Jenny Holzer, zer pentsatu ematen duen hitza Guggeheim Museoak artista feminista honen artelanak erakutsiko ditu irailera arte Errealitatearen sinbolismo patriarkalak berdinduko zuen idazkera femeninoa behar zuela zioen Luce Irigaray, diferentziaren feminismoaren teorikoak. Hau da, euskarri desberdinen bidez mezu berberak era agresiboan behin eta berriro errepikatzea baina ez, patriarkatuak egiten duen bezala, errealitatea itxuratzeko, baizik eta ezengorkotzeko. Posmodernismoak pintura eta eskulturaren originaltasuna –bakarra dago eta lekua eta espazio bati lotuta- argazki, bideo edota zinemaren truke aldatu zuen –hau da, leku askotan batera zabal litekeen sorkuntza errepikatu eta errepikatu-. Ideia berri horiei jarraitu zieten 80eko hamarkadan EE BBetako emakume artista goraipatuenek , Sherrie LevineK, Barbara Krugerrek, Jenny Holzerrek eta Cindy Shermanek. Laurek, hain zuzen, postmodernistaTZAT zuten euren burua feministaTZAT baino, Peggy Phelan akademiko feministak ‘Artea eta feminismoa’ liburuan dioenez. Holzerrek publizitatearen ezaugarri erreproduzitzaileak eta errepikakorrak islatzen zituen bere artelanetan eta horrela kultura erantzun nahi izan zion menperatzaileari. Izan ere, bere lana lengoaiaren inguruan egina dago. Hitzak erabiltzen ditu. “Hizkuntza aukeratu dut pertsonek —ez ezinbestean artearen mundukoek— nire obren edukia uler dezaten”, adierazi zuen. Linguistikoki esploratu zITUen egunerokasuneko gaiak eta praktikak. Besteak beste, bortizkeriako politikak, zapalkuntza, botere harremanak, sexualitate eta feminitatearen adierazpen linguistikoak. Bere lan famatuena lerro bateko esaldiak dira –‘Truismoak’hedabide eta euskarri desberdinetan idatzitakoak: kamisetetan, argizko errotuluetan, hormairudietan, arte objektuetan, harrietan... Artea eremu publikora eramanda arte feministaren eragina gaur egungo gizartean eta bere implikazio politikoei buruz hausnartu nahi zuen. Truismoen multzoak hainbat ikuspuntu eskaintzen ditu, eta ikusleari aztertzeko aukera ematen dio nola egituratzen diren sozialki balioak, sinesmenak eta errealitatea.
Atzera begirako erakusketa New Yorken jaioa, bertako Guggeheim museoan atzera begirako erakusketa aurkeztu zuen 1989an. Orain irailaren 9ra arte Bilboko Guggenheim museoan dago ikusgai. ‘Zera deskribaezina’ erakausketak azken lau hamarkadetan sortutako 150 lan inguru biltzen ditu. Artelanen artean, esposizio honetarako beren-beregi egindako batzuk daude. Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Sailak genero bortizkeriari buruz argitaratutako Ikusteko Ahotsak liburuan jasotako testigantzak dira. Artista konprometitua, 2001eko irailaren 11ko gertakarien ondoren, FBItik eta beste iturri batzuetatik ateratako dokumentuak bilatu zituen, mehatxu terroristen eta
ziberkontraespioitzaren ingurukoak; mota guztietako dokumentuak bildu zituen: memorandumak, autopsia txostenak, mapak, komunikatu diplomatikoak, galdeketa agiriak eta atxilotuek eskuz idatzitako apelazioak. Gero, dokumentu horien guztien edukia fidelki islatu zuen olio-pinturetan, LED errotuluetan eta argi-proiekzioetan. Mende berriarekin batera, lan egiteko modua aldatu zen eta beste autore batzuen poemak eta prosa erabiltzen hasi zen. Azkenaldian irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan aritu da munduan zehar indarkeria eta bidegabekerien berri emateko.
Siriako gerra Bilboko museoko gela batean Siriako gerrako 131 lekukoren 2011 eta 2016ren artean bildutako testigantzak daude. El Asadek torturatutako zibilak eta ejerzitoaren eta inteligentzia zerbitzuetako desertoreak dira protagonistak. Aldi berean kanposantua irudikatzen duten giza gorputzaren hezurrak daude. Beste gela batean emakume bortxatuen esaldiak. Guda testuinguruetan emakumeen gorputzak gerra-arma bezala erabitzea salatzen du. Bere obrak aldaketak izan ditu baina ardatza bera izan da beti: feminismoa. ‘El País’ egunkariari esan zionez, “Feminismoa izaeran, bizitzan daramat. Gauza guztiak feminista ikuspuntutik ikusten ditut. Zentzu horretan, nire obra militantea da”. Eta bere hitza zer pentsa ematen duena.