Denen iritzia, kontuan izatekoa Espainiako aireportuetako kolapsoa, bide-azpiegituren politika, osasun publikoa pribatizatzeko egiten diren esperimentuak, energia, telefonia eta antzeko zerbitzuen liberalizazioa, pentsio sistemaren hauskortasuna, telebista publiko gehienen zentzugabekeria –baliabide publikoak xahutzeaz gain, ez baitute euren eginkizuna betetzen– … Hiritarren eguneroko bizitza baldintzatzen duten arlo asko eta konplexuak daude aurrez aurre, eta guztietan ere, ezaugarri bat da nagusi: hartzaileei, hiritar edo kontsumitzaileei parte hartzeko uzten zaien aukera urria. Gutxitan izaten da kontuan kontsumitzaileen iritzia Zer egin daiteke? Ez da gauza berririk esango gai hauek eta beste batzuk erabakitzeko eztabaida-foroak jendearengandik gero eta urrutiago daudela esaten bada. Batzuetan interes politikoak izango dira, izan ere politikoei ez zaie interesatzen hiritarren benetako iritziak entzutea, batez ere, euren interesekiko kontrajarriak badira. Esate baterako, Irakeko gerratean parte hartzearen aurka zegoen gehiengoa Europan, hala ere gobernu batek baino gehiagok ez dio jaramonik egin herriaren nahiari eta gerratean sartu dira. Beste batzuetan nazioarteko akordio ekonomikoen kontua, edo merkatuaren legeek aginduko dute eta jende xehearen iritziak ez du piperrik balioko. Adibidez, Europako erabaki ekonomiko garrantzitsuenak Bruselako teknokrata gutxi batzuek hartzen dituzte. Gainera antolaketa falta da. Kontsumitzaileen eskubideak eta interes ekonomikoak defendatzen saiatzen diren talde pribatuen sare zabala dagoen arren, kontsumitzaileen jarduera hori guztia eraginkortasunez antolatzea falta da, jendearengan eragina duten erabakiak hartzen direnean, denen iritziak kontuan har ditzaten. Izan ere, mundu guztiko kontsumitzaileek pisuzko zeresana, interesak eta ideiak dituzte, adibidez, genetikoki aldatutako elikagaien merkaturatzea mugatzeko erabakia hartzen denerako. Beraz, argi dago lan horretan denen konpromisoa behar dela, hurrengo mendea ikusiko duen gizartea arrazoi bategatik edo besteagatik ongizatetik baztertuta daudenekin justuago, solidarioago izango bada, eta neurri gabeko garapen nahiak albora uzten dituen ingurugiro nahiz gizarte arazoekiko sentsibilitate handiagokoa izan dadin. Erronka izugarria da, baina izango duen eraginaren handiak merezi du, noski, ahalegina.