Joseba Kamio Publizitaria eta antropologoa Hauteskundeak 2.0 (II) Iratxe Esnaolaren artikulua hizpide hartuta (07.05.23), hainbat burutazio plazaratu nahi dut 2.0 teknologia eta politikagintzari dagokienez, bertan egiten zen deskribapenaz haratago. Teknologiak, eta batez ere Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiek (KIT), antsietatea sorrarazten diete alderdi politikoei. Informazio-iturriak biderkatu direnez, zailagoa da orain informazioaren kontrola. Azken batean, orain arte medioen kontsumitzaileak izatea beste erremediorik ez genuen; orain, ordea, gutako edozein izan daiteke medio. Informazioaren masa-jario bertikalak bide eman dio elkarrizketa zabal bati, eragina izango duena ohiko medioetan ere, hauen gatekeeper funtzioa auzitan dagoelako erabat. Horregatik, hedabide klasikoen kazetaritza-ereduak mugitu egin behar du informazioaren monopoliotik elkarrizketa horren moderatzaile eta galbahe lanetara, elkarrizketa horren edukiak eta aktoreak esanguratsuagoak eta sinesgarriagoak direlako. Komunikazioaren egitura aldatzen ari den honetan, herritarren eta sistema politikoaren arteko harremana aldatzen ari da, eta alderdi politikoak oso motel dabiltza oraindik. “Webgune bat behar dugu” diote, batez ere gauzak okertzen zaizkienean, Internetek kutsadura magikoaren botereak bere baitan bilduko balitu bezala: nola Internetek sekulako indarra duen gaur egungo jendartean, webguneak botere transferentzia bat bideratuko du gugana, eta voilà, gu ere indartsu izango gara. Internet: antolakundearen komunikazio-sistemaren bihotza KITak zuzen-zuzenean daude lotuta antolakundeen komunikazio estrategikoaren beharrizanetara, eta, horregatik, "webgunea" egiteko orduan, hauxe da agertzen den lehenengo galdera: zer esango diogu jendeari webgunean? Galdera horrek antolakunde bat baino gehiago eraman du nortasun-krisi batera, gure antolakundeek denbora gehiegi eman dutelako beren publiko ezberdinekin inolako komunikazio jatorrik garatu gabe, lau hitz-joko estandarizatu egiteko ez bada. Hauxe da alderdi politikoen egoera ere, eta horrek eragin zuzena du sistema-politikoaren nolakotasunean eta herritarrok sistema-politikoaz dugun pertzeptzioan. Hortaz, KITak ez dira ez moda ezta teknologia kontua ere, estrategia kontua baizik: une honetan edozein antolakunderen komunikazio-sistemaren bihotza Interneten dago. KITak, beraz, helburu jakin batzuen baitan kontsideratu eta ezarri behar dira, komunikazio helburuen baitan, hain zuzen ere. Baina horretarako premisa bat bete behar da: komunikatu nahi izatea. Eta, kasu, ez da webgune kontu hutsa. "The Cluetrain Manifesto" delakoaren lehenengo sententziak ongi adierazten duenez, "merkatuak elkarrizketak dira".
Alderdiek komunitateak sortu behar dituzte Alderdiek erabaki egin behar dute nola parte hartuko duten elkarrizketan: webgune baten bidez, komunitate baten bidez (Harley Davidson) edo sare sozial baten bidez (mySpace). Zalantzarik ez daukat puntu honetan: alderdiok komunitateak sortu behar dituzte, gu jakin bati nortasuna, leialtasuna eta taldekidetza-sentimendua emateko. Informazioaren kontrolari muzin egin behar diote alderdiek, eta mugatu behar dute eragina izaten saiatzera. Beste kontu bat da komunitatea sortua izatea eta berau baliatzen ez jakitea, PNVri gertatzen ari zaion bezala, seguruenik komunitatearen kontrol ezak sortarazten dion antsietatearengatik. Egun, zoritxarrez, alderdi batzuen zuzendaritza-estiloak kaxa beltzaren paradigma betetzen du: inork ez daki zertan ari diren eta zertarako, eta, gainera, inork ez du jakin behar, horrek arriskuak ekartzen dituelako... Askotan agertzen dira medioetan, baina ez dute ezer kontatzen, eta jendea pixkanaka telebista itzaltzen ari da: gazteen %70ak internet erabiltzen du informatuta egoteko. Ez du balio gero abstentzioa dela-eta kexu agertzea. Entzuteko ordua heldu da, aldebikotasuna, enpatia eta konfiantza lantzeko ordua. Alderdirik ausartuko al litzateke bere zuzendaritzaren bilerak grabatu eta YouTuben erakustera? Aspektu ideologikoak eta estrategikoak: ez nahastu 2.0 teknologien aldeko hautua, beraz, bi hausnarbide ezberdinetatik egin daiteke: batean, aspektu ideologikoak nagusitzen dira, eta, ondorioz, lehenetsi egiten da partizipazioa, kontsideratzen delako hori dela jendarte-eredu osasuntsu bati dagokiona. Oinarri ideologikoen rebelazioa da, nortasun oso bat definitzen duena, baita posizionamendu estrategiko oso bat ere; bestean, bigarren hausnarbidean, nagusitu egiten da zuzendaritza- eta kudeaketa-estilo eraginkor bat, eta pentsatu egiten da 2.0 teknologiak askoz ere eraginkorragoak izango direla antolakundearen helburuak betetzeko. Bi ikuspegiok legitimoak dira, nire ustez.Horrenbestez, aspektu ideologikoak eta estrategikoak bereiztea komeni zaigu. Batzuetan 2.0 teknologietara jotzen dugu inolako beharrik ez dagoenean, modaren modaz; eta, beste batzuetan, ahaztu egiten zaigu komunikazioaren baldintza modu eraginkor batean komunikatzea dela, eta horrek aldebikotasuna eskatzen duela. Gure alderdia eta gure publiko ezberdinen arteko elkar ulertze mailarik gorena eskuratzea da helburua, eta, horretarako, entzun egin beharra dago, input kualitatibo oso aberatsa delako. Softwaregintza soziala, beraz, harreman publikoen esparruan dago bete-betean. Politikoek ez dituzte edukiak sortzen
Edukietan dago gakoa, edukietan eta erabiltzailearen erabileraesperientzia emankorrean. Edukiek erakartzen dute internauta, eduki esanguratsuek. Edukiak interesgarriak izan behar dira informazioaren kalitatearen aldetik, baina aspektu emozionalek ere badute garrantzirik. Testua oraindik nagusi den arren, Internet ikusentzunezkoetara jotzen ari da gero eta gehiago, eta, ondorioz, edukiek ikuspegi multimedia landu beharko lukete. Edukiek, bestalde, sinesgarritasun minimoa behar dute. Web 2.0 delakoa jarrera bat ere bada, konpartitzeko eta elkarrizketa batean aritzeko borondatea erakusten duena. Elkarrizketa horretan, estekatzea da elkarrizketa gai batetik bestera eramateko modua, eta inork ez zaitu estekatuko eduki esanguratsurik eta sinesgarririk ekoizten ez baduzu. Beraz, 2.0 teknologiek ezaugarri jakin bat exijitzen digute erabiltzaileoi emankor izango badira: komunikatzeko grina. Ostera, politikoek ez dute edukirik sortzen, salbuespenak gora-behera, eta kontuz ibili behar dute epe motzeko errentagarritasun-ikuspegiekin, min handia egin baitiezaiokete edozeinen sinesgarritasunari... Baina edukien auziarekin batera erabilera-esperientziarena dago. Ezin da ulertu Interneten arrakasta esperientzia emankorren ikuspegitik at. Interneten eduki gogoangarriak aurkitu eta haien berri ematea lagunei nahiz komunitate globalei, YouTube edo Zabaldu kasu, esperientzia asegarri eta gogoangarria da internautarentzako, komunitatearen barruan estatus jakin bat lortzeko bidea delako. Garrantzitsuena ez da edukia bera, edukiarekin “trafikatzeko” irrika eta esperientzia baizik. Saria ez da ekonomikoa, kasu bakan batzuk kenduta, baizik eta emozionala, meritokrazia bat ezartzen baita komunitatearen baitan. Eta, kasu, meritokrazia bedeinkatu horrek dinamizatzen du komunitatea, bestela jai; gehienok begiratu besterik ez dugu egiten (%80). Internet ez da makina bat, gu gara Internet Pantailaren bestaldean jendea dago, pertsonak, zer edo zer gogoangarria entzun-irakurri-ikusteko gogoz daudenak. 2.0 teknologien ezaugarririk garrantzitsuena horixe bera da: pertsonak hurbildu dituzte; pertsonen arteko interakzioa ikaragarri bultzatu dute. Ez da kasualitatea softwaregintza soziala merkatuko liderra izatea edukiak kudeatzeko sistemen alorrean, blogak kasu, jakin badakigulako harreman estu-estua baitago teknologia eta ideologiaren artean. 'Software for social change' delakoak komunitateetako kideen arteko harremanak eta informazio nahiz esperientzia trukaketak ahalbidetzen ditu, komunikazio horizontal eta kooperatiboak abantailak ematen baitizkigu herritarroi, liberalismoaren jario bertikal eta hipotesi indibidualisten aurrean. Inteligentzia kolektiboaren dimentsio berri bat?