Polemikak min egin diola adierazi du Junkerak, baina protesta egin dutenak ulertzen ditu Latinoamerikari dagokion egitasmoa abian da. Filmazio talde batek erregistratuko du aurreikusi dituzten lau diskoen grabazioa.
Eusko Jaurlaritzak Kepa Junkeraren "Etxea" proiektua 702.000 eurorekin lagundu duela eta, polemika sortu da eta horren inguruan solastu da gaur trikitilari bilbotarra. Azaldu duenez, egitasmo handiegia zen instituzioen laguntzarik gabe aurrera eramateko eta hortaz, Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion. Onartu ostean, lanean hasi zen Junkera eta polemika Mexikon harrapatu zuen. Ulertzen eta errespetatzen duela adierazi du, baina min egin omen dio. Pixkanak argitu nahi omen zituen egitasmoaren gorabeherak, baina sortu den zalapartaren ostean, egingo duen guztia jakinarazi du. "Mundu guztian zehar egindako ametsen bidaia" bezala definitu du. Disko bakoitza egiten duten heinean, argitaratzen joango dira. Lehenengoan lanean ari dira, Latinoamerikari dagokionean: euskal diaspora egon den edo dagoen herrialdeetako musikariekin arituko da. Disko bakoitzean, gainera, idazle ezberdinek hartuko dute parte. Horrela egin dute Saramagok edota Amurizak. Filmazio-talde bat proiektu guztia grabatzeaz arduratuko da, izan ere, lau diskoak kalean daudenean bere abenturaren inguruko dokumental bat aurkeztuko du. Abenduaren 22an eta 23an disko berria aurkeztuko du eta 'Etxea' diskoaren salmenten irabaziak Sierra Leonako Diamond Child School od Arts and culture elkartearentzat izango dira. Freetowneko Seydu musikariak sortu du elkarte hori: armak musika-tresnengatik aldatu ditzaten du helburu.