Nafarroako euskarazko hedabideon kezka eta proposamena, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurrean SARRERA: Josetxo Apezetxea, Baztango Xorroxin irratiko arduraduna, Joseba Igerabide Baztango Xaloa telebistako arduraduna, Garbiñe Petriati, Sakanako Guaixe astekaria eta Beleixe irratiko arduraduna, Mikel Buldain, Nabarra aldizkariko zuzendaria eta Oskar Zapata, Topagunea euskara elkarteen federazioko arduraduna, Nafarroan Euskaraz diharduten 31 hedabideen izenean etorri gara. Gehienak Topaguneko bazkideak direlarik.
NAFARROAKO EUSKAL KOMUNIKABIDEAK: o Hedabideak: 11 aldizkari, 6 irrati, 2 telebista, 12 agerkari digital o Eragin ekonomikoa: 56 langile, 366 kolaboratzaile, 2.061.320€ko aurrekontua. o Zabalkundea: 21.450 etxetara aldizkariak, 125.000 ikus-entzule potentzial, Iruñerria, Lizarra, Iruñerriatik iparralde osoan
Gaur egun, zorionez, gero eta gutxiago dira mundu honetan hizkuntza bat ( animali edo landare espezieak bezala) galtzea ona denik pentsatzen dutenak. Azken batez, hizkuntza denak gizakien ondarea eta dibertsitatearen adierazle dira. Hau da: aberastasuna. Nafarroan suerte handia dugu horretan, izan ere, bat beharrean, bi hizkuntza propio ditugu. Ezin dugu gauza bera esan bi hizkuntzen osasunari buruz: bat, gaztelania indartsu, eta bestea, euskara, makaltsu (gutxiagotua) dugu eta. Pertsonentzako medizina dena, hizkuntzentzat soziolinguistika da Soziolinguistikan adituen laguntzaz, azken hogei urteetan aunitz ikasi dugu hizkuntza eta hizkuntza komunitatea osasuntsu egoteko behar duenaz eta hori lortzeko errezetaz. Horien artean bat oso lotuta dago hedabideen egin beharrarekin: hizkuntza bat bizirik irauteko hizkuntza komunitate egituratua behar du eta hiztunek hizkuntza erabiltzeko uneak eta guneak eduki behar dituzte. Euskaraz dihardugun hedabideok funtsezko zeregina betetzen dugu norabide horretan: euskal komunitatearentzako erreferentzia izanik, berau kohesionatzeko lan egiten dugu eta informazioa euskara hutsez eskainiz hizkuntza erabiltzeko ohitura txertatzen dugu; kalitatea ongi zaindua dagoen gure produktuen ekarpena handia da beraz, euskara berreskuratzen eta normalizatze prozesuan. Soziolinguistikan adituak direnek aipatzen duten beste alderdi garrantzitsua ondoko hau da: hizkuntza baten berreskuratze prozesuan instituzioak eta herritarrak inplikatu behar dira eta eskutik joan behar dute, guztiona da ardura. Guk gureari atsegin handiz heltzen diogu.
Nafarroako Gobernuak 1986. urtean onartu zuen Euskararen Legean Gobernuaren betebeharrak zehazten dira. Horrela dio legeak bere III. tituluan ( Komunikabide Sozialak): 27. artikulua. 1. Administrazio Publikoek sustatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan. Horretarako eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu. Zer esan nahi du sustatu hitzak? Zerbaitek aurrera egin dezan laguntza eman.
DIRU LAGUNTZEN BILAKAERA HISTORIKOA Euskararen presentzia komunikabideetan sustatzeko agindua ematen dio Euskararen Legeak Nafarroako Gobernuari. Euskararen presentziak aurrera egiteko laguntza ematera behartzen du, alegia. Agindua beteaz, Gobernuak diru-kopuru jakin bat banatu du azken urteotan xede horretarako. Euskara hutsez ari garen hedabideon kasuan, ondoko hau izan da azken urteotan jasotako laguntza publikoaren bilakaera: 1999. urtean
2003. urtean
2007. urtean
2008. urtean
2009. urtean
211.718,49€
228.156€
210.430,29€
156.000€
Gehienez ere:
9.567€ Jaitsiera nabarmena, argi eta garbi, are gehiago KPIren urtez urteko igoerari kasu egite badiogu. Legeak “euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan ” erabili dadin laguntzeko agindu, eta Gobernuak gero eta laguntza gutxiago eman. Legeak dioena, eta (2008ko abenduaren 11ko datarekin argitaratu berri duen informean irakurri dezakegunez) Europako Kontseiluko Adituen Taldeko aholkuak beraz, ez dira betetzen ari. Exekutiboaren jarduna oso urrun dago euskara sustatzetik, aurrera egin dezan laguntza ematetik. Are gehiago, kontrakoa ere gertatzen ari da: aurrera egiteko laguntzak murrizten ari dira eta. GAUR EGUNGO EGOERA: Azalpenak eskatu beharrean aurkitzen gara beraz. Zerbaitek huts egiten du planteamendu honetan guztian. Nafarroako Gobernuak eta hona etorri garenok lankideak izan beharko genuke, langintza berean dihardugun aldetik. Gobernua legez behartuta dago euskaren presentzia hedabideetan sustatzera, eta guk lan hori egin nahi dugu. Hori dela eta, iruditzen zaigu elkarlana dela biderik logiko eta eraginkorrena. Nafarroako Gobernuak, alabaina, ezer gutxi egin du 1986tik gaur egun arte euskara hedabideetan sustatzeko. Berriz ere diogu: hiritarrok zergak ordaintzera behartzen gaituen modu berean, legeak euskara sustatzera behartzen du Gobernua.
Gustu eta gogo kontuak alde batera utzita, halaxe egin behar du. Egin ezean legeari iruzur egingo lioke, eta kontuak eskatu beharko litzaizkioke. Ikus dezagun beraz, Nafarroako Gobernuak zer egin duen 1986tik hona euskararen presentzia hedabideetan sustatzeko: o Hedabide publikoen alorrean, euskarazko hedabide publiko bat bera ere ez du sortu. o 2008. urte bitarte eta etengabe, lanean diharduten hedabideei diru laguntzak banatu dizkie: gutxi eta berandu. Horretan aparteko aipamena merezi du aurten gertatutakoa: o urte hasieran 310.000 euroko diru poltsa gorde da euskara hedabideetan sustatzeko. Hedabideok kopuru horretan oinarrituta egin ditugu urteko aurrekontuak. o Urtearen erdi aldera, diru horren zati handi bat jadanik gastatuta zegoelarik, diru-poltsa osoa ‘blokeatu’ egin da krisiaren aitzakian, zerora murriztu da, likidezia arazo handiak eraginez. o Geroago, jendaurreko salaketaren eta hainbat bileraren ostean, hasieran hitz emandakoaren zati bat besterik ez da banatu. o Lehenengo 310.000, gero zero, gero 240.000... Zertan ari gara? Onartezina da horrela jokatzea. Onartezina. Eta ezin da errepikatu. o Publizitate instituzionalari dagokionez zer esan: 2008. urtean 4.851 euro baino ez, 31 hedabidetan. o Aurreko hori guztia gutxi balitz, egunotan jakin dugu 2008an 310.000 eurokoa zen diru partida hori zenbatekoa izango den 2009an: 9.567 eurokoa, hain zuzen ere. 9.567 euro, jaun-andreok. Areto honetan bilduta gaudenon edozeinen urteko soldata baino askoz ere gutxiago. Lanaldi erdiko langile baten soldata baino gutxiago. 9.567 euro. Aurpegira barre egiten ari zaigu, argi eta garbi. Erabaki teknikoa dela esan zaigu gainera. Kontable batek, berriz ere krisiaren izenean, hartutakoa. Horrek areagotu besterik ez du egin sentitzen dugun umilazioa, merezi ez dugun irain hau. 9.567 euro. Nafarroako Gobernuak hartu duen neurri hori ez da konponbide tekniko bat, erabaki politikoa baizik, eta garbi uzten du exekutiboaren Nafarroako euskal hizkuntza komunitatearekiko mespretxua eta errespetu eza. Euskal hizkuntza komunitateaz ari garenean, 100.000 nafarretik gora biltzen dituen komunitate batez ari gara. Gainontzeko nafarrek dituzten eskubide eta betebehar berdin-berdinak dituzten nafarrez. Baina arazoa harago ere badoa. Krisi garaiaz hitz egiten zaigun garai honetan, ekonomia mimatu beharraz eta lanpostuak zaintzeaz etengabe entzuten ari garen sasoi honetan, euskarazko hedabideotan diharduten 56 langile nafarren lanpostuak kolokan jarri ditu gobernuak. Krisia ekidin beharrean, administrazioak berak zuzenean eragin du gure kasuan. Eta aztertzeko dago hedabideok desagertzeak ze ondorio ekarriko lukeen, gainera, papergintzan edo arte grafikoen sektorean. Erabaki politikoa hartu duzuenok jakingo duzue zergatik, baina guri ulertezina egiten zaigu, edonondik begiratuta ere. Ez dugu ulertzen zer arrazoi egon daitekeen, legea argi eta garbi urratzeaz gain, nafar guztien laurden bat honela baztertu eta
mespretxuz tratatzeko, eta gainera 31 hedabide eta 56 familiaren etorkizuna kolokan jartzeko. Ez zaigu bururatzen hori guztia arrazoitzeko biderik. Horregatik, eskaera zehatza egitera gatoz gaurkoan: erabaki politiko hori aldatu ezazue, ez ezazue mespretxatu, ez ezazue zigortu, ez ezazue egurtu Nafarroako euskal hiztun komunitatea. Nafarrak gara, gure zergak ordaintzen ditugu, Nafarroako Komunitateari ekarpen kultural (aberastasuna) eta sozial ( bizikidetza) itzela egiten diogu. Ez dugu merezi jasotzen ari garen tratua, eta gainera prest gaude gauzak hobetzeko lanetan era aktiboan laguntzeko. Beraz, hona gure planteamendu zehatza, puntuz puntu: ESKAERA ZEHATZA: 1. 2009. urteko aurrekontuetan euskarazko hedabide guztientzako, aurreko urteetan deialditik kanpo utzi direnentzako ere, diru laguntza partida duin bat egotea. 2. Hori teknikoki posible ez balitz, diru laguntza duina jaso dezagun bideak ireki ditzazuela. 3. Publizitate instituzionala gure hedabideetan txertatzea. 4. Euskarabidea itxurakerietarako erabili beharrean, diruz eta edukiz hornitzea. 5. Aurten gertatukoa berriro gerta ez dadin pauso zehatzak ematea: euskarazko hedabideen egoera erregularizatzea, egoera egonkortzeko hitzarmen baten bidez. ESKAINTZA: o Euskararen sustapenean euskarazko hedabide eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza: Bide horretan, hedabideon egoera egonkortzea guztiz premiazkoa da. Legeak Gobernua horretara behartzen du, eta guk bide horretan lan egin nahi dugu. Beraz, planteatzen dugun bidea Gobernuaren eta euskarazko hedabideen arteko hitzarmena sinatzea da. Hitzarmen horrek gure ustez ondokoak jaso behar lituzke: Euskarazko hedabideok egiten dugun lanaren aitorpena, gure egin beharra Zeregin hori duintasunez betetzeko gure beharrak zeintzuk diren Behar horietan noraino lagundu behar duen Gobernuak Laguntza hori jasotzeko nolako baldintzak bete behar ditugun hedabideok.
Nafarroan 2008ko abenduaren 18an