, diruzale eta behartsu guztien zilar-gosea piztuz. Hainbat salaketa faltsu izan ziren, dirutza hori eskuratzeko esperantzaz eginak, eta ez zen garai samurra bidaiari eta ezezagunentzat. Hiru iheslariak, zorionez, konfiantzazko etxe batean zeuden aterpeturik, eta ez ziren etxetik irteten ere, han baitzeukaten beharrezko guztia: Aljerko gazteluko Hareneko luxu eta ponpeziarik gabe ere, patio koxkor bat zeukan etxeak, pozadera eta guzti, bertatik ura ateratzeko eta etxeko baratzea ureztatzeko. Zer hoberik, basamortuaren ateetan? Haiek irten ez, baina zenbait lagun inguratzen zen etxera. Esate baterako Salim, auzo hartako ahuntzaina, bere ahuntzen esnea saltzen ziona egunero

MATTIN

Habibari. Arrotzak iritsi zirenetik, hain zuzen, lehengo kuartillo erdiaren ordez azunbre osoa eskatzen zion etxekoandreak. –Esne asko da hori… –Badakizu, semea sasoian dago eta… Salimek men egin zuen, baina ez amen. Bere baitan hasi zen hausnarrean eta marmarrean. Gero, bere susmoen berri eman gabe, inguruko saltzaileei hasi zitzaien mihitik tiraka, eta horrela jakin zuen Habibak oihala eta haria erosi zuela, soinekoak egin behar balitu bezala, eta olioa ere eskuratu zuela, eta beste hainbat gauza, ohi baino kopuru handiagoan. Egiteko ardurazko bat zeukala

esanda, ahuntz-taldea bere semeari utzi eta isilpean abiatu zen Salim herritik. Nora? Bizargorriren gaztelura. Gau eta egun ibili zen, ahalik eta azkarren iristeko, eta Aljerrera ailegatzean, gazteluaren ateetan, hautsak janda zegoen, goitik behera. –Zuen nagusia ikusi nahi dut –esan zien ateko zaindariei. –Gure nagusiak ttu egiten die zu bezalako arloteei –erantzun zioten. Hala saiatu zen zenbait aldiz, azkenean esan zien arte bazekiela non zeuden ezkutatuta jauregiko iheslariak, bertako nagusiaren emaztea hil zutenak, baina ez zuela hitzik esango nagusiaren aurrera eramaten ez bazuten. Ez

zuten eraman Bizargorrirengana, baina bai gazteluko kapitainarengana, Ottori barrabilak moztu zizkion harexengana. –Badakizu zenbat txorimalo etorri zaigun aztarna faltsuak emanez dirusaria kobratzeko? –esan zion zakar–. Hobe duzu zerbait taxuzkoa kontatu, bestela hankaz behera zintzilikatuko zaitut mukiak lurreraino erori arte. Salim ez zen ikaratu. Ahots sendoz azaldu zion zekien guztia, susmoak ziurtasunez jantzita. –Fatimaren anaiak eta amak gordetzen dituztela hiltzaileak beren etxean? Baina, baina… Erokeria iruditzen zitzaion kapitainari, baina aldi berean, bitxiaren bitxiz, ikertzea merezi

zuen aukera. Salim bertan atxikitzeko aginduta, Bizargorrirengana joan zen, eta entzun berri zuena kontatu. Nagusiak aurpegia mudatu gabe entzun zuen kontakizuna, eta gero, salaketa harrigarri hari zerbaiten usaina igarrita, motz eta zorrotz bota zuen epaia: –Presta ditzatela zaldiak. Berehala abiatuko gara, eta datorrela ahuntzain hori ere, bidea erakusteko. Ordu erdi igaro gabe, zaldizko taldeak hauts-hodei bat harrotu zuen, gaztelutik urruntzen zela, zimitarra zorrotzak aldean eta begi are zorrotzagoak hegoaldera noratuak, berebiziko misio bat helburu.

38 berria 2008ko irailaren 7a, igandea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Halabeharraren indarra (XXXIII)

G

ertakari batzuk gizakion mende utzi ditu jainkoak, eta haien esku dago beraz noiz eta nola egin: Mekara joan edo ez, txiroei limosnatxoa eman, egunean hainbat aldiz otoitz egin… Horregatik dira horiek eta horien antzekoak erlijioaren agindu, apaizen batek noizbait hala komeni zela erabaki zuelako. Beste gertaera batzuk, berriz, halabeharrez datoz: ez da behar inork agintzea, eta alferrik litzateke inork debekatzea, izadiaren indarrak bere pisuaz ezarriko ditu eta: itsasgoraren ondotik itsasbehera etorriko da, gauaren ostean eguna, umeari adina heltzean ile kirruak haziko zaizkio sabelpean eta ideia nahasiak buruan, fruitu heldua arbolatik eroriko da eta pertsona heldua urteekin abailduko… Era berean, Ksar-el-Bukhari-n, Omarren etxean babesturiko iheslariek zernahi asmo izanda ere, dela bertan goxo gelditzea, dela Egipto edo Siriara ihes egitea, beren nahiak ezerezean utzi zituen naturaren halabeharrak, orduantxe bete baitzen Chiararen sabel betea husteko egun ezinbestekoa. –Ai, ai, ai, ai! Badatorrela, badatorrela! –hasi zen oihuka. Etxe osoa aztoratu zen, beldurrez eta emozioz. Alabaina, Habibak bazekien zer egin behar zen halakoetan, ume bat baino gehiago lagundu baitzuen mundura jaiotzen, eta Monika ere ez zen guztiz ezjakina, Palazioko Harenean gauza arrunta baitziren haurdunaldiak eta jaiotzak. –Zuek alde hemendik! –esan zien Habibak semeari eta Ottori. Hala behar zuen. Umegintza, emeen zeregina. Eta haurraren aita ez baina amaren miresle ziren gizon biak –bat eder eta galaia, neska hura maitatu ala gorrotatu behar zuen artean erabaki gabe zegoena, eta bestea zahar eta konkorra, maitemin txoro hura ahaztu nahi eta ezinean zebilena– patioan gelditu ziren, itxuraz berriketa ganoragabean tea hartzen zuten bitartean, baina izatez zainak airean, gela barrutik zetozen hotsei adi, zer entzungo. –Aaaaaaaaaaaaaa! –garrasi lazgarriak iristen ziren handik, edonori odola gatzatzeko modukoak. –Ez al dira beldurgarriak oihu

MATTIN

horiek? –bota zion Omarrek Ottori, patxada-itxurari eutsi ezinda. –Lasai, ondo joango da dena. Emagin ohituak ditu laguntzeko. Ohituak ziren emaginak, baina emagin ohituenak ere badaki haurdunaldi bakoitza dela berria, erditze bakoitza berezia. Eta harako hark ez zuen falta ez berezitasunik, ezta zailtasunik ere. –Bota, tira, eutsi, ekin, gogor –entzuten zuten gizon biek patiotik, aspaldi hoztutako teaz dagoeneko ahaztuta, eta agindu kontraesankor haiek nola interpretatu ez zekitela gelditzen ziren. Noizean behin, atea ireki eta Monika irtengo zen korrika txikian, edo etxean zeukaten

beste neskame zahar bat, eta haiei galdetuko zieten, urduri eta artega: –Zer moduz doa? Ondo? Arazorik bai…? Monikak edo neskame zaharrak, baina, pertzekada bat ur edo zapi zuriak besoetan hartuta, arinka egingo zuen ostera ere Chiara zegoen gelara, ezpain artean marmar bat ozta-ozta: –Bai, bai, ari gara, utzi pasatzen… Gizasemeen ezina: herrialdeak konkistatuko dituzte, inperioak eraiki, gizatalde osoak hil ere bai, ausaz… baina inoiz ezingo dute bizitza xume bat sortu. Eta, horra, bat-batean, inoizko orrorik saminenaren ondotik, zer

entzungo eta haur-negarra zirudien zerbait: «Aaaaaaaaa!». –Jaio da! Jaio da! –hasi ziren bi gizonak, beren te-kikarak lurrera botata, besoak elkarren lepoan jarrita saltoka eta dantzaka. Gela barrura egitekotan ziren, beren jakin-mina asetzeko, barrukoen pozarekin bat egiteko, noiz eta aldarri ozen bat aditu baitzuten etxeko ate nagusian. –Ireki atea! Ireki berehala, Bizargorriren agindua da eta! Nork irekiko zain egon gabe, behera bota zuten berehala, eta han sartu zen, harrabots betean, zaldizko talde bat, Bizargorri eta haren kapitaina guztien buru, Salim traidorea atzeraxeago, beste soldadu askoren artean.

–Non dira iheslariak? Non dira hiltzaileak? –galdetu zuen kapitainak. Ez zuten erantzunik behar: gela barrutik entzuten ziren garrasi eta negarrek (pozezkoak ote ziren? Ala saminezkoak?) argi aski erakusten zieten soldadu arrotzei nora zuzendu beren urratsak. Zalditik jaitsirik eta ezpata eskuan, hara bideratu zen Bizargorri, paretik pasatzean Omar harrituari eta Otto izutuari mespretxuzko begiradatxo bat oparituz. –Hire arrebaren hiltzaileen laguntzaile? Eta hi, ez al duk nahikoa potroak galduta? Bizitza barkatzea nahiko duk berriz ere?

40 berria 2008ko irailaren 9a, asteartea

Plaza ›

1002. gaua Xabier Mendiguren Elizegi

Albiste bat ona eta bestea txarra (XXXIV)

N

ire nagusi Kristoforo printze maitea, Veneziako Dogo Leonardo txit argia: Bioi idazten dizuet, Aljergo buruzagi eta Istanbuleko Sultanaren armadaburu Bizargorri guztiz bikainaren aginduz, azken aldiko gertakarien berri emateko. Funtsean, bi albiste eman behar dizkizuet, ona bata eta txarra bestea, eta halakoetan batek ez du jakiten nondik hasi edo non amaitu, gozoaren ondotik garratzak dena mingosten baitu, eta mikatzaren osteko eztiak gustuaren erdia galtzen baitu. Ez naiz luzamendutan ibiliko, ordea, berriak jakiteko irrikaz egongo baitzarete honezkero, bai pozezkoak, bai oinazezkoak. Berri ona da gure Chiara guztiz maitearen haurdunaldiak eman duela bere fruitua, uzta oparoa gainera, baten partez bi kimu sortu baitira haren sabel emankorretik, mutilak biak. Txarra, berriz, Chiararen osasunak ezin izan ziola eutsi erditzearen minari. Bizargorri buruzagi guztiz bihozkoiak zainketa artatsuenak emanak zizkigun arren, gure burugabekerian ihes egin genuen hark eskuzabalki eskainia zigun palaziotik; desertuan barrena alderrai ibili eta gero, etxe xixtrin batean nola-hala egin behar izan genion aurre une giltzarriari, eta, osagile trebeen faltaz edo patuaren aginduz, adierazi dizuedan ezbeharra gertatu zen: Chiararen indarrak ahitu egin ziren eta bertan itzali zen, txoria neguan bezala, ezpain artean jainkoari zuzendutako otoitz bat zuela eta bere sendi osoaz oroitzen zela. Zoritxarrak zoritxar, bizitzak aurrera darrai, eta horren erakusgarri dira munduratu berri diren bi mutikoak, zuen odolaren eramaile eta zuen askaziaren iraunarazle izango direnak: Guido eta Enzo eman zien izena Chiarak, bere azken arnasetan, eta izen horiexek izango dituzte, aurrerantzean. Dalmazia eta Veneziako etxe nagusietako kideak direnez jaioberriak, haien familien esku behar dutela uste du, bere irizpide onbera eta argiaz, Bizargorri buruzagiak. Alabaina, zeruan jainkoaren legea bezala lurrean merkataritzaren arauak agintzen duenez, bidezko hitzarmen bat egin beharko dela deritzo Aljerko nagusiak, kontuan harturik

MATTIN

zeuen oinordeko zuzenak direla, baten faltan bi, eta gizasemeak gainera; eta ez ditzagun aipatu gabe utzi gure ihes malapartatuak Bizargorriri sortu dizkion buruhauste eta nekeak. Horrenbestez, tratuaren xehetasunak bi aldeen artean lotu bitartean, bere zaintza maitakorrean edukiko ditu Bizargorrik Guido eta Enzo, bere seme-alabak balira bezain ongi gobernaturik; horrez gain, orain ez bada laster beren

etxeetara itzuli eta dagozkien aginpide eta erantzukizunak hartu beharko dituztenez, mutiko bien hezkuntzaz arduratu nau Bizargorrik bere eskuzabaltasun guztiz oparoaz, orain arte haren abegiari erakutsi diodan esker txarrak bestelako ordain baten merezient egiten baninduen ere. Hala, bada, printze guztiz maitea, Dogo txit argia, zaudete lasai, bai Veneziako bai Dalmaziako hizkuntza eta kulturen jabe hazi-

ko baitira zuen mutilak, Europako ohitura on eta kristautasunaren legeen arabera, zuen sendiaren baitara itzuliko diren egun dohatsuaren zain. Nik esan gabe ere ohartuko zineten zuen prestasunaren mende dagoela, neurri handi batean, egun hori lehenago edo beranduago iristea. Nolanahi dela, afera honek guztiak denentzako amaiera zoriontsua izango duelakoan, zuen oinetan muin eginez agurtzen da zerbitzari guz-

tiz txipi eta umil hau, zeuen erresuma eta familientzako bake, osasun eta oparotasunezko nire desiorik onenak opatuz, eta gauza bera opa dizue Aljerko buruzagi nagusi eta Istanbuleko Sultanaren armadaburu Khair ad-Din jaun ahaltsu eta errukitsuak, Bizargorri ezizenaz ezagunago izango zaizuenak. Amen, hala bedi eta Allah-k hala nahi beza, Otto.»

Related Documents

1002
April 2020 9
1002
October 2019 14
1002
December 2019 11
20080615 Xabier
April 2020 2
Magazine 1002
June 2020 11

More Documents from ""