Palestina

  • October 2019
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View Palestina as PDF for free.

More details

  • Words: 2,218
  • Pages: 4
Israel onartu behar dute palestinarrek? Egun hauetan Palestinako indar politiko gehienak batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko negoziazioetan dabiltza. Gobernu honen zeregin nagusia sionistekiko bake akordio bat lortzea izango litzateke. Negoziazio haietan parte hartzen duten indar politiko guztiak bat datoz bake akordio horren funtsezko puntuetan: preso palestinarren askapena, Israelek 1967-an hartutako lurraldeetan estatu palestinarra eratzea eta alde bietako suetena. Badago, ordea, akordiorako oztopo nabarmena: Israel onartu ala ez. Alde batetik dugu Palestinar Aginte Nazionalaren presidentea eta Fathat bere alderdia. Hauek Israel onarpenaren aldekoak dira. Bai eta balizko bake akordioan erabakitako mugak behin betikotzat jotzearen aldekoak ere. Azken finean, Osloko hitzarmenek markatutako bidea jarraitzearen aldekoak. Bestetik, Hamas-eko islamistak eta ezkerreko indarrak (hauen artean, Palestinaren Askapenerako Fronte Popularra, PAFP, eta Palestinaren Askapenerako Fronte Demokratikoa, PAFD, garrantzitsuenak direlarik) ditugu. Hauek prest daude estatu sionistarekiko iraupen luzerako suetena sinatzeko. Ez, ordea, estatu hau onartzeko. Nahiko luketen bake akordioaren osteko egoera lurralde-auzia duten baina gerran ez dauden bi estatuen antzekoa izan beharko luke. Hots, Irlandako Errepublika eta Erresuma Batuaren artekoa, Maroko eta Espainiako Estatuaren artekoa eta abarren antzekoa. Palestinarrek, edozelan ere, euren eskubide nazionaletan amore, euren autodeterminaziorako eskubidean azken finean, eman barik. Hedabide kapitalistek Palestinaren askapenerako mugimenduan gertatutako zatiketa hau aurkezteko moduak ohiko indiar eta bakeroen pelikula baten kutsua du. Zuriek lurra partekatzeko tratu bidezkoa eskaintzen dizkie. Buruzagi jakintsua onartzeko prest dagoena. Zoritxarrez, badago beste buruzagi bat jakintsu barik liskarzalea dena eta bere atzetik indiar inozo saldoa eroateko gauza dena. Tamalez, jende ezkertiar nahikotxok badu antzeko jarrera, ñabarduraz ñabardura. Azken hauek esaten digute guztien autodeterminaziorako eskubidea (palestinarrenak zein israeldarrenak) betetzeko modu errealista . Guztientzako eskubideen argudioak oso simetria arriskutsua planteatzen du zapaltzaile eta zapalduen artean. Zeren eta herri bat Palestinako indigenek osatua da eta bestea indigena horiei euren lurrak lapurtu dizkieten kolonoek. Bestalde, datu historiko hau, momentuz, alde batera utzita eta kolonoek zenbait eskubide daukatela onartuz galdetu behar dugu: 1967-an hartutako lurralde palestinarretan estatu bat sortzeak palestinarren eta kolono sionisten arteko berdintasuna bermatuko du? Galdera honi erantzuteko estatu sionistaren izaera sakonago aztertu behar da.

Kolonizazio prozesu batetik sortutako estatu bat Arestian aipatu den palestinarren eta Ipar Amerikako indigenen artean egindako paralelismoa nahiko egokia da: biek jasan dituzte oso antzekoak diren kolonizazio prozesuak. Antzekotasun honek bertako populazio, terrorearen bidez bere lurretatik kanporatzean datza, haren ordez kanpotik etorritako kolonoak kokatzeko. Ameriketako hainbat lekutan, Australian eta Zeelanda Berrian gertatutako kolonizazio prozesuen antzean. Bada, berriz, ezberdintasun bat. Amerika eta Ozeaniako kolonizazio haiek Europako estatu boteretsu batzuk (Erresuma Batua, Espainiako inperioa...) burutu zituzten, Palestinan ez bezala. Han inolako estaturik kontrolatzen ez zuen nazioarteko mugimendu batek (sionismoa) bultzatutako kolonialismoa izan da. Hala ere, mugimendu sionistak beti estatu inperialista baten babespean jardun du. Lehen Erresuma Batuarena, gero Frantziakoa eta, Suez krisiaren ondoren, Estatu Batuena. Babesa hura, jakina, ez da inoiz izan debalde. Israelek bere babesleei eskainitakoa Ekialde Hurbilean haren jendarme zerbitzuak izan dira, batez ere. Denboraren poderioz, baina, beste zerbitzu moten garrantzia handitu da: Estatu Batuei, munduko edozein tokitan, lan zikina egitea. Apartheid garaiko Hegoafrikara armak bidaltzea, Guatemala eta Salvadorek armada genozidak entrenatzea bezalako lanak hain zuzen ere. Beti ere, Ekialde Hurbilean inperioaren gorila izateari utzi barik. Horren truke inperialisten laguntza (yankiena batik bat) ekonomikoa eta, batez ere, militarra jaso du. Areago, esan daiteke segurtasun negozioa Israelgo lehen industria bihurtu dela. Zeren eta Estatu Batuetako armagintza arloko zein inguruko enpresa askok, goi mailako teknologiak bereziki, hara lekualdatu dute bere ekoizpena. Filialak zabalduz edo bertako enpresekiko akordioen bidez. AEB-ko gobernuak bultzatzen du prozesu hau bai Israelentzako zerbitzuen trukeko saria izateagatik bai zenbait zerbitzuen eskaintzeko oinarria delako. Hots, negozioz edota interes estrategikoaz oso errespetagarriak ez diren estatuak armaz hornitzeko. Aipatutako Apartheideko erregimena eta Erdialdeko Amerikakoak ditugu adibide. Bai eta Irango errepublika islamikoari ere, Iran/contras izeneko auziaren testuinguruan. Gainera, estatu sionistak daraman politika militaristak publizitate tresna ezin hobea da bere armagintza negoziorako. Edozelan ere, Israelen izaera kolonialak eta inperialismoaren borreroaren rolak elikatu dute elkarri. Alde batetik, ez baitago guztiz ideologikoa den kolonialismorik, kolonoak erakartzeko bizitza material hobe bat,

lur berri batean, eskaintzen da beti. Kasu askotan, kolonizatutako lurraldearen natura-baliabide aberatsak izan dira bizitza berriaren promesaren funtsa. Palestinan, berriz, ez. Hartan ez dago aparteko naturaaberastasunik eta, aldiz, badago, Ekialde Hurbila osoan bezala, eskasa den funtsezko baliabide bat: ura. Azken puntu hau garrantzitsua da eta geroago jorratu beharko dugu. Momentuz, baina, argi dezagun kolonizazio sionistak beste oinarri bat behar izan duela: botere inperialisten zerbitzaria izatea. Hortik sortu dira estatu moderno bat eratzeko eta kolonoei bizitza berria emateko baliabideak. Era zuzenean: estatutik estatura emandako laguntzaren bidez. Zein zeharkakoa: aipatu dugun arlo militarrari lotutako industria sortzen lagunduz. Azken honek kalitateko lanpostuak sortzeaz gain elikatzen du, zergen bidez, egitasmo koloniala: barruan dauden kolonoentzat ongizate-estatua posible eginez, kolono berrien asentamendua finantzatuz eta, oro har, estatu kolonial boteretsu bat ekonomikoki mantenduz. Bestetik, inperialismoak kolonialismo sionista baino laguntzaile hobea nekez aurki lezake: • Kolonoen zati handi bat europar jatorrizkoak baitira eta, horrexegatik, inperialismoaren ideologiarako irekiagoak. • Kolonizazio prozesu berak kolonoengan indigenekiko jarrera arrazista sortzen duelako. Ondorioz, indigenak (gure kasuan arabiarrak) kontrolatzeko eragile egokiak dira kolonoak. • Haren bizimodu pribilegiatua defendatzeko guztiz militartuta den jendartea sortu baita. Eskatzen zaion lana betetzeko, beraz, egokia. Laburbilduz: kolonizazio sionistaren arrakastak inperialista boteretsuenen mertzenarioa izatean datza.

Estatu inperialista bat Baina Israel ez da soilik inperialisten laguntzailea. Estatu inperialista ere bada. Nahiz eta AEB, Alemania, Frantzia edo Erresuma Batuaren mailakoa ez izan, bere izaera inperialista argi dago. Izan ere, Israel, aipatutako herri horietan bezala, kapitalista handien osaturiko oligarkiak zuzendua da. Gainirabaziak edo irabazi monopolistak erdiesteko estatua erabiltzen duena. Eta horrek, besteak beste, langileriaren zati handi bat erostea ahalbideratzen du. Horrela, Palestinan bizi den langile etorkinen zein bere oinordekoen kolonizazio egoera mantentzean interes materiala dute. Eta sionismoa da interes horren adierazpen ideologikoa. Honek guztiak esan nahi du Estatu sionista ez da beti inperialisten karguz aritzen. Haren interes berezien alde, estatu inperialista den aldetik, jarduten du ere bai. Nahiz eta batzuetan alde biak nahasten dira. Libano erasotzea orain dela gutxi da horren adibide bat. Israelek Libano duen interesak Litani ibaiaren ura kontrolatzean datza eta AEB-koak Ekialde Hurbilerako bere egitasmo geopolitikoan (Ekialde Hurbil berria izenekoa), non zedroaren herria (Siria eta Iranekiko loturengatik) atal garrantzitsua da. Eta berriro agertu zaigu ura. Normala, hauxe baita gatazka luze eta odoltsu honen gako bat. Arestian esan denez, Palestinan ura eskasa delako. Eta are eskasagoa Israel izaera inperialistarentzat. Horrek ekartzen duen kontsumo eta ekoizpen ereduari eusteak ur asko eskatzen baitu. Horretarako, baina, Israelek 1948-an lapurtutako lurraldean dagoen ura ez da nahikoa. Ez da harritzekoa, beraz, han erabiltzen den uraren %35 Zisjordaniatik etortzea eta %22 Siriari lapurtutako lurraldetatik, Golan gainetatik. Hala eta guztiz ere, horrek ez digu ematen harrapakin hidrikoaren dimentsio oso. Falta da, alde batetik, lurralde haietan bizi diren kolono sionistek erabilitako ura, ur intentsitate handiko nekazaritza aurrera eramateko batez ere. Eta, bestetik, auzoko herrietatik mehatxuaren bidez jasotako ura. Hau da, herri horiek beren lurraldetik ibiltzen diren ibaietatik, eurek eraikitako azpiegitura hidraulikoaren bidez, ur gehiegi (Israelen interesen ikuspuntutik) hartzen badute eraso sionistaren arriskuan egongo dira. Honela, 60 hamarkadaren hasieran Israelek Siriako presa bat eta Jordaniako ubide bat bonbardatu zituen. Bukatzeko, gogora dezagun Libanoko erasoen atzean Litani ibaiaren kontrola dago. Horretaz gain, lehen esan bezala estatu inperialista izateak mundu-merkatuan gainirabaziak lortzea da. Eta, ikusi denez, Israelgo industriarik lehiakorrena segurtasun negozioa deitu duguna da. Hots, armen esportazioa eta beste botere inperialisten (Estatu Batuena, batez ere) laguntzaile aritzea. Nazioarteko lan banaketan espezializazio horrek Israel izaera militarista eta erasokorra areagotzen duena. Eta izaera honek ondorio garrantzitsuak ditu beste herrientzat, palestinarrentzat batik bat.

Kolono sionisten eta palestinarren eskubideak Lehen esan dugunez defendatzeko beharra duten eskubideak zapalduarenak dira ez zapaltzailearenak. Azken hauek ondo babestuta egoten dira. Hau da eztabaida honetarako funtsezko hastapena. Dena den, askapenaren aldeko borroka ez da opilari buelta ematea, zapaldua zapaltzailea bihurtzea. Berdintasuna lortzea baizik.

Hortaz, kolonoei aitortu behar zaizkien eskubide batzuk. Baina inola ere ez kolonoak izaten jarraitzeko eskubidea. Eskubide hau kolonizatuenekin bateraezina baita. Kontua, beraz, zelan amaitu egoera kolonialekin. Modu bat da kolonoak euren jatorrizko herrietara itzultzea. Konponbide honek, berez, ez du kolonoen eskubide demokratikoak bortxatzen, herri haietan beren bizitza duintasunez berregiteko baldintzak jarriz gero. Baldintza horiek izan beharko lukete, alde batetik, materialak (etxebizitza, lana..) eta, bestetik, soziopolitikoak: hiritartasun osoa aitortzea eta antisemitismoa erruki barik borrokatzea, eta azken hau egin beharrekoa da edozein kasutan. Halako konponbide bat Aljeriako deskolonizazio prozesuan ipini zen indarrean. Hala ere, halako prozesu batek zailtasun praktikoak zein printzipioen aldetik ditu. Izan ere, askapenerako mugimendu gehienek kolonoen integrazioaren alde agertzen dira. Kasurik aipagarriena Irlandako mugimendu errepublikanoarena izan liteke: integrazio asmoa bandera nazionalean islatzen da, laranja kolorea hain zuzen ere. Palestinaren kasuan, beharbada, integrazioaren aukera saihestezinagoa da. Horregatik eta kritikatzen dugun jarreratik hurbilago egoteagatik, kritika indartzen duena, integrazioaren aukera joko dugu ontzat. Honen arabera, kolonoak Palestinan bizitzeko eskubidea aitortzen zaie, euren eskubide zibil, politiko eta kulturalen jabe direlarik. Dagoeneko, baina, eskubide haiek, bermatuta daude. Palestinarrenak ez. Eta hauek errespetatuak izateko eskakizun minimoak honako hauek izango lirateke: a) Errefuxiatuen edota haien oinordekoen jaioterrira itzultzeko eskubidea, bai eta lapurtutako jabegoaren berreskuratzeko. b) Munduko edozein tokitik etorritako ustezko juduari Palestinan asentatzeko laguntza ekonomikoa eta hiritar-eskubide osoak ematen dizkien politika eten behar da. Kolonizazioren partea baita. Eta Palestinan sartzeko errefuxiatuek izan behar dute lehentasuna. c) Palestinar guztiek, Palestinako edozein tokitan bizi direla, eskubide zibil, politiko eta kulturalen jabe izan behar dira. d) Eskubide haiek galdu gabe Palestinan zehar mugitzeko eta bizileku hautatzeko (beti ere, beste baten eskubide zilegi kaltetu barik) askatasuna izan behar dute. Bistan denez, a), b) eta c) baldintzak betetzeko ez da nahikoa 67-ko lurraldetan estatu palestinarra sortzea. Zer esan ahal dute konponbide honen aldekoek errealitate garratz honen aurrean? Palestinarrek bi aukera dutela • Inguruko herri arabiarretako hiritarra bihurtzea. Izan ere, zati handi bat jadanik halako herrietan bizi da. Eta euren lurrari behin betiko agur esatea mingarria izan arren, han eskubide osoetako hiritarrak izan daitezke, beren kultura eta hizkuntza arabiarra mantenduz. • Estatu palestinar berrira bizitzera joatea. Han, palestinar gisa, hiritar osoak izango baitira. Azter ditzagun aukera hauek: • Biek eskatzen dizkie palestinarrei haren herri-lurraldetasunari, ez soilik burujabetzari, uko egitea. • Lehenak haratago doa: herritartasunari ere uko egin beharko diote. Honetaz gain, gauzagarria ote da? Zeren izenean eskatu ahal zaie beste estatuei Israelek egin nahi ez duena, palestinarrak hartzeko eta hiritartasuna emateko alegia, egiteko? Herri horiek ordaindu beharko dute neurri honek ekarriko dizkien gastuak? Beharbada, oztopo hauek zenbait herritan gainditu ahal izango dira (Siria eta Jordania, kasu) baino Libanon ez. Hasteko, Palestinar errefuxiatuen tamaina absolutu eta erlatiboagatik: haren azalera, gutxi gorabehera, Euskal Herriaren erdia den herri batean (10452 Km2) 400000 palestinar eta 2700000 libanoar. Datu hauekin erraz ulertzen da gerrak txirotutako herri txiki bati bere hiritarren errolda horrenbeste handitzea zer kostu ekarriko liokeen, zerbitzu sozial duinak eman nahiz gero behintzat. Baina, agian, arazorik larriena ez da ekonomikoa izango. Politikoa baizik, komunitate libanoarren oreka haustea hain zuzen ere. Zeren eta han bizi diren errefuxiatu palestinar gehienak musulman sunniak baitira eta, ondorioz, hauek Libanoko hiritarrak bihurtzea komunitate hau indartuko litzateke kristau eta xiiten kalterako. Erantzuna argi dago: ustezko alternatiba hau bidegabea ez ezik bideraezina ere bada. • Ikuspuntu guztiz formalista hartzekotan estatu palestinar bat edozein lur puskan egoteak hiritartasun palestinarra bere osotasunean, politiko zein kulturala, bizi nahi dutenen beharra erantzungo lioke. Errealitatean, hiritartasun-eskubideek eta burujabetza bera dimentsio material, sozioekonomikoa bereziki, ukaezina dute. Eta estatu sionistak 1967-an hartutako lurralde palestinar osoak utzi arren, lurralde hauen natura-baliabideak (bereziki ura) bertakoen eskua utzi arren, estatu bideragarri eraikitzeko oztopo guztiak kendu arren (harresia, errepideen kontrola..) eta estatu palestinarraren burujabetza errespetatu arren palestinar gisa nahiko luketen guztiek ezin izango han bizi, duintasunez

behintzat. Gogora dezagun 9000000 palestinar daudela munduan barreiatuta eta 1967-ko lurraldeen azalera, gutxi gorabehera, 6520 Km2 (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoaren batura baino txikiagoa) dela, lurralde txiki honek ez duela aparteko natura aberastasunik eta kolonizazio egoera luze eta gogor batek inolako garapen industriala edota teknologikoa eragotzi duela. Palestinar guztiek Palestinan bizi ahal izatea gehiegizko eskaera dela pentsatu ahal dugu. Baina zentzuzkoagoa datekeen beste kopuru batek (palestinar bakoitzaren egoera eta nahiak kontutan hartuz, beharbada) ere ezin izango luke duintasunez bizi baldintza horietan. Zer aukerak, esaterako, ematen zaizkie 1948-an hartutako lurraldeetan biziko direnei? Bertan jarraitu bigarren mailako hiritar gisa, Palestinatik alde egitea eta estatu palestinar berrian pobrezia gorrian bizi. Eta Libanon bizi direnei? Errefuxiatu bizi haiek eta euren seme-alabak, beste edonora joatea (hartzen badituzte) eta Palestina murritzean Libanon bezain pobre bizi. Eta hau guztia baikorregia den hipotesiaren arabera! Aztertu dugun estatu sionistaren izaera eta beharrak kontutan hartuz, oso probabilitate txikikoa dena. Zer espero daiteke estatu militarista, erasokorra, baliabideen harraparia? Bantustan palestinar eratzen uztea eta ez beste ezer. Honen guztiaren ateratzen den ondorioa argia da: estatu sionista izatea eta Palestinarren eskubideak bateraezinak dira. Eta bi estatu balira baina Israelek sionista izateari utzita? Beno, orduan, zertarako bi estatu? Palestina osoa, laikoa eta demokratikoak guztien eskubideak bermatzen ditu. Hau eta ez beste ezer da palestinar herriaren autodeterminaziorako eskubidea.

Palestinarrak eta gu Azken argibide bat: nire asmoa palestinarren asuntoetan muturra sartzea izan dena txarto ulertu dit, agian nire erruagatik baina ez da hori nire asmoa izan. Hemen idatzi dena ez dago zuzenduta palestinarrei euskaldunei baizik. Kontua dela askotan esaten dugu gure elkartasuna beste herriekin autodeterminazioaren ezagutzan dugun interes komuna izan behar du oinarri. Horregatik saiatu naiz argitzen Palestinaren baldintza konkretuetan (bereziki konplikatuak direnak) zer esan nahi duen autodeterminazioaren eskubidea. Hau gauzatzeko ez dela nahikoa, inondik inora, 1967-ko lurraldeetan estatu bat sortzea eta, are gutxiago, inperialistek kontrolatutako bake-prozesutik sortutako bat. Inperialismoaren eragile mediatiko eta ideologikoek sinestarazi nahi digutenaren kontra. Gure elkartasuna benetako konponbide baten alde borrokatzen dutenei zuzentzeko. Eta, orokorrean, inperialismoaren manipulazioarekin erne ibiltzeko. Bestela, haurtzaroan ikusitako Ipar Amerikako indiarrei buruzko pelikulak (nik ikusitakoak, behintzat, zaren pazientzia handiko irakurle hori, akaso, ni baino askoz gazteagoa zara) sinesten bukatu ahal dugu.

Related Documents

Palestina
October 2019 48
Palestina
December 2019 47
Palestina Show
June 2020 21
Palestina-konflikten
June 2020 19
Palestina Gaz
December 2019 43
Palestina Allahuakbar
December 2019 22