Ganekogorta 2009-05-10 Eusk

  • Uploaded by: Itxartu Taldea
  • 0
  • 0
  • May 2020
  • PDF

This document was uploaded by user and they confirmed that they have the permission to share it. If you are author or own the copyright of this book, please report to us by using this DMCA report form. Report DMCA


Overview

Download & View Ganekogorta 2009-05-10 Eusk as PDF for free.

More details

  • Words: 2,108
  • Pages: 14
GANEKOGORTA (999 m.) – DEIADAR MENDIA 2009/ 05/ 10 Maiatzaren 10erako, igandea, Aramaion kokatuta dauden Durakogain, Ganboralde eta Asentsiomendi mendiak igotako asmoa genuen, autobusez Krutzeta Mendateraino joan ondoren. Baina maiatzaren lehen egunetan, igande horretan Ganekogortan Bizkaiko Batzar Nagusiek bultzatuta “Deiadar-mendien eguna” ospatu behar zela adieraziz Bizkaiko Mendi Federazioaren posta elektronikoa bat jaso genuenean, gure asmoak aldatu egin genituen, eta Ganekogortarako deiari jaramon eginez Durakogain-erako txangoa ekainera atzeratu genuen. Aldaketa txikia izan da, izan ere ekainaren 28an Bilbo inguruko mendietan ibiltzeko asmoa ere bagenuen-eta. Ganekogorta-rako mendi txangoa antolatu zuten mendi taldeek hiru abiapuntu zituzten aurreikusita, Arrigorriaga, Bilbo eta Alonsotegi, denetatik 8:00etan abiatuz. Hiru multzoek Pagasarri-n egin behar zuten bat 10:00etan, gero elkarrekin Ganekogorta tontorrera igotzeko. Azken mendi honetan 12:00etan Batzar Nagusietarako ohiko deia egin behar zen. Era berean 13:00etarako erromeria herrikoia zegoen antolatuta Pagasarri-ko landetan. Itxartu Mendigoizale Taldean 12:00etan beste hiru mendigoizale-multzoekin zuzenean Ganekogorta gailurrean bat egitea pentsatu genuen. Asmo horretan, autobusez 36 pertsona abiatu ginen Algortatik goizeko 9:00etan Alonsotegira joateko, handik zuzenean Ganekogorta-raino bi ordu eta erditan helduko ginela ustez. Autobusak Alonsotegiko futbol zelai zaharrean utzi gintuen, gaur eguneko Kadaguako Korridoreko autobidearen azpian. Eguna ez genuen lagun, baina mendigoizaletasuna nagusia zen gure artean. Autobusetik jaitsita, oso igoera handia duen mendi erraldoia igotzeko prestatu ginen. Ibiltzen hasi ginenean, adar baten hotsak lagundu gintuen, geroxeago gailurrean entzungo genuenaren aitzindari gisa. Tenperaturak eta agertzen hasita zeuden oskarbi-guneek bertan behera bota zituzten, zorionez, eguraldiaren iragarpen txarrak. Futbol zelaitik hurbil dagoen Azordoiaga auzunera doan errepidetik joan ginen.

Azordoiaga-ko eskoletara heldu ginenean bidegurutzean ezker aldera “Pagasarri 8,3 km.” eta eskuin aldera “El Oro 800 m.” adierazten dituen tantaia ikusi genuen. Guk eskuin aldera jo genuen, hasieran nahiko malkartsua den aldapa asfaltatu batetik.

Egun horretan bertan, 9:30etan hasita, Alonsotegin oinez, korrika eta BTTez egin zitekeen ibilaldi bat zegoen antolatuta. Eta gure txangoaren hasieran beraiekin batera egokitu zitzaigun. Berehala Gongeda errekaren urbazterrean kokatuta dagoen El OroRosiñategi izeneko jolas-eremura iritsi ginen, Bertan mahaiak, iturriak, informazio tantaiak eta aterpetxe txiki bat daude. Gongeda errekaren bi aldeetan, geroz eta urriago diren urbazterretako basoen ekosistemei eutsiz, pinuak, gaztainondoak, haritzak, eta abar landatu dira. Toki honetatik aurrera, epe luzean utzi gabe, pistatik joan ginen, “Pagasarri” eta “Zamaia”-rako bidea adierazten duten kartelei jarraiki. Zati oso honetan basoaren barrutik joan ginen eta esan beharra dago ikusi genituen karteletan inoiz ez zela Ganekogorta agertzen. Ordubetean ibili ondoren lau kartel adierazle dituen tantai batera iritsi ginen. Batean “Zamaia 1 km. Pagasarri 6 km.” irakurtzen da. Beste batek guk egindako ibilbidea bera adierazten du: “Azordoiaga 4,5 km. El Oro 3,7 km.”. Harantzago seinale asko dituen tantai batek bide onetik goazela berretsi zigun: “Zamaia 700 m. Pagasarri 6,3 km.”

Gure eskuinetik Zamaiako Harkaitzetara doan bidea utzi genuen eta lur eta harriz osatutako bidetik jarraitu genuen aurrera. Toki honetan, behin zuhaitzetatik irten ginenean, elkartu ginen taldekide gehienok eta Ganekogorta gailurra begiztatu genuen.

Bidean seinale ugari dituen beste tantai bat topatu genuen. Hortxe ikusi genuen lehen aldiz Ganekogorta izena eta eskuin aldera adierazten den bideari ekin genion. Zehazki kartelak honela dio: “Gongeda 700 m. Ganekogorta 2,8 km.”. Bidegurutze horretan “Pagasarri 5,2 km.” seinalea ere ageri da.

Handik pixkatera pinudi batera heldu ginen eta beranduxeago Gongeda mendilepora. Hementxe Ganekogorta gailurrera iristeko hartu behar den bidea adierazten duen beste kartel bat ikusi genuen. Ibilbidea, beti gora, nahiko erraz egin daiteke mendi-leporaino, beti pistatik joaten delako.

Kartel adierazleei jaramon egiten badiegu ez dago batere arazorik gailurreraino heltzeko. Baina mendi-lepotik azken zati hau zailagoa da eta aldapa malkartsuak gogorrak gertatu zitzaigun, batez ere aldez aurretik hankek nahiko lan egina zutelako. Gure bizkarretan Gongeda eta Zamaiako Harkaitzak utzita genituen.

Igoera gogorra burutzen ari ginen bitartean, “Deiadar-mendien Eguna“ zela gogoratzeko aukera izan genuen.

Amaierako zatia alfonbra berde trinkoa da eta bere gainetik emaro emaro joan ginen gailurreraino. Urrutitik antz eman genion gailurrean beste mendigoizale batzuk ere bazeudela.

Gailurra norberak bere erritmoaren arabera zapaldu genuenean, igoera luze eta gogorra ahaztu genuen nolabait.

12:00ak baino lehenago hasi ginen Ganekogorta-ra (998 m.) iristen, mendizaleek “Ganeko” izenez ezagutzen duten tontorrera alegia. Mendi hau Bilboko hegoaldekorik garaiena da eta hiru tontorrek osatzen dute (ekialdean Biderdi, erdialdean Ganekogorta eta mendebaldean Galarraga). Iparraldean landaretzaz estalitako zorua dago eta hegoaldean, aldiz, Okondo eta Zollo aldera, harkaitzezko amildegia dago.

Gailurraren kokapenari dagokionean, tradizioak Araba eta Bizkaia lurraldeen arteko muga mugan kokatzen du. Baina Arabarekiko muga gailur nagusiko erpin geodesikotik metro batzuetara dago eta, ondorioz, antza denez gailurra Bizkaian dago erabat kokatuta.

Zoritxarrez gailurreraino heldu ginenerako 12:00etarako prestatuta zegoen ekitaldia amaituta zegoen, mendigoizale guztiak jadanik iritsita zeudela pentsatuz aurreratu egin zutelako. Gure iritziz, antolatzaileek ez zuten ondo jokatu, ez. Esan bezala, egun horretan “Deiadar-mendien eguna” ospatu genuenez, bere jatorria gogoratu behar dugu. Erdi-aroan (garai hartan ez zegoen ez telegraforik eta ez, jakina, irrati edo telebistarik) Bizkaiko Batzar Nagusiek oso era berezi eta eraginkorra asmatu zuten komunikatzeko: mendi-garaietan sutzarrak piztu eta tutuak joz, alegia.

Eta horretarako kokapen eta garaiera aldetik oso nabarmenak ziren bost mendi hautatu zituzten: Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta. Eta hauetatik batzarkideei dei egiten zieten Gernikako zuhaitzpean biltzeko. Era eder eta erromantiko hau XVI. Mendearen amaiera arte erabili zen. Ganekogorta-k, ia mila metro duen mendia, Bilbotik hurbilena da. Handik eta beste mendietatik tutu-jotzaileak beren tresnak jotzen zituzten: adarra eta txalaparta, hain zuzen. Deialdia egiteko aukeratzen zen gauean mendiak sutzar handietako suaz argitzen ziren eta egunsentiarekin batera bailaretako inguru guztiak adar eta txalaparten hotsek betetzen zituzten. Era honetara jakiten zuten batzarkideek Gernikarako bide egiteari ekin behar ziotela. Aspaldian itzali ziren tutuak; are gehiago, deiadar-mendi batzuetan, nahi ezta edo agian nahita, telefonia zelularreko antenak jarri dira. Baina 2004. urtetik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusiek, beren berrezarpenaren 25. urteurrena ospatzeko, arbasoengandiko ohitura hori berreskuratzea erabaki zuten.

Ganekogorta-rako igoera honek bost deiadar-mendietara igotzeko lehen zikloari eman zion amaiera, aurreko urteetan Kolitza, Gorbeia, Sollube eta Oiz gailurretara egin ziren ibilaldi sorta bosgarren honekin osatuz.

Bizkaiko Legebiltzarrak aurten deiadar-mendien egun hau antolatzeko Balmaseda Mendi Taldea, Ganzabal, Sollube, Alpino Tabira eta, batez ere, Gailurra mendi taldeen laguntza izan zuen. Azken honek iaz Oiz mendira egin zen igoeraren lekukoa hartu zuen bere gain. Gailurrean gu baino beranduago heldu ziren beste ezagun batzuekin egin genuen topo, adibidez Jose Antonio “Alaña”, Aiara bailarakoa, tutuak, maskorrak, eta abar egiten oso zalea. Marian gure berriemaileari esan zionez, prest dago bere lanak ikusi nahi dituenari erakusteko, pozik gainera. Zeraman tutua, zehazki, Portugaleko hiltegi batean erosi omen zuen. Portugal eta Mirandako ganaduarekin egin ohi du lan. Adar hauek ekoizteko behar den lana oso arretatsua da.

Adarrak uretan egon behar du 20 egunetan zehar. Horik igaro ondoren, hezurrezko erdigunea kendu behar zaio. Ondoren Alañak muturtxoa ebakitzen du eta zulagailu batez zuloak egiten ditu, bat putz egiteko eta beste biak zinta pasatzeko. Kantutegi herrikoiaren abestiak aukeratzen ditu, egun honetarako Iparragirreren Gernikako Arbola hain zuzen. Pirograbatuaren teknika erabiliz, orratz goriez egiten ditu tutuan grabatuak. Haritz amerikar baten hostoaren erdigunean Gernikako Juntetxea ezartzen du eta goiko ertzean bestelako iruditxoak. Eta hala gutxi gora behera 60 eta 70 egun bitarteko lanari amaiera ematen dio.

Ganekogorta gailurrean 1967an ipini zen erpin geodesikoa eta 2005ko orientazio- mahaia daude.

Mendi honetan hasi ziren 1914. urtean Euskadiko mendi lehiaketak egiten. 1914ko irailaren 30eko gauerdian mendigoizale adoretsu batzuek Ganekogorta gailurra zapaldu zuten eta mendi lehiaketa ezagunei hasiera ematen zitzaiela aldarrikatu zuten. Lehen lehiaketan hamabost mendi jakinetara igo behar zen hamabost hilabetetan. Denbora hau igaro ondoren gauerdi hartan Ganekogorta-ra igo ziren 42 mendigoizale haietatik 14k lortu zuten helburua.

Ganekogorta gailurrean hamaiketakoa hartu genuen eta handik ageri diren ikuspegi zoragarriez gozatu genuen: iparraldean Bilbo osoa ikusten da, eta Pagasarri eta Sollube mendiak; ipar-ekialdean Oiz mendia, Galdagao, Durango…; ekialdean Durangaldeko harkaitzak; hegoaldean Gorbeia; hegomendebaldean Amurrio, Laudio, Orduña eta Sálvada/Gorobel mendilerroa; mendebaldean Mena bailara eta Enkarterriak; eta ipar-mendebaldean Triano mendiak eta Abra.

Ganekogorta-tik mazelaren erditik doan bidezidor batetik jaisten hasi ginen, gure eskuinean Biderdi edo Gane-txiki (877 m.) gailurra utziz.

Jaitsiera luze baten ondoren mendi-lepo batera (606 m.) heldu ginen. Bertan tantai batean hiru kartel daude: gure eskuinetik Zollo eta Ugaora beherabidea eta Arantza izeneko bidezidorra; beste batetik Ganekogorta gailurretik egin dugun ibilbidea (2,4 km.); eta aurrera “Pagasarri 1,5 km.” eta Alonsotegirako beherabidearen kartela. Bidegurutze honetatik hasi ginen Pagasarri mendi leporantz 646 m.) igotzen, zailtasunik gabe, eta bertaraino ate metaliko bat gaindituz heldu ginen.

Pagasarri-ko landetara iritsi ginenean, gure ezkerrean, Ganeta-ko mazelatik behean, XVII. Mendekoak diren Pagasarri-ko elurtegiak eta Tarin-go iturria ikusi genituen. Iturria 1914ean eraiki zen. Garai hartan Udoi iturburuaren aurrean bildutako mendigoizale ugarik bere eraiketa ordainduko zutela erabaki zuten, horretarako ekimen honekin bat egiten zuten pertsonek tarin bana (garai hartako erreal bana) ordaindu behar zutelarik. Gutako batzuek iturriraino jaitsi ziren ur bila.

Mendi-lepotik oso ondo ikusten da Ganekogorta-ren soslaia. Bertara heldu ginenean ez genuen jende askorik topatu, Deiadar-mendien egunean eskuartu zuten gehienak ordurako beren herrietara itzulita baitzeuden. Mendi-lepoaren eskuinean Pagasarri (673 m.) gailurra genuen eta ezkerrean Ganeta (689 m.).

Antolatzaileek oso goxoa zegoen lukainka eta taloa eta txakolina eskaini zizkiguten, trikitilari batzuek musika jotzen ari ziren bitartean.

Bilbo aldera jaisten hasi ginenean Pagasarri-ra igotzen ari ziren pertsona ugarirekin egin genuen topo eta hori ez zen harritzekoa izan, Pagasarri mendi ezagunena delako Bilbon eta hiriko erritmo zaratatsutik bakearen eta babesaren bila berezko oasi honetara egunero etortzen den adin guztietako jende ugari egon badagoelako. Laster atera ginen jaisten ari ginen pistatik ezkerrean dagoen “Bide zaharra” hartzeko, Pagasarri-rak bide tradizionaletik jaisten jarraitzeko alegia. Bide hau zuhaitzak dauden zati batean malkartsuagoa da bestea baino. Beherago bidegurutze batera heldu ginen: eskuin alderako bidea nahiko laua da eta basoaren barnetik Pastorekorta mendi-leporaino iristen da, gero Pagasarri-ra goiko partetik igo daitekeelarik; ezker alderakoa Arraiz-erako bidea da; eta erdikoa Bilbora pistatik jaisten dena. Geroxeago Zapaburu iturri ondotik igaro ginen. Aitzinean gelditzeko toki aproposa zen baina gaur egun itxita dago osasun arazoengatik. Segidan gure eskuinean, muino batean, San Roke baseliza ikustatu genuen. Bere ingurua oso bukolikoa da eta markoa Uzkorta-ko karezko harkaitzek jartzen diote, baso autoktono aberatsa eta zuhaitz mota askotakoa (lizarrak, haritzak, haltzak, astigarrak, gaztainondoak eta arteak) dagoelarik. Baso hauek beren mazelak estaltzen zituen antzinako baso-aberastasunaren lekukoak dira.

Mendi bidearen amaieran Pagasarri-ko mazela aldera ibilgailuen igarobidea ixten duen hesi ezaguna gainditu genuen eta asfaltozko bidean sartu ginen. Jaisten jarraituz, Athletic taberna ondotik igaro ginen, Arnotegi mendiaren mazelaren azpian.

Beherago egarria kentzeko iturria aurkitu genuen eta, ondoren, errepidea laga genuen, porlanezko pista batetik jarraitu genuen beste errepide batera iristeko eta honi jarraiki autobus gure zain zegoen Iberdrolaren instalakuntzetara. Han, autobusera iristean, GPSk 17,33 km, ibili ginela adierazten zuen eta ibiliz emandako denbora osoa 4 ordu eta 10 minutukoa zen, berez ibiliz batezbesteko abiadura 4,2 km / ordukoa izan zen. Geldirik, aldiz, ordubete eta 35 minutu eman genuen. GPSk denborak eta geldialdiak nola bereizten dituen kontuan hartuta, datu hori egokitu eta ibiltzen denera 4 ordu eta 30 minutu egin genuela esan daiteke, horietatik bi ordu eta erdi Alonsotegitik Ganekogorta-ra eta bi ordu Ganekogorta-tik Bilbora.

MARIANEN IRITZIA Gaur egunak oso ustekabe atseginak eskaini behar zizkigun, Ganekogortan udaberria lehertu delako eta naturak hitz egiten digulako, entzun diezaiogun! Urtaro honetan landaretza irmoak preskura ematen dio inguruari. Mazelak larre aberatsak dira abelgorri, zaldi eta ahuntzentzako. Ibiltzea, igotzea, jaistea, ordekan ibiltzea, landetan zehar joatea, geldialdi baten ondoren erritmoa ez galtzeko arintzea edo soilik naturaren barruan beste bat izatea: dena da balizkoa Ganekogortan. Mendian erabat bakarrik egoten naizenean; lagun pagoak, haritzak, izeiak eta abar baino ez ditudanean; alfonbra hamaikatxo loretxok eta tarteka marrubi batzuek ere osatzen dutenean; elkarrizketa urak irristatzen denean sortzen duen gurguria, edo basoaren zehar haizeak egiten duen ahienen infinitu eta maitagarria baino ez denean; nire inguruan dauden txorien abestia entzutea; horiek denek benetan inguratzen nauen natura honetaz maitemindu arazten naute eta oso pertsona pribilegiatua naizela konturatzen naiz. Hizkera horretaz ondo jabetzeko isiltasuna entzun behar da. Igoerek indartsuxeagoa izan arazten zaituzte, arnasa hartzean biziberritzen zara. Saiatzean, mendiak, haize gozoak edo dagoen haizeak beste toki batera eramaten zaituzte, duzun mundua baino zoriontsuagoa eta garbiagoa irudikatzen duzu une batean. Norberaren aukeraren arabera, alde batetik lasaia eta basatia eta beste batetik oskarbia eta ezerosoa den berezko inguruneetan egoten gara. Gailurretik norberak biziera hobe baten ametsa izan dezake, irudiak oso atseginak eta maitatuak ziren; gure mendi sakon eta mokodunak, batzuk, edo zapal eta ederrak, beste batzuk, gure inguruan ikustea ikuskizun paregabea zen. Postal baten antzekoa zen. Irrikatutako atsedenaldia heldu zen, indarrak berritzeko ordua eta baita hausnartzeko ordua ere. Gure fantasian irudikatzen genuen ametsa, gure begi bistan zegoen, Bailararen sakontasunaren arabera horrenbeste aldatzen diren berde-aukerak, zeruaren koloretasuna edo eguneko argia gure aurrean lehertzen ziren. Baina Adarraren hotsak esnarazi gintuen eta amets egiteari utzi genion. Gure aurrean aurpegi atsegina zeukan gizon argal batek irudi eta idazpuru batzuk zituen tutu bat zeukan. Gure arbasoek egiten zuten bezalaxe jo arazten zuen. Horretarako igo ginen haraino, gure tradizioei eusteko eta errespetatzeko. Oraindik beste gertaera atsegin bat zegoen gure zain Pagasarrin: gure folkloreko musikaz lagundutako jai herrikoia, taloa lukainkarekin eta txakolin ona. Ganekogorta deiadar-mendi honetara egin genuen igoera handi honek eskaini zigunaren oso amaiera bikaina. Pozik nago gailurreraino igo naizelako eta aurrerantzean beste mendi batzuk gure zain izango ditugulakoan nago. Mila esker denei.

Related Documents


More Documents from ""